Kirolaren errezeta

Ariketa fisikoa da, elikadurarekin batean, sendagairik eraginkorrenetakoa gure osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko. Horregatik, zenbait autonomia erkidegok plan berezi bat abiarazi dute Lehen mailako Arretako pazienteak kiroldegira bidaltzeko. Programa pertsonalizatua eta gainbegiratua izaten da, eta gero eta erabiltzaile gehiago ditu.
1 otsaila de 2025

Kirolaren errezeta

Ariketa egitea oso ona da osasunerako, hori badaki mundu guztiak: hobetu egiten ditu loa eta gogo-aldarteak, indartu egiten ditu giharrak eta hezurrak, hobetu egiten du immunitatea, prebenitu egiten ditu gaixotasunak, adibidez 2 motako diabetesa eta minbizi batzuk eta, oro har, lotuta dago bizi-itxaropena handitzearekin eta kausa guztiengatiko heriotza tasa gutxitzearekin. Zientzialari gehienek urteetan ongi dokumentatu dituzte onura horiek eta beste hainbat. Hala ere, 2024ko Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) egin duen inkestaren arabera (Espainiako Kirol Ohiturak), herritarren %52k ez dute inolako ariketa fisikorik egiten. Datu hori ez da hutsala, jarduera fisikorik ez egiteak eragin handia baitu gure osasunean: Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, 2020tik 2030era bitartean transmisio bidezkoak ez diren ia 500 milioi gaixotasun berri sortuko dira, eta horiek ariketa gehiago eginez prebenitu ahal izango dira. “Azken 50 urteetan, badirudi gure gizartean gertatzen ari diren gauza asko jarduera fisikoa ezabatzen ari direla gure bizitzetatik”, adierazi du Anna Puig-ek, zeina Jarduera Fisikoan eta Osasun Zientzietan doktore baita Bristolgo Unibertsitatetik (Erresuma Batua) eta Vic-eko Unibertsitateko irakaslea. “Supermerkatuko erosketa etxetik egin dezakegu, autoz mugitzen gara, igogailuak edo eskailera mekanikoak erabiltzen ditugu, lanera iristen garenean eserita egoten gara… Nahi badugu, ez dugu zertan mugitu, erosotasuna bilatzen dugulako. Hori da gaixotzen gaituena, sedentarismoa delako gaur egun transmisio bidezkoak ez diren gaixotasun gehienen arduraduna, adibidez bihotz-hodietako gaixotasunena edo 2 motako diabetesarena”. Egile batzuen ustez, osasun publikoak garaiotan duen mehatxurik handiena bihurtu da jarduera fisikorik ez egitea, eta uste dute osasun zentroetan nahitaez agindu behar lieketela pazienteei ariketa egiteko.

Sedentarismoa dirua kostatzen ari zaigu

Ikerketek adierazten dute jarduera fisikorik eza garesti ateratzen zaigula: Europako Batasuneko herritarrek OMEk gomendatzen duen beteko balute (150 minutuko jarduera fisikoa astean), 10.000 heriotza goiztiar baino gehiago saihestuko lirateke urtero, eta 8.000 milioi euro inguru aurreztuko lirateke osasun gastuetan (Lituaniak eta Luxenburgok elkartuta mediku arretan urtearen buruan gastatzen dutena baino gehiago), OMEk eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak txosten honetan diotenez: ¡Demos un paso adelante! Abordar la carga de la actividad física insuficiente en Europa (Eman dezagun pauso bat! Jarduera fisiko eskasari aurre egitea Europan).

Jose Manuel Franco Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko presidentea da (CSD), eta beste datu argigarri bat aipatu ohi du bere hitzaldietan: “Jarduera fisikoan inbertitzen den euro bakoitzak osasunean 15 euro gastatzea saihesten du”. Baina nola zehazten da euro hori osasun publikoko politiketan? Hor sartzen da Jarduera fisikoa eta ariketa fisikoa errezetatzeko plana. Funtsean, jarduera fisikoa osasun tratamenduen esku-hartze konplexu gisa agintzea edo errezetatzea da, “kirol errezeta” esaten zaion hori. Termino hori ez da oso zorrotza kontsultatu ditugun espezialisten arabera, baina lagundu egiten du plana zertan den hobeto ulertzen.

