ETIKETA BERRIAREN EGIAK ETA MITOAK

NUTRI-SCORE IZENEKO ETIKETA SISTEMAK BOST KOLORE ETA BOST LETRA DARABILTZA, ETA ZALANTZAK SORTZEN DITU: NAHITAEZKOA AL DA? ELIKAGAI GUZTIEI EZARRIKO AL ZAIE? JORDI SALAS DOKTOREARI GALDETU DIOGU, LAN HANDIA EGIN BAITU METODOA EZARRI AURREKO IKERKETA FASEAN.
1 martxoa de 2019
Img tema de portada listado 288

ETIKETA BERRIAREN EGIAK ETA MITOAK

2019ko urtarriletik aurrera, produktuen aurrealdean Nutri-Score etiketa ageri dute Eroskiren saltokiek, non lehendik ere erabiltzen zuten beren semaforoa (orain dela 11 urte hasi ziren erabiltzen). Nutrizio arloko sailkapen horrek letrak eta koloreak konbinatzen ditu, eta Espainiako Gobernuak horren alde egin du, geldiarazi egin nahi baitu gantz saturatuak, azukrea eta gatza kopuru handietan ematen duten elikagaien kontsumoa; horretarako, begiratu batekin aukera osasungarria egitera eramango gaituen sistema hobetsi du. Jordi Salas Nutrizio eta Bromatologia arloko katedraduna da Rovira i Virgili Unibertsitatean, eta bere taldearekin batean, Espainiako Osasun Ministerioaren eta Eroskiren hautua babesten duen txostena landu du. Salasek argitu dizkigu etiketa horren inguruko zalantzak.

ZERGATIK NUTRI-SCORE?

Era askotako etiketak daude, eta herrialde batzuetan batzuk eta besteetan beste batzuk erabiltzen dituzte. Modalitate hori aukeratzeak, ordea, badu abantaila bat: ebidentzia zientifikoaren bermea dauka, eta horrek esan nahi du eraginkorra dela. Ikerketek erakutsi dutenez, herritarrek oro har eta talde ahulenek eta patologia kronikoak pairatzen dituztenek, adibidez gizentasuna edo diabetesa daukatenek, hobeto ulertzen dute Nutri-Score beste logotipo batzuk baino.

“Orain berriki 12 herrialdetan egin den ikerlan batean ikusi da (Espainian ere bai) sistema horrek laguntzen duela gehien kontsumitzaileek elikagaiak egoki epaitu ditzaten beren nutrizio kalitatearen arabera, beste batzuek baino gehiago (britainiar semaforoak, Australiako izar sistemak, Txileko jakinarazpen sistemak eta Erreferentziazko Kopuruek baino gehiago)”, adierazi du Salasek. Beste ikerketa batzuek frogatu dute lotura zuzena dagoela Nutri-Score sistemaren oinarrian dagoen puntuazioaren eta patologia batzuk izateko arriskuaren artean, adibidez minbizia edo bihotz-hodietako gaitzak.

100 GRAMOKO NEURRIA.

Sistema horrek darabilen algoritmoaren funtsezko ezaugarri bat da 100 gramoko neurria darabilela, eta ez duela produktu zati bat hartzen kalkulua egiteko, nekazaritzako produktuen industriaren zati handi batek nahi duen bezala. “Gomendio bera ematen dute erakunde nazional guztiek eta nazioartekoek, besteak beste Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), eta berdin kontsumitzaileen elkarteek ere: nutrizio arloko logoa 100 gramoko neurria erabiliz kalkulatu behar dela, kontsumitzaileak irizpide berarekin alderatu dezan produktuen nutrizio kalitatea”, azpimarratu du Salasek. Elikadura arloko multinazionalen partzuergo batek zatia erabiltzea nahi luke eredu gisa, baina horrek zera ekar dezake: kontsumitzaileak ez ohartzea egiaz elikagaiak zenbat mantenugai desegoki dituen, besteak beste azukrea, gantz saturatuak eta gatza.

ELIKAGAI “OSASUNGARRIAK” ETA “EZ-OSASUNGARRIAK”.

Sarri askotan, elikagaiak bi multzo handitan sailkatzeko zeregina jartzen zaio nutrizio arloko etiketari: osasungarriak eta osasungarri ez direnak. Nutri-Score sistemak kontsumitzaileei aukera ematen die, oinarri beraren gainean eta irizpide berberekin, elikagaien arteko nutrizio kalitatea alderatzeko, desegokienetik egokienera, eta begiratu bakarrarekin erabakiak har ditzakete erosketa egitean. “Baina ez ditu alderatzen familia bereko produktuak bakarrik; alderatu egiten ditu, halaber, marka batek eta besteak daukaten elikagai mota bera ere, eta baita familia desberdinekoak izanik kontsumo edo erabilera bera dutenak ere”, azaldu du Salasek. Adibidez, gosaritako zerealekin ari bagara, Nutri-Score sistemak ez ditu alderatzen olo malutak eta txokolatez beteak bakarrik. Marka jakin bateko zerealak eta beste marka baten baliokideak ere alderatzen ditu, eta berdin eguna hasteko har daitezkeen elikagai familia batzuk eta besteak.

