LAZTANA, PUBLIZITATEA HAURRAK GIZENTZEN ARI DA

EZ DAKITE IRAKURTZEN, BAINA BI URTEREKIN ASKI ONGI BEREIZTEN DUTE MARKA BAT BERE LOGOARI ESKER. ZORTZI URTE EGITEN DITUZTENEAN, IRAGARKI ASKO ETA ASKO HAIEN BILA JOATEN DIRA ZUZENEAN, ETA ESKAINTZEN DIZKIETEN PRODUKTUAK EZ DIRA HAIN OSASUNGARRIAK. HAURREI BEGIETATIK SARTZEN ZAIZKIE, ETA AHOAREKIN ESKATZEN DITUZTE. HAURREN GIZENTASUNAK ERAGITEN DITUEN ARAZO ASKO TELEBISTAN HASTEN DIRA.
1 martxoa de 2019
Img bebe listado 201

LAZTANA, PUBLIZITATEA HAURRAK GIZENTZEN ARI DA

Ederki bereizten dute freskagarrietan zein den bizitzaren txinparta pizten duena. Aski ongi ezagutzen dute zein gozokik daukan barrenean oparitxo bat, izan jostailua edo izan txokolatea. Gure haurrek badakite zer-nolako markak eta produktuak dauden eslogan horien atzean, behin eta berriz ikusi dituztelako telebistan.

Hiru eta hamalau urte arteko herritarrek gailu horren aurrean ematen dute beren aisialdiko denboraren zatirik handiena. Zehazki, 6,79 ordu astean, halaxe dio Familien Osasunari buruzko II. Azterlanak, Caser etxeak egindakoak. Eta, hain zuzen, bizitzako lehen urteetan barneratzen dituzte elikatzeko ohiturak, bizitza osorako barneratu ere. Edarien eta elikagaien iragarkiz beteta daude telebistak, eta adingabeek spot zaparrada gaitza jasaten dute: urtean 7.000 eta 10.000 artean heltzen zaizkie; hau da, 25 egunean. Izutzeko moduko kopuruak dira, eta are izugarriagoak dira horrek dakartzan ondorioak, haurrak emozionalki oso zaurgarriak baitira estimulu horien aurrean.

Lehenbiziko haurtzaroan, ez dugu jakiten telebistan publizitatea identifikatzen. Zortzi urte egin arte ez gara jabetzen zer-nolako helburu komertzialak dituen, eta 12 egin arte ez gara ohartzen gu limurtzea dela haren helburua, eta Interneten publizitatea zer den bereizteko gaitasunik ere ez dugu izaten adin horretan. Aldiz, 2 urteko haurrak gai izan daitezke zenbait marka ezagutzeko beren logotipoari esker.

IRAUTEN DUTEN ONDORIOAK.

Publizitateak ondorio arriskutsuak izaten ditu neskamutiletan. Telebista ikusten ari direla, zerbait jateko gogoa sentiarazten die, nahiz eta ez izan iragarkian ikusi duten hori eta nahiz eta goserik ez eduki. Eragina izaten du, halaber, elikagai kuttun batzuetarako joera sortzeko garaian, erosketa ohiturak finkatzeko orduan -baldintzatu egiten du gurasoei zer eskatu eta zer ez – eta kontsumo ohiturak barneratzeko tenorean. Eta iritzi horrek indar handiagoa dauka gurasoek esaten dutenak baino. “Haurrek maiztasun handiagoarekin hautatzen dituzte iragarkietako produktuak, nahiz eta gurasoek aukera osasungarriagoak egiteko aholkuak eman”. Hitz horiekin laburbiltzen du egoera Elikagaien Publizitatea eta Osasuna. Espainian egoera zertan den izeneko artikuluak.

