5 dieta ez batere gomendagarriak

Dieta miragarriak hara eta hona dabiltza denbora gutxian emaitza harrigarriak lortuko dituztela aginduz, baina ebidentzia zientifikoak zalantzan jartzen du egokiak ote diren. Horietako bost aztertu ditugu: Pritikin, Pegan, Golo, Perricone eta kronodieta.
1 ekaina de 2023

5 dieta ez batere gomendagarriak

Bikini operazioa”, “esan agur sobera dituzun kiloei”… Dieta miragarriak aspalditik daude normalizatuta gure gizartean, eta horiek bezain normalizatuta daude produktu hiperkalorikoak, hiriko bizimodu presatua eta sedentarismoa; osagai horiekin guztiekin ez da harritzekoa “gizentasunaren epidemia” agertu izana.  Gero eta ikerketa gehiago dago gizentasunak osasunean duen eraginaren inguruan, baina desinformazioaz baliatuz, hainbat eratako dietak, guruak eta produktu dietetikoak zabaldu dira, eta beren burua iraultzaile gisa azalduz, ospe handia lortu dute batzuek. Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiatik adierazi dutenez, hasieran frustrazioak eraginda jotzen dute pertsonek dieta horietara. Hilabete gutxi irauten duten dietak izan arren, arriskuak ez dira txikiagoak. Populazioaren inguruan egin diren hainbat ikerketak frogatu dutenez, dieta “miragarri” horiek eragin kaltegarriak pilatzen dituzte osasunean.

Mendekotasuna eta errebote efektua

Nutrizionistek ohartarazten dute era horretako dietekin mendekotasuna agertzen dela, denbora gutxian kilo asko galtzen delako. Amu hori askoz ere erakargarriagoa da elikadura osasungarriak eskaintzen duena baino, non esaten den pisua mantso-mantso galtzea komeni dela, bihotz-hodien sistema arriskuan jarri gabe. “Bi hilabetean galdu daitezke 20 kilo, bai, baina sistema benosoa neurriz kanpo zamatuko genuke gantz kantitate handiarekin, eta bihotzekoak edo tronbosiak izateko arriskua duten pertsonetan heriotza eragin dezake”, ohartarazi dute Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiatik.

Gainera, jarraibide ustez iraultzaile horien ondorioek buruko osasunari ere eragiten diote, eta horixe nabarmendu du Alma Palauk, Dietista-Nutrizionisten Kontseiluko lehendakariak. “Praktika klinikoan antsietatea eta depresioa ere antzematen dugu era horretako dietak egiten ari direnengan”, azaldu du. Eta horri errebote efektua gehitu behar zaio. Dieta egiten duten pertsonen artean, %98k pisua hartzen dute planari ekin eta urte eta erdiren buruan, organismoak joera izaten duelako galdu duen pisua berriz hartzeko, halaxe dio Gizentasunaren Fisiopatologia eta Nutrizioa Sarean Ikertzeko Biomedikuntzako Zentroak (Ciberobn) egin duen ikerlan batek. Horregatik da garrantzitsua, pisua hartuz gero, berriz galtzen saiatzea, zeren organismoa zenbat eta luzaroago bizi izan egoera metaboliko horrekin, orduan eta zailagoa izango baita aurreko egoerara itzultzea.

Pritikin dieta

Jatorria. 1971, Ameriketako Estatu Batuak. Nathan Pritikin ingeniariak gantz gutxiko dieta bat patentatu zuen, gaitz koronarioei buruzko ikerketetan ageri ziren kontzeptuak kontuan hartuta.

Zer proposatzen du. Okerreko abiapuntu batean oinarritzen da: gantza ez dela osasungarria. Elikatzeko plan horretan, hidratoak dira %75-80, proteinak %10-15 eta gantza %10. Dietatik kendu egiten ditu zenbait gantz, besteak beste, oliba olioa eta fruitu lehorrak.

Amua. Hilean hiru kilo galduko ditugula agintzen du berdurak, frutak, lekaleak eta zerealak janez. Elikatzeko plan horrek, gainera, mugatu egiten du elikagai jakin batzuen kontsumoa: haragiak, arrautzak eta irin finduekin egindako produktu prozesatuak, adibidez pasta eta ogia, eta berdin olioa, gurina eta gantza %1etik gora duen edozein esneki.

Balorazioa. Dieta horrek ez du barietatea sustatzen, menuak errepikatzea baizik, elikagai debekatuen zerrendetan oinarrituta: oliba olioa, gatza, fruitu lehorrak eta ale finduak.  Alma Palau Dietista-Nutrizionisten Kontseiluko lehendakariaren esanetan “dieta hori ez zen egin pisua jaisteko, bihotz-hodietako arriskua murrizteko baizik (arrakastarik gabe). Proteina gutxi du, eta, beraz, gihar masa galtzen du, eta hidrato gehiegi proposatzen du”. Ez da egokia, oliba olio birjinaren gantzak falta dituelako besteak beste; izan ere, zientziak ongi frogatu du onuragarriak direla bihotz-hodien osasunerako.  Fruitu lehorrak deabrutzea ere akats deigarri bat da, frogatuta baitago ase egiten gaituztela eta lagundu egiten dutela gorputzaren pisua kontrolatzen.