KONPARAZIOAK GORROTAGARRIAK DIRA.

1eu

Etiketa mota horrek produktuak alderatzeko eskaintzen duen malgutasunak bidea erraztu du lehen pentsaezinak ziren konparazioak egiteko, eta horrek komunikabideen arreta bereganatu du. Entzun eta irakurri dugu, adibidez, Nutri-Score sistemaren sailkapenarekin, edari azukretsuek (laranja zuku ontziratuak, esaterako) emaitza hobea eskuratzen dutela oliba olioak baino, zeina dieta mediterraneoaren ikur handienetakoa baita, eta horrek zalantzak sortu ditu kontsumitzaileen artean. Jordi Salasen iritziz, presio taldeek erabili egin dute kritika hori, ez baitute sistema berria atsegin, informazio zehatz eta objektiboa ematen duelako produktuen nutrizio kalitatearen inguruan. Alderdi oso espezifiko batzuei jarri nahi zaie arreta, eta metodoaren eraginkortasun globala gutxietsi.

“Erabiltzen den edozein sistemak gaizki sailkatzen du oliba olioa, ugari ematen baititu kaloriak eta gantz saturatuak, eta osasungarri gisa sailkatzen ditu azukrerik gabeko freskagarriak. Britainiar sistemak ere bazuen arazo hori, baina inor ez zen itsutu”, erantsi du. “Zenbait sail alderatzeko erraztasuna ematea, horixe da Nutri-Score sisteman muina. Erosteko garaian, kontsumitzaileek ez dituzte alderatzen oliba olioa eta laranja zuku ontziratu bat, produktu bakoitzak beharrizan jakin bati erantzuten baitio; olio mota baten eta bestearen kalitatea aztertuko dute edo zuku ontziratu batena eta bestearena”, nabarmendu du Salasek.

Ekoizleen trikimailuak

Etiketa hori ezartzeak zenbait zalantza sortu du, eta batek baino gehiagok adierazi du azukre asko duten produktu batzuek -adibidez, gosaritako zerealek – puntuazio hobea lortuko luketela zuntzarekin aberastuz gero edo fruta erantsiko baliete. Salasen iritziz, okerreko argudioa da hori. “NutriScore kalkulatzeko moduak bermatu egiten du azukretsuegia, gantzatsuegia, gaziegia edo kaloria gehiegikoa den elikagai batek ez diela etekinik aterako alderdi positiboei. Azukre eta/edo gantz gehiegi duten gosaritako zerealek ez dezakete emaitza hobetu zuntz dietetikoa edukitzeagatik, eta frutak, berdurak, fruitu lehorrak eta lekadunak puntuaziorako kontuan hartzekotan, eduki guztiaren %40 hatu beharko dute, gutxienez. Muga horretatik aurrera, sistema horrek proportzionalki ematen ditu puntuak”, argitu du aditu horrek.

Elementu horiek eduki osoaren %80rainoko portzentajean dituzten produktuek etiketa horrek ematen duen bonu handiena eskuratu ahalko dute, baina jatorrizko elikagaiak ez du gainditu beharko azukreen, gantzen edo gatzaren muga. Era horretan, Nutri-Score sistemak bermatu egingo du osagai kaltegarriak kopuru handietan dituen ezein elikagaik ez duela bere sailkapena hobetuko osagai on batzuekin, izan berezkoak edo erantsiak.

FRUTA ETA BERDURA FRESKOAK, BAI EDO EZ.

Nutri-Score sistemaren kolore berdeak kezka eragin du elikadura arloan; izan ere, produktu industrialei ezarri zaienez, gerta daiteke erosleek produktu freskoak baztertu eta A edo B etiketa ageri dutenak hautatzea haien ordez. “Frantziako on-line supermerkatuetan edo ohikoetan egindako azterlanek azaltzen dute erosketa saskia osasungarriagoa dela, leku gutxiago hartzen dutela D eta E saileko produktuek (desegokienek), eta leku handiagoa frutek eta berdurek. Frantzian etiketa hori produktu horietara zabaltzeko asmoa dute, eta A gisa sailkatuko dituzte”, azaldu du Salasek.

MANIPULATU AL DAITEKE ALGORITMO BAT?