Hauxe da egiazko arazoa: haurrek telebistatik jasotzen duten publizitate zaparrada guztiaren bi heren inguru produktu osasungaitzei buruzkoa da, gantz saturatuak, azukrea eta gatza kopuru handietan dituzten elikagaiei buruzkoa. Mezu kaltegarri horien eragin eremua Internetera ere zabaldu da, batez ere YouTubera, eta nagusiki gailetak, opilak, zerealak, gozoak, janari lasterra, irabiakiak eta freskagarriak iragartzen dituzte. Amu komertzialak erabiltzen dituzte saltzeko, adibidez jostailuak edo itsasgarriak ematen dituzte opari, edo kirolari ezagunen irudiak edo nutrizio arloko aipuak erabiltzen dituzte, jendeari sinetsarazteko egiaz diren baino osasungarriagoak direla produktu horiek.

Argazki hori oso ongi islatzen da Osasun Publikoaren eta Administrazio Sanitarioaren Espainiako Elkarteak (SESPAS) 2016an argitaratu zuen ikerlan batean. Telebistan haurrentzat iragartzen diren elikagaien inguruan egin den ikerketarik handiena egin zuen erakunde horrek Espainian. Lan horretan, bost katek zazpi egunez eman zituzten spotak aztertu zituzten (bost horietatik hiru haurrentzako kateak ziren). Iragarri zituzten 169 produktuetatik, %79,9k nutrizioari eta osasunari lotutako aipuak eta amuak erabili zituzten: “rico en vitaminas y minerales” (bitamina eta mineral ugarikoa), “cero contenido en sal…” (gatzik gabea). Gantz gutxiko esnekiak nabarmendu ziren guztien gainetik. Mezu positibo horiek zeramatzaten elikagai eta edari gehienak, ordea (%62,2), ez ziren batere osasungarriak.

Baina publizitate hori beste hainbat lekutara ere iritsi da: eskolak, haurtzaindegiak, supermerkatuak, jolaslekuak, mediku kontsultak familiei arreta eskaintzeko eta pediatriako zerbitzuak. “Marketin tekniken barrenean sartzen dira babesletza, pertsona ospetsuak, maskotak edo haurrentzako ezagunak diren beste pertsonaia batzuk erabiltzea, posta elektronikotik iristen diren mezuak eta telefonoko testu mezuak, edo marka bat sustatzeko jarduera filantropikoak”, adierazi du Julio Basulto dietista-nutrizionistak. Enpresa nagusiek sare sozialak erabiltzen dituzte eta gazteei dei egiten diete marka horiek adiskideen artean goraipatu ditzatela.

ZER DIO PAOS KODEAK

2005ean sortu zen PAOS kodea, eta borondatezko konpromiso bat da, elikaduraren arloko industriek sinatzen dutena estandar etiko batzuk betetzeko. Honako gomendio hauek biltzen ditu: haurrak ez bultzatzea zuzeneko erosketak egitera, haurrei ez ematea informazio engainagarria edo konplexuegia eta sustapenetan ez erabiltzea pertsonaia ospetsuak. 2012. urtean aldaketa aipagarri bat gertatu zen. Ordu arte 12 urte arteko haurrei zuzentzen zitzaien, ikusentzunezkoetan eta komunikabide idatzietan; ordutik aurrera, 15 urte artekoei, eta Interneten ere bai. Asmoak onak izanagatik, ordea, kode hori ez da betetzen. Madrilgo Complutense Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera (haurrentzat diren hiru telebista katetako iragarkiak aztertu zituen, Boing, Disney Channel eta Neox kateetakoak), iragarkien %88,3k urratu egiten dute kodea era batean edo bestean.

Gizentasuna sustatuz.

Ikerketek diotenez, baliteke telebistako publizitate horrek azaltzea zergatik sortzen den gizentasuna hainbat haurretan; zehazki, kasuen %16 eta %40 artean eragin ditzakeela dio Elikagaien Publizitatea eta Osasuna artikuluak. Haurren Gizentasuna Zaintzeko Europako Ekimenak ohartarazi zuen bere garaian (OME Osasunaren Mundu Erakundearen tresna da) neska-mutilen %40 inguruk gehiegizko pisua daukatela Espainian: horietan artean, gizentasuna daukate mutikoen %19k (ia bostetik batek) eta neskatoen %17k. Eta arazoa handitzen ari da, gainera.

