‘Light’ erako produktuak ez dira guk uste duguna

Merkatuan ehunka produktuk aurkezten dute bere burua arinago eta osasungarriago moduan, kopuru txikiagoetan ematen dituztelako gantzak, azukrea edo gatza. Aipu horien atzean nahasmendu handia eta uste okerrak ezkutatzen dira, eta sinetsarazi egin nahi izaten digute elikagai horiekin pisua galduko dugula.
1 apirila de 2023

‘Light’ erako produktuak ez dira guk uste duguna

Uste izaten dugu light erako produktuek gantz gutxi izaten dutela, kaloria gutxikoak direla, ez dutela gizentzen eta bertsio konbentzionalak baino osasungarriagoak direla. Zergatik nagusitu den uste hori? Pisuarekin eta osasunarekin kezkatuta dauden pertsona askok oraindik ere jomugan jartzen dituztelako gantzak eta kaloriak, sinetsita baitaude gantzek “gizendu” egiten dutela eta “txarrak” direla bihotzerako. Baina kontua dezente konplexuagoa da.

Ez da gauza bera 14 gramo gantz edo 250 kcal lortzea txokolatezko donut bat janda edo almendra eskutada batekin. Lehenbizikoaren osagaiak nutrizio kalitate txarrekoak dira (irin finduekin egina dago) eta batere gomendagarriak ez diren gantzak daramatza (palmarena); horretaz gain, ez du mantenugai interesgarririk ematen. Almendrekin, aitzitik, guztiz bestela gertatzen da. Hau da, kaloria eta gantz guztiak ez dira berdinak. Osasuna eta gorputz pisua, gainera, ez dira mugatzen kaloria eta gantz kopurura, eta ez da ahaztu behar gantza ezinbesteko mantenugaia dela gure organismoak ongi funtziona dezan.

Produktu arinen ‘boom’-a.

Oraindik ere kosta egiten da mezu horiek herritar gehienengana iristea, eta ez da harritzekoa, dietaren inguruko gomendioek gantzak eta kaloriak jarri dituztelako erdigunean hainbat hamarkadatan. Horren ondorioz, ekoizleek aldatu egin zuten hainbat produkturen formulazioa, adibidez gailetena, madalenena eta saltsena, eta gantz eta kaloria gutxiagoko bertsioak sustatzen hasi ziren. Oso erraz bereizten ziren besteetatik, kolore argiko ontziak izaten zituztelako (urdin argia nagusitzen zen gehienetan), letra estilizatuak eta aipu jakin batzuk letra handiz nabarmenduta: “light”, “arina”, “gabea”.

Gaur egun ere hortxe daude produktu horiek, baina azken bi hamarkada hauetan aldatu egin da egoera. Denbora horretan, lehen gantzek jasotzen zuten arreta orain azukreetara aldatu da, eta “light”, “arina” eta gisako terminoen ordez, “zero”, “%0” eta halakoak erabiltzen hasi dira. Aipu eta ohar guztiek ez dute esanahi bera, baina kontsumitzaile gisa, sarritan zaku berean sartzen ditugu eta iruditzen zaigu horiek daramatzaten produktuek antzeko ezaugarriak dituztela: kopuru txikietan ematen dituztela gantzak, azukreak edo kaloriak, eta, ondorioz, ez dutela gizentzen. Aipu horiek guztiak daramatzaten produktuek gantz eta azukre asko izaten dute normalean, eta ondorioz, kaloriak ere ugari ematen dituzte: esne hartzituak (jogurt erakoak), esnezko postreak, gailetak, opilak, saltsak, marmeladak, edariak (freskagarriak, nektarrak, irabiakiak), txokolateak… Ez dugu ahaztu behar, bestalde, produktu batzuek gatz asko izaten dutela, eta horietan ere ohikoa izaten da gisa horretako aipuak agertzea: urdaiazpiko onduan, kontserbako atunean, chip erako patatetan, olibetan…

Baina hobeak al dira?

“Light”, “arina”, “gutxikoa”, “%0” eta antzeko beste mezu batzuk ez dira osasun aipuak, nutrizio arlokoak baizik. Hau da, produktuaren nutrizio osaerari buruzkoak dira, ez osasunean eduki dezaketen eraginari buruzkoak. Zehazki, mantenugai jakin bat edo kaloria kopurua murriztu edo kendu egin diotela esan nahi du. 

