18 hiritako 143 kirol-instalazio aztertu ditu EROSKI CONSUMERek

Hobetu egin dira kirol-instalazio publikoak, nahiz eta udalek gutxiago inbertitu

Or ohar, instalaziorik gehienak ongi zainduta daude, garbi, seguruak dira eta irispide onak dituzte, baina gabeziak dituzte informazioaren eta zerbitzuen atalean
1 iraila de 2010
Img tema listado 134

Hobetu egin dira kirol-instalazio publikoak, nahiz eta udalek gutxiago inbertitu

/imgs/20100901/tema1.jpg
Gero eta jende gehiagok egiten du kirola. Igeri egin, futbolean aritu, saskibaloian, tenisean… aukera ugari eta azpiegitura osatuak eskaintzen zaizkie herritarrei, eta adin guztietako jendea ikusten da kiroldegietan; kirolak, izan ere, hainbat onura fisiko eta emozional ditu berekin. Azken 30 urteetan, erruz ugaritu dira kirol-instalazioak (% 77 baino gehiago), eta eraiki dituzten guztietatik, publikoak dira hirutik bi. Azpiegitura horiek egoki kudeatzeko, dirua inbertitu behar izaten da, eta halaxe egiten dute guk aztertu ditugun hiriburuetako udalek, nahiz eta orain lau urte baino gutxiago jartzen duten proportzioan. Halaxe egiaztatu du EROSKI CONSUMERek egin berri duen azterketak: 18 hiriburutako kirol-azpiegitura publikoak aztertu ditugu, eta 143 instalazio ikusten izan gara. Honako hiriburu hauetan egin dugu azterlana: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Emaitzek erakusten dutenez, kirol-instalazio publikoak hobetu egin dira azken lau urteetan, nahiz eta udalek gero eta portzentaje txikiagoa bideratzen duten horietara aurrekontuetatik. 2006. urtean ere antzeko ikerketa bat egin genuen, eta harekin alderatuta, zera ikusten da: hornidurak nabarmen hobetu dira, baina oraindik ere bada zer egina: igerileku bat dago 19.500 biztanleko (2006an, bat 21.000 biztanleko), gimnasio bat 15.600 biztanlerentzat (2006an, bat 18.500 biztanlerentzat) eta futbol-zelai bat 17.700 herritarrentzat (2006an, bat 21.300 herritarrentzat). Kopurua bezala, kalitatea ere handitu da, eta guk aztertu ditugun instalazioek emaitza ‘ona’ eman dute; % 4 soilik geratu dira gutxieneko mailara iritsi gabe garbitasunaren, segurtasunaren, irispideen, mantentze-lanen eta informazioaren ataletan.

Zenbat diru jartzen dute udalek kirolarentzat?

/imgs/20100901/tema2.jpg
Guk aztertu ditugun 18 udalek, batez beste, urtean 24 milioi euro gastatzen dituzte kirolean (46,5 euro biztanleko). Ehunekoetan neurtuta, aurrekontu osoaren % 3,8 hartzen du kirolaren arloak 18 udal horietan. Hau da, aurrekontuan dauzkaten 100 bakoitzeko, ia 4 bideratzen dituzte kirolari lotuta dauden zereginetarako: instalazioak zaindu eta berritu, langileak ordaindu, ikastaroak eta programak eskaini, eta abar. Udal bakoitzak zenbat diru jartzen duen aztertuz gero, alde handi samarrak ikus litezke. Honako udal hauek eskaini diote diru gehien kirolari: Gasteiz (aurrekontu osoaren % 9,1), A Coruña (% 5,5), Valladolid (% 5,4), Donostia (% 5,3), Murtzia (% 4,5) eta Oviedo (% 4,3). Gainerako hiriek, % 3 baino zerbait gutxiago bideratu dute kirolarentzat urteko aurrekontutik, eta gutxien-gutxien, Malagak (aurrekontuaren % 1,5 besterik ez), Zaragozak ( % 2) eta Alacantek (% 2,4).

