Suizidioa. Kolpe gogorra, prebenitu daitekeena
Egongela batean elefante bat irudikatzen duen metafora erabili ohi da zerbait handiegia eta bistakoegia dela iradokitzeko. Hain handia izanik ere, inork ez du aipatu nahi, eta ez ikusiarena egiten zaio. Horregatik, ez da kasualitatea adierazpen hori etengabe erabiltzea suizidioaz hitz egiten denean; zaila da osasun publikoko arazo larri horri aurre egitea, berdin eragiten baitie sexu guztietakoei, gizarte klase guztiei eta erosteko ahalmen handia eta txikia dutenei.
Zaila da administrazio publikoetatik gai horri heltzea, baina are zailagoa eta etsigarriagoa da familia barnetik aurre egitea. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtean 700.000 pertsona inguruk egiten dute bere buruaz beste munduan. Espainian, esaterako, 4.097 suizidio izan ziren 2022an, aurreko urtean baino gehiago, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera (INE). Batez beste, beraz, 11 herritarrek erabakitzen dute kito esan eta bere buruaz beste egitea; zifra mingarria da oso, eta ez daiteke isilean gorde. Hain zuzen ere, pertsona horiei entzuteko jarri zen abian, 2022. urtearen erdialdean, suizidioa prebenitzeko 024 telefonoa, eta ordutik 178.000 dei jaso ditu. “Suizidioak ugarituz doaz urtetik urtera, eta itxura guztien arabera, zifra horiek gutxietsita daude gainera. Zirkulazio istripu asko edo gaindosi bidezko heriotza asko ez dira suizidiotzat hartzen, asmo hori egiaztatzeko modurik ez dagoelako” zehaztu du Jesus Padillak, Suizidioaren eta Jokabide Autolesiboaren Aragoiko Elkarteko talde psikologikoko kideak (LIANA).
Baina kopuru horiek adierazten duten dramaren erdian, itxaropenak ere badu lekua. Adituek diote suizidioa saihestu egin daitekeela. Horretarako, funtsezkoa da gai horri buruz hitz egitea, baina baita nola egin jakitea ere. Rocio Lopez Diago psikologo klinikoa da eta Jaime Vera osasun mentaleko zentroan aritzen da (Cosladan dago, Madrilen); azaltzen duenez, “suizidioak arrazoi asko ditu, eta zoritxarrez kasu guztiak prebenitzerik ez dagoen arren, familia edo hurbileko lagunak trebatuta badaude eta arriskua nola antzeman eta pertsonari nola lagundu baldin badakite, posible da pertsona horietako gehienen heriotza saihestea”.
Zer-nolako harremana du buru osasunarekin.
Gizakiak gara eta erantzunak behar izaten ditugu. Bere buruaz beste egin duen edo egiten saiatu den baten hurbileko familiak edo pertsonek beti galdetzen dute zergatik egin duen; saihetsezina da hori, baina galdera horri erantzutea ez da erraza. Adituek diotenez, inoiz ez dago arrazoi bakar bat, baina egon liteke faktore azkartzaile bat, edalontziari gainezka eginarazten dion tanta; adibidez, bikotekidearekin harremana haustea, lanik gabe geratzea, maite duen norbait hiltzea edo eztabaida gogor bat izatea. Rocio Lopez Diagok gogorarazi duenez, “suizidio kasuen %90ean buru nahasmendu bat egon izan da”. Eskizofrenia izan daiteke, nahasmendu bipolarra, depresioa, antsietatea, substantzien abusua, nortasunaren muga nahasmendua eta elikadura jokabidearen nahasmenduak. “Gainerako %10ari ez zitzaion psikopatologiarik diagnostikatu, baina horrek ez du esan nahi ez zuenik, diagnostikatu gabe zegoela baizik. Suizidio horiek hoztasun gehiagorekin erabaki izaten dira eta ingurunea gehiago harritu dezakete”, dio psikologoak.
