Gaitz partekatua

Minbizia txakur eta gizakietan

Onkologia konparatua aztertzen ari da txakurren eta gizakien tumoreek zein neurritan partekatzen dituzten geneak, jokabideak eta erantzunak tratamendu terapeutikoetan, eta aurrerapen handiak egin ditu. Zientziak ere erakutsi du lau zangoko gure lagunak ez direla maskota soilak.
1 otsaila de 2026

Minbizia txakur eta gizakietan

Minbizia gizakien arazoa dela uste izaten dugu askotan, baina txakurrek ere pairatzen dute, eta hori ikertzeak arrasto baliagarriak eman ditzake gizakien medikuntzan erabiltzeko. Kalkuluen arabera, 2022. urtean gizakietan 19 milioi minbizi berri antzeman ziren munduan, eta aurreikuspena da zifra horrek handitzen jarraituko duela hurrengo hamarkadetan, gero eta luzaroago bizi izaten garelako, giroko arrisku faktoreen mende gaudelako eta egungo bizimoduak ere eragina duelako. Espainiako Estatuan ia 300.000 minbizi kasu berriren diagnostikoa egiten dute urtean, datu hori eman du Onkologia Medikoko Espainiako Elkarteak (SEOM).

Txakurren artean ere oso antzekoak dira datuak: hirutik batek edo lautik batek pairatuko du tumoreren bat bere bizitzan, eta hamar urtetik gorako txakurren ia erdiek izango dute minibizi diagnostiko bat. Gaixotasun hori da hiltzeko arrazoi nagusietakoa adin handiko maskotetan.

Konparazioaren jatorria

Datu epidemiologikoetatik harago, estatistika horiek azaltzen dute gizakiek eta txakurrek partekatu egiten dutela gaitz hori, maiztasun handi samarrarekin gainera, eta badu zentzua onkologia konparatuaren bidez ikertzea. Medikuntzako adar horrek aztertu egiten du zer-nolako antzekotasun biologikoak, genetikoak eta klinikoak dauden espezie desberdinetako tumoreen artean, ezagutza hori gero erabiltzeko gizakien artean diagnostikoak, tratamendua eta prebentzioa hobetzeko. Je-Yoel Cho zuzendari aritzen da Medikuntza Konparatuko Gaixotasunak Ikertzeko Zentroan (Comparative Medicine Disease Research Center, CDRC, ingelesezko sigletan), eta diziplina horretako aditurik handienetakoa da nazioartean. Ikertzaile horren arabera, oso erraza da antzekotasun hori azaltzea: “Gure geneen %84 partekatzen ditugu, baina hori alde batera utzita, txakurrak gure inguruan bizi dira, guk arnasten dugun airea arnasten dute eta etxeetako kantzerigeno berberen eraginpean daude. Horrexegatik islatzen dituzte modu ia perfektuan giza minbiziaren arrisku faktoreak”.

Oso goiz hasi ziren etxeko animalien minbiziari buruzko ikerketa konparatiboak egiten, joan den mendeko 70eko hamarkada hasieran. Richard Curtis Bird ikertzailea da eta Biologia Zelularrean eta Genetika Molekularrean doktorea Auburn-eko Unibertsitateko Albaitaritzako Fakultatean (Ameriketako Estatu Batuak), eta hark dioenez, garai hartan galdera nagusia zen ea birusek eragiten ote zituzten gizakien minbizi gehienak. Denborarekin ikusi zuten ez zela hala: “Gizakien tumore gutxi batzuek bakarrik dute jatorria birusetan, adibidez giza papilomaren birusak eta umetoki lepoko minbiziak. Aurkikuntza hori erabakigarria izan zen diziplina horrek aurrera egin zezan, neurri handiko espezieen artean txakurrak direlako bakarrak erretrobirusik antzeman ez zaienak (GIBa adibidez), zeinak oso onkogenikoak izaten diren askotan (minbizia eragin dezaketenak)”.