Lau urtean, % 1 egin du behera kirolaren alorrean gastatu den diruak. Hiru hirik baino ez dituzte handitu kopuruak: A Coruña, Donostia eta Valentzia. Beste zenbaitek, berriz, erdira murriztu dute diru atala; hori gertatu da, adibidez, Oviedon (2006an, hiri horrek gastatzen zuen diru gehien, aurrekontuaren % 8,4) eta Madrilen (bigarren lekuan ageri zen 2006an, eta aurrekontuaren % 7,2 jartzen zuen kirolerako).

Zenbat kostatzen da kirola egitea?

Tarifa eta txartel mota ugari izaten dira hirietan kirol-instalazioen bazkide edo erabiltzaileentzat, eta oso zaila da horiek guztiak irizpide bakarraren arabera bateratzea. Faktore batzuk ezar daitezke, hala ere, prezioak sailkatzeko. Hona hemen adibide batzuk:

Denboraldi osoko txartela, 18 urtetik gorakoentzat, 83,70 euro kostako zaie aurten Gasteizen 25 urtetik gorakoei (18 eta 25 urte bitartekoek, 79,50 ordaintzen dute), urtean 109,2 euro Bilbon, 119,20 euro Valentzian eta 190,70 euro Donostian (Helduen kirol-txartela deitzen dute han). Madrilen eta Valladoliden, berriz, hilero ordaintzen dute kuota. Madrilen, 17,70 eurotik 38,50 eurora bitartean dabil kuota (instalazioa zenbat egunetan erabiltzen den, egun bat, bi edo hiru egunetan). Valladoliden, berriz, 21,10 eurokoa da.

Familia-txartela ateratzeko aukera ere aski hedatua dago. Bilbon, urtean 162,95 euro ordaintzen dute txartel hori, Donostian 283 euro (Familiako kirol-txartela), eta Valentzian, 357,55 eta 408,85 euro artean, familiak zenbat kide dituen. Valladoliden, berriz, familia-unitateari gehitzen zaion kide bakoitzak 21,10 euro ordaintzen ditu hilean, eta bosgarrenak doan izaten du.

Azkenik, 60 edo 65 urtetik gorakoentzat, beherapen aipagarriak egiten dituzte. Alacanten eta Gasteizen, esaterako, % 50 merkeagoa da kuota. Madrilen, berriz, hilean 4,30 euro eta 7,60 euro artean dabil pertsona horientzako kuota (zenbat egunetan erabiltzen duten, behin edo bitan.

Aldeak, hiriz-hiri

Kirol-instalazioetan, alde handiak

Hiri bakarrak ere ez dauka kirol-hornidura bikain-bikaina, baina, oro har, 2006tik honako bilakaera ona izan da guztietan. Gaur egun, igerileku bat dago, batez beste, 19.500 biztanleko (2006an, bat 21.000 biztanleko), gimnasio bat 15.600 biztanlerentzat (duela lau urte, bat 18.500entzat), futbol-zelai bat 17.700 herritarrentzat (2006an, bat 21.304 herritarrentzat) eta tenis-pista bat 20.500 lagunentzat (duela lau urte, bat 25.016rentzat). Bilakaera on horren salbuespen moduan, kiroldegi estaliak ageri dira: 2006. urtean, kiroldegi bat zegoen 26.000 biztanlerentzat, eta gaur egun, 33.000 biztanlerentzat dago kiroldegi bat. Zenbaki horiek orokorrak dira, eta ez dute erakusten hiri bakoitzak zer egoera duen. Gure azterketan ikusi ahal izan dugunez, hiri batzuk askoz hobeki hornituta daude beste batzuk baino. Gasteizen, Donostian eta Bartzelonan eskurago daukate kirola egiteko aukera, adibidez, Alacanten, Granadan eta Sevillan baino.