Nortasun arazoak dituzten pertsonen %70 saiatzen dira, behin gutxienez, bere bizitza bukarazten. Nahasmendu bipolarra duten pertsonek bere buruaz beste egiteko duten arriskua —tristura aldi gogorrak izaten dituzte batzuetan eta euforia edo erabateko zoriontasuna besteetan— 15 aldiz handiagoa da biztanleria orokorrean baino, eta hori larriagotu egiten da substantziak hartuz gero. Eskizofrenia duten pertsonetan, suizidioa da garaia baino lehen hiltzeko arrazoi nagusia, eta biztanleria orokorraren aldean, bederatzi aldiz arrisku handiagoa dute. “Nahasmendu horien guztien azpian depresioa egoten ia beti, eta itxaropenik ez izatearen sentimendu sakona. Kontuan hartu behar da depresioak jasaten dituzten pertsona guztiek ez dutela izaten bere buruaz beste egiteko asmorik. Depresio egoera horietan, etsipena ere izaten dute, inolako zereginik ez dagoela sentitzen dute”, dio adituak. Suizidioarekin zerikusia duten beste arrisku batzuk ere badaude, esaterako, gaixotasun kroniko baten min izugarria jasatea denbora luzean. Halakoetan ere izaten dira saialdiak eta suizidioak, depresiorik edo buruko nahasmendurik diagnostikatu gabe.
Journal of Rheumatology aldizkariak argitaratu berri duen artikulu batek dioenez, gaixotasun erreumatikoak eta gihar-hezurduretakoak dituzten pertsonek (lupusa, artritis erreumatoidea edo fibromialgia) 2,5 aldiz arrisku handiagoa dute bere buruaz beste egiteko. “Gaixo kroniko horiek guztiek depresioa izan dezakete, baina beren egoerak eragiten die, ez beste ezerk. Gaitza desagertuko balitz, pena eta desesperazio egoera hori ere desagertu egingo litzateke”, adierazi du Lopez Diagok.
Espainian helduen artean gertatzen da suizidio gehien, 40-64 urte bitartekoetan hain zuzen ere, baina deigarria da nerabeen artean izan den hazkundea. INEren arabera, 2022an 15 eta 19 urte bitarteko 72 nerabek egin zuten beren buruaz beste (53k aurreko urtean). Ez dago arrazoi bakar bat hazkunde horretarako (helduetan ere ez), baina sare sozialek eta haietan suizidioaz hitz egiteko erabiltzen den modu sentsazionalistak imitazio efektua eragin ahal izan dute. Nerabezaroa, gainera, bulkaden garaia izaten da, eta suizidioaren arriskuetako bat, hain zuzen, bulkadatarako joera handia izatea da. Gizarteak bizi duen deskonexio emozionala ere aipatzen du Jesus Padilla psikologoak: “Sareetan oso konektaturik dagoen gizartea gara, baina emozioen aldetik oso deskonektatuta dagoena. Asko kostatzen zaigu emozioez hitz egitea. Guraso asko kexu dira seme-alabekin komunikaziorik ez dutelako eta modurik ez dutelako haiengana hurbiltzeko eta nola dauden jakiteko. Gazte horiek sentitzen badute familiarekin hitz egiterik ez dutela, arriskua areagotu egiten da”. Tristezia eta depresioa ez ezik, lotsa eta errua ere gehitzen zaizkie, batez ere eskolako jazarpena jasan duten nerabeei (institutuan edo sareetan), eta faktore horiek guztiek, azkenean, erabakia hartzera bultzatzen dituzte. Eskolako jazarpena eta suizidioa eskutik helduta joan ohi dira. Gaur egun, jazarpenaren aurkako protokoloa aktibatuz gero, berehala hasten da suizidioaren aurkako protokoloa. Rocio Lopez psikologo klinikoak bereizketa bat egin du autolesioekin; izan ere, egia da asko gertatzen direla nerabeen artean, baina ez dute zertan adierazi gazteak hil egin nahi duenik. “Gehien-gehienek beren burua lesionatu besterik ez dute egin nahi; bai haien antsietatea lasaitzeko, bai min fisikoarekin ahaztu egin dezaketelako sentitzen duten min psikikoa, eramangarriagoa egingo baitzaie.
Gurasoak oso izututa etortzen dira kontsultara, semeak edo alabak bere buruaz beste egin nahi duela pentsatuz, baina, egia esan, gehienetan, haiekin hitz egin ondoren, beren buruari min ematea da haien asmoa
da, zigortzea, baina ez bizitza kentzea”.