Espainiako herritarren Elikadura Ohituren eta Nutrizio Egoeraren inguruko Azterketan ageri denez (ENPE izena du, 2015ean sustatu zuen Eroski Fundazioak), 6 eta 9 urte arteko haurren gizentasun tasa %22,8 handitu da 2000. urtetik. Haurrek pantailen aurrean ematen duten denbora da gizentasun tasa horien arrazoietako bat (astean 6,79 ordu egoten dira telebistaren aurrean eta beste 3,56 gailu elektronikoekin jolasten). Eta ez sedentarismoa sustatzen dutelako bakarrik, baita haurrek elikagaien inguruan ikusten duten publizitaterik gehiena produktu osasungaitzena delako ere (jan ere horiek egiten dituzte gero).

ZER EGIN DAITEKE.

Epidemia hori zenbaterainokoa den ikusita, OMEk dokumentu bat argitaratu zuen 2015ean, eta finkatu egin zuen, produktu horiek iragarri ahal izateko, gehienez zenbateko kopuruetan eduki zitzaketen osagai batzuk. Murrizketa batzuk ezarri zituen 17 sailetan (ikus 54. orrialdeko zutabea): produktu horiek 100 gramo bakoitzeko daukaten azukre, gatz edo gantz kopuruak gainditu egingo balu gehienezko muga hori, ezingo litzateke iragarri.

Espainiako Estatuan, ordea, ez da kontuan hartzen gomendio hori. “Hartuko balitz, galarazi egin beharko lirateke iragarki guztiak”, adierazi du Miguel Angel RoyoBordonadak. Espezialista da Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan, eta haurrentzako telebista kate bateko iragarkiak aztertu ditu bere azken ikerketan. OMEk eskatu du, bestalde, elikadura txarrarekin zerikusia duten gaixotasunen epidemiari aurre egiteko, arautu egin behar dela publizitate argi eta publikoaren eremua, baina hori ere ez da egin.

PAOS kodea baino ez dago (Adingabeei Zuzendutako Elikagaien Publizitatea Autoarautzeko Kodea), elikagai ekoizleek eurek sortua 2005ean. Borondatezkoa da horri atxikitzea, eta eraginkortasun oso kaskarrekoa, zenbait ikerketak frogatu duenez. “PAOS kodearen gisako gauza eder bat eduki, eta lotsagarria da hain modu eskasean bete izana”, adierazi du Francisco Ojuelosek, Elikadura arloko Zuzenbidean diharduen abokatuak.

Dena dena, badago itxaropena eta adibide egokiak ere bai. Herrialde batzuk aski neurri egokiak ezartzen ari dira. Txilen, elikagaien publizitateari buruzko lege zorrotz batekin, %22 murriztu dute edari azukretsuen kontsumoa. Lege horrek galarazi egiten du osagai batzuk kopuru handietan dituzten elikagaien publizitatea egitea (kaloriak, gantzak, azukreak, gatza…), baldin eta 14 urtetik beherakoengana iristeko erabiltzen baditu aurkezpen grafikoa, sinboloak eta pertsonaiak. Horretaz gain, iragarkiak emateko ordutegia mugatu egiten du telebista eta zinema zerbitzu guztietan. Erresuma Batuan hasiak dira publizitatea arautzeko neurriak ezartzen, eta Gobernua aztertzen ari da elikagai ez-osasungarrien publizitatea kentzeko aukera haurren ordutegitik. Royo-Bordonadaren iritziz, erraza da irtenbidea: “OMEren murrizketak erabili behar dira eta horiek betetzen dituztenak bakarrik iragarri, haurren ordutegia osorik babestu eta bitarteko digitaletan egiten den publizitatea kontro-

IRAGARKI GALARAZIAK

Honako gomendio hauek eman ditu OMEk haurren ordutegian publizitatea kontrolatzeko. Zer-nolako produktuak iragarri daitezke eta zer-nolakoak ez:

Inolako mugarik gabe iragarri daitezke:

  • Haragi freskoa eta izoztua, hegazti haragiak, arrainak eta antzeko produktuak, eta arrautzak.
  • Fruta, berdura eta barazki freskoak edo izoztuak.

