Hezeguneen gainbehera eta susperraldia

1 iraila de 2010
Img en imagenes listado 135

Hezeguneen gainbehera eta susperraldia

Esan liteke Tablas de Daimiel parke naturalean islatzen dela munduko hezeguneek zer osasun duten. Gaur egun, urak hartua ageri da eremu guztia, baina izan dira urte aski gogor eta idorrak ere: garai batean, 1.600 hektareatatik, 10 soilik zeuden urpean. Planetaren giltzurrun jotzen dira hezeguneak, eta begien aurrean daukagun horrek ezin hobeki erakusten du zenbateko gainbehera jasan dezaketen zaindu ezean, eta zer-nolako distiraz berpizten diren behar bezala jagonez gero.

Hezeguneak: zingirak, padurak, lintzurak, zohikaztegiak eta mangladiak

Ura bizi-iturri dutela, habitat mota ugari sortzen dira hezeguneetan, eta guztiek izaten dute bitxitasun bera: ekosistema hibridoak dira, uretakoak eta lurrekoak (bien artean igeri). Gainazal horiek urpean geratzen dira aldi baterako, luzaroan batzuk eta tarte labur batez besteak, baina halako jarraikitasunez ekiten du urak, saturatu egiten baitu lurra eta oxigenoz gabetu. Eremu horietan, oso azalekoa izaten da maila freatikoa -lurpean biltzen den ura-, eta horrek aldatu egiten ditu ezaugarri geologikoak, eta, ondorioz, bitxi, berezi eta, zenbaitetan, bakan bihurtzen ditu

Oreka zail eta hauskorra

1971. urtea arte, guztiz baztertuta geratzen ziren hezeguneak, urpean itota. Urte hartan, Ramsar-eko Konbentzioa egin zuten nazioarteko arduradunek, eta hezeguneak babestu egin behar zirela erabaki zuten, eta erabilera egokia eman. Ordu arte, hondoraino sartu zuen hanka gizakiak ezjakintasunaren putzuan, eta hezetasunak osasun-baldintzak okertzen zituela esanez, hainbat hektarea lehortu eta laborantzarako baliatzen hasi ziren, edo eraikuntza-eremu bihurtzen.

Munduko ondare biologikoa

Migrazio garaian, bideko zerbitzugune izan dira beti hezeguneak hegaztientzat. Hantxe edan izan dute, eta habia egin ere bai, milazka batean segur aski, zuhaitz hori baino ez baita hazten Daimielen. Hezeguneek baliabide naturalak eskaintzen dizkiote inguru hurbilari, eta bide luzeek behar duten orekaren zati dira. Prozesu hidrologiko eta ekologikoak gertatzen dira horien barneko ekosistemetan, eta aniztasun biologiko handia izaten dute.

Eragile aktiboak dira uraren zikloan

Ekosistema bakanak eta izaki bizidun askoren habitat izateaz gain, iragazki naturalak ere badira hezeguneak. Landare hidrofito edo urtarrek gorde eta askatu egiten dute ura, eta ezinbesteko bihurtzen dira akuiferoak urez hornitzeko zereginean. Lurpeko geruzetara iristeko gaitasuna dute, eta horrek urritu egiten ditu uholdeak. Gainera, sedimentuak, mantenugaiak eta gai kutsatzaileak atxikitzeko, eraldatzeko eta desagerrarazteko gaitasuna dute, eta ezinbesteko bihurtzen dira, beraz, materiaren zikloentzat eta uraren kalitatearentzat.

Gizartearen zerbitzura

Juan Manuel infanteak, XIV. mendeko idazle aipatuetako batek, orrialde asko idatzi zituen Tablas de Daimielen handitasuna goraipatzeko. Felipe II.ak egiaztatu zuen ehizaleku oparoa dela. XIX. mendeko lurjabe handiek hantxe egiten zuten arrantza, beste inon baino gusturago. Eta laborariak, hango uren aberastasunaz baliatzen ziren sail eta alorrak lantzeko. Muga guztiak gainditu ziren arte. Gehiegikeria asko egin izan dira, eta klima aldaketak ere ez du lagundu; ondorioz, giltzurrunetako bat arriskuan du planetak. Hezegune hori, eta munduan barrena dauden gainerako guztiak ere bai, eremu ahulak dira oso, eta lehor mintzo zaie patua, aukera askorik ez balego bezala: desagertu edo bizi-iturri izaten jarraitu.