Padillaren ustez, ongi legoke estatu mailako estrategia bat sortzeko beharra aztertzea eta, batez ere, Gizarte Segurantzako psikologo klinikoen plazak handitzea. Horrela, gaixoari lagunduko diogu, baina nola babestuko ditugu herritarrak oro har? Erantzuna hezkuntzan dago.
- Txiki-txikitatik landu behar da adimen emozionala. Heriotzaz hitz egin eta ikasleei baliabideak eman, baita familiatik ere, arazoak konpontzeko eta trebetasun sozialak lantzeko. Erakutsi egin behar zaie bizitzari aurre egiten eta aurrera jarraitzen gauzak okertzen direnean.
- Denbora pasatu behar da seme-alabekin eta familiarekin. “Gizarte honetan lankideentzat denbora gehiago dugu familiarentzat berarentzat baino”, salatu du Padillak.
- Gaiari buruz hitz egin. Sexu gehiegikeriak prebenitzeko, haurrei sexu hezkuntza eman behar zaie, horrela bakarrik jakingo baitute ulertzen zer den normala eta zer ez. “Gauza bera gertatzen da suizidioarekin eta heriotzarekin, tabu izaten jarraitzen baitute, baina haurrei horretaz hitz egin behar zaie”, dio psikologoak.
Ezertan laguntzen ez duten uste okerrak.
Jokabide suizidari buruzko kontzeptu oker ugariz josita dago gizartea, eta nahiko erraza da horietan erortzea. Esaldi horiek errotzen joan dira urteen poderioz, haien atzean inolako arrazoi zientifikorik ez badago ere; azkenean, ordea, asko errepikatu ondoren, ia egia bihurtu dira. Baina ez dira egia. Are gehiago, mito horiek ez diote laguntzen pertsonari edo haren senideei, eta oztopatu egiten dute prebentzioa.
- Bizitza amaiarazi nahi duenak azkenerako lortu egiten du. Ez dago zereginik. Esaldi hori hainbatetan eta hainbatetan entzuten da, baina oso anbiguoa da. “Inoiz ez da jakiten pertsona horrek, bizitzeaz nazkatuta, bere buruaz beste egingo duen, baina, laguntzarik ematen ez bazaio, beti izango du probabilitate gehiago. Gaur egun, gizarte osoaren asmoa (ez bakarrik erakundeena) laguntza psikologikoaren bidez prebenitzea da, eta hortik saiatuko gara bulkada eta jokabide suizida geldiarazten”, azaldu du Padillak.
- “Ongi zegoela zirudien ba…”. Batzuetan, ekintza egiten duen pertsonaren inguruari espero izatekoa iruditzen zaio, nolabait, lehendik argi adierazi izan duelako edo gehiagotan saiatu delako. Baina beste batzuetan, erabaki hori harrigarria eta erabat ustekabekoa izaten da, pertsona aldartez ongi zegoela zirudielako. “Pertsona batzuek sufrimendu psikiko handia izan dute, eta erabakia barnetik hartu dutenean, oso ohikoa da beren buruaz beste egin baino lehen baretasun, bake eta lasaitasun bat igarotzea, eta horrek despistatu egin ohi ditu familiak”, adierazi du Lopez Diagok.
- Suizidioaz hitz egiteak indartu egingo du asmoa. “Gaizki sumatzen zaitut. Zer moduz zaude, zer gertatzen zaizu? Pertsona batek agian ez du esango pentsamendu suizidak dituenik, baina lagun bat, senide bat edo lankide bat krisian dagoela ikusten badugu eta ongi ez dagoela esaten badu, esku hartu behar da”, azaldu du Padillak. Familiakoak, lagunak edo gizartearen zati bat garen aldetik, erantzukizun bat dugu, eta frogatuta dago pertsona bati pentsamendu suizidarik baduen edo ez galdetzeak gutxitu egiten duela hori egiteko arriskua, baretu eta lasaitu egiten baitu. Nola egiten den? “Entzunez, babesa emanez eta haren emozioak aintzat hartuz. Haiekiko kezka adierazi behar dugu, larritasuna zerk eragiten dion galdetuz, eta zuzenean ere galdetu diezaiokegu suizidioan pentsatu ote duen. Hortik aurrera, onartzen badu, askoz errazagoa izango zaigu laguntzea”, dio Padillak. Ez da inoiz bazterrera utzi behar gaia, bolada txarra pasatzen ari dela pentsatuz eta pasatuko zaiola uste izanez.
