Bolognar erako lasagnak

Betegarria da garrantzitsuena

Alde handiak daude lasagna komertzialen artean, batez ere osagaien kalitatean eta gantz, kaloria eta gatz kantitatean. Lasagna egiteko erabili duten haragi motak eta kantitateak arrasto batzuk ematen ditu produktuaren ezaugarri orokorren inguruan.
1 ekaina de 2023

Bolognar erako lasagnak. Betegarria da garrantzitsuena

Lasagna oso plater moldakorra da, eta horixe du abantailarik handienetakoa. Pasta geruzak pilatuz egiten da, eta tartean hainbat eratako osagaiak sar daitezke, nahiz eta haragia den, zalantzarik gabe, klasikoenetakoa. Osagai hori laguntzeko, tomate saltsa erabiltzen da normalean (horixe da bolognar saltsa), eta bexamelarekin estaltzen da, zeina gurin, irin eta esnez egiten den. Bukatzeko, gazta birrindu pittin bat bota eta prest egoten da. Prozesu hori erraz samar egiten da, baina lan eta denbora asko eskatzen du. Horregatik bilatzen ditugu hainbatetan irtenbide azkarragoak eta erosoagoak. Lasagna prestatuek ez dute lanik eskatzen eta azkar egiten dira. Baina etxekoak bezalakoak al dira? Zeri begiratu behar genioke halakoak erosteko garaian?

Zein da formatu onena?

Aukeratzeko orduan, zer-nolako erabilera emango diogun izan behar dugu kontuan lehen-lehenik. Horrela, gehien komeni zaigun formatua aukeratu ahal izango dugu, hiru formatutan merkaturatzen baitira: ultraizoztua, hoztua edo giroko tenperaturan. Bakoitzak ditu bere alde onak eta ez hain onak.

  • Ultraizoztua. Bizitza luzeagoa dute, 18 hilabete ingurukoa; beraz, horiek aukeratu eta izozkailuan gorde ditzakegu, ezustekoren bat gertatzen denean erabiltzeko. Prezioa, gainera, hobea izaten dute hotzean edukitzekoek baino. Eragozpenetako bat izaten da denbora gehiago behar dela horiek prestatzeko, desizoztu egin behar izaten direlako. Gehienek 10-17 minutu behar izaten dituzte mikrouhinean, edo 35-40 minutu labean. Kontserbatzeko energia gehien behar dutenak ere horiek dira, izozkailuan -18 ºC-an egon behar izaten dute eta. Aztertu ditugunen artean, La Cocinera, La Cocinera Barbakoa, Chef a Casa eta Eroski etxekoek dute formatu hori.
  • Hotzean edukitzekoa. Bizitza laburragoa izaten dute, egun gutxi batzuetakoa, eta, beraz, etxean ez ditzakegu luzaroan eduki. Garestiagoak izaten dira gainera, normalean formatu hori hautatzen delako produktu bereziagoekin erabiltzeko, besteek baino hobeto mantentzen ditu-eta ezaugarri organoleptikoak. Dezente denbora gutxiago behar izaten da prestatzeko, 4-5 minutu inguru mikrouhinean eta 10-18 minutu labean. Aztertu ditugun produktuen artean, Baserria Km0 eta Casa Mas merkaturatzen dira formatu horretan.
  • Giroko tenperaturan. Abantailarik handiena du zenbait egunez eduki daitekeela giroko tenperaturan, hotzik gabe; hau da, etxeko biltegian gorde dezakegu. Hermetikoki ontziratua dago, eta tratamendu termikoa eman diote, eta horri esker kontserbatzen da horrela. Tratamendu horrek badu beste abantaila bat: nabarmen murrizten du prestatzeko behar den denbora. Carretilla etxeko lasagna bakarrik dator formatu horretan guk aztertu ditugunen artean, eta 2 minutu baino ez ditu behar mikrouhinean berotzeko.
Analisia