Eredu naturalak

Hain zuzen horrexegatik, txakurrak eredu oso onak bihurtu ziren bat-bateko minbizia ikertzeko, minbizi mota hori da-eta pertsona gehienek pairatzen duguna, baita txakur gehienek ere. Txakurrek, gainera, immunitate sistema sendoa eta ukigabea dute, eta horrexegatik, eredu ezin hobeak dira immunoterapiak ikertzeko, zeinak gaur egun apustu handienetakoak diren tratamenduak pertsonalizatzeko eta nahi gabeko ondorioak murrizteko. Gainera, eredu bereziki baliagarriak dira giza minbizia ikertzeko laborategiko animalien aldean. “Saguetan, tumoreak modu artifizialean eragiten dituzte eta, gainera, animalia horiek nahasita izaten dute immunitate sistema. Txakurren tumoreek, ordea, urteetan izaten dute bilakaera beren immunitate sistemaren barnean, gizakietan gertatzen den bezalaxe”, azaldu du Chok. Eta horri beste alderdi batzuk gehitu behar zaizkiola dio: “Gorputz handiagoa dute, eta horrek aukera ematen du gizakientzat diren tresneria medikoak erabiltzeko —erresonantzia magnetikoak, eskanerrak— eta informazio askoz errealistagoa lortzeko sendagai batek paziente batean izango duen eraginaz”, erantsi du ikertzaileak.

Bizi zikloa laburragoa dutenez animalia horiek, denbora gutxiagoan ikus daiteke terapien bilakaera eta erantzuna. Honela azaltzen du Richard Curtis Bird-ek. “Txakurrei, bizi esperantza laburragoa dutenez, gizakiei baino lehenago agertzen zaie minbizia eta azkarrago, haien bizi zikloarekin bat nolabait esan”, adierazi du. Txakurren taldean, paziente gehienek sei urte baino gehiago izaten dute eta aro geriatrikoan sartuta egoten dira gaitza agertzean. Txakurrak hamabi urtetan hiltzen dira batez beste, eta oso gutxitan irauten dute hiru urte baino gehiago minbizia antzematen dietenetik. Hori dela eta, ikerketaren ikuspegitik, gizakien eredua baino askoz errazagoa da maneiatzeko, gizakien bizi zikloa luzeagoa baita eta, ondorioz, zailagoa gaitzaren bilakaera osoa behatzea.

Sendagaiak sortzeko garaian, txakurrekin egiten diren ikerketek aukera ematen dute funtsezko galdera bati erantzuteko: zein da dosi egokia, epe ertainean zer-nolako kalteak agertzen dira, immunitate sistemak nola eragiten du tratamenduari ematen zaion erantzunean edo zein pazientek dute probabilitate handiena onurak eskuratzeko. Informazio hori bereziki baliagarria da fase goiztiarretan, non sendagai askok porrot egiten duten animalien eredu tradizionaletatik gizakietara pasatzean. “Txakurrek immunitate sistema sendoa eta ukigabea dute, eta horrexegatik, eredu ezin hobeak dira immunoterapiak ikertzeko”, azaldu du Birdek. Terapia mota hori da orain bertan apustu handienetakoa tratamenduak pertsonalizatzeko eta nahi gabeko ondorioak murrizteko.

Antzekotasun harrigarriak

Onkologia konparatua interesgarria da, hain justu, parekotasun natural horiek ikertzen dituelako bi espezieen mesedetan. Minbizi mota batzuek berdintsu eragiten diete txakurrei eta gizakiei, adibidez osteosarkomak, melanomak, linfomak, leuzemiak, bularreko minbiziak, ehun gurietako tumoreek eta bestelako tumore solido batzuek. Antzeko zelulei erasotzen diete, eta jokabide biologikoa ere antzekoa izaten dute: tumorea nola hazten den, metastasiak nola agertzen diren eta tratamenduei nola erantzuten dieten, patroiak oso antzekoak dira. Ikus dezagun, adibidez, zer gertatzen den osteosarkoma batekin: “Maila molekularrean, txakurren hezurrei erasaten dien minbizia eta haur eta nerabeek izaten dutena berdinak dira ia”, nabarmendu du Je-Yoel Chok. Ildo horretan egin den aurrerapen handietako bat txerto batek ekarri du, zeinak Listeria monocytogenes bakterioa darabilen, genetikoki eraldatua, zelula minbizi-eragileei erasotzeko; txakurrekin probatu zuten lehenbizi, eta emaitza bikainak eman zituen: nabarmen luzatzen zien bizi itxaropena. “Praktikan, horrek bizkortu egin du potentzialki salbatzailea den immunoterapia bat ager dadin minbizia duten haurrentzat”, jakinarazi du.

