Kaneloiak. Dena ez da haragia
Jateko prest dauden kaneloiak ohikoak dira janari prestatuaren sailean. Gero eta maizago jotzen dugu gisa horretako janaria hautatzera, denboraz larri ibiltzen garelako, erosoak direlako eta eskaintza ere gero eta handiagoa delako. Horrexegatik da hain garrantzitsua zehaztasunez jakitea zer-nolako ezaugarriak dituzten. Kaneloiekin ere horixe gertatzen da, alde handiak daudelako batzuetatik besteetara.
Zerekin eginak daude?
Kaneloiek zer-nolako ezaugarriak dituzten jakiteko, ezinbestekoa da osagaien zerrenda irakurtzea. Baina beti ez da erraza gertatzen, askotan luze-luzea izaten da eta. Produktu batzuek, adibidez, berrogei osagai baino gehiago dituzte, Maheso eta Casa Mas etxeetakoek esaterako, eta horrek are gehiago zailtzen du zeregin hori.
Hainbat elementu izaten dituzte kaneloiek, adibidez pasta eta bexamela, eta horiek osagai batekin baino gehiagorekin egiten dira. Bexamel batek, esaterako, esnea izaten du, irina, olioa, tipula… Gauzak argiago izateko, jakin behar da kaneloiak, oro har, lau elementuz eginak egoten direla: pasta, betegarria, bexamel saltsa eta gazta.
Erosketa gida hau egiteko, haragizko sei kaneloi hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute gatzak eta gantz saturatuek.
- Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, eta batez ere zenbat haragi eta nolakoa duten ikusteko.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2025eko uztailean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Bexamela, osagai nagusia
Osagai nagusia da Maheso etxeko kaneloietan (osagai guztien %58) eta Casa Mas etxekoetan (lehen lekuan ageri da osagaien zerrendan). Ekoizleek, gainera, adierazi egin behar dute zer-nolako osagaiekin dagoen egina (guztiek egoki betetzen dute baldintza hori). Uste izatekoa da gainerako produktuetan era osagai nagusia dela bexamela; izan ere, berariaz aipatu ez arren eta zenbat duten ere esan ez arren, osagai nagusi gisa bexamela egiteko erabiltzen diren elementuak dituzte: esnea (Price) , esne hauts gaingabetua partzialki berregina (La Cocinera) edo ura, zeina esne hautsa berregiteko erabili den (Eroski). Carretilla etxea da bexamela osagai nagusia ez duen produktua (guztiaren %35 da saltsa hori).
Arreta jarri behar zaio, halaber, bexamela egiteko erabiltzen den materia gantzatsuari. Ekilore olioa darabilte guztiek. Maheso da salbuespena, eta nabina olioa darabil. Zapore neutroa dute biek eta kostu nahiko txikia, baina azken horren nutrizio osaera interesgarriagoa da ekilore olioarena baino.
Betegarriaren zaporea eta balioa
Betegarria da kaneloien zatirik garrantzitsuena, horrek ematen dio-eta zapore gehiago eta balio komertzial eta gastronomikoa. Baina gehienean ez dugu modurik jateko zenbateko proportzioan duten. Casa Mas etxekoek bakarrik ageri dute datu hori: betegarria %28 da. Zenbat haragi duten bai, hori jakin dezakegu, osagai hori ontzian nabarmenduta datorrenez, etiketan adierazi egin behar delako zenbateko proportzioan daukaten.
- Haragi kantitatea. Casa Mas etxekoek daukate gehien (%19), eta txerrikia da %8, oilaskoa %8 eta abelgorria %3. Ondotik datoz Carretilla (%15), Eroski (%13,4), eta La Cocinera (%11,9). Azken lekuan Price etxekoak daude, %5ekin. Mahesok betegarria oinarri hartuta azaltzen du zenbat haragi duen, eta ez osagai guztiak kontuan hartuta. Etiketan esaten du hori, baina zaila da ikustea. Haragi portzentaje hauek aipatzen ditu: %4,1 oiloa eta %3,6 txerria. Guztira, beraz, %7,7 daukate haragia kaneloi horiek.