Erosketa gida hau egiteko, bolognar erako lasagnak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Gantzaren, gantz saturatuen, energiaren eta gatzaren kopuruak asko baldintzatzen du azken emaitza.
  • Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko, bereziki nolako haragia eta zenbat duten jakiteko eta zer-nolako olioa erabili duten ikusteko.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2023ko apirilean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Osagaiak deszifratu nahian

Etiketa irakurtzea da hurrengo pausoa. Osagaien zerrendan ikusten da produktuak zer-nolako elementuak dituen. Aztertu ditugun lasagnetan, bi modutan emana ageri da informazio hori. Formatu konbentzionalean, kantitatearen arabera zerrendatzen dira osagaiak. Bost produktuk darabilte aukera hori: La Cocinera, Baserria Km0, Casa Mas eta Eroski. Baina badago bigarren formatu bat ere, non bereizi egiten diren lasagnaren zenbait osagai; adibidez, La Sirena etxekoan, bereizi egiten dira bexamela, haragizko betegarria, pasta eta gazta, eta bakoitzean zer-nolako osagaiak dauden esaten da. Formatu hori darabilte Carretilla eta Chef a Casa etxekoek ere.

Azken aukera hori errazago irakurtzen da eta ulertu ere bai, baina osagai bakoitza zenbateko proportzioan ageri den jakin nahi badugu, zailagoa da interpretatzeko. La Sirena etxekoan, esaterako, bexamelak %43 hartzen du, eta nagusiki ura, patata almidoi moldatua eta esne hautsa daramatza; betegarriak, berriz, %33 osatzen du, eta tomate kontzentratua, ura eta txerri haragia daramatza. Osagaiak modu horretan adierazita, ez dezakegu jakin zer daukan gehiago, tomate kontzentratua edo patata almidoi moldatua.

Zerekin eginak daude?

Lasagnak hiru osagairekin eginak daude funtsean: pasta xaflak, bexamel erako saltsa, betegarria eta batzuetan gazta ere bai.

  • Pasta xaflak. Gari gogorraren semolarekin eginak daude nagusiki. Produktu batzuetan, La Cocinera, La Sirena eta Chef a Casa etxekoetan esaterako, arrautza ere ageri da, eta horrek zaporea ematen du eta testurari ere eragiten dio, eta ezaugarri hori kontuan hartzekoa da, batzuei gustatu egingo zaielako baina beste batzuei ez.
  • Bexamel erako saltsa. Normalean gurin, irin eta esnez eginak egoten dira, baina produktu hauetan badira aldeak. Askok, adibidez, esne hautsa darabilte, urarekin berregina. Horregatik ageri da ura osagai nagusi gisa zenbait lasagnatan, adibidez La Sirena eta Eroski etxekoetan. Beste batzuek esnea darabilte zuzenean, hala nola Baserria Km0, Casa Mas eta Chef a Casa etxekoek, eta horrek zapore hobea ematen dio. Materia gantzatsuari dagokionez, gehienek ekilore olioa darabilte, nahiz eta batzuek gurina hautatu duten, zapore atseginagoa emateko, adibidez Baserria Km0 eta Chef a Casa etxeetakoek.
  • Gazta. Produktuaren gainazala estaltzeko darabilte, eta urtu egiten da berotzean. Aztertu ditugun lasagna guztietan ageri da gazta, salbu eta Carretillan eta Chef a Casan. Gazta motari dagokionez, aukera bat baino gehiago dago: emmental (Casa Mas), mozzarella (La Cocinera) e Idiazabal (Baserria Km0).
  • Saltsa betegarria. Bolognar erako saltsa darabilte. Izen hori ez dago legez zehaztua, baina hala esaten zaie tomate saltsa eta haragi xehatua daukaten saltsei. Tomateari dagokionez, formatu bat baino gehiago aurkitu dugu: kontzentratua (La Sirena eta Eroski), tomatea (Baserria Km0, Carretilla), purea (Chef a Casa) eta batzuen eta besteen nahasketa, adibidez La Cocinera eta Casa Mas etxeetakoetan, non tomatea eta kontzentratua nahasten diren. Tomatea da guztietan estimatuena, eta purea ondoren. Kontzentratuari beroaldi bat ematen diote uraren zati bat lurruntzeko, eta zaporeak galdu egiten ditu ñabardura batzuk.
Aukera begetalak