Kontsultatik gimnasiora

Ibilbide hau egingo dugu ariketa fisikoa errezetatzen digutenean.

  1. Lehen mailako arretako kontsulta batera jotzen dugu, gure egoera aztertu dezaten eta ariketa plan bat agindu.
  2. Zentro komunitario batera joango gara, udal kiroldegi batera, non planean trebatuta dagoen profesional batek hasierako ebaluazio fisiko bat egingo digun eta programa egokitu bat diseinatuko duen.
  3. Jarraipena eta berrikusketa. Kirol arloko profesionalak aldizkako jarraipena egingo du, programa gure bilakaeraren arabera egokitzeko.

Zer da kirol errezeta?

2022ko uztailean, bederatzi milioi euroko diru atal bat onartu zen Espainian Jarduera fisikoa eta ariketa fisikoa errezetatzeko plana ezartzeko, zeina CSDk eta autonomia erkidegoek eta hiri autonomoek sustatzen baitute. Kirola Digitalizatzeko Planaren barnean sartzen zen inbertsioa, eta Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 26. Osagaiaren hiru ardatzetako bat da. Autonomia erkidegoek erabateko eskumenak dituzte osasun arloan, eta funts horiek eskuratu ahal izango dituzte, baina horiek jasotzeko hainbat mugarri landu beharko dituzte, Lidia Brea Alejok azaltzen duenez. Hezkuntza Fisikoko eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziadunen Elkargo Ofizialeko Kontseiluan dihardu berak (COLEF), Osasunerako Gorputz eta Kirol Hezkuntzako aholkulari gisa: “Lehenik eta behin, kirol hezitzaileentzako berariazko prestakuntza sortu behar dute jarduera fisikoaren eta osasunaren inguruan”. Gero, ziurtatu egin behar dute planean sartuko diren osasun langileek prestakuntza egokia jasotzen dutela, besteak beste, ariketa fisikoa agindu ahal izateko. Eta, azkenik, “jarduera fisikoko eta ariketa fisikoko unitate batzuk sortu behar dituzte, eta hor, Lehen mailako Arretako zentroetako osasun langileek hautatuko dituzte ariketa fisikoaz balia daitezkeela uste duten pertsonak eta zentro komunitarioetara joaten direnak [udal kiroldegira adibidez, non kirol hezitzaile trebatuak egongo diren ariketa fisikoa egiteko programak diseinatu, gauzatu, gainbegiratu eta planifikatzeko”.

Katalunia, herrialde aitzindaria

Zenbait erkidegotan, Katalunian adibidez, lehendik ari ziren antzeko ekimenak egiten. “Eta egitura hori erabili da lehendik zegoena indartzeko eta Kirol Kontseilu Gorenak eskatzen zuenera egokitzeko. Beste leku batzuetan, ordea, hutsetik hasi dira, adibidez Gaztela-Mantxan eta Madrilen”, azaldu du Lidia Break.

Katalunian, 2005. urtean, Jarduera Fisikoaren, Kirolaren eta Osasunaren Planarekin (PAFES) hasi ziren jarduera fisikoa errezetatzen, programa pilotu batekin. Espainiako Osasun Ministerioaren saria jaso zuen plan horrek 2008an eta Europako Batzordeak aitortza egin zion 2019an, eta haren barnean sartzen ziren Lehen mailako Arretan eta beste espezialitate batzuetan jarduera fisikoa aholkatzeko eta agintzeko ekintzak. Zeresana zuten profesionalen formazioa lantzeko eta udalerriak saretzeko ekintzak ere bazituen. Actius i Salut (Aktiboak eta osasuna) aplikazioaren bidez, zeina pazientearen historia kliniko informatizatuan txertatuta dagoen, osasun arloko profesionalek udalerri bakoitzeko baliabideetan oinarrituta dagoen jarduera fisikoa aholkatu eta agindu dezakete. 2015. urtetik, Lehen mailako Arretako zentro guztiak daude planari atxikita. 2024ko maiatzean, beste urrats bat egin zen Kirol errezeta medikoa ezartzeko programa izenekoarekin, zeinak hiru urteko iraupena izango duen. Horren barnean sartzen dira, besteak beste, jarduera fisikoa sustatzea eta errezetatzea eremu pediatrikoan, nerabezaroan eta ospitale eremuan.

