Olio erabilia birziklatu: nola eta zertarako
Etxean erabiltzen den olioa ere birzikla daiteke; lan handirik ematen ez duen kontua da, eta ingurumena laguntzeko modu ederra. Bi onura, behintzat, baditu: ibaiak, zoruak eta hoditeria ez kutsatzeaz gain, zenbait produktu ekologiko egiteko erabil liteke, bioerregaiak eta xaboiak egiteko, besteak beste. Bide luzea dago aurretik, baina gero eta udalerri gehiagok jarri dute abian olio erabilia biltzeko sistemaren bat, birziklatu ahal izateko. Hainbat aukera daude, eta batzuk aski original eta bitxiak ere izan daitezke: badira ikuspegi ekologikoa, enpresa-espiritua eta elkartasuna bateratzen dituzten ekimenak, adibidez). Kontsumitzaileen lana funtsezkoa da, bai birziklatzeko orduan eta bai udalerrietan sistema horien beharra aldarrikatzerakoan ere.
Zertarako balio du olio erabilia birziklatzeak
Etxean erabili dugun olioa harraskatik behera botatzea aski kaltegarria izaten da ingurumenarentzat. Espainian, hondakin horren zati handi bat (bi heren, hor nonbait) estoldetan geratzen da, eta hainbat eragozpen sortzen ditu horrek: hodiak buxatzen dira, hondakin-urak tratatzen dituzten plantek lan gehiago egin behar izaten dute, ugaritu egiten dira hiri-izurriteak, eta abar. Kalkuluek diotenez, kontsumitzaile bakoitzak lau litro olio erabiltzen ditu etxean. Guztira, urtean 180 milioi landare-olio erabiltzen dituzte Espainian.
Hondakin hori ibaietara iristen bada, geruza bat sortzen da gainazalean, eta eragotzi egiten du ekosistema horretan bizi diren izakiek oxigeno trukea egin dezaten. Olio litro bat mila litro ur kutsatzera hel liteke.
Olio industrialak, berriz, are ondorio larriagoak eragiten ditu, baita makina astunek eta ibilgailuek erabiltzen duten olioak ere: bi litro aski dira olinpiar igerileku bat kutsatzeko, edo bi futbolzelairen azalera. Metal astun ugari eduki ohi ditu olio horrek, eta ez da izaten batere biodegradagarria; ondorioz, oso kaltegarria gertatzen da lurzoruarentzat (galdu egin dezake emankortasuna) eta urentzat (15 urtez iraun dezake olioak uretan, lurrazalekoetan bezala lur azpikoetan).
Olio erabilia birziklatzea izaten da modurik onena kutsadura hori saihesteko, eta gero berrerabiltzeko ere, aukera bat baino gehiago ematen ditu. Hondakin litro bakoitzeko, bioerregai litro bat lor liteke diesel motako motorrentzat. Beraz, ez kutsatzeaz gain eta naturari kalterik ez egiteaz gain, aukera ona izan liteke ohiko erregai fosilen erabilera gutxitzeko ere.
Zenbait sistemarekin, gainera, etxean bertan sor daiteke biodiesel hori, baina hobe da planta industrialetan egitea, berme guzti-guztiekin kontsumitu ahal izateko. Hor daude, esaterako, Montmeloko planta (Bartzelona), Alcala de Henareskoa (Madril), Rograsakoa (Merida, Badajoz) edo Bionor delakoa (Berantevilla, Araba).
Beste hainbat irtenbide ere ematen ahal zaizkio olio erabiliari. Kimikaren arloan, kosmetikan eta industria farmazeutikoan, esaterako, etekin ona ateratzen diote, eta askotariko produktuak egiteko erabiltzen dute: ongarriak, bernizak, argizaria, kremak, garbigarriak, xaboiak, lubrikatzaile edo labaintzaileak, margoak, kandelak… Zenbait udalerritan, Montgai-n, adibidez (Lleida), olio erabilia bildu eta xaboiak egiteko sistema jarri dute abian. Etxeetan ere horixe egiten zen ez hain aspaldi. Gaur egun, etxeko garbiketa modu ekologikoan egitearen aldeko direnek, xaboi mota horiek erosten dituzte, edo eurek egiten dute xaboia etxean, soda kaustikoa erosita edozein drogeriatan. Hori bai, oso kontuz egitekoa da, soda mota hori erregarria izaten da-eta oso.
Udalerri batzuetan, ekologia eta elkartasuna bateratu dituzte olioa birziklatzerakoan. Granadako Unibertsitatean, adibidez, bi erakunderi ematen diete olioa, Madre Coraje eta Avalón elkarteei, hain zuzen, eta horiek behartsuenei eta hiesa dutenei laguntzeko baliatzen dute, hurrenez hurren. Alhama-n, berriz (Granada), bazterketa-arriskua duten pertsonei lana emateko erabiltzen dute olioa.
Beste zenbait udalerritan, olioa bildu eta tratatzeko sistemetan espezializatu diren enpresa aitzindarien zerbitzuak erabiltzen dituzte. Arrasateko Udala, adibidez (Gipuzkoa), eko3r enpresaren sistemarekin ari da; Arrasaten bertan sortua da enpresa hori, eta teknologia berrien laguntzarekin, prozesu osoa hartzen du barne. Espainian, beste enpresa batzuk ere aritzen dira lan horretan, Addom edo Compalsa, adibidez. Dena dela, funtsezkoa da kontsumitzaileak kontzientziatuta egotea. Eta olio erabilia birziklatzera eramateaz gain, erakundeetako arduradunei eskatzen ahal diete jar dezatela abian olio biltzeko sistemaren bat, edo erabiltzen dutena hobetzeko bitartekoak jar ditzatela. Beste aukera bat da herritarren ekimenak babestea, Zaragozako FABZ auzo elkarteak sustatu duenaren gisakoak, esaterako.
