‘Nugget’-ak eta ‘Finger’-ak

‘Nugget’-ak eta ‘Finger’-ak. Ogi birrina garaile

Arrautza-irinetan pasatuta datorren oilaskoarekin egindako produktuak aukera ona dira afari bat azkar prestatzeko edo mokadutxo bat egiteko, batez ere erakargarriak direlako eta denbora eta lana aurrezten dutelako, baina ez dira etxean egingo zenituzkeenak bezalakoak.
1 otsaila de 2026

‘Nugget’-ak eta ‘Finger’-ak. Ogi birrina garaile

Oilasko birrineztatuarekin eginda dauden produktuak oso ezagunak dira ultraizoztuen artean, nuggetak eta fingerak adibidez. Baina zerbait aldatu da azken urteetan: lehengaiak hobeak dira garai batekoak baino eta aukera gehiago dago merkatuan, batez ere aire bidezko frijigailuak hedatu direnetik. Sekula baino aukera gehiago dago, baina zailagoa da bat aukeratzen.

Egiaz al daukate oilaskoa?

Oilasko birrineztatuarekin eginda dauden produktuek hala moduzko ospea daukate, batez ere garai batean mekanikoki bereizitako haragiarekin (MBH) egiten zituztelako. Produktu horri, izan ere, legez ezin zaio ‘haragia’ esan, bestelako ezaugarri batzuk dituelako. Hezurrei atxikita dagoen haragitik lortzen da MBHa, presio handia eraginez eta bahetuz, eta horrek aldaketak eragiten ditu egituran, ezaugarrietan eta lortzen den materiaren osaeran. Osagai horrek kaltzio eta kolageno gehiago izaten du haragiak baino, giharretako proteina gutxiago eta nutrizioaren ikuspegitik eta balio komertzialari dagokionez apalagoa izaten da. MBH oraindik ere erabiltzen da nugget batzuetan eta antzeko beste produktu batzuetan, baina gero eta gutxiago. Hain zuzen, aztertu ditugun zortzi produktuetako bakarrak ere ez darama.

Analisia

Gida hau egiteko, oilasko birrineztatuarekin egindako zortzi prestakin aztertu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren markek eginak, eta honako alderdi hauek hartu ditugu kontuan.

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute gatzak, gantz saturatuek eta kaloriek.
  • Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, eta batez ere zenbat oilasko haragi eta nolakoa duten ikusteko.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2026eko urtarrilean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Haragi mota eta kantitatea

Oilasko haragia darabilte aztertu ditugun produktu guztiek, baina badira aldeak:

  • Oilasko azpizuna. Bularkiaren azpian izaten den zati txiki bat da. Zatirik estimatuena da, samurra eta hezea delako. La Culinaria etxeak darabil eta Fripozo etxeko produktuetako batek ere bai.
  • Oilasko bularkia. Azpizunaren ondotik, oilaskoaren zatirik preziatuena da. Horixe darabilte Fripozo Crunchy, La Cocinera nuggets eta Eroski fingers
  • Oilo bularkia. Oilasko bularkiak baino balio komertzial apalagoa du, ez delako hain samurra eta hezea. Horrexegatik eta zapore sendoagoa duelako, salda egiteko erabiltzen da gehienean. Maheso etxeak darabil.
  • Oilasko haragia. La Cocinera fingers eta Eroski nuggets produktuen etiketan oilasko haragia bakarrik aipatzen da, eta ez da zehazten zer-nolako zatia den. Horrek pentsarazten du oilaskoaren zati bat baino gehiago erabiliko dutela.

Haragi kantitatea ere alderdi garrantzitsua da. Berez, osagai zerrendan begiratzea aski izan behar luke zenbat duten jakiteko, nahitaez adierazi beharra dago eta. Baina zenbaitek portzentaje bat baino gehiago ageri dute, eta hori nahasgarria izan daiteke. Fripozo azpizuna delakoak, adibidez, %67 dauka oilasko azpizun marinatua, non azpizuna den %84 eta gainerako %16a bestelako osagaiek hartzen duten, adibidez urak, gatzak eta glukosa jarabeak. Oilasko azpizuna bera, hortaz, %54,27 da produktu horretan. Hori kontuan hartuta, alde handiak daude produktu batzuetatik besteetara: La Culinaria nuggets delakoek %29,9 dute haragia eta Maheso eta La Culinaria etxeetakoek %61 eta %62. Gehienak, dena den, tartean dabiltza: %40 dauka Fripozo crunchyk eta %54,3 Fripozo azpizunak.

