Bitartekaritza

Nola konpondu gatazka bat auzitara jo gabe

Esan liteke bi alderen artean dagoen “osagilea” dela bitartekaritzako profesionala. Entzute aktiboa eta komunikazio ez-bortitza erabiliz, lagundu egiten du haustura emozionala osatzen eta gatazkak konpontzen auzitara iritsi gabe.
1 martxoa de 2023

Bitartekaritza. Nola konpondu gatazka bat auzitara jo gabe

Bi alderen arteko gatazka sortzen denean, bi aukera izaten dituzte konpontzeko: neutrala izango den hirugarren batengana jotzea (epailea), hark ezar dezan irtenbidea, edo konponbidea beren artean bilatu eta adostasunetara iristea.  Bigarren kasu horretan sartzen da jokoan bitartekaritza, eta prozesua abian jarriz gero, protagonistek adostasuna lortu behar izaten dute, modu orekatu eta berdinzalean, eta bukarazi egin dezakete bien arteko konponezina bitartekaritzan aditua den profesional baten laguntzaz, auzitegiak tartean sartu gabe. Nuria Calvo Boizas prokuradorea eta bitartekaria da, gatazken kudeaketan espezializatua, eta hark eman dizkigu bitartekaritzaren gako batzuk.

Zer da bitartekaritza?

Espainiako Bitartekaritza Elkarteak (Asemed) honela definitzen du negoziazio mota hori: “Prozesu bat da, non pertsona independente eta inpartzial batek laguntza ematen dien beste batzuei beren desadostasunak konpon ditzaten, auzitara joan gabe gatazkari irtenbidea emateko”. Prozedura borondatezkoa eta konfidentziala da, eta helburua da irtenbide pertsonalizatuak bilatzea gatazka bakoitzean, modu adostuan eta elkarrizketaren bidez.

Zertarako balio du?

Normalean auzitegira jotzen dugu bi pertsonak ez dakitenean nola konpondu gatazka bat eta hirugarren baten esku utzi nahi dutenean irtenbidea jartzeko zeregina. Bitartekaritzan, protagonistak eurak inplikatzen dira: haiek hartuko dituzte erabakiak, haiek aurre egingo diotelako gatazkari eta haiek iritsiko direlako adostasunetara, bitartekaritzako profesionalak lagunduta, zeina inpartziala eta neutrala den. Zubiak eraikitzea da haren lana, ez aholkuak ematea, gatazkaren ikuspegi guztiak agerian gelditu daitezen. Bitartekaritzaren asmoa izaten da gatazkari 180 graduko bira egitea, alde bakoitzak bestearen ikuspegitik ikus dezan arazoa.

Zer-nolako printzipioek agintzen dute?

Bitartekaritza prozesu guztiak borondatezkoak izaten dira, neutralak, inpartzialak eta konfidentzialak. Borondatezkoa izaki, bitartekaritza ez da hasten aldeak ez badaude ziur edo prozesua hasi eta garaia baino lehen bukatzea erabakitzen badute, adostasunik gabe. Bitartekariaren borondatea ere kontuan hartzen da, hark ikusiko baitu erdibide batera iristeko modurik baden bi aldeen artean. Gatazka batzuetan ez dago lekurik bitartekaritzarako: gatazkan dauden pertsonen artean desberdintasun bat dagoenean edo oreka falta denean; bitartekariak ikusten duenean tratu txarrak edo bortizkeria egoera bat dagoela; edo bi aldeak une horretan mutur banatan daudenean, elkarrengana ezin hurbilduz.

Nola arautzen da?

Gatazka adina bitartekaritza dago, familia girokoak, lan arlokoak, eskola eremukoak, zibilak, merkataritzarekin zerikusia dutenak… Lege bat ere badago prozesu horiek arautzeko, 5/2012 Legea hain zuzen, uztailaren 6koa, gai zibilen eta merkataritzakoen bitartekaritzari buruzkoa; Europako Batasuneko zuzentarauak biltzen ditu, eta Espainian urtebete geroago landu zuten hori guztia 980/2013 Errege Dekretuarekin. Erkidegoetan familiako bitartekaritza arautzen duten legeak ere Estatutik eta Europatik datozen printzipio eta oinarri horiei atxikitzen zaizkie.

Non bilatu daiteke bitartekari bat?

Espainiako Justizia Ministerioaren mende dago Bitartekarien eta Bitartekaritza Erakundeen Erregistroa, eta datu base informatizatu eta doako batean dago informazio guztia (Ministerioaren web ataritik eskuratu daiteke).  Espainiako Bitartekaritza Elkarteak ere urtero argitaratzen du Espainiako Bitartekari Profesionalen Gida, zeina on-line ikus daitekeen edo paperean ere bai epaitegietan, notariotzan, udaletxeetan, jabetzaren erregistroetan eta merkataritzako erregistroetan; jardunean dauden bitartekarien datuak ageri dira hor, probintziaka eta espezializazio eremuka sailkatuta. Era horretan, behar bezala prestaturik eta egiaztaturik dauden bitartekari profesionalak bila ditzakegu, legeak ezartzen dituen baldintzak beteko dituztenak.

Bitartekarien erregistroa: remediabuscador.mjusticia.gob.es

Espainiako Bitartekarien Elkartea: asemed.org

Zer-nolako abantailak ditu?

Bitartekaritza prozesua malguagoa eta merkeagoa da epaitegietara jotzea baino, eta irtenbide bat aurkitzeko epeak ere laburragoak izaten dira. Bitartekaritzak orekatu egiten du egoera, berdintasun baldintzak egon daitezen gatazkaren alde bien artean, eremu eroso eta lasai batean, zer gertatzen zaien adierazteko modua izan dezaten eta besteari entzun diezaioten. Auzitara jotzea baino errentagarriagoa da, ez ikuspegi ekonomikotik bakarrik, baita denbora eta emozioak kontuan hartuta ere. “Epaitegietan ez daitezke landu gai batzuk, sakoneko zauri batzuk. Epaileak ez du entzungo alderdi emozionala, eta konpondu ere ez du egingo; hark epai bat emango du, eta hori da trapu bat jartzea sendatuko ez den zauri batean. Bitartekaritzak altxatu egiten du trapu hori, zauria desinfektatu, agerian jarri eta sendatzera uzten du.  Esan liteke gatazketako osagileak garela bitartekariak”, azaldu du Nuria Calvok.

Zer-nolako gatazketan esku har dezakete?

Banaketak, dibortzioak, ikasgelako gatazkak, lan arloko arazoak, bizilagunen arteko konponezinak, herentzien banaketak, familiako enpresak desegitea… Bizitza zibileko eta merkataritza arloko edozein arlo hartzen du bitartekaritzak, nahiz eta bitartekaritza penala eta presondegietako ere baden, baita komunitarioa eta kulturartekoa ere, zeinak lagundu egingo duen alderdi bat baino gehiago kontuan hartzen korapiloa asko estutu denean. Hezkuntza komunitateko bitartekaritzak prebentzioaren eta formazioaren bidez landu dezake eskola jazarpena, baina ez bullyinga gauzatu denean, hor dagoeneko bortizkeria gertatu baita. Era berean, banatzeko prozesu batean bitartekaritza egiterik ez dago genero indarkeria gertatu bada. “Praktika errestauratiboak” bai, hori egiteko modua egongo litzateke bitartekaritzan, epaitegietako prozesuarekin batean, bestelako komunikazio bat lortzeko, bortizkeriarik gabea, gatazka kudeatzeko modu gisa. “Era horretan, biktimek prozesatu egin dezakete nola sentitu diren eta biktimagileek gogoetatu egin dezakete zerk eraman dituen min egitera eta biktimaren ahotik entzun dezakete zer eragin eduki duen beren jokabideak. Horrek ez du esan nahi ados jarriko direnik, baina bai gai izan daitezkeela beren bizitzekin jarraitzeko”, adierazi du bitartekariak.

Nola gauzatzen da familiako eremuan?

Zenbaitetan, familia barnean gertatzen da gatazka, eta bitartekari eske joan daitezke konponbidea emateko tresnarik ez badute aurkitzen familian bertan. Senitarteko inplikatu guztiei eragiten die esku-hartze horrek, elkarri ematen dioten tratua aldatu dezaten bortizkeriarik gabeko komunikazio baterantz. Bitartekaritzaren profesionalak zenbait trebetasun eskainiko dizkie, asertibitatez jokatzeko, emozioak azaltzeko eta modu aktiboan entzuteko, besteak beste. “Ongi hitz egiten dizutenean, ongi erantzuten duzu. Hori lantzen dugu arazoak dituzten familiekin. Adibidez, haur bat adoptatu duten gurasoak izan daitezke, arazoak dituena haurra handitu denean. Guztiekin lan egiten dugu beste modu batean komunikatu daitezen eta oihuak eta irainak albo batera utz ditzaten, komunikazio hori sarria eta kalitatezkoa bihur dadin”, adierazi du Calvo Boizasek.

Mendekotasuna duten senitartekoen zaintzak eragiten dituen zailtasunen aurrean ere jo daiteke bitartekariarengana. “Lan asko egiten dugu adinekoen zaintzari eta gaixo dauden seme-alaben zaintzari loturiko gatazketan, konponezin asko sortzen delako familietan kideren batek zaintza berezia behar duenean. Dena mugitzen da senitarteko horien inguruan eta tirabirak sortzen dira nola antolatu behar den edo erabakiak nola hartu behar diren aztertzerakoan. Hori guztia modu prebentiboan landu daiteke familiarekin, etorkizunean gertatzen denean aski tresna eduki dezaten egoera bakoitza konpontzeko”, azaldu du Calvok. Beste esku-hartze bat izan liteke familiako enpresa baten inguruko bitartekaritza egitea, non protokoloak sortuz lantzen diren etorkizunean ager daitezkeen gatazkak, belaunaldi aldaketa modu ordenatuan egiteko enpresaren jabeak erretiroa hartzen duenerako adibidez, eta idatzita utzi seme-alabek eta familia politikoak nola hartuko duten beren lekua eta nola konponduko diren familiako enpresan sor daitezkeen sozietate-arazoak.

Nola hasten da prozesu bat?

Informazio saio batekin hasten da guztia. Bi aldeak elkartuta egin daiteke edo bereizita, eta jakinarazi egiten zaie nolakoa izango den bitartekaritza prozesua, zer-nolako printzipioek agintzen duten, leku seguruan egingo dela —fisikoa edo on-line—, hitz egiteko txandak errespetatu beharko direla eta zein izango diren bitartekaritza egiteko denborak eta moduak. Informazio saioa egin ondoren, aldeak ez badaude ziur, 48 eta 72 ordu arteko denbora bat ematen zaie aztertzeko eta bitartekaritza hasi nahi duten erabakitzeko. Behin onartuta, hurrengo saioan eratze akta sinatzen da, non bi aldeek konpromisoa hartzen duten bitartekaritzan parte hartu eta lankidetzan aritzeko, informazio saioan azaldu zieten baldintzetan. Saio bakoitzaren prezioa hitzartzen da, saio horien arauak zein izango diren eta labur-labur azaltzen da zein den bitartekaritzara eraman dituen arazoa.

Zer-nolako pausoak eman behar dira?