- Haragi mota. Produktu guztiek daukate txerri haragia, batzuek hori baino ez (Carretilla, La Cocinera eta Price) , eta beste batzuek bestelako haragiekin konbinatuta: Casa Más (oilaskoa eta abelgorria ere bai), Eroski (oilaskoa) eta Maheso (oiloaren haragia gehiago du txerriarena baino).
Haragirik estimatuena abelgorriarena da, baina garestiena ere bada. Horrexegatik agertzen da hain gutxi. Merkeena, berriz, hegaztien haragia da, baina zapore gutxi ematen du eta lehorragoa da. Txerriarenak zaporea eta hezetasuna ematen du gantzari esker, eta tarteko prezioa dauka. Horrexegatik erabiltzen da gehien.
Gure hautuak oso lotuta egoten dira gure gustu eta beharrizanetara. Agian hori hartu behar genuke lehenbizi kontuan kozinatuta datozen kaneloiak hautatzeko garaian, aukera bat baino gehiago dagoelako eman nahi diogun erabileraren arabera:
- Ultraizoztuak. Formaturik ohikoena da. Ultraizoztu egiten dituzte elaborazio prozesuan, hau da, -40 ºC-raino jaisten dute tenperatura minutu gutxi batzuetan. Horrela hilabeteak iraun dezakete izozkailuan, -18 ºC-an, lehenbiziko egunean bezala ia. Eragozpena izaten da denbora gehiago behar dutela prestatzeko: bederatzi minutu inguru mikrouhinean edo 35 minutu labean. Multzo horretakoak dira La Cocinera, Maheso, Price eta Eroski.
- Hozkailuan edukitzekoak. Produktua hozkailuan kontserbatzen da (0 ºC eta 4 ºC artean) aste batzuetan, hotzari esker eta atmosfera babestuan ontziratu dituztelako, hau da, gas kaltegabe batzuen nahasketa batekin (karbono dioxidoa eta nitrogenoa), zeinak eragotzi egiten duen mikroorganismoak haztea. Etxean egindako kaneloiei gehien hurbiltzen zaien formatua da. Gainera, denbora gutxi behar da prestatzeko (lau minutu mikrouhinean), baina hozkailuan egon behar du eta bizitza erabilgarri motzagoa izaten du (aste batzuetakoa). Multzo honetan sartzen da Casa Mas.
- Giroko tenperaturan. Hilabeteetan eduki daitezke biltegian hotzik eman gabe, elaborazio prozesuan esterilizazio tratamendu bat ematen diete eta. Prestatzeko denbora ere motza izaten da (hiru minutu mikrouhinean). Multzo honetako da Carretilla.
Haragia dirudi, baina ez da
Produktu batzuetan haragiaren antzeko itxura eta testura duten osagaiak daude, baina bestelako osaera bat daukate eta, beraz, ez dira hain estimatuak, baina bai merkeagoak:
- Mekanikoki bereizitako haragia. Hezurretara atxikita gelditzen den haragia metodo mekanikoekin bereizten dute, nagusiki oilaskoarena eta txerriarena. Bestelako ezaugarriak eta osaera ditu haragiaren aldean: proteina gutxiago izaten du eta gantz gehiago. Haragi hori darabilte Maheso etxeak (%3,6 da oilaskoari eta txerriari mekanikoki bereizitako haragia) eta Pricek (%6 oilaskoarena eta %0,2 txerriarena).
- Animalia jatorriko beste osagai batzuk. Txerri gibela, txerri urdaia edo txerri gantza darabiltza Maheso etxeak.
- Soja testurizatuaren proteina. Landare jatorriko osagaia da, soja irinetik lortzen dena, zeina estrusio bidez prozesatu eta lehortu egiten den haragiaren antzeko testura lortzeko. Eroski etxeak darabil.