Zerk bereizten ditu etxean eginak

Pentsa liteke ultraizoztuta saltzen diren fingerak eta nuggetak eta etxean arrautza-irinetan pasatuta egiten dugun oilaskoa antzekoak direla, baina ez da hala:

  • Haragi gutxiago izaten dute etxean prestatzen direnek baino. Produktu batzuk ez dira iristen %30era, eta etxekoetan, berriz, %75 ingurukoa izaten da haragi kantitatea.
  • Sarritan bestelako osagai batzuk eransten zaizkio testura, lurrina eta zaporea hobetzeko, adibidez soja proteina, glukosa jarabea, fosfatoak, ke lurrina… Nahiz eta osagai horiek seguruak diren osasunerako, ez dira interesgarriak nutrizioaren ikuspegitik.
  • Birrineztatzeko, ez dute erabiltzen arrautza eta ogi birrina; hain zuzen, gehienek ez darabilte arrautzarik. Horren ordez, irin mota bat baino gehiago erabiltzen dute, almidoiak, gasifikatzaileak eta azukreak.
  • Ohikoa izaten da errezetan materia gantzatsuak erabiltzea, adibidez oliba edo ekilore olioa, eta gatz asko eranstea. Etxean egiten direnetan, frijituz gero bakarrik eransten zaie materia gantzatsua.

Ez da erraza etiketa ulertzea

Osagaien zerrenda hobeki interpretatzeko, sinplifikatzea komeni da eta ulertzen produktu horiek bi elementuz osaturik daudela gehienbat:

  • Beste osagai batzuk ere eduki ditzake. Adibidez, mazeratua egon daiteke, Fripozo azpizuna delakoan bezala, non beste osagai hauek ere badituen: ura, gatza, legamia estraktua, glukosa jarabea, ke lurrina… Hau da, testura hobetzeko eta lurrina eta zaporea emateko erabiltzen diren osagaiak.
  • Gehienek osagai nagusi batzuk izaten dituzte (zerealen irina, adibidez gariarena, arrozarena edo artoarena, edo arto malutak) eta bestelako osagarri batzuk, esaterako ura, gasifikatzaileak (testura hobetzeko), espeziak edo azukrea (tonu urrekarak har ditzan kozinatzean).

Hiru produktuk saltsa bat ere badakarte: La Cocinera nuggets, Fripozo crunchy eta Eroski nuggets. Azken bietan banaka zerrendatzen da zenbat saltsa dakarren ontziak eta zenbat oilasko, baina La Cocinera etxekoak ez du zehazten eta, ondorioz, ez dakigu egiaz zenbat oilasko eta zenbat saltsa dagoen. Hiruretako bakarrak ere ez du ematen nutrizio arloko informazioa banaka zerrendaturik, eta ondorioz, ez dezakegu jakin elementu bakoitzak zer ematen duen nutrizioaren ikuspegitik.

Proteinak beti ez dira gutxi gorabeherakoak

Produktu mota hau proteikoa da nagusiki, oilasko haragia du-eta osagai nagusia. Horrexegatik ageri da proteina %15-%16aren inguruan oilasko gehien duten produktuetan: Fripozo azpizuna, Maheso eta La Culinaria. Baina aukeratzeko orduan, hobe da oilasko kantitateari begiratzea, eta ez proteinen ehunekoari. Beti ez dago lotura zuzena bien artean, haragi mota desberdinak erabil ditzaketelako, bakoitza bere proteina kopuruarekin, eta bestelako osagaiak ere ager daitezke tartean.

Adibidez, Eroski fingers eta La Cocinera fingers delakoek oilasko kantitate bera dute (%48), baina lehenak proteina gehiago ditu (%17 lehenak eta %13 bigarrenak). Hori gertatzen da Eroski fingersek oilasko bularkia darabilelako, hau da, proteina asko duen haragia, eta La Cocinerak oilasko haragia darabil, gehiago zehaztu gabe. Gainera, Eroskiren produktuak darabiltzan beste osagai batzuek ere proteinak ematen dituzte kopuru txikian, adibidez arrautzak.

Gantz eta kaloria dezente

Osagai nagusia oilasko haragia denez, batez ere bularraldeko zatia, zeina nahiko giharra den (gantza %2-%3 baino ez), pentsa liteke produktu horiek ere neurrian ematen dutela gantza. Baina ez da hala, osagaien artean materia gantzatsuak dituztelako, adibidez oliba olioa, ekilorearena, nabinarena eta baita oilasko gantza ere (Maheso). Horrek azaltzen du gantz kantitatea %5,8aren (Eroski nuggets) eta %15aren artean egotea (La Cocinera fingers). Maheso etxekoak, bestalde, lau aldiz gantz saturatu gehiago du gainerakoek baino (%4,3), oilasko gantza darabil eta.

Gantz gehien duten produktuak dira kaloria gehien ematen dutenak ere. 100 gramo bakoitzeko zenbat kilokaloria dituzten aztertzen badugu, ikusiko dugu La Cocinera nuggets ek 241 kcal ematen dituela eta La Cocinera fingersek 277 kcal. Hau da, kaloria gehien duten produktuek arroz zuri egosiaren platerkada batek adina ematen dute. Kaloria gutxien dutenak La Culinaria eta Eroski nuggets dira, biak ere 175 kcl ingururekin, hau da, bi arrautzarekin egindako tortilla batek adina ematen dute.