TXARRENA

Neurriz kanpo murrizten ditu oinarrizko gantz azidoak, eta proteinak urriegiak dira giharren funtzioa, indarra eta erresistentzia mantentzeko.

Pegan dieta

Jatorria. Mark Hyman estatubatuar mediku eta telebistako izarrak sortu zuen, 2016. urtean. Liburuak ere idatzi ditu dieta orri buruz, “medikuntza funtzionalaren” printzipioetan oinarrituta, hark dioenez; medikuntza mota hori teoria sasi-zientifikotzat jotzen da.

Zer proposatzen du. Dietaren izenak bateratu egiten ditu “paleo” dieta eta dieta “beganoa”. Lehenbiziko horretan, gizakiak garai paleolitikoan elikatzeko erabil zitzakeen elikagaiak jaten dira, begetalak esateko, baina zerealak kendu egiten ditu, adibidez garia, oloa eta garagarra. Dieta beganoak, berriz, debekatu egiten du animalia jatorriko edozein elikagai, hala nola haragia, arraina, esnekiak eta beste animalia produktu batzuk, adibidez eztia eta arrautzak.

Amua. Pisua modu osasungarrian gelduko dugula agintzen du dieta mediterraneoaren antzeko bat eginez. Elikatzeko plan horrek, ordea, debekatu egiten ditu glutena eta esnekiak.

Balorazioa. Miguel Herrero Elikadura Zientzien Ikerketa Institutuko aditua da (CSIC), eta baztertu egiten du gure arbasoak bezala elikatzearen aldeko ikuspegia, garai hartan bizi-itxaropena 35 urtekoa baitzen. Gainera, ez da egia glutena txarra denik. Lehenik eta behin, garai paleolitikoan bizi ziren lehen hominidoek hartzen zutelako, eta, bigarrenik, gizakiok, beste ugaztun batzuek ez bezala, digestio luzeak egiteko aukera ematen duen hestea dugulako. Glutena ez da bateraezina dieta osasungarriarekin, non eta ez dagoen zeliakia kasu jakin bat. Esnekiei dagokienez, Ciberobn erakundeak egindako azterketa baten arabera (Jordi Salas katedraduna izan da buru), neurri egokian hartuta, esnekiek koloneko minbiziaren aurkako babesa eskaintzen dute. Dieta horrek gehigarriak ere deabrutu egiten ditu, eta galarazi egiten du halakoren bat daramaten produktuak jatea, nahiz eta seguruak diren.

TXARRENA

Mugatu egiten du (ebidentzia zientifikorik gabe) glutena duten zerealen kontsumoa. Murrizketa hori zeliakoentzat bakarrik da.

Golo dieta

Jatorria. 2009an sortu zen dieta hori, Ameriketako Estatu Batuetan; elikadura arloko gehigarriak ekoizten dituen enpresa batek sortua da, GOLOk hain zuzen. Iragarkietan esaten du medikuek eta zientzialariek sorturiko plan bat dela.

Zer proposatzen du. Dieta horren sortzaileek ohartarazten dute ez dela 90 egun baino gehiago luzatu behar, eta egunean hiru otordu egin behar direla, barazkietan, frutetan eta proteina giharretan oinarrituta; asko murrizten ditu karbohidratoak eta gantzak (baina ez ditu kentzen). Dieta horrek, gainera, mugatu egiten du oliba olio birjina estra: 15 ml egunean. Dieta zorrotza da, osagarrien kontsumoan oinarritzen dena, eta azpimarratu egiten du errazioen tamainak errespetatu egin behar direla; jarraitzaileei berariaz eskatzen diete oturuntzak edo bestelako bilera gastronomikoak saihesteko.

Amua. Hiru hilabetean 14 kilo ere jaitsiko ditugula agintzen du.  Sortzaileek ezinbestekotzat jotzen dute GOLO RELEASE markako gehigarrien konprimatuak egunero hartzea, zenbait mineraletan oinarrituta (magnesioa, kromoa eta zinka).  Aurrez aurreko bileretan edo bideokonferentzia bidez gutxi gorabehera pertsonalizatutako menuak bidaltzen ditu komertzialen sare batek, hilean ordainduta.

Balorazioa. Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiaren arabera, dieta horren bidez pisua azkar jaitsi daiteke, baina ez iragartzen dituen gehigarriengatik, kaloria murrizketa zetogenikoagatik baizik (karbohidratoak oso gutxi dituelako), eta horrek ondorio kaltegarriak dakartza. Hilabete gutxiko dieta izan arren, arriskuak ez dira txikiagoak: egin eta urte batzuetara kalteak ager daitezke gibelean eta giltzurrunetan, eta hipotiroidismoa ere bai.