Merkatuan gero eta aukera begetal gehiago daude lehen haragia bakarrik zuten produktuetan. Lasagnen artean ere bai. Bolognar erako bertsioen artean ere badira, eta gida honetan bi aztertu ditugu, bat Findus markakoa eta bestea Eroski markakoa; biak ere ultraizoztuak dira. Haragiaren ordez, landare jatorriko proteina darabilte bi horiek; ilarrarena lehenbizikoak eta gariarena bigarrenak. Hau da, osagai horiek, haragiak bezala, kopuru aipagarrietan ematen dituzte proteinak. baina ez dugu ahaztu behar produktu horiek bestelako osaera bat dutela.

Ikuspegi kuantitatibotik, Findus etxekoaren proteina proportzioa (%5,8) La Sirena etxekoaren berdina da, eta Eroski etxekoak zertxobait gutxiago dauka (%4,9), baina Carretilla etxekoak baino gehiago (horrexek du gutxien, %3,6). Gantz kopurua ez da gehiegizkoa bietan ere (%3,5 eta %5,8), haragizko lasagnen aldean behintzat, eta kaloriak ere horren araberakoak dituzte. Gauza bera esan liteke gatz kantitateari buruz (%0,8 Eroskik eta %0,53 Findusek, zeinak beste guztiek baino gutxiago duen). Horrek guztiak azaltzen du bi produktu horiek A sailkapena izatea Nutri-Score sisteman.

Bestalde, prezioak ere on samarrak dituzte, haragiz egindakoen antzekoak. Eroskik 0,7 € balio du 100 gramo bakoitzeko, eta Findusek 1,12 €. Lehenbizikoa, gainera, egokia da pertsona beganoentzat, eta halaxe nabarmentzen da ontzian.

Haragiaren garrantzia

Haragia da produktu horien osagai garrantzitsuena. Ez asko duelako (ez da %20ra iristen), elementurik adierazgarriena delako baizik, produktuari balioa ematen diona eta ezaugarri organoleptikoak baldintzatzen dituena: zaporea, lurrina eta testura. Produkturik gehienetan, %18-19 inguruan dabil haragi proportzioa (zortzitik lautan). Baserria Km0, La Cocinera, La Sirena eta Eroski dira. La Cocinera Barbakoa delakoak zertxobait gutxiago dauka, %16,7, eta Chef a Casak %13. Gainerakoek nabarmen gutxiago daukate, eta batzuek kopuru horren erdia ere ez. Carretillak %8,5 dauka eta Casa Masek %7. Haragi mota ere ez da berdina guztietan; batzuek txerriarena dute eta besteek abelgorriarena. La Cocinera, La Cocinera Barbakoa, Carretilla, Casa Mas eta La Sirena txerri haragiz eginak daude. Baserria Km0 eta Chef a Casa, txahal haragiz. Eroskik nahasian ditu txerriarena eta txahalarena. Abelgorriarena garestiagoa da, zenbait arrazoirengatik: ekoizpen kostuak handiagoak dira eta, gainera, ezaugarri organoleptikoak eta nutrizio osaera estimu handiagoan ditu jendeak, besteak beste mineral gehiago ematen duelako, adibidez burdina eta zinka.

Proteinak, gantzak, kaloriak eta gatza

Osagaiek eta horien kopuruek zehazten dute nutrizio osaera. Proteina gutxien duen lasagna, esaterako, Carretilla da (%3,6), haragia ere gutxi duelako batez ere (%8,5). Casa Masek are gutxiago du haragia (%7), baina proteina gehiago du (%7,7), kopuru aipagarrietan dituelako beste elikagai proteiko batzuk, adibidez esnea eta gazta.