Terapia zuzenduen arloan ere, txakurrek plataforma gisa balio izan dute jopuntu molekular espezifikoen gain jarduten duten sendagaiak balioztatzeko. Proteinak (KIT, HER2 edo EGFR) neurriz gain adierazten dituzten tumoreek (txakurretan) aukera eman dute molekula horien aurka zuzendutako inhibitzaileak ikertzeko, eta ondorioak atera dira eraginkortasunari buruz eta gero gizakietan ustez ager litezkeen erresistentzia mekanismoei buruz. Horrekin batean, biomarkatzaileen identifikazioa ere funtsezko onura da. Txakurren tumoreekin analisi genetiko eta molekularrak egiteak lagundu egin du baieztatzen zer-nolako nahasmenduak diren egiaz adierazgarriak pronostikoa egiteko eta tratamenduari emandako erantzuna aztertzeko.

Hori bai, txakurren tumore guztiak ez dira gizakien tumoreen antzekoak. Halaxe adierazi du Laura Luisa Peña Fernandezek, zeina katedraduna den eta onkologia eta endokrinologia konparatuko ikerkuntza aplikatuko lantaldearen zuzendaria Madrilgo Complutense Unibertsitatean. “Genetikoki, klinikoki, patologikoki eta jokabide biologikoaren aldetik antzekoak direla frogatu diren tumoreak bakarrik ikertu daitezke”, ohartarazi du. Eredu naturalak esaten zaie horiei, eta urte asko behar izaten da frogatzeko eredu baliagarriak direla gizakietan agertzen den tumore baliokidea ikertzeko. Txakur emeen bularreko minbizi batzuk jarri ditu adibide gisa. “Frogatu da emakumeek dituztenen antzekoak direla, baina badira espezie batean bakarrik agertzen diren tumoreak eta bestean agertzen ez direnak”, erantsi du.

Antzeko minbiziak txakurretan eta gizakietan
  • Garuna
  • Ahoa
  • Larruazala
  • Odola
  • Birika
  • Hezurra
  • Maskuria eta prostata
  • Bularra

Ikerkuntza eta tratamendua

Laura Luisa Peña Fernandezen esanetan, funtsezko alderdi bat da animaliak eurak ere zuzenean baliatzen direla ikerketa horien emaitzez, sarbidea izaten dutelako aukera terapeutiko berritzaileetarako, zeinak askotan ez liratekeen haien eskura egongo beste modu batez, eta horri esker, hobetu egin dezakete bizi kalitatea eta bizi itxaropena. “Ikerketa guztiak egiteko, kontrol etiko zorrotzak ezartzen dira, legezkoak, segurtasun arlokoak, eta animalien ongizateari loturiko protokoloei ere jarraitzen zaie, batzorde independenteek gainbegiratzen dituztela, animalien ongizatea lehenetsiz eta bermatuz parte-hartze hori potentzialki onuragarria izango dela paziente bakoitzarentzat”, erantsi du ikertzaileak. Askotan, ikerketa horiek alternatiba etikoa izaten dira eutanasiaren aurrean, tratamendu konbentzionalak bideragarriak ez direnean.

Etxeko animaliekin egiten diren ikerketak kontrol etikoekin eta animalien ongizateari loturiko protokoloekin egiten dituzte, horien erabilera arduratsua eta errespetuzkoa izango dela bermatzeko. Espainiako Estatuan, adibidez, albaitaritzako entsegu klinikoek araudi espezifikoak bete behar dituzte eta babestu egin behar dituzte animalien eskubideak eta osotasuna; Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak gainbegiratzen ditu horiek guztiak (AEMPS). “Albaitariak garen ikertzaileek egiten ditugu ikerlan horiek, eta gure helburu nagusia izaten da pazienteei ahalik eta onurarik handiena eskaintzea”, adierazi du Peña Fernandezek.

Azken batean, txakurrak funtsezkoak izan dira immunoterapiak probatzeko, terapia zuzenduak eta biomarkatzaileak gizakietan ezarri aurretik. Ikerkuntza horrek, gainera, azkartu egiten du giza tratamenduen bilakaera, aukera ematen duelako datu klinikoak lortzeko bat-bateko tumoreetan eta immunitate sistema ukigabeetan, gizakietan baino askoz denbora tarte laburragoan. Horrek lagundu egiten du dosiak identifikatzen, baita nahi gabeko ondorioak eta hobeto erantzuten duten pazienteen profilak ere, arriskua murriztuz eta bidea laburtuz gizakientzat seguruak eta eraginkorrak izango diren entsegu klinikoetara iristeko.