Igeri egitea maite dutenentzat, Gasteiz da hiririk onena (igerileku bat dauka 8.728 biztanle bakoitzeko, eta gehienak estaliak dira), eta Cádiz kaskarrena (igerileku bat 63.383 biztanleko). Futbol-zelaietan ere Gasteiz nabarmendu da, Valladolidekin batera (zelai bat dute 10.000 biztanle bakoitzeko). Erabilera anitzeko pista irekietan ere Valladolid azpimarratu behar da onerako (halako bat dago 5.500 biztanleko), eta Madril, aldiz, txarrerako (halako bat, 22.600 biztanleko). Tenisean jokatu zale direnek, Granadan, Valladoliden eta Malagan daukate aukera gehien (pista bat 15.000 biztanleko), eta gutxien, Alacanten (pista bat 30.400 biztanleko). Tenisean ez, baina padelean aritu nahi dutenek, A Coruñan aurkituko dute eskaintzarik ugariena: 76 pista ditu guztira hango herritarrentzat; Bartzelonak, aldiz, 15 baino ez herritar guztientzat.

Instalazioak ikusten izan gara: informazioaren atalak huts egin du

Bisitatu ditugun kirol-instalazio publikoak egoera onean daude, eta segurtasun-neurri eta irispide egokiz hornituta. Duela lau urte ere antzekoa izan zen emaitza; orduko hartan, % 7 geratu ziren azterketa gainditu gabe atal horietan, eta oraingoan, % 4 izan dira oinarrizko eskakizunak bete ez dituzten kirol instalazioak, nahiz eta % 9k emaitza ‘onargarria’ baino ez lortu. Bi atal nabarmendu dira beste guztien gainetik kirol azpiegitura horietan: segurtasuna batetik eta mantentze-lanak eta garbitasuna bestetik (emaitza ‘oso ona’ lortu dute bietan). Aldiz, erabiltzaileari zer informazio eta zer zerbitzu ematen dioten aztertu dugunean, aski emaitza apala lortu dute (‘onargarria’). Irispideei dagokienez, ‘ona’ izan da batez besteko emaitza.

Hiriz hiriko begiratua eginda, nabarmendu egin behar da zein emaitza ona lortu duten hiri hauetako kirol-instalazioek (‘oso ona’): Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Kordoba eta Malaga. Beste hainbatek emaitza ‘ona’ erdietsi dute (A Coruña, Iruñea, Granada, Madril, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza), eta maila ‘onargarrian’ geratu dira Alacant eta Cadiz.

Kirol-azpiegitura iraunkorrak?

Kirol-instalazioek ere kutsatzen dute. Hain zuzen, Udalerrien Kirol Politiken VI. Jardunaldiak egin zituzten Bilbon apirilean, eta hainbat neurri proposatu zituzten han, kirolgune horiek iraunkorrago egite aldera: hondakinak birziklatzea (arriskutsuak eta ez-arriskutsuak), ura aurreztea, eguzki-panelak erabiltzea, eta abar. Hiri askok lehenagotik ere jarriak zituzten halakoak abian:

Valladolid: duela hamarkada bat jarri zituzten eguzki-panelak kirol-instalazioetan. Gainera, fluxometro deitzen direnak erabiltzen dituzte (komunera ur asko isurtzen duten iturriak dira, eta ez da behar izaten zisternarik), tenporizagailua duten txorrotak (ura aurrezteko) eta jendea dabilenean soilik pizten diren argiak.

Zaragoza: beste neurri batzuen artean garrantzi haundia ematen diote ura aurrezteari, hori dela eta kiroldegietan ureztatze sentsoreak jarri dituzte eta komunetako iturriek ez dute urik ematen ez badauka erabiltzaileak eskua txorrotaren azpian. Gainera, oinarri-oinarrizko jotzen dute erabiltzaileari informazio egokia ematea eta horretarako kartelak eta eskuorriak zabaltzen dituzte kiroldegien funtzionamendua ahalik eta eramangarriena izan dadin.

Gasteiz: 1999. urtetik, energia-iraunkortasunari (CO2) lotuta erabiltzen dituzte galdarak (berogailua eta Ur Bero Sanitarioa), eta kontsumoak gutxitzeko hobekuntzak ere egin dituzte.