- Bere buruaz beste egiten duen jendeak ez du aurrez jakinarazten. Espainiako Suizidologia Elkarteak emandako datuen arabera, bere buruaz beste egin zuten pazienteen %18 lehen mailako arreta zerbitzuetara joan ziren egun horretan bertan, %66 azken hilabetean joan ziren eta %75 azken hiru hilabeteetan. Bisita horiek adierazten dute pertsona horiek beharra zutela zer sentitzen zuten partekatzeko. Estatistika horretaz gain, adituek suizidio baten ondoren ikusi dute ehuneko oso handi batek (%90ek baino gehiagok) hitzez adierazia zuela aurrez. Etsipen sentimenduak adierazi zituzten: “bizitzak ez du merezi”, “ez diot zentzurik ikusten bizitzen jarraitzeari” edo “ez dut bizi nahi”…
- Arreta erakartzeko egiten du. Gaixoa nerabe bat denean, psikologoen kontsultetan oso maiz entzuten da esaldi hori. “Familia asko etorri da kontsultara esanez semeak edo alabak bere buruaz beste egin nahi izan duela arreta erakarri nahi duelako. Esan behar izaten diet arreta erakarri nahi izatea ez dela txarra. Are gehiago, osasungarria da. Guztiok gara animalia sozialak, eta besteen beharra dugu, elkarri lotuta gaudela sentitu nahi izaten dugu eta gizartean sare bat dugula. Arazoa da hori egin behar izan duela arreta erakartzeko, berari eta inguruari kalte eginez. Suizidio saiakera bat laguntza eskatzeko oihu gisa interpretatu behar da, ez da bidezkoa sinplifikatzea eta arreta dei gisa hartzea, eta azpian dagoen sufrimendura iritsi behar da”, dio espezialistak. Psikologoak ez du baztertzen, halaber, benetan arreta erakartzeko egitea. “Baina hala bada, zerbait ongi ez dabilen seinale. Pertsona horrek trebetasunak beharko ditu besteen laguntza eskatzeko bere buruari kalterik egin gabe eta bere kideekin harremanak izateko mehatxurik erabili gabe”, azpimarratu du.
Zer egin egoera arrisku handikoa denean?
Arrisku handi baten aurrean gaudenean, hau da, krisi akutua duen pertsona baten aurrean gaudenean, ekintza nola egin pentsatu duena, bakarrik eta gainbegiratuko duen inor gabe bizi dena eta hori gauzatzeko metodoak dituena eta kontrola gal dezakeena, beti larrialdietara deitu edo joan behar da. Badira kasu lausoagoak ere, non ziur samar susma litekeen pertsona horrek noizbait pentsatu izan duela bere buruaz beste egitea, baina ez du benetan horretarako asmorik. Arriskua berehalakoa ez denean, familia medikuarengana joan daiteke berarekin (edo pediatrarengana, adingabeekin) eta psikiatriara edo psikologia klinikora bideratzeko eskatu. Bisita horretatik aurrera, ziurrenik, medikazioa jarriko diote, antidepresiboak, eta hortik aurrera, laguntza psikologikoa bilatu behar da sistema publikoan edo pribatuan. “Ez dago guztientzat psikologorik, eta itxaron zerrendaren arabera, bat edo bestea aukeratu beharko da. Jakin behar da, dena den, pentsamendu suizidak dituen pertsona bat lehentasunezkotzat jotzen dutela Gizarte Segurantzan”, gogorarazi du Padillak. Terapiaz gain, laguntza eman dezakeen egitura oso bat ere badago (laguntza taldeak, elkarteak eta fundazioak).
