Endometriosia. Ez isildu hilekoaren mina
Endometriosiaren prebalentziari buruzko zifrak ez dira nolanahikoak. Diabetesaren edo migrainaren pare dabiltza kopuruak, baina gaitz hori ahaztuta eta baztertuta egon izan da ikerketa zientifikoetatik. Egia esateko, hilekoarekin zerikusia duen guztiarekin gertatu da hori, eta gaur egun ere ez dakigu gauza askorik horren inguruan. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) emandako datuen arabera, 190 milioi emakumek daukate gaitz hori. Planeta osoan ugaltzeko adinean dauden emakume guztien %10-%12 da hori, eta Espainiako Estatuan ere oso antzekoak dira ehunekoak. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera bi milioi emakume ari direla borrokan lehenbiziko hilekoa izan zutenetik: hilekoari loturiko koliko gogorrak eta analgesikoekin arintzen ez direnak, pelbiseko min handiak, oinaze handi eta deserosoak sexu harremanetan, urdaileko mina eta ziztadak gernua edo gorozkiak egitean, goitika egitea eta zorabioak ere bai.
8 Urte behar diagnostikoa egiteko
Sintoma horiek guztiek argi azaltzen dute zerbait ez dabilela ongi, baina, hala ere, denbora asko behar izaten da endometriosiaren diagnostikoa egiteko. “Diagnostikoan izaten den atzerapen hori da oraindik ere espezialistek aurrez aurre dugun erronka handia. Nahiz eta gero eta gehiago hitz egiten den horri buruz, oraindik ere uste izaten da –bai pazienteek eta bai medikuek ere– hilekoarekin mina sentitzea gauza normala dela. Horren ondorioz, diagnostikoa atzeratu egiten da orain ere, batzuetan zortzi urte ere bai”, azaldu du Alicia Gutierrez Alaguerok, Madrilgo San Carlos ospitale klinikoko ginekologoak.
Urteetan normaltzat jo den arren hilekoaren mina, hilekoak ez du zertan mingarria izan. Kaltetuek barneratu egiten dute emakumeetan normala dela oinazez okertuta gelditzea edo institutura eta lanera joan ezinik gelditzea hilekoa dutenean. “Sintoma horiei garrantzia kentzen badiegu, begiak ixten ari gatzaizkio emakumeari egiaz gertatzen ari zaionari. Endometriosia duten pazienteetan, hilekoaren mina izango da sintomarik ohikoena, baina sexu harremanetan eta komunera joatean mina sumatzea ere oso ohikoa izaten da. Sintoma gehienak goiz samar agertzen dira, eta ez da ulergarria diagnostikoa hainbeste atzeratzea”, nabarmendu du Santiago Diezek, zeina Endometriosi Unitateko arduraduna den Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean (Bizkaia). Bi espezialistek onartu dute azken urteetan gehiago hitz egiten dela gaixotasun horri buruz. “Ikuspegi klinikotik, gero eta kongresu eta ikastaro espezifiko gehiago dago espezialistei formazioa emateko paziente horiek hobeto artatu ditzaten. Hala ere, pausoak ematen jarraitu behar dugu informazioan eta formazioan, behingoz gaixotasun isila izateari utz diezaion”, adierazi du Gutierrez Alaguerok.
Gaixotasun kroniko bat da, onbera, hanturazkoa eta estrogenoen mendekoa, eta ugaltzeko adinean dauden emakumeei eragiten die bizitza osoan. Ehun endometriala –umetokiko paretaren zati bati ezkata gisakoak erortzen zaizkio obulua ernaltzen ez denean, eta hilekoarekin kanporatzen da– organismoko beste zati batzuetan txertatzen denean sortzen da. Ohikoena izaten da umetokian, obulutegietan, Falopioren tronpetan, maskurian eta hesteetan txertatzea (hala izaten da kasuen %95ean). Horrek mina eragiten du hilekoa etortzean, norbera ezinduta uzterainokoa (jario handikoa izaten da hilekoa), min arinak sexu harremanak izan aurretik edo ondoren, baita komunera joatean ere, digestio arazoak eta ugalkortasunik eza.
“Ginekologoaren gaixotasuna”
Gaitz hori ikertzeko interes faltaren eraginez, gaur egun ez da sumatzen aurrerapen bereiziki aipagarririk tratamenduan. Baina etorkizuneko sendabide hipotetiko bati begira jarri aurretik, espezialista guztiek nabarmentzen dute gaitza albait arinen tratatu beharra dagoela, pazienteak hobeto erantzungo diolako eta patologia bera ere kontrolatuagoa egongo delako. Santiago Diezen iritziz, diagnostikoa garaiz egitea ez ezik, garrantzitsua da gaixotasunari behar bezala heltzea ere. “Tradizionalki, endometriosia beti izan da ginekologoaren gaitza, hari bakarrik zegokiolako arreta eskaini eta tratamendua jartzea. Baina ohartu gara harago doala, kontuan hartu behar direla, halaber, kirurgialariak, errehabilitatzaileak, psikologoak eta psikiatrak. Azkenean banatu egin behar dira erantzukizunak, denok bide beretik joan behar dugu diagnostikoa errazago egiteko eta arlo terapeutikotik egoki heltzeko”, adierazi du espezialistak, eta onartu du gaitzaren ingurukoak erabat aldatu direla endometriosia diziplina anitzetatik lantzen hasi denez geroztik ospitaleetako unitate espezifikoetan.
Nola diagnostikatzen da
Historia kliniko on bat egiteaz gain, gaixotasunaren diagnostikoa egiteko baliagarria izaten da azterketa orientatu bat eta ekografia bat egitea ere. “Talde oso prestatua behar da ekografia egiteko, ez baita ginekologiako ekografia estandar bat, non umetokia, tronpak eta obuluak ikusten diren. Inguruan dauden ehunetara ere zabaltzen den gaitza da endometriosia, hesteetan edo maskurian txertatu daiteke eta. Proba konplexuagoa da eta prestakuntza eskatzen du; hori dela eta, funtsezkoa da profesional talde egokia aurkitzea”, oroitarazi du Santiago Diezek.
Neurriko tratamenduak
Behin diagnostikoa eginda, ginekologoak esango du zer-nolako tratamendua komeni den, bat baino gehiago dago eta. “Endometriosiaren tratamenduak erabat pertsonalizatua izan behar du”, azaldu du espezialistak. “Ez gara ari endometriosiaz, endometriosia duten emakumeez ari gara. Helburua da emakume bakoitzari neurriko jantzia egitea, batekin funtzionatzen duenak ez baitu zertan egin beste batekin”, erantsi du Diezek. “Oso garrantzitsua da ulertzea zer nahi eta behar duen pazienteak. Harekin hitz egin behar da sintomatologiaz, ama izateko desirez, tratamendu batzuk hartzeko