Hiru osagai horiek baldintzatzen dute proteina kopurua, esneak, gaztak eta haragiak. Baserria Km0 nabarmentzen da besteen gainetik: %11,2 ditu proteinak. Gehienak %7,5 inguruan dabiltza. Hain zuzen esne osoa, gazta eta gurina daramatzalako ageri da besteetan baino gantz gehiago (%13,9) eta gantz saturatu gehiago (%6,2) Baserria Km0 etxekoan. Antzeko zerbait gertatzen da Chef a Casa delakoarekin: esne osoz eta gurinez egina dago, eta horrexegatik, asko samar ematen ditu gantzak (%11) eta gantz saturatuak (%5,5). Gainerakoetan apalagoak dira balioak, %5 eta %8 artekoak. Karbohidrato kantitatea %11-15 artean dabil guztietan, eta proteina eta gantz kopuruarekin batean, horrek azaltzen du produktu horien energia balioa; Carretilla etxekoak du apalena (104 kcal/100 g) eta Baserria Km0 etxekoak handiena (240 kcal/100 g).

Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) eta beste erakunde batzuek diote gatza %1,25etik gorakoa denean 100 gramo bakoitzeko, gehiegizkotzat jo behar dela. Aztertu ditugun produktuen artean, Baserria Km0 etxekoak bakarrik gainditzen du zifra hori (%1,4). Carretilla eta La Sirena etxekoek ere dezente daukate (%1 eta %1,1). Gainerakoak, berriz, ez dira iristen %1era. Gehienak %0,74 (La Cocinera Barbakoa) eta %0,9 artean dabiltza (Eroski).

Osasungarriak al dira?

Pertsona batzuk ez dira fidatzen produktu horietaz, elikagai prozesatuekin mesfidantza izaten dutelako. Egia esan, ez dago horretarako arrazoirik. Egia da zenbait kasutan osagaiak ez direla etxean erabil genitzakeenak bezain interesgarriak: esne hautsa, tomate kontzentratua edo ekilore olioa. Nutrizio arloko osaera aztertuz gero, osagai hauek ikusiko ditugu: pasta (gari irin findua), saltsak (gari irin findua, tomatea eta gurina edo olioa) eta txerrikia edo txahalkia. Gainera, ugari izaten dute gatza eta berdin gantzak eta kaloria ere. Ez dira gomendagarriak maiz jateko, eta elikagai interesgarriagoak lehenetsi beharko genituzke, hala nola barazkiak, lekaleak, osoko zerealak…

Nutri-score notak, denetarikoak

Aipatu dugun guztia kontuan hartuta, pentsatzekoa da Baserria Km0 etxekoak izango duela notarik txarrena Nutri-Score sisteman; D letra ageri du, ugari ematen dituelako gantzak, gantz saturatuak, gatza eta energia ere bai. Sailkapenean denetariko notak ageri dira, osaera ere askotarikoa dute eta. C letra ageri dute hiruk: Carretilla, Chef a Casa eta La Sirena , arrazoi batengatik edo bestearengatik; La Sirenak, esaterako, gatz asko du, Carretillak proteina gutxi eta Chef a Casak gantz eta gatz saturatu ugari. Beste hiruk B letra lortu dute: Eroski eta La Cocinera etxeko biak.

Zenbat ematen du errazio batek?

Orain arte, 100 gramoko errazioaren balioak aipatu ditugu, baina lasagna jaten dugunean, hori baino gehiago jaten dugu. Errazio baten tamaina 225 gramokoa dela esan dezakegu, eta hori hartzen dute erreferentzia gisa aztertu ditugun marka batzuek. Eta errazio horretan, mantenugai dezente ematen dute, produktu batzuek bereziki. Deigarriena Baserria Km0 da, zeinak 31 g gantz, 3,2 g gatz eta 540 kcal dituen. Nabarmentzekoa da, halaber, Chef a Casa, 25 g gantz eta 412 kcal dituena. Gatzari dagokionez, azpimarragarrienak La Sirena eta Carretilla dira, 2,5 gramo eta 2,3 gramorekin, hurrenez hurren. Jarduera fisiko ertaina duen gizon heldu batek egunean 2.000 kcal behar izaten ditu, eta gomendioa da egunean 5 gramo gatz baino gehiago ez hartzea. Horrek esan nahi du lasagna horietako batekin zifra horretara hurbilduko garela, eta, beraz, erraz gainditu dezakegu egunaren buruan kontsumitzen ditugun gainerako elikagaiekin.