Metodorik ez badago, ez dago bere buruaz beste egiterik; beraz, ahal dela, pertsonari informazioa atera behar zaio nola egin nahi duen jakiteko, eta horren arabera jokatu. Botikekin egiteko asmoa badu, kendu egin beharko zaio edo eman diezagula eskatu. Bere burua nonbaitetik botatzeko asmoa badu eta pisu altu batean bizi bada, agian pentsatu beharko litzateke denboraldi batez etxebizitzaz aldatu edo burdin sareak jartzea. Helburua da bitartekoak murriztea eta pertsona hori inoiz bakarrik ez egotea, suizidio gehienak orduan gertatzen dira eta
Bizitzeko dituen arrazoiei buruz galdetu. Harentzat oso garrantzitsua den zerbait aurkitzea da asmoa, saialdia geldiarazteko. Seme-alabak, adibidez. “Pertsona bat gogo-aldarte horretan dagoenean, tunel ikuspegia izaten du. Saiatu behar da bere buruaren begirada irekitzen, eta ulertarazi behar zaio mundu honetan egon behar duela seme-alabei hazten laguntzeko, eta haiek harro egongo direla laguntza eskatu eta aurrera egin duen ama edo aita batez”, esan du psikologoak. Buruaz beste egiteko ideiak joan eta etorri egiten dira; beraz, ulertarazi behar zaio orain gaizki dagoena ez dela beti hala egongo. Bere buruaz beste eginez gero, ez dago atzera bueltarik.
- Aurretik saiatu izatea. Hori da bere buruaz beste egiteko arriskua gehien baldintzatzen duen faktoreetako bat. Espezialistek graduka neurtzen dute: lehena izango litzateke heriotzari buruzko ideia pasiboak izatea, baina hiltzeko asmorik gabe; bigarrena ideia suizidak izatea; hirugarrena, hori nola egin pentsatzen hastea; eta, azkena, gauzatzeko pausoa ematea. Gradua zenbat eta handiagoa, arriskua ere bai. Era berean, aldez aurreko saiakeren larritasuna eta horiek ezkutatzeko joera zenbat eta handiagoa izan, orduan eta arrisku gehiago egongo da.
- Asko edatea eta drogak hartzea. Pertsonak kokaina, psikofarmakoak edo alkohol asko kontsumitzen badu, arazoa larriagoa izango da; izan ere, drogen efektuek eragindako desinhibizioa sentitzen duen unean, bere buruaz beste egingo du. Mendekotasunik ez dagoenean ere, ideia suizidak dituen pertsona batek noizean behin kontsumitzeak kezkatu egin beharko luke bere ingurunea.
- Heriotzarekin zerikusia duten aipamenak. Aldartearen ikuspegitik, erne egon behar da depresio edo antsietate egoera gogorren aurrean eta horiek hitzez adierazten direnean. Adibidez: “desagertzea gustatuko litzaidake”, “ez dut lekurik aurkitzen mundu honetan”, “atseden hartu nahi dut”, “hobe da paretik kentzea”… Horretaz gain, kontuan hartu behar da horiek bat ote datozen eragile akuturen batekin, esaterako gaixotasun baten diagnostikoarekin, haustura batekin, arazo ekonomiko larriekin…
- Jokabide aldaketak. Bi zentzutan gerta daiteke. Alde batetik, suminkortasuna nabarmen handitzen dela ikus daiteke —horri lo gutxi egitea eta gutxi jatea gehitzen zaizkio—, edo lasaitasun eta baretasun aldi bat ager daiteke asaldura handiko bolada baten ostean. Egoera horretan dagoenean hobera egin duela sinestea akatsa izan liteke, berehalako arriskuaren seinale izan baitaiteke.
- Agurtzen ari da. Objektu pertsonalak, preziatuak eta maitatuak oparitzea, zintzilik dauden gaiak ixtea, maskotak adoptatzea, testamentua prestatzea, pertsona maiteei gutunak bidaltzea agur gisa… Horrek guztiak esan nahi du prestatzen ari dela.
- Psikiatrikoan egon da aurretik. Psikiatria unitatean ospitaleratu eta handik atera eta berehala arrisku handiagoa izaten
da. Arrisku horrek, gainera, handia izaten jarrai dezake urteetan.