Nondik ateratzen dira azukreak? Eta gatza?

Produktu batzuek azukre dezente daukate: %4,4 La Cocinera nuggets delakoak eta %6 Fripozo crunchyk. Produktu horiek, izan ere, azukreekin egindako saltsak dakartzate. Fripozo azpizuna eta Eroski fingers delakoek %2 inguru dituzte azukreak, glukosa jarabea daukatelako osagaien arten, garagar malta edo azukrea, kozinatzeko garaian gorritu daitezen, gaineko birrina kurruskatsuagoa geldi dadin eta orea egonkorragoa eta zaporea orekatuagoa izan daitezen.

Batzuek gatza ere asko dute. Elikagai batek gatz gehiegi duela esaten da %1,25 baino gehiago duenean, eta zortzitik lau muga horretatik gora dabiltza: Fripozo crunchy (%1,7), Fripozo azpizuna (%1,6), La Culinaria (%1,3) eta Maheso (%1,3).

Erosteko gomendioak
  1. Haragi mota. Garrantzitsuena da ziurtatzea produktuak oilasko haragia daramala eta ez mekanikoki bereizitako haragia (MBH), zeina apalagoa den komertzialki eta nutrizioaren ikuspegitik. Haragi motak badu garrantzia: hobe da azpizuna edo bularkia erabiltzea, eta ez “oilasko haragia” besterik gabe.
  2. Oilasko kantitatea. Zenbat eta gehiago, hainbat hobeto, nahiz eta garestitu egin dezakeen produktua. Ideia bat egiteko: %30 oso gutxia da eta %60 edo gehiago, dezente.
  3. Azukrea eta gantzak. Produktu batzuek azukreak eta materia gantzatsuak dauzkate osagaien artean, eta kaloria asko samar metatu dezakete. Gutxien daukatenak aukeratu behar dira.
  4. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto. Elikagai batek gatz gehiegi daukala esaten da %1,25 baino gehiago duenean. Era horretako produktuetan erraza da kantitate hori gainditzea.
  5. Prezioak. Desberdintasun handiak egon daitezke, eta batzuetan haragi kopuruak eragin dezake (gehien dutenak garestiagoak izaten dira).

Nutri-Score: gehienek C

Nutri-Score sisteman, produkturik gehienek C bat lortu dute, nagusiki gatz ugari dutelako eta zuntz gutxi. Bada salbuespenen bat: Maheso eta Fripozo crunchy etxeetakoek D bat lortu dute, lehenak gantz saturatu asko duelako eta bigarrenak gatz asko. La Culinaria ere nabarmendu behar da, zeinak nota onena lortu duen (B), proteina asko duelako, gantz saturatu gutxi eta kaloriak ere gutxi.

Kalitate-prezioak

Prezioan alde handiak daude 100 gramo bakoitzeko: 0,92 euro balio du Fripozo crunchy delakoak eta 1,66 euro La Culinaria eta Maheso etxeetakoek. Produktu batzuen prezio garesti horien atzean haragi kopurua dagoela dirudi: La Culinaria eta Maheso etxeetakoak dira garestienak eta haragi gehien dutenak (%62 inguru). Baina ez da berdin gertatzen La Cocinera fingers delakoarekin, zeina garestienetakoa den eta %48 baino ez duen oilaskoa. Merkeenen prezioa ere haragi kopuruari lotuta dagoela dirudi: horiek saltsa dakarte eta horrek merkatu egiten du produktuaren prezioa. La Cocinera nuggets da salbuespena, zeina garestienetakoa den, nahiz eta saltsa eduki eta oilaskoa beste guztiek baino gutxiago (%29,9).

Ondorioak

Osagai asko samar izaten dute produktu horiek, eta horrexegatik, beti ez da erraza etiketa interpretatu eta zer-nolako ezaugarriak dituzten jakitea eta gure gustuen eta beharrizanen arabera aukeratzea.

Etxean egiten ditugunak hobeak dira, zalantzarik gabe, baina ultraizoztu hauek erabili behar baditugu, gakoa da zer-nolako haragia darabilten ikustea:

  • Zati preziatua izan dadila, aukeran azpizuna, La Culinaria eta Fripozo azpizuna delakoetan bezala, edo gutxienez oilasko bularkia, Eroski fingers, Fripozo crunchy eta La Cocinera nuggetsen
  • Haragia ahalik eta gehiena edukitzea: hor La Culinaria (%62) eta Maheso (%61) nabarmentzen dira.

Komeni da, halaber, gatza ahalik eta gutxiena izatea, Eroski nuggets delakoan bezala, eta azukre kopurua ez izatea oso handia, La Culinaria etxekoan bezala.

Faktore horiek guztiak kontuan hartzen baditugu eta gida honetan aipatu ditugun beste batzuk, honako hauek izango lirateke aukerarik onenak: La Culinaria eta Fripozo azpizuna. Eta prezioa ere aintzat hartuz gero, Eroski fingres eta Fripozo crunchy izango lirateke egokienak.