Ez lirateke iragarri behar:

  • Txokolatea eta gozogintzako produktuak, barratxo energetikoak eta postreak.
  • Opilak, gaileta gozoak eta pastelak.
  • Izozkiak.
  • Zukuak eta edari energetikoak.

Nutrizio arloko mugak dituen publizitatea (produktuen azukre, gantz eta gatz kopurua hartzen da neurritzat):

  • Aperitibo gaziak. Azukre erantsirik batere ez dutenak bakarrik iragarri behar lirateke, eta gatza gehienez 0,1 gramo dutenak 100 gramo bakoitzeko.
  • Gosaritako zerealak. 10 gramo gantz, 15 gramo azukre eta 1,6 gramo gatz baino gutxiago dutenak bakarrik.
  • Jogurtak, esne hartzituak, kremak eta antzekoak. 2,5 gramo gantz, 2,0 gramo gantz saturatu, 10 gramo azukre eta 0,2 gramo gatz baino gutxiago dutenak bakarrik.
  • Gaztak Gantza 20 gramotik behera eta gatza 1,3 gramo baino gutxiago dutenak bakarrik.
  • Aurrez egindako janariak eta platerak. 10 gramo gantz, 4 gramo gantz saturatu, 10 gramo azukre, 1 gramo gatz eta 225 kcal/100 g baino gutxiago ematen dutenak bakarrik.
  • Gurina eta beste gantz eta olio batzuk. Gantz saturatua 20 gramotik behera eta gatza 1,3 gramo baino gutxiago dutenak bakarrik.
  • Ogia eta gisako produktuak. 10 gramo gantz, 10 gramo azukre eta 1,2 gramo gatz baino gutxiago dutenak bakarrik.
  • Pasta freskoa edo lehorra, arroza eta beste zereal batzuk. 10 gramo gantz, 10 gramo azukre eta 1,2 gramo gatz baino gutxiago dutenak bakarrik.
  • Haragi prozesatuak, hegaztiak eta arrain prozesatuak. Gantza 20 gramotik behera eta gatza 1,7 gramo baino gutxiago dutenak bakarrik.
  • Frutak, berdurak eta barazki prozesatuak. 5 gramo gantz, 10 gramo azukre eta 1 gramo gatz baino gutxiago dutenak, eta azukre erantsirik ez batere.
  • Saltsak eta ongailuak, zabaltzeko/dippeatzeko produktuak barne. 10 gramo gantz eta 1 gramo gatz baino gutxiago dutenak, eta azukre erantsirik ez batere.
  • Esnezko edariak. 2,5 gramo gantz baino gutxiago dutenak bakarrik, eta azukre erantsirik eta eztitzailerik ez batere.
  • Freskagarriak. Azukre erantsirik eta eztitzailerik batere ez dutenak bakarrik.

ADITUA

ADITUA: Miguel Ángel Royo-Bordonada, Osasun Eskola Nazionaleko Ikerketa Ataleko burua Carlos III Osasun Institutuan: “PAOS kodeak ez du balio ezertarako.

PAOS kodeak mugatu egin nahi ditu elikagairik osasungaitzenen iragarkiak 15 urtetik beherakoentzat. Aurrerapauso bat al da?

Elikadura arloko Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko legeak berak ere esaten du hori. 2011koa da. Eta ez da betetzen. Arazo nagusia da PAOS kodeak ez duela arautzen produktuen nutrizio kalitatea. Ez du balio ezertarako. Publizitateak nola sustatuko ditu elikagai osasungarriak, gehien-gehiena produktu osasungaitzen ingurukoa da eta?

Zer beste hutsegite dauka PAOS kodeak?