‘Social Prescribing’: kirol errezeta eta askoz gehiago

2019. urtean, NHSk (National Health Service), Erresuma Batuko osasun zerbitzuak, Social Prescribing delakoa ezartzeari ekin zion, zeinak ikuspegi berritzailea ekarri zuen mediku arretaren inguruan, pertsonak konektatu egiten baititu medikuntzakoak ez diren zerbitzu eta jarduerekin beren komunitatean, haien osasuna eta ongizatea hobetzeko. Ekimenetako bat ariketa fisikoa agintzea da, baina askoz harago doa: boluntariotza, arteak, taldeko ikaskuntza, lorezaintza, sukaldaritza eta beste zenbait jarduera ere agintzen ditu. Gainera, osasun arloko profesionalei aukera ematen die, batez ere Lehen mailako Arretan ari direnei, pazienteak link worker edo lotura-langile batengana bideratzeko, pazientearekin lankidetzan arituko dena arreta pertsonalizatuko plan bat sortzeko.

Premia sozialak, emozionalak edo bestelakoak dituzten pertsonei zuzenduta dago programa hori, baita baldintza kronikoak dituztenei, osasun mentaleko arazo arinak dituztenei edo gizartean isolatuta daudenei ere. Social Prescribing delakoak onartu egiten du osasuna, neurri handi batean, faktore sozialek, ekonomikoek eta ingurumen arlokoek baldintzatzen dutela, eta osotasunean heltzen die pertsonen premiei. Gainera, murriztu egin nahi ditu Lehen mailako Arretan dagoen lan zama eta herrialdeko osasun sistemarekin loturiko kostuak.

Nola gauzatzen da

Lidia Brearen arabera, erkidego bakoitzak bere beharretan oinarrituta zehaztu badu ere plana, ideia orokorra berbera da: Lehen mailako Arretan, ariketa fisikoa egin dezaketen pertsonak hautatzen dira (profesional batek gainbegiratuta egingo dute), beren patologian hobekuntzak izango dituztelakoan. “Behin identifikatuta, eremu komunitarioan ariketa fisikoa egiteko dauden unitateetara bideratzen da. Pertsona hori programa antolatu batekin hasten da, kirol hezitzaile batek gainbegiratuta eta ebaluatuta. Hezitzaile horrek ere plan honen barnean trebatuta egon behar du”, adierazi du Osasunerako Gorputz eta Kirol Hezkuntzako aholkulariak.

Medikuek agindu diezaiekete ariketa fisikoa pazienteei, baina baita erizainek eta fisioterapeutek ere. Tratamendu osagarri bat dela kontuan hartuta eta jardueraren onurak asko direla, ia edonork jaso dezake tratamendua, nahiz eta kirol errezeta bereiziki agindu ohi zaien “lehen mailako arretan gehien artatzen diren patologia kronikoak dituzten pazienteei, adibidez gizentasuna, hipertentsioa, gaixotasun metabolikoak, minbizitik bizirik atera direnei edo hirugarren adineko pertsonei, patologia kronikorik izan ez arren programaz balia daitezkeenei”, adierazi du Break.

Getxoko adibidea

2024ko maiatzean programa pilotu bat lantzen hasi ziren Getxoko udalerrian, Euskal Autonomia Erkidegoan, ariketa fisikoa errezetatzeko. “Urteak daramatzagu lanean sinetsita osasunak egon behar duela kirol politika publikoen erdigunean. Horregatik jarri genuen abian doako kirol orientazioko zerbitzua, Getxo Kirolak udalerriko kirol zerbitzuen bitartez eskaintzen dieguna herritarrei. Aholkularitza zerbitzu bat da, eta jarduera batzuk edo bestak gomendatzen ditugu, bertaratzen den pertsonak zer-nolako patologiak dituen”, azaldu du Alvaro Gonzalez udalerriko Kirol zinegotziak.