  • Kaloria gutxiago? Gantzak murrizten dituztenean, zenbaitetan aldatu egiten dute produktuen formulazioa, eta horren ondorioz, bertsio arin batzuek azukre eta gatz gehiago izaten dute konbentzionalek baino. Gantza murriztuta, gerta daiteke produktuak ez asetzea hainbeste eta zapore gutxiago edukitzea, eta horrek ekar lezake gehiago jateko beharra sentitzea gure gosea asetzeko.
  • Gantz gutxiago? Gantzak murrizten dituztenean, zenbaitetan aldatu egiten dute produktuen formulazioa, eta horren ondorioz, bertsio arin batzuek azukre eta gatz gehiago izaten dute konbentzionalek baino. Gantza murriztuta, gerta daiteke produktuak ez asetzea hainbeste eta zapore gutxiago edukitzea, eta horrek ekar lezake gehiago jateko beharra sentitzea gure gosea asetzeko.
  • Azukre gutxiago? Azukrerik gabeko produktuek izaten dituzte abantaila batzuk bertsio konbentzionalen aldean. Adibidez, ez dute txantxarrik sortzen –edo ez hainbeste– eta gehienean kaloria gutxiago ematen dute. Eta baliteke eragin metaboliko hobea edukitzea. Baina kontuan hartu beharreko ñabardura garrantzitsuak ere badaude, adibidez eztitzaileek hesteetako mikrobiotan eduki dezaketen eragin kaltegarria edo elikatzeko moduan eragin diezaguketen kaltea, oso zapore gozoetara ohitzen gaituzte eta. Beste produktu batzuetan ez dute erabiltzen ez azukrerik eta ez eztitzailerik ere; horiei gozotasuna emateko, bestelako osagai batzuk eransten dizkiete, adibidez eztia, fruta zukuak, datilak eta beste fruta lehortu batzuk. Osagai horiek helburu horrekin erabiltzen direnean, hau da, gozotasuna emateko, ez daiteke esan “azukre erantsirik gabea” denik. Eta horiek ematen duten azukrea ere azukre erantsia bezain kaltegarria da.
  • Gatz gutxiago?  Gatz gutxiago iragartzen duten produktuek kopuru txikiagoan izaten dute konbentzionalek baino, baina askok eta askok dezente ematen dute hala ere. Gatza ordezkatzeko, gainera, potasio kloruroa darabilte sarritan, eta konposatu hori kaltegarria da giltzurruneko arazoak dituzten pertsonentzat.

Ahaztu iragarkien amuak

Elementu horietakoren baten kopuruak murrizteak abantailak eduki ditzake zenbaitetan, baina produkturik gehien-gehienek lehengo eran jarraituko dute: ez dira izango oso gomendagarriak. Hain zuzen, ez dago zientifikoki baieztatua light erako elikagai eta produktuek lagundu egiten dutenik argaltzen, Nutrimedia atariaren esanetan (Pompeu Fabra Unibertsitatearen Komunikazio Zientifikoaren Behatokiak eta Cochrane-k egindako proiektu bat da). Are gehiago, zenbait ikerketak baieztatu dutenez (Oxford-eko Unibertsitateko ikertzaileek Journal of Consumer Research aldizkarian argitaratu dutenak esaterako), light erako produktuak hartzen dituzten pertsonek kantitate handiagoak kontsumitzen dituzte eta maiztasun handiagorekin, besteak beste asetasun eta zapore gutxiago ematen dutelako. Hau da, produktu horiek beti ez dira “hobeak osasunerako”, eta pisu igoera bat ere eragin dezakete.

Horrela, bada, gure dieta ez dugu oinarritu behar ontziek eskaintzen dituzten mezu horietan, elikagaietan baizik: hobe da “etiketarik gabeko” tomate bat “light” erako gaileta bat baino. Eta arreta zerbaiti jartzekotan, gure dieta osoari eta bizi ohiturei jarri behar genieke, eta ez kaloriei edo gorputz pisuari.