Kalitate-prezioak

100 gramoko prezioari erreparatzen badiogu, alde handiak aurkituko ditugu: 0,43 € La Sirenak eta 2,05 € Baserria Km0 delakoak. Irizpide horren arabera, hiru talde egin ditzakegu: euro baten azpitik daudenak (La Sirena eta Eroski), euro baten inguruan daudenak (La Cocinera, Carretilla eta Casa Mas) eta kopuru hori aise gainditzen dutenak (Chef a Casa eta Baserria Km0). Prezio desberdintasunak hainbat arrazoirengatik azaltzen dira. Adibidez, La Sirenak oso prezio txikia du, ziur aski 1 kg-ko tamaina duelako, gainerakoek baino askoz handiagoa (400 gramo ingurukoak dira besteak). Baserria Km0 eta Chef a Casa etxeetakoak garestiagoak dira, gurina, txerri haragia eta esnea darabiltzatelako.

Erosteko gomendioak

Lehen begiratuan lasagnak antzekoak direla pentsa liteke eta, gainera, osagaien zerrenda luzea dute, eta zaildu egin lezake aukeraketa. Erabakia hartzeko, lau alderdi hauek izan behar dira kontuan:

  1. Aurkezpena. Badira ultraprozesatuak, hoztuak eta badira giroko tenperaturan daudenak ere. Lasagna hoztuek hobeto eusten diote jatorrizko zapore, lurrin eta testurari, eta denbora gutxi behar izaten da horiek prestatzeko, baina bizitza laburra izaten
    dute, eta hozkailuan eduki beharrekoak dira.
  2. Osagaiak. Kalitatezko osagaiak dituztenak lehenetsi behar dira: esnea, tomatea eta oliba olioa, eta ez esne hautsa, tomate kontzentratua eta ekilore olioa.
  3. Betegarria. Txerri haragia merkeagoa da, baina txahal haragiaren zaporeak estimu handiagoa du. Ikusi egin behar da zenbateko proportzioan ageri den, batzuek gutxi samar izaten dute eta.
  4. Nutrizio osaera. Produktu horiek kaloria kopuru handia ematen dute, batez ere gantz asko dutenean. Gatza zaintzea komeni da: zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto.

Ondorioak

Desberdintasun nagusiak osagaietan eta nutrizio osaeran daude. Alde horretatik, batzuetan elementu horiek gatazkan egoten dira elkarrekin. Hau da, osagai onak dituztenek nutrizio profil okerragoa dute, eta alderantziz. Horrek zaildu egiten du hautaketa egitea, batez ere erosteko erabakia baldintzatu dezakeen beste faktore bat eransten badugu: prezioa.

Osagaien kalitateari erreparatuz gero, produkturik onena Baserria Km0 da: txahal haragi asko du (%19), eta balio oneko beste osagai batzuk ere baditu, hala nola gurina, oliba olio birjina, esnea, tomatea, barazkiak edo Idiazabal gazta. Hala ere, ez da ongi gelditzen nutrizioaren ikuspegitik: gantz, gatz eta kaloria gehien duena da, eta horrek azaltzen du haren balorazio orokorra ez izatea hain ona.

Chef a Casa lasagnarekin antzera gertatzen da. Txahal haragi ugari du, baita esnea eta gurina ere, baina preziorik garestienetakoa ere badu eta gantz dezente. Nabarmentzekoa da, gainera, zigilu ekologikoa izan arren, Italian ekoizten dela, eta handik garraiatu beharrak eragin nabarmena uzten du ingurumenean.

Kalitate-prezioak kontuan hartuz gero, aukerarik onenak hauek izango lirateke, ordena honetan: La Sirena, txerri haragi dezente duena eta preziorik apalena, eta Eroski, behi eta txerri haragiak antzeko kopuruetan dituena, eta bigarren preziorik apalena.