Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: PISU TURISTIKOAK: BIZILAGUNAK BADATOZ ETA BADOAZ

Aldatu egin dute hirietako erdiguneen aurpegia: alokairuko prezioak igotzea, betiko saltokiak ixtea eta masifikazioa oso lotuta daude oporraldietarako apartamentuekin. Erradiografia egin diogu moda honi, zeinak itxura berria eman dien udako planei eta etxejabeen, bidaiarien eta bizilagunen arteko harremanari.

Erregulazioa eta arauak

Aditua, Juan Pablo Viniegra Iglesias, abokatua eta Solución Abogado bulegoko zuzendari: “Jabetza Horizontalaren Legeak gaur egun ez du babesten jarduera trabagarrietatik”.

Zer-nolako araudia dago Espainian etxebizitza turistikoetarako?

Hiri Errentamenduei buruzko Legetik (2013) kanpo gelditu ziren helburu turistikoekin alokatzen diren etxeak. Ordutik, autonomia erkidegoek daukate hori arautzeko eskumena, eta neurri txikiagoan, udalek ere bai. Ildo horretan, ez dago araudi bakar bat Estatu osorako, eta arauak barreiatuta daude autonomietan eta udalerrietan.

Zer-nolako arau komunak dituzte erkidegoek?

Gehienean, betebehar komunak izaten dira etxebizitzaren izena eman behar izatea etxebizitza turistikoen erregistroan, eta erantzukizun adierazpen bat betetzea, non bermatzen den etxeak betetzen dituela bizitzeko baldintzak eta izena emana dagoela dagokion jarduera ekonomikoan. Bestalde, etxeak altzariz eta gailuz hornitua egon behar du, informazio turistikoa eduki behar du, sendagaien kutxa… Prezioak “gau bakoitzeko” eman behar dira, hotelen kontzeptu turistikoaren antza eduki dezan.

Izaten al da isunik baldintza horiek betetzen ez dituztenentzat?

Hori ez daiteke falta izan administrazioaren arau batean. Aitortu gabeko alokairu turistikoak “klandestinotzat” hartzen dira oro har, eta horien jabeek zigorrak jasotzeko arriskua dute. Andaluzian, adibidez, gisa horretako zigorrak 2.000 eta 18.000 euro artekoak izaten dira.

Zer egin dezake bizilagun batek etxejabe elkarteko higiezin bat pisu turistikoa denean eta arazoak ematen dituenean?

Hori arazo larria da etxejabe elkarteetarako, zeren, maizterrak txandatuz ibiltzen direnez, Jabetza Horizontalaren Legeak jarduera trabagarrientzat duen artikulua (7.2a) ez da batere eraginkorra, sekula ezin baita joan traba egiten duen maizterraren aurka (zigorra iristen denerako, hura ez baitago etxe hartan). Ildo horretan, premiazkoa da legea aldatzea eta alokairu turistiko batzuk galaraztea jarduera trabagarriak behin eta berriz gertatzen direnean.

Higiezin bat alokatzen dugunean, zeri erreparatu behar diogu?

Nagusiki, izena emana egon dadila autonomia erkidego horretako alokairu turistikoen erregistroan.

Jar al diezagukete guri isunik legez kanpo dagoen pisu batera joaten bagara alokairuan?

Berez, baldintzak betetzen ez dituen alokatzailearentzat bakarrik izaten dira isunak.

Gaur egun zein da arazo nagusia?

Araudiak barreiatuta daudela erkidegoetan eta udaletan, baina premiazkoena da Jabetza Horizontalaren Legearen 7.2 artikulua berritzea, alokairu turistikoaren errealitate berriak dakartzan jarduera trabagarrietatik babesteko.

Arauak eta eskubideak

Etxe jabeentzat:

  • Etxebizitza dagoen autonomia erkidegoko arauak betetzea. Espainian 17 araudi daude oporraldiko alokairu turistikoari buruzkoak, eta mantso-mantso udal ordenantza batzuk ere ari dira onartzen.
  • Izena ematea erkidegoko Erregistro Ofizialean.
  • Dagokion jarduera ekonomikoan izena ematea.
  • Etxea hozteko / berotzeko sistema bat edukitzea (erkidego batzuetarako).
  • Agerian jarria edukitzea etxebizitza turistikoaren identifikazio agiria.
  • Bizitzeko baimena edo zedula edukitzea..
  • Etxebizitza ez betetzea onartu zaion baino leku gehiagorekin.
  • Etxea altzariz hornitzea eta beharrezko dituen gailu eta tresnak jartzea.
  • Higiene baldintzak betetzea.
  • Informazio turistikoa edukitzea.
  • Sendagai kutxa izatea.
  • Prezioa gau bakoitzeko zehaztea.

Bizilagunentzat:

Turista gogaikarriren bat egokituz gero…

  • Auzitegian eskatzea etxebizitzari ken diezaiotela alokairu turistikorako baimena bukarazte akzio baten bidez. Hori egiteko, frogatu egin behar da etxebizitzan jarduera trabagarriak gertatzen ari direla: zarata egiten dute, gaizki erabiltzen dute igogailua, zikindu egiten dituzte eskailera buruak, festak egiten dituzte gauez, bandalismo ekintzak egiten dituzte.
  • Madrilen, bizilagunek aldarazi egin ditzakete etxejabe elkarteko estatutuak eta galarazi egin dezakete pisu turistikoak jartzea, baina, horretarako, jabe guztiek aho batez onartu behar dute.

Maizterrentzat:

  • Ez fidatzea eskaintza txundigarriekin.
  • Erreserba egiteko, leku ofizialak erabiltzea.
  • Ez onartzea ohiko ordainketa bideak saihesteko proposamenak (etxejabearenak).
  • Alokairuaren kontratua idatziz eskatzea.
  • Erkidego horretako bizikidetza arauak errespetatzea.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak