Arroz esnea. Berdinak dirudite, baina ez dira
Aurkezpen beharrik ez du ia, arroz esnea beti-betiko postrea baita gure inguruan, nahiko erraz prestatzen dena eta funtsean hiru osagai dituena. Hori jakinda, pen- tsa liteke denak berdinak direla. Baina ez da hala. Emaitza oso desberdina izan daiteke prestaeraren eta osagaiek dituzten ezaugarrien arabera. Aukerarik onena hautatzeko gakoa osagaien zerrendan dago.
Zenbat esne daukate?
Esnea da osagai nagusia aztertu ditugun produktu guztietan, eta ondorioz, esnearen ezaugarriek eta esne kopuruak nabarmen baldintzatzen dute postre horren izaera. Behi esne osoa eta pasteurizatua darabilte guztiek. Batzuek zehaztu egiten dute alderdi hori, adibidez La Ermita eta Gailla etxeetakoek, nahiz eta ez den beharrezkoa; izan ere, osagaien zerrendan “esnea” agertzen denean, besterik gabe, behi esne oso eta pasteurizatua dela esan nahi du. Halaxe gertatzen da Danone eta Eroski etxeetako arroz esneekin. Hala ez denean, zehaztu egin behar lirateke bakoitzaren berezitasunak, eta adierazi egin beharko litzateke, adibidez, zein animaliarena den (ardi esnea), tratamendurik ez diotela eman (esne gordina) eta zenbat gantz duen (esne gaingabetua).
Esne kopuruari dagokionez, gutxien duenak %65 dauka (La Lechera) eta gehien duenak %81,7 (Eroski). Esne gutxien dutenen artean daude beste hauek ere: La Lechera (%65), Reina eta Montero (biak %67rekin) eta Danone (%68). Gehien dutenen artean, berriz, hauek daude: Eroski (%81,7), La Ermita (%78), Mahala (%76,5), Eroski Seleqtia (%73) eta Goshua (%71,5). Gailla etxekoak ez du esaten zenbat esne duen, eta horrek urratu egiten du legedia, informazio hori nahitaez eman behar baita osagai bat ontzian moduren batean nabarmentzen denean edo ezinbestekoa denean produktu bat egiteko.
Erosketa gida hau egiteko, 10 arroz esne hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Score puntuazioa. Algoritmo berriarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten du azukreek, gantz saturatuek eta kaloriek.
- Osagaiak. Bereziki, zenbat esne eta arroz duten ikusteko eta esne hauts gaingabetua eta lurrin-emaileak darabiltzaten jakiteko.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2024ko abenduan hartuak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Nola hobetzen da testura
Esneaz gain, produktu batzuek esne hauts gaingabetua era badute. Zehazki, Danone (berridratatua da), Goshua, La Lechera eta Eroski Seleqtiak. Esnearen proteinaz hornitzeko egiten dute hori, hobetu egiten du-eta produktuaren testura (gorputz gehiago ematen die). Produktu horiek guztira duten esne kantitatea, beraz, lehen aipatu duguna baino handiagoa da, eman dugun zifra esnearena baitzen bere horretan. Etiketan ematen den informazioarekin, dena den, ez dezakegu jakin produktu horiek zenbat esne duten osotara.
Marka horiek guztiek (Danone, Goshua, La Lechera eta Eroski Seleqtia) beste osagai bat gehiago ere badute: esne gaina. Esne hautsa eta esne gaina bereizita erabiltzen dira, hobeto kontrolatu ahal izateko erantsi nahi zaien proteina eta gantz kantitatea eta horrela nahi den testura emateko produktuari: postre krematsua eta gorputza duena. Baina esne hautsik ez darabilten zenbait markatan ere ageri da esne gaina, zehazki Reina eta Montero etxekoetan, non zaporea eta ukitu krematsua emateko erabil- tzen den osagai hori.
Arroz mota ere kontuan hartzekoa
Arroza da postre hauetan ezinbestekoa den beste osagai bat, izenak dioen bezala. Pentsa liteke bigarren osagai ugariena izango dela esnearen ondotik, baina Gailla etxekoan bakarrik gertatzen da hori, non ez den esaten zehazki zenbat duen, nahiz eta nahitaezkoa den, esnearentzat eman dugun arrazoi beragatik. Gainerako produktuetan, hirugarren lekua hartzen du arrozak, azukrearen atzetik. La Lechera da salbuespena, zeinetan ura baita bigarren osagaia.
Arroza %9 eta %10 artean dabil. La Ermita etxekoa da salbuespena, zeinak zertxobait gutxiago duen (%8). Arrozari dagokionez, kantitatea garrantzitsua da, baina baita mota ere. Hain zuzen, La Ermita etxekoak zehaztu egiten du arroz biribilarekin egina dela, zeina estimatuagoa den postre horretarako luzea baino, hobeto xurgatzen dituelako zaporeak eta askatu egiten duelako almidoia; ondorioz, gorputz gehiago eta testura hobea duen produktua lortzen da.
Gainerako produktuek ez dute zehazten zer-nolako arroza darabilten, eta ez dago jakiterik ontzia ireki eta jaten hasi arte. Nolanahi ere, arrozaren ezaugarriei eta egiteko moduari buruzko ideia txiki bat izan dezakegu osagaien zerrendari erreparatzen badiogu. Lodigarriak erabiltzeak esan nahi du erabilitako arroz motak ez zuela almidoi osaera egokirik helburu horretarako, edo ez dela behar adina denboran kozinatu. Aztertu ditugunetatik hiruk baino ez dituzte lodigarriak: Reina eta Montero (artoaren almidoia) eta Eroski (arrozaren almidoia).
Pertsona askok uste dute arroz esnea postre osasungarria dela, osagai horiekin egina dagoelako. Egia da ez daukala askoz gehiago: beste osagairen bat lurrina emateko, kanela adibidez, eta azukrea goxatzeko. Beraz, esan genezake osaera onenetakoa duen postreetako bat dela, hain interesgarriak ez diren osagaiz egindako beste batzuekin alderatuz gero, palma olioz adibidez. Baina ez dugu ahaztu behar azukre asko duela, eta, beraz, ez dela gomendagarria maiz-maiz jateko. Bestalde, garrantzitsua da janariarekin ez obsesionatzea. Egun jakin batean postre bat jateak, betiere dieta osasungarri baten testuinguruan, ez du eragin nabarmenik izango osasuntsu dagoen pertsona baten osasunean.
Azukre kantitatea, funtsezkoa
Azukrea da postre horien bigarren osagairik garrantzitsuena, esnearen atzetik eta arrozaren aurretik. Hala gertatzen da aztertu ditugun produktu guztietan, La Lechera eta Gailla etxekoetan izan ezik. Horietan, hirugarren postuan dago, uraren eta arrozaren atzetik, hurrenez hurren. Guztizko azukre kantitatea Mahalaren %8,5aren eta La Ermitaren %18aren artean dabil. Hau da, lehenbizikoak halako bi du azukrea azken horrek.
Nolanahi ere, La Ermita salbuespena da. Produktu gehienetan, %14-%16 artean dabiltza azukreak. Kontuan hartu behar da azukre guztiak ez direla erantsiak. Kopuru horretan sartzen dira fabrikatzaileak eransten duen azukrea (sakarosa) eta esneak berez duena (laktosa). Saihestu beharrekoak lehenbiziko horiek dira. Baina ezin dugu jakin zer-nolako proportzio zehatzetan dauden, etiketan ez baitago zertan zehaztu azukre erantsien kopurua (guztizko azukreak bakarrik ageri dira). Hala ere, ideia txiki bat egin dezakegu, badakigu-eta esneak zenbat laktosa izaten duen (%4,5 inguru), baita postre horiek zenbat esne duten ere (%70 inguru). Horrela, kalkuluen arabera, produktu horien %3,2 inguru izango da laktosa eta, beraz, azukre erantsiak %12 inguru izango dira. Hau da, bi koilarakadatxo eta erdi 100 gramo bakoitzeko.

Lurrinak: kalitatearen arrasto bat
Hiru osagai erabilita egin daiteke arroz esnea: esnea, arroza eta azukrea. Gailla etxekoa halaxe egina dago. Baina gehienean beste elementu bat erabiltzen da lurrina emateko, adibidez kanela, limoia eta baita banilla eta anisa ere. Horixe gertatzen da aztertu ditugun produktu guztietan, salbu eta Gailla eta La Lechera etxekoetan, zeinak gatza bakarrik darabilen (gutxi) zaporea indartzeko.
Produktuari lurrina emateko moduak argibide batzuk emango dizkigu kalitateari buruz. Adibidez, Mahala eta La Ermita etxekoek kanela adarrarekin eta kanela adar eta limoiarekin lurrinduta dagoen esnea darabilte. Hau da, etxean egingo genukeen moduan prestatzen dira, osagai horiek esnean infusionatuz, lurrinak edo kanela hautsa ondoren gehitu beharrean, aztertu ditugun produktu gehienetan gertatzen den bezala. Era horretan, esneak lurrin delikatuagoa eta estimatuagoa izango du.
Arroz esnea postre erraza da, osagai gutxirekin egiten dena. Horrexegatik da “beti-betiko” postreetako bat. Alderdi hori aztertu ditugun produktu askotan nabarmentzen da, eta beren ontzietan tradizioa (“elaborazio tradizionala”) edo familiartasuna gogorarazten dute (“errezeta familiarra” edo “gure baserria”). Batzuetan, gainera, formatuarekin indartzen da, buztinezko edo beirazko ontzietan datoz eta. Amu horiek oroitzapen eta sentimendu onak pizten dizkigute, eta amu horiek ez dituztenak baino hobeak direla pentsaraz diezagukete. Baina ez du zertan horrela izan nahitaez. Beraz, gogoan izatea komeni da, marketineko estrategia horiek ez gaitzaten limurtu.
Mantenugairik aipagarrienak
Nutrizio arloko informazioa aztertuz gero, ikusiko dugu proportzio handienean dauden mantenugaiak karbohidratoak direla (%16-%26), eta hori logikoa da arroza eta azukreak dituztela kontuan hartuta. Proteina gutxi izatea ere normala da, %3-%4 inguru; izan ere, mantenugai hori esnetik eta arrozetik dator, eta bi horien proteina kopurua ez da hainbestekoa ere (%3,1 eta %2,7 ingurukoa, hurrenez hurren). Kontuan hartu beharreko beste mantenugaiak honako hauek dira:
- Gantzak. Horixe da mantenugairik interesgarriena azukreekin batean. Ez kopuruak bereziki aipagarriak direlako (La Ermitaren %2,8 eta Gailla ren %4,1 artean dago), baizik eta produktuaren ezaugarri organoleptikoei buruz informazioa eman diezagukeelako. Gantz gehiago izateak esan nahi du zaporetsuagoa eta krematsuagoa izango dela, eta beraz, nabari izaten den ezaugarri bat da.
Gantz hori esnetik dator produktu guztietan; ba- tzuetan esnetik bakarrik (osoa denez, %3,5 izaten den mantenugai hori) eta besteetan esnetik eta esne gainetik. Esne gaina dutenek –Danone, Eroski Seleqtia, Goshua, La Lechera, Reina eta Montero– %3,5 eta %3,8 artean dute gantza. La Lechera da salbuespena: %3,1 dauka, besteek baino esne gutxiago duelako (%65). Esne gainik ez dutenek –La Ermita, Eroski, Mahala eta Gailla– %2,8 eta %3 artean izaten dute gantza. Gailla da salbuespena, zeinak %4,1 duen, horren esneak gantz gehiago duelako gainerakoenak baino.
- Energia. Mahalak 104 kcal ematen ditu eta Monterok 152 kcal, horiek daude bi muturretan; batez beste, beraz, 132 kcal ematen dituzte postre horiek. Hau da, hiru gazta zati freskok (bakoitza 70 gramokoa) ematen duten energia.
Nagusiki gantz kantitateak baldintzatzen du kaloria kopurua. 130 kcal baino gutxiago ematen duten produktuek ez daukate esne gainik (Eroski, Mahala, La Ermita eta Gailla), La Lecherarekin batean. Hau da, gantz gutxien duten produktuak dira, Gailla etxekoa izan ezik, zeina gantzatsuena baita, baina kaloria gutxien ematen duena, karbohidratoak ere gutxi dituelako. 145 kcal baino gehiago duten postreak esne gaina dutenak dira (La Lechera izan ezik). Goshua (146 kcal), Reina (149 kcal) eta Montero (152 kcal) nabarmentzen dira, zeinak gan- tzatsuenak diren, halaber.
Zenbat ematen du errazio batek?
Orain arte, 100 gramo bakoitzeko balioak ikusi ditugu nutrizio osaera aztertzean. Hori baliagarria da konparazioak egiteko, baina kontuan izan behar dugu postre horiek 130 gramoko ontzietan merkaturatzen direla, eta kopuru hori janaldi bakarrean hartzen dugula. Errazio batek, hortaz, zertxobait gehiago ematen du. Ideia bat izateko, errazio batek (130 g) honako hau emango luke nutrizioaren ikuspegitik: azukreak, Mahalaren 11 gramo eta La Ermitaren 23,4 gramo artean, nahiz eta gehienetan kantitatea 18 gramo ingurukoa den; gantzak La Ermitaren 3,5 gramo eta Gaillaren 5,3 gramo artean; eta energia Mahalaren 135 kcal eta Monteroren 198 kcal artean. Batez beste, kaloriak 170 kcal izango lirateke, azukrerik gabeko bi jogurt naturalek ematen dutena.

- Esnea. Berez, zenbat eta gehiago izan, hainbat hobeto. Baina ez da erabakigarria, beste alderdi garrantzitsu batzuk ere hartu behar baitira kontuan, adibidez gantz kantitatea.
- Gantza. Zaporea eta ukitu krematsua ematen ditu, eta horrexegatik, ahalik era gehiena izatea komeni da.