Haurrentzako publizitatearen definizioa bera. Eragin hori murriztu nahi badugu, galarazi egin behar ditugu haurren ordutegiko spot horiek guztiak, ez haurren programaziokoak bakarrik. Erraza da araua saihestea, esanez publizitatea ez zaiela zuzentzen haurrei, nerabeek gehiago kontsumitzen dutelako, familiarentzako programa batean eman dutelako edo ez delako agertu haurrentzako kate batean.

Eta komunikabide digitaletan?

Zailagoa da kontrolatzea. Adingabeek askoz gaitasun gutxiago dute Internet bidezko publizitatea identifikatu eta bereizteko, eta, gainera, pertsonalizatua dago (youtuberrak). Eta ez dira ari ia ezertxo egiten. Produktuak egiten dituzten konpainien web-orriak aztertzera mugatzen dira, baina haurrak ez dira egoten horiei begira. Enpresa horiek sustatzen dituzten jolasen bidez sartzen zaie publizitatea, produktuak merkaturatzeko kanpainen bidez, edozein aplikazio erabiltzean…

Herritarren artean ez al dago kontzientzia handiagorik?

PAOS kodeak ez duela funtzionatzen diotenek argudiatzen dute salaketa gutxi dagoela eta daudenek ez dutela aurrera egiten. Herritarrek ez dute egiten, ez zaielako iruditzen kalte egiten dienik. Noizean behin salaketa bat jartzen du kontsumitzaile elkarte batek. Eta batzuetan ez dute aurrera egiten kodearen irizpide lausoak propio eginak daudela ihesbideak aurkitzeko.

Ez al dugu ikusten gure seme-alabek gehiegizko pisua dutela?

Gizentasunaren normalizazioa nahiko fenomeno ohikoa da. Herritar heldu gehienek eta haurren herenak gehiegizko pisua badaukate, normaltzat hartzera iristen gara. Pertzepzioa aldatua dagoenez, zailagoa da motibazio bat egotea gauzak aldatuko dituzten neurriak eskatzeko.

Zer egingo dugu vending makinekin?

Erabat kaltegarria da ikastetxeak, osasun etxeak eta udal kiroldegiak beteta egotea produktu eta edari osasungaitzak saltzen dituzten makinekin. Inkoherentzia bat da osasun etxeetan eta kiroldegietan halakoak egotea, eta adingabeek eta pazienteek osasuna zaintzeko daukaten eskubidearen aurkako atentatu bat.

Zer neurri gehiago har daiteke haurren gizentasuna murrizteko?

Osoosorik berrikusi behar da PAOS kodea. Horretaz gain, Gobernuari eskatzen ari gara bonuak ezar ditzala egoera txarrenean daudenek produktu osasungarriak erosteko modua izan dezaten eta baita BEZ txikiagoa jar dezala ere elikagai horientzat, adibidez fruta, berdura eta osoko ogiarentzat.

BA AL DAKIZUN NOLA JAN MODU OSASUNGARRIAN?

Telebistan ikusten duzun guztia ez da egia. hainbeste maite dituzun marrazki bizidun horien tartean sartzen dituzten iragarkietako elikagaiak ez dira dirudien bezain onak. Elikagai bakoitza hobeto ezagutu eta astean zenbatetan jan dezakezun jakiteko, nutrizio arloko piramidea erabiltzen da. Entzun al duzu inoiz haren berri?

Noizbehinka jatekoak

  • Hestebeteak eta haragi produktuak.
  • Gozoak, zizka-mizkak, opilak, gurina, saltsak eta edari gozoak.

Astero jatekoak

  • Haragi gorriak eta urdaiazpikoa (gehienez bi errazio astean).

Egunero jatekoak

  • Esnekiak (2-4 errazio/egunean)
  • Arraina, oilaskoa, arrautzak, lekaleak (1-2 errazio/ egunean, txandakatuz)
  • Oliba olioa (4-6 errazio/egunean)
  • Fruitu lehorrak (egunero eskutada bat)
  • Osoko zerealak eta patatak (4-6 errazio/egunean)
  • Barazkiak (gutxienez 2 errazio/ egunean).
  • Frutak (gutxienez 3 errazio/egunean).