Nutri-Score sistemaren inguruan sare sozialetan zabaldu den gezur batek esaten du Frantziak, zeina aitzindaria izan den neurri hori ezartzen, moldatu egin duela algoritmoaren kalkulua gazten sailerako (hango gastronomiaren produktu izarretako bat da), haren irudia hobetzeko. Salasek dio gezurra dela hori: “Segurtasun Sanitarioko Frantziar Agentziak egindako analisiaren ondoren, egokitzapen txiki batzuk egin ziren gaztentzat, koipekientzat eta edarientzat, baina horiek ez zituzten aldatu oinarrizko puntuazioa erabakitzen duten elementuak. Kalkuluaren elementu ezkorrak edo negatiboak nutrizio arloko informazio taulan ageri dira (kaloriak, guztizko gantzak, gantz saturatuak eta sodioa); ontziaren atzealdean egoten da, eta nahitaez eman beharrekoa da Europan. Sail horietako elikagaiek arazo espezifiko batzuk sortu zituzten, baina ez dute kolokan jarri algoritmoak nutrizio arloan egiten duen sailkapena”, adierazi du adituak.

Gaztarik gehienak E sailean daude, nahiz eta denek ez dituzten kopuru beretan izaten gantzak, gatza eta kaltzioa. Kalkulu moldatuak bereizi egiten ditu gantz saturatu eta gatz gutxien dutenak (D sailean daude) eta gantzatsuenak eta gazienak (E sailean). Koipeki erantsiei dagokienez, NutriScorek bi multzo bereizten ditu: animalia jatorriko gantzak (krema, gurina), non gantz saturatu gehiago izaten den (E gisa sailkatzen dira); eta landare jatorriko gantzak (olioak eta margarinak), gantz saturatu gutxiago izaten dutenak (salbu eta koko eta palma olioak). Edarientzat, egokitzapenak bereizi egin nahi izan ditu produktu likidoak eta solidoak. “Horretaz gain, nahi izan zen ura izan zedila A gisa sailkatuko den edari bakarra, saihestu egin nahi baitzen eztitzaileak dituzten edariak eta fruta zukuak sail horretan bertan egotea”, adierazi du adituak.

Nutri-Score sistemak 2015ean ezarri zuen bere kalkulua, eta ez dago hori aldatzerik, baina agintariek atea zabalik utzi dute urte batzuen buruan berriz zehaztu dadin, aurrerapen zientifikoen ekarpenetara egokitzeko. “Hobetzeko puntu batzuei erantzutea da horren helburua, adibidez azukre erantsiak hartzea kontuan eta ez guztizko azukreak, baina horrek Europako legedia ere aldatzea ekarriko luke eta behartu egingo luke nahitaezkoa den etiketan datu hori ematera”, azaldu du Jordi Salasek.

2eu

NAHITAEZKOA IZAN BEHAR AL DU?

“Europako Batasuneko legediaren eraginez, nahi duten enpresek bakarrik ezar dezakete neurria”, azaldu du Salasek. Oliba olioaren ekoizleek, adibidez (produktu horren inguruan sortu da eztabaida handienetakoa), uko egin diezaiokete Nutri-Score sistemaren semaforoa erabiltzeari, eta inork ez die leporatuko legea urratzen ari direla. Beste aukera bat litzateke dekretuan ez sartzea osagai bakarrarekin eginda dauden produktuak, adibidez oliba olioa. Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN) berak aipatu du aukera hori.

3eu

ETIKETA TRADIZIONALA ETA NUTRI-SCORE, AURREZ AURRE

Etiketa tradizionala

  • Bost osagairen inguruko informazioa ematen du: kilokaloriak, gantzak, gantz saturatuak, azukreak eta gatza. Horiek gehiegizko kopuruan hartzea arriskutsua da osasunerako.
  • Ekoizleak ezarritako errazioa kontuan hartuz egiten du kalkulua.
  • Kontsumitzaileak bere kabuz ondorioztatu behar du elikagaiak zer-nolako nutrizio kalitatea duen.

Nutri-Score

  • Zazpi parametro hartzen ditu kontuan: 4 negatiboak (kilokaloriak, gantz saturatuak, azukrea eta gatza) eta 3 positiboak (zuntza, proteina eta zein neurritan dauzkan fruta, berdura, fruitu lehorrak eta lekaleak).
  • Kalkulua 100 gramo bakoitzeko eginda, erraztu egiten ditu konparazioak; errazioaren neurria darabilen sistema baino objektiboagoa da, neurri hori ez baitago arautua eta aldeak izaten dira marka batzuetatik besteetara.
  • Sistemak esan egiten dio kontsumitzaileari elikagaiak nolako nutrizio kalitatea duen modu bisualean eta erraz ulertzeko eran (letra eta koloreekin).