Arazoa lehenbizikoz entzuten denean hasten da bitartekaritza. Bi aldeei adi entzutea da kontua. Lehenbizi batek hitz egiten du, bere ikuspuntutik, 15 minutuz, inork eten gabe. Bukatzen duenean, bitartekariak laburpen baten bidez edo esaldi batzuen bidez azaltzen du entzun duena, pertsona horrek beste baten ahotik entzun dezan bere historia eta beste aldeak ere hirugarren baten bidez entzun dezan bertsio hori. Ondoren, beste aldeak, hari dagozkion 15 minutuetan, bere ikuspegia azalduko du. Ondoren, laburpena entzungo da berriz ere. Gero, bitartekariak galderak egingo ditu, arakatuz, komunikazio baikor batekin, bi aldeak landuz joan daitezen korapilatua duten guztia.

Elkarrekin egindako lehen saioaren ondoren, “Caucus” delakoa edo banakako saio pribatua egin daiteke, non bitartekariak galderak egiten dituen norberak bere barrena hustu edo arintzeko eta alde bakoitzaren analisia bereizita egiteko. Bitartekariek ez dute irtenbiderik iradokitzen; zenbait tresna eskainiz jarduten dute, adibidez ideia zaparrada, desiren kartak (nolako egoera nahi luketen adierazteko) edo rolak trukatzea, besteren artean. Alde bakoitza bidea eta irtenbideak aurkituz joaten da, partzialak edo osoak, eta adostasunera iristen saiatzen dira elkarrekin egiten dituzten hurrengo saioetan.

Zer gertatzen da adostasunera iritsi ezean?

Bitartekaritza saio bakoitza egin ondoren, sinatu egiten dira lortu dituzten adostasun partzialak, eta azken akordioa ere bai bitartekaritza bukatzean. Ondoren abokatuen esku utz daitezke, beharrezkoa bada, itxura juridikoa eman diezaieten, baldin eta epaitegi batean aurkeztu behar badira prozedura homologatu dezaten, edo notario baten aurrean, baldin eta eskritura publikoa egin nahi bada, betearazteko modua egon dadin norbaitek adostu dena bete ezean. “Gatazka bat gaiztotzen denean eta aldeek aurrera egiteko modurik ez dutenean, adostasunik gabe bukatzen da bitartekaritza. Baina ez da porrot bat, lehen pausoa baizik. Edo gatazkak agian lau alderdi ditu eta horietako hiruretan ados jartzen dira eta laugarrenean auzitara jotzea erabakitzen dute. Bitartekaritza lehen pausoa izan daiteke etorkizunean beste akordio batzuk lortzeko”, adierazi du Calvo Boizasek.

Zenbat kostatzen da?

Erkidego batzuek ofizioko bitartekaritza txandak eskaintzen dituzte doan familia eremurako, baliabiderik ez duten eta laguntza behar duten pertsonek erabil dezaten. Bitartekaritza, dena den, oraindik ez dago orokortua eta txertatua doako justizian. Eremu pribatuan, libre da norberak nahi duen prezioa jartzea; 40 eta 120 euro artean izaten da saio bakoitza, eta 50-60 minutu irauten dute, gatazka zenbateraino den zaila. Helburua izaten da irtenbide bat aurkitzea ahalik eta denbora laburrenean. Bitartekaritza malguagoa eta azkarragoa da beste edozein prozedura baino. Astean saio bat jarriz gero, adibidez, konponduta egon liteke lau edo sei asteren buruan. Hala izanez gero, 160-480 euro artean ibiliko litzateke bitartekaritzaren prezioa lau aste iraunez gero, eta 240 eta 720 euro artean sei astera luzatuz gero. Oso konplexuak diren bitartekaritza batzuetan, non bitartekariak protokolo bat landu behar duen adibidez edo ondasun ugariko herentzia bat banatu behar duen, aukera bat izaten da azken emaitzaren ehuneko bat kobratuko dela hitzartzea. Nolanahi ere, bitartekaritza merkeagoa da gatazka bat auzitegietan argitzea baino [eskatzen den kopurua 2.000 eurotik gorakoa denean], horietan abokatua ordaindu behar izaten delako, prokuradorea eta auzibidearen kostuak ere bai. Eratze saioan adosten eta sinatzen da bitartekaritzaren prezioa, eta erdi bana ordaintzen dute bi aldeek.