Beste osagai batzuk
Bexamela eta betegarria ez ezik, beste osagai batzuk ere izaten dituzte kaneloiek, eta horietan ere badago aldea.
- Pasta. Casa Mas eta La Cocinera etxeek pasta freskoa darabilte, arrautza eran egina, zapore eta testura atseginagoak baititu konbentzionalak baino.
- Gazta. Carretilla etxekoek izan ezik, gainerako produktuek gazta jartzen dute kaneloien gainean. Batzuek gazta konbentzionala darabilte (Eroski) edo gazta urtua (Price) , eta beste batzuek barietate bereziagoak eta estimu handiagoa dutenak: Casa Mas (mozzarella eta emmental), La Cocinera (emmental) eta Maheso (emmental %2).
- Betegarriaren saltsa. Produktu batzuetan betegarriaren haragiak tomatea darama. Tomate kontzentratua ageri da Carretilla eta Eroski etxeetakoetan, eta La Cocinerak %1,2 dauka tomate kontzentratua eta %1,2 tomatea, aurrekoa baino preziatuagoa. Gainerako produktuek ez darabilte tomatea, beste saltsa batzuk baizik, nagusiki bexamela, adibidez Casa Masek.
Zer-nolako mantenugaiak ematen dituzte?
Nutrizio arloko informazioa aztertzen badugu, proteinak nabarmentzen dira gainerako mantenugaien gainetik. Aztertu ditugun produktu gehienak antzera dabiltza (%6,2-%6,7), nahiz eta haragi kopuruan badiren aldeak (%5etik %15 bitarterainokoak). Horrek oroitarazten digu proteinak ez datozela haragitik bakarrik, eta beste osagai proteiko batzuk ere badituztela, adibidez esnea, gazta eta landare jatorriko proteinak.
Casa Mas nabarmentzen da (%9 ditu proteinak), haragi gehien duena ere hori delako segur aski (%19). Horrek esan nahi du kaneloi errazio batekin (225 g) proteinak 15 gramo inguru izango liratekeela, salbu eta Casa Mas etxekoetan, non 20 gramo diren proteinak.
Gantz kopurua ere aipagarria da: %4,5 dauka Eroskik eta %8,6 Mahesok. Azken horretan gantz saturatuak ere asko dira: %4,5 hain zuzen, eta gainerakoak, berriz, %2 inguruan dabiltza; segur aski, gaztak eta txerri gantzak ematen diote gantz kopuru hori. Hortaz, Maheso etxeko kaneloien errazio batekin ia 20 gramo gantz hartuko ditugu, eta erdiak saturatuak.
Gatza eta kaloriak
Garrantzitsua da gatza aintzat hartzea, produktu batzuek dezente izaten dute eta. Elikagai batek gatz gehiegi daukala esaten da %1,25 baino gehiago duenean. Kaneloi hauetan, Maheso etxearen %0,73 eta Carretilla etxearen %0,93 artean dabiltza guztiak. Casa Mas da salbuespena, zeinak %1,1 duen gatza. Horrek esan nahi du produktu horren errazio batek 2,5 gramo izango duela gatza. Asko da, egunaren buruan ez baita komeni 5 gramo baino gehiago hartzea.
Zenbat kaloria ematen duten begiratzen badugu (100 g bakoitzeko), ikusiko dugu Casa Mas etxearen 151 kcal eta Carretilla etxearen 121 kcal artean dabiltzala; azken horrek ez dauka gaztarik eta horregatik du besteek baino kaloria gutxiago. Errazio bat, beraz, 340 kcal (Casa Mas) eta 272 kcal artean ibiliko da (Carretilla). Kopuru hori bera emango lukete bi ogi xerrak ahuakatearekin edo arroz plater batek oilaskoarekin.

- Formatua. Badira giroko tenperaturan irauten dutenak, hozkailuan edukitzekoak eta izoztuak. Horrek eragina du ezaugarri organoleptikoetan eta baldintzatu egiten du iraupen denbora eta prestatzeko denbora. Hozkailuan edukitzekoek dute etxekoen antz handiena, eta denbora gutxian berotzen dira, baina iraun ere gutxiago egiten dute besteek baino.