Gonzalezek azpimarratu du adituen informazio eta aholkularitza lana oso garrantzitsua dela, bereziki adinekoentzat: “Ez da gauza bera osasun zerbitzuan kirola modu generikoan egin behar duzula esatea, edo gertuen duzun kiroldegian zer-nolako jarduera komeni zaizun azaltzea medikuaren txostenetik abiatuta. Horregatik lortzen ari gara hain emaitzak onak, eta bertaratzen direnak ere oso pozik daude. 2024an, 100 pazientek jaso dute programa; 60 urtetik gorakoak ziren %74, eta hamarretik zazpi emakumeak. Programak %69ko atxikimendua lortu du, hau da, hamar pazientetik zazpik arrakastaz txertatu dute ariketa fisikoa tratamenduan.

Zer-nolako erronkak ageri dira

Jarduera fisikoa eta ariketa fisikoa errezetatzeko plana handinahia da eta ez dago oztopoetatik salbu; izan ere, funtsezkoa da osasun sistemak eta kirol sistemak barneratu dezatela, profesional medikoak eta kirol arlokoak behar bezala trebatu daitezela eta pazienteak epe luzera atxikiko direla ziurtatu dadila. Alde horretatik, plana digitalizazioari eta wearable gailuen erabilerari loturik dago: eskumuturreko edo erloju adimendunak dira, agindutako ariketa gainbegiratzea eta pertsonalizatzea errazten dutenak. Eta horrek diru inbertsio handia eskatzen du.

Tratamenduaren eraginkortasuna, kasu gehienetan bezala, faktore askoren mende dago. “Ebidentzia zientifikoak esaten digu ariketa fisikoa egiteak, profesional batek gainbegiratzen duenean, atxikimendu oso handia izaten duela eta oso ondorio onuragarriak dakartzala pertsonen bizi-kalitatean eta patologia kronikoaren bilakaeran”, azaldu du Lidia Brea Alejok, Ariketa Fisikoan eta Minbizian Aditu izateko Ikastaroaren zuzendaria ere badenak Madrilgo Europar Unibertsitatean. “Beraz, ongi aterako da seguru, baldin eta kirol hezitzaileak programa ikuskatzen duen egitura horri nolabait eusten bazaio eta osasun zentroak prozesu osoa nola dagoen gainbegiratzen badu”, adierazi du Break.

Tratamenduaren iraupena ere erlatiboa da, paziente bakoitzaren eta autonomia erkidego bakoitzaren araberakoa baita: “Eskualde batzuetan, esku hartze hori epe jakin batean egiten da, 8, 12 edo 16 astez. Baina erkidego batzuetan pertsona unitate horretan geratzen da epe luzerako. Osasun langileari pertsona horrentzat onena zer iruditzen zaion ere kontuan hartu behar da”, gaineratu du adituak.

Azken helburua: ohitura sortzea

Planaren beste onura bat da, behin prozesua amaituta, ariketa fisikoa egiteko ohiturarik ez duen pertsona batek bereganatu egin dezakeela ohitura hori, jarduera berri horrek haren osasunean dituen onura guztiekin, patologia jakin horretaz haratago. “Pertsonak dagoeneko ezagutzen du eremu komunitarioa kirola egiteko, badaki non dagoen kirol zentroa, eta han gera daiteke jarduera gehiago egiten. Dagoeneko kontua ez da pertsona hobeto egotea eta haren bizi-kalitatea hobetzea bakarrik; azkenean, gizarte zahartu batean bizi gara, gero eta gaixotasun gehiago daude, eta badakigu ariketa fisikoak murriztu egiten dituela osasun zentroetako egonaldiak, medikuari egin beharreko bisitak, eta aukera ematen du patologia kontrolatuago eramateko, eta hori guztia, jakina, Estatuko kutxetara itzultzen da”, nabarmendu du Lidia Break.