Nola birziklatzen da olio erabilia
Erakunde publikoek garbiguneak jartzen dituzte etxeko hondakin kutsatzaileak biltzeko (olioa, besteak beste) eta tamaina handiko gauzak hara eramateko, baina horrek ahalegin bat eskatzen die kontsumitzaileei: garbigune gutxi daude, oro har, eta herriguneetatik aldendu samar, eta, beraz, joan egin behar izaten dute haraino.
Hiri-edukiontziak ere hortxe daude, dena den, eskurago. Zenbait udalerritan, leku jakin batzuetan soilik jartzen dituzte; Logroñon, esaterako, saltoki handietan baino ez daude olio erabilia biltzeko ontziak. Bilbon, berriz, gainerako edukiontzien ondoan ageri dira. Edukiontzi bakoitzean zer bota behar den jakiteko, itxurari eta koloreari erreparatu behar izaten zaio, eta olioa biltzeko direnek ere, kolore berezia izaten dute leku batzuetan (laranjak edo gorriak izaten dira); beste zenbait lekutan, edukiontziak idatzita dakarrenari begiratu behar izaten zaio, horrela soilik bereiz daiteke-eta zer hondakinentzat den. Udalerri batzuetan, ordu jakinetan baino ez dute biltzen olioa, Villa de Tegueste-n, esaterako (Tenerife), eta beste zenbaitetan, eguneko edozein ordutan eraman daiteke, Galdames-en, adibidez (Bizkaia).
Olioa ontzi itxietan gorde behar dute kontsumitzaileek. Leku batzuetan, kontsumitzaileak berak jarri behar izaten du ontzia (gehienetan, plastikozko botila erabiliak izaten dira). Beste batzuetan, berriz, olioa biltzeko ardura dutenek eurek banatzen dituzte ontziak, bilketa-sistema homogeneoago egite aldera. Birziklatzera eramaten den olio hori, ezin da izan edozein olio. Etxeko sukaldean erabiltzen dugun landare-olioa izan behar du, latako elikagaiena, txerri gantza, edo gantz hondatu eta iraungiak. Aldiz, ezin da edukiontzi horietan sartu motorren olioa, gantz industrialak edo petrolio oinarria duten olioak. Azken horiek biltzeko ardura, legeak dioenez, ekoizleek berek hartu behar dute. Eta horretarako, erakunde bat sortu dute, Sigaus izenekoa, eta haren arduradunek eman duten datuaren arabera, iaz 154.775 tona bildu zituzten hondakin horretatik, eta olio berria egiteko erabili zituzten horien % 70.
Olio erabilitik biodiesela ateratzeko prozesua, teorian, ez da oso konplexua. Metanol izeneko alkohol batekin nahastu behar da, ez besterik. Hori dela eta, prozesu hori etxean bertan egiteko ekimenak bultzatzen ari dira han eta hemen, eta, hartara, doan lor liteke ibilgailuentzako bioerregaia. Antony Berretti gidari eskoziarrak bide horretatik jo du. Europako hainbat herrialde zeharkatu ditu (tartean Espainia), berak moldatu duen furgoneta batekin, eta erregaia, jatetxeek erabilitako landare-olioetatik atera du.
Zenbait enpresak dirua egiteko aukera ikusi dute, eta kontsumitzaileei saltzeko modua aztertzen ari dira. Greasecar Vegetable Fuel Systems konpainiak, adibidez (Ameriketako Estatu Batuetakoa da), olioa erregai bihurtzeko konbertsio-kit batzuk saltzen ditu; 500 euroren eta 1.300 euroren artean dabiltza, eta enpresaren arduradunek diotenez, hilabete batzuetan amortizatzen da, erregaia doan ematen baitu. Green Fuels enpresak ere, Erresuma Batukoak, etxerako moduko gailu bat merkaturatu du, FuelPod2 biodiesel-prozesadorea. 3.000 euro inguru balio du, eta ekoizleen arabera, egunean 50 litro biodiesel lortzeko gai da, zenbait hondakin oliodunetatik abiatuta. 60 zentimetroko diametroa du, eta 1,40 metro da luze, eta neurri horiekin, oso egokia da sotoan edo garajean gordetzeko (horrexetarako pentsatua dago, hain zuzen). Zenbait adituren ustez, ordea, aski mugatua da biodiesel mota hori etxean egiteko aukera. Sistema horiek, agian, funtzionatuko dute eskala eta neurri txikian, baina ezin dute sortu EN14214 araua betetzen duen erregairik (arau horrek zehazten du nolakoa izan behar duen biodieselak, eta ibilgailu-ekoizleek ere biodiesel mota hori baino ez dute onartzen). Beraz, irizpide hori betetzen ez duen biodiesela erabiltzen bada, ibilgailuak bermea galduko luke matxuraren bat gertatuz gero.
Era berean, ohartarazten dute legez kanpokoa ere izan litekeela etxean erregaia sortzea, baldin eta ez badira betetzen ingurumen arloko baldintza zorrotz batzuk (metanola produktu arriskutsua da), eta zerga arloko betekizunak (Ogasunari jakinarazi egin behar zaio erregaia egiten ari garela, nahiz eta gero zerga-salbuespena egingo digun).