- Haragi kantitatea. Zenbat eta gehiago, hainbat hobeto. Txerriarena izaten da, baina abelgorriarena da guztietan preziatuena.
- Beste osagai batzuk. Produktu batzuek mekanikoki bereizitako haragia daukate eta haragiaren antzeko itxura eta testura duten beste osagai batzuk, baina interes komertzial eta gastronomiko gutxi dutenak, eta nutrizioaren ikuspegitik ere ez handi-handirik; hor sartzen dira txerri gantza eta txerri gibela adibidez. Haragia bakarrik dutenak aukeratzea komeni da.
- Gatz kantitatea. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto. Etiketan 100 ml bakoitzeko duen kantitatea agertzen da, baina, normalean, errazioa 225 gramokoa izaten da; beraz, gatz asko hartzeko arriskua dago.
- Prezioa. Haragi kantitatea eta mota kontuan hartuta aztertu behar da prezioa, baita baliozko beste osagai batzuen kopurua ere (pasta freskoa, gazta mota…), eta interes gutxiko osagaiak ahalik eta gutxiena izatea komeni da, adibidez mekanikoki bereizitako haragia.
Guztiek c letra daukate Nutri-Score sisteman
Badira alde batzuk produktuen nutrizio osaeran, baina ez dira oso handiak. Horregatik lortzen dute guztiek letra bera Nutri-Score sisteman 2024an eguneratu zen algoritmoarekin kalkulatuta. C nota daramate guztiek, nagusiki ugari ematen dituztelako gatza eta gantz saturatuak.
Kalitate-prezioak
Produktuaren 100 gramok zenbateko prezioa duten aztertzen badugu, ikusiko dugu gehienak euroaren gainetik dabiltzala. Batzuek ia prezio berdina dute, adibidez Maheso etxekoek eta La Cocinera koek: 1,08 euro eta 1,07 euro, hurrenez hurren. Eroski eta Price dira merkeenak: 0,54 euro lehenak eta 0,33 euro bigarrenak. Oso litekeena da prezioa eta haragi kopurua zuzenean loturik egotea batzuetan; adibidez, Casa Mas da garestiena eta haragi gehien duena (%19), eta Price da merkeena eta haragi gutxien duena (%5). Beste produktu batzuetan, dena den, ez da ikusten halako loturarik. Eroski da haragi gehien duen hirugarrena eta merkeenetan bigarrena.

Erosteko orduan zaila da ohartzea zer-nolako ezaugarriak dituen produktu hauetako bakoitzak, osagai asko izaten dutelako. Argibiderik baliagarrienak eman ditzakeena betegarria da eta, zehazki, haragi mota eta kantitatea, eta beste osagai noble edo balio komertzialeko batzuen kopurua ere lagungarria izaten da, adibidez zenbat pasta fresko, tomate edo esne daukaten; balio komertzial apaleko beste osagai batzuk ez edukitzea ere kontuan hartzekoa da, adibidez mekanikoki bereizitako haragia, esne gazura edo tomate kontzentratua. Formatua ere garrantzitsua da, baldintzatu egiten duelako biltegiratzeko tenperatura, iraupena eta kozinatzeko denbora. Beste alderdi batzuk ere kontuan hartzekoak dira, adibidez nutrizio osaera eta prezioa.
Hori guztian kontuan hartuta, Casa Mas da produkturik onena, besteak beste haragi gehien duena delako (abelgorriarena zati bat), pasta freskoarekin egina dagoelako (arrautza eran egina) eta produktu freskoa delako (hozkailuan edukitzekoa). Baina badu eragozpenen bat ere: horrexek dauka gatz gehien eta garestiena ere hori da.
Osagaiak, osaera eta formatua ez ezik prezioa ere kontuan hartzen badugu, hau da, kalitate-prezioei begiratzen badiegu, Eroski litzateke aukerarik onena.