- Azukrea. Osasun irizpideetan oinarritzen bagara, ahalik eta gutxiena izatea komeni.
- Lurrina emateko modua. Jendeak gehiago estimatzen ditu kanela adarrarekin eta limoi azalarekin lurrinduta daudenak, eta ez lurrinak erantsi dizkietenak.
- Prezioa. Alde handiak egon daitezke produktu batzuen eta besteen artean, batzuetan ontziak eraginda adibidez. Osaera kontuan hartuta neurtu behar litzateke, eta bereziki gantz kantitatea, lurrina emateko modua edo esne hautsa edo almidoia baduen kontuan hartuta.
Nota berdina Nutri-Score sisteman
Aztertu ditugun produktu guztiek nota bera lor- tzen dute Nutri-Score-ren algoritmo berriarekin; zehazki, C bat, azukreek, gantz saturatuek eta kaloriek eraginda.
Kalitate-prezioak
Prezioa 0,27 eurotik (Eroski) 1,12 euro arterainokoa da (Goshua), 100 gramoren gainean. Hau da, merkeenak halako lau balio du garestienak. Hauek dira merkeenak: Eroski (0,27 euro), Reina (0,37 euro) eta Mahala (0,50 euro). Prezio ertaina dutenak La Lechera (0,54 euro), Danone (0,61 euro) eta Gailla dira (0,72 euro). Eta, azkenik, garestienetan, La Ermita (0,83 euro), Eroski Seleqtia (0,91 euro), Montero(1 euro) eta Goshua sartzen dira (1,12 euro).
Pentsa genezake produktuaren osaerak eta, zehazkiago, esne kantitateak baldintzatuta egon litekeela prezioa, baina esne gehien daramaten produktuetako bi (Eroski eta Mahala) merkeenak dira, eta gutxien duenetako bat, berriz, (Montero) garestienen artean dago. Pentsa liteke, halaber, gantzaren araberakoa dela prezioa. Baina baldintza hori ez da betetzen zenbait produktutan, adibidez Reina etxekoan, zeina gantz gehien duenetakoa den eta merkeenetakoa.
Formatuak ere izan dezake eragina prezioan. Adibidez, beirazko edo buztinezko ontzietan saltzen direnak daude garestienen artean (La Ermita, Goshua eta Eroski Seleqtia), eta merkeenen artean dago Reina, zeina neurri handiko plastikozko ontzian merkaturatzen baita (500 g). Osotasunean duten kalitatea eta prezioa kontuan hartuta, hauek lirateke aukerarik onenak: Eroski, Reina eta Mahala.

Postre nahiko erraza izan arren, hiru osagairekin egiten dena (esnea, arroza eta azukrea), alde nabarmenak daude aztertu ditugun produktuen artean. Gehien nabarmentzen diren produktuak zein diren jakiteko, irizpide hauei erreparatuko diegu:
- Esne kantitatea. Hauek nabarmentzen dira: Eroski (%81,7), La Ermita (%78) eta Mahala (%76,5). Gailla etxekoak ez du esaten zenbat duen, eta horrek urratu egiten du legedia.
- Gantz kantitatea. Alderdi garrantzitsuenetako bat da produktuak zer-nolako ezaugarriak dituen jakiteko, elementu baliotsua delako eta zaporea eta ukitu krematsua ematen dituelako. Hauek dira gehien dutenak: Gailla (%4,1), Reina eta Montero (biak %3,8rekin).
- Azukre kantitatea. Osasuna lehenesten badugu, ahalik eta gutxiena edukitzea komeni litzateke. Alde horretatik, Mahala nabarmentzen da (%8,5), gehien duenaren (La Ermita, %18) erdia baitu.
- Produktuaren kalitatearekin zerikusia duten xehetasunak. Badira postre honen ezaugarriei buruzko arrasto batzuk eman ditzaketen zenbait alderdi, adibidez lurrina emateko modua (kanela adarra eta limoia erabiltzea, adibidez, lurrinen ordez). Ildo horretan, Mahala eta La Ermita nabarmentzen dira, kanela adarrarekin eta limoi naturalarekin lurrindutako esnea darabilte eta.
Ezaugarri orokorrak kontuan hartzen baditugu, Gailla nabarmentzen da, batez ere gantz kopuruagatik, baina ez du legedia betetzen, osagaien zerrendan ez baitu esaten zenbat esne eta arroz duen. Mahala, La Ermita eta Goshua ere nabarmentzen dira, eta onenak horiek izango lirateke prezioa kontuan hartuko ez bagenu.
Ezaugarri guztiak kontuan hartuz gero, prezioa barne, hauek lirateke produktu aipagarrienak: Eroski, Reina eta Mahala.