TXARRENA

Gehigarrien kontsumoan oinarritzen da dieta hori (50 euro balio dute 90 pilulak), baina ez du ebidentzia zientifikoaren babesik.

Perricone dieta

Jatorria. Nicholas Perricone dermatologo estatubatuarrak zahartzearen aurka borrokatu nahi zuen dieta bat proposatu zuen 2000. urte inguruan.

Zer proposatzen du. Dieta horretan ez dago ultraprozesaturik, ez azukrerik, ez glutenik, ez esnekirik, ustez hantura eragiten dutelako. Gainera, herdoilaren aurka egiteko gaitasun handia duten elikagaiak jatea sustatzen du, adibidez izokin basatia edo cantalupo meloia, urte sasoia edozein dela ere. Azpimarratzen du, halaber, garrantzitsua dela egunean gutxienez bi litro ur edatea, eta hantura eragiletzat jotzen dira kafeina, glutena eta esnekiak, nahiz eta zientziak ez bat egin horrekin.

Amua. Agintzen du atzeratu egingo dugula azalaren itxura zahartzeko prozesua, zelulak berrituko zaizkigula eta hantura murriztuko 28 egunetan (horretarako, gaitasun antioxidatzaile handiko elikagaietan oinarritzen da). Elikadura planaz gain, Perricone markarekin saltzen diren produktu kosmetikoen eta nutrizio gehigarrien sorta bat ere badu dieta horrek.

Balorazioa. Perriconek zientzia medikoari buruz dituen iritziak zalantzan jarri dituzte AEBetan Ebidentzian Oinarrituriko Medikuntzaren Elkarteak eta Osasun Iruzurren Aurkako Kontseilu Nazionalak (NCAHF, ingelesezko siglak).  Kaltegabetzat har daiteke dieta hori, baina okerreko argudioak darabiltza, adibidez zelulak berritzeari buruzkoak.  Harriet Hall eta Stephen Barrett doktoreek 2004an egindako berrikusketa baten arabera, elikatzeko plan horrek ez dauka euskarri zientifikorik, eta okerreko premisak darabiltza, adibidez kafeak gizendu egiten duela. Gainera, oso kaloria gutxiko elikadura plana da; ez da iristen 1.200 kcal-era eta, beraz, arriskua dago organismoak behar bezala ez funtzionatzeko.  28 egunetan 8 kilo galduko ditugula agintzen du, eta hori ez da osasungarria.

TXARRENA

28 egunetan 8 kilo galduko ditugula agintzen du. Pisu galera handi horrek arriskuan jar dezake gure osasuna. Gomendagarriena hilean 2-4 kilo galtzea da, gehienez ere.

Cronodieta dieta

Jatorria. Alain Delabos frantziar nutrizionistak aipatu zuen lehenbizikoz elikadura mota hori, 1986an. Barau egiteko antzinako ohituraren egokitzapena da, eta elikagaiek eguneko orduen arabera duten eraginari buruzko zenbait estrategia ematen ditu.

Zer proposatzen du. Elikagaiak eguneko orduaren arabera planifikatzea proposatzen du, eta egunean zehar 3-4 orduko barauak egitea otorduen artean. Hortik aurrera, elikagai multzoak banatu egiten dira, eta gantzak gosarian hartzen dira (gurinak eta esnekiak), eta karbohidratoak afaritik kentzen dira. Gainerako otorduak berdura, fruta, lekale eta animalia jatorriko proteinetan oinarritzen dira.

Amua. Kronobiologian oinarritzen da dieta hori; gure organismoaren erritmo naturalei buruzko zientzia da, eta ikerketa asko egiten ari dira. Ez du baztertzen ezein elikagai multzo, ultraprozesatuak eta azukreak izan ezik.

Balorazioa. Nahiz eta zenbait ikerketak zorroztasunez azaldu duten eguneko orduek, eguzki argiak eta lo patroiek eragina eduki dezaketela elikagaien metabolizazioan, oraindik ez dago ebidentzia sendorik.  Horrek esan nahi du oraindik ez daitekeela baieztatu esnekiak, adibidez, goizez hartu behar direla, eta ez gauez. Zentzuzkoa izan liteke karbohidratoak jarduera handieneko orduetarako uztea eta afarietan fruitu lehorrekin edo lekaleekin ordezkatzea. Baina gauez lan egiten duten pertsonentzat, adibidez, ez lukete balioko gomendio horiek.

TXARRENA

Oraindik ez dago behar adina ebidentzia zientifiko, eta ezin da esan elikagaiak ordu batean edo bestean jateak eragina duenik pisua hartu edo galtzeko orduan.