Valentzia: 2003. urtetik, eraikinak birmoldatzeko eta egoki diseinatzeko lanean ari dira, eta, horrela, energia berriztagarriei etekina ateratzeko sistemak ezartzeko moduak hobetu nahi dituzte (argi eta aireztatze naturala eduki dezaten, isolamendu termiko egokia…).

Sevilla: orain dela bederatzi urte, energia-eraginkortasuna lortzeko eta ura aurrezteko plana abiarazi zuten, eta iazko ekitaldian, eguzki-plakak jarri zituzten kirol-instalazioetan.

Donostia: kirol-instalazio publikoen energia-kontsumoa optimizatzeko proiektu bat diseinatu dute. Eguzki-plaka fotovoltaikoak dauzkate zenbat kirol-instalazio publikoren teilatuetan.

Bilbo: hainbat sistema erabiltzen dituzte kirol-instalazio publikoetan energia gutxiago kontsumitzeko, ur gutxiago (igerilekuetan, ureztatze-sistemetan…) eta gas gutxiago: galdara berri eta eraginkorragoak jarri dituzte lehengo zaharren lekuan, eguzki-planta fotovoltaikoak sortu dituzte, euri-urak erabiltzen hasi dira eta igerilekuetako urari bero eusteko sistemak, besteak beste.

Onena, instalazioen garbitasuna eta segurtasuna

/imgs/20100901/tema3.jpg
Zalantzarik gabe, garbitasunaren eta mantentze-lanen atala izan da aipagarriena guk aztertu ditugun kirol-instalazioetan. Batez beste, emaitza ‘oso ona’ lortu dute hiriek, orain dela lau urteko azterketan bezala. Ordutik hona, dena den, hobetu egin da egoera: 2006an, % 4 geratu ziren azterketa gainditu gabe, eta orain, % 1 besterik ez.

Ez ditugu antzeman gabezia asko, baina batzuk bai. Mantentze-lanetan, esaterako, instalazioen % 101ri ikusi dizkiegu akatsak. Futbol-zelaietako ateen sareak hondatuxeak egon dira eta saskibaloiko saskienak ere bai (% 10ean ikusi ditugu halakoak), pintura esku baten premia eduki dute instalazio batzuek jolas-eremua egoki mugatzeko (% 12k), eta zorua zikin eta egoera txarrean egon da (% 9).

Hiriz-hiri alde handiak daude
Gasteiz, Bartzelona eta Donostia dira
instalazio aldetik emaitza onena lortu dutenak

Aztertu ditugun 143 kirolguneen aldagelei ere erreparatu diegu (600 aztertu ditugu guztira), eta % 2 soilik iruditu zaizkigu oso zaharrak (aldagela bera eta dutxak); besteak beste, honako gabeziak agertu dituzte: ate batzuek ez dute eduki heldulekurik, eta barruan itxita geratzeko arriskua egon da; azulejuak apurtuta eduki dituzte; hezetasun-arrastoak ikusi ditugu; hodiak herdoilduta egon dira… (Alacanten, berritu beharra eduki du bost aldagelatatik batek). Garbitasuna eta higienea ere ona izan da aldagelarik gehienetan, eta % 1 bakarrik egon da zikin gu han izan garenean.

Segurtasunaren atalean ere, onak izan dira emaitzak: instalazioen % 3,5 baino ez dira geratu azterketa gainditu gabe (2006an, % 5 izan ziren); dena den, beste % 1,4k emaitza ‘onargarria’ soilik lortu dute (2006an, hala ere, % 12k atera zuten nota hori). Kirol-instalazio publiko gehienak ongi egokituta daude eta ederki betetzen dituzte segurtasun-neurri nagusiak (larrialdiko argiak, su-itzalgailuak…). Larrialdiko irteera nondik den adierazten duten kartelak ere behar-beharrezkoak izaten dira, baina instalazioen % 14k ez dituzte eduki.

Bestalde, erabiltzaileen osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketen elementuak ikusi ditugu % 4tan: zoru hondatuak eta pitzatuak, garaiera handi samarra duten gune hesitu gabeak, konponketa-lanak kirol pistetatik gertu, eta abar. Sevillako instalazioetan, adibidez, gabezia horiek antzeman ditugu hamarretik bitan.

Gainera, igerilekua irekita eduki duten instalazio ia gehienetan (igerilekua daukatenen artetik, % 71 egon dira irekita), soroslea bat, behintzat, egon da gu bisitan joan garenean (% 4k soilik ez dute eduki soroslerik). Cadizen, hala ere, igerilekua eduki duen instalazio bakarra aztertu dugu, eta soroslea bulegoan ari zen lanean, igerilekua zaintzeari utzita.

Informazioa eta zerbitzuak: bada zer hobetu

Atal hori zaintzen dute okerren instalazio mota horietan. Guk aztertu ditugunen artean, esaterako, ia zazpitik batek ez du gainditu azterketa, eta beste % 25ek, emaitza apala atera dute (‘onargarria’). Lau urteren buruan, hala ere, hobera egin dute atal horretan; izan ere, 2006an, lautik bat geratu zen azterketa gainditu ezinik, eta % 22k lortu zuten emaitza ‘onargarria’. Gabezien artean, honako hauek nabarmenduko genituzke: seinaleak falta izan dituzte % 11k, eta ezin izan da jakin non zegoen gune bakoitza edo nora joateko zen pasillo bakoitza; % 45ek ez dute adierazi zein diren gune bakoitzaren erabilera-arau bereziak; % 36k ez dute eduki ordutegia karteletan jarria, erabiltzaileek jakin dezaten noiz irekitzen eta ixten duten instalazioa edo zerbitzu bakoitza; eta % 38k bakarrik jarri dute iradokizunak egiteko kutxa.

Erabiltzaileei eskaintzen dizkieten zerbitzuen artetik, nabarmendu behar da instalazioen % 80k arropa gordetzeko armairutxoak eduki dituztela aldageletan. Paperontziak eta birziklatzeko edukiontziak, aldiz, bostetik bakarrean egon dira, eta erdiek ez dute eduki ez kafetegirik eta ez tabernarik. Erizaindegia edo botika-kutxa, berriz, lautatik hirutan egon da argi eta garbi adierazia.

Instalazio horietara iristea ez da izaten erraz-erraza beti. Ia guztietara joaten da garraiobide publikoren bat (hiri-autobusa, metroa, tranbia edo trena), baina % 36k soilik daukate bidegorria inguruan (Gasteiz eta Donostia dabiltza ongien horretan).

Irispideak onak dira, oro har eta konparaketako taula

/imgs/20100901/tema5.jpg
Aztertu ditugun kirol-instalazioen % 11 soilik geratu dira atal horretako azterketa gainditu gabe (2006ko azterketaren ehunekoa antzekoa izan zen), nahiz eta % 9k emaitza ‘onargarria’ besterik ez duten lortu. Zerbitzuak herritar guztientzat izan daitezela nahi eta sustatzen dute udalek, eta kirola egiteko guneetan ere antzematen da hori. Ez guztietan, ordea. Aztertu ditugun instalazioen % 9k irispide txarrak eduki dituzte, eta beste % 12tan, eskailerak igo behar izaten dira barruko guneetara iristeko.

Bestelako gabezia batzuk ere antzeman ditugu: % 18k ez dute eduki komun egokiturik ezinduentzat (Oviedon bat bera ere ez dugu ikusi), eta % 30etan, igerilekurako sarbidea ez da egon behar bezala egokitua. Gainera, bost kirolgunetatik bik ez dute eskaini ezinduentzako aparkalekurik inguruan (Alacanteko eta Iruñeko instalazioetan, batek ere ez).

Azkenik, garrantzitsua izaten da informazioa braille hizkuntzan jartzea, baina inor gutxik betetzen du hori: instalazioen % 85ek, gutxi gorabehera, ez dute eman kartel bat bera ere hizkuntza horretan: ez kokapen-panelak, ez sarbideen berri emateko kartelak… (Gasteizen ikusi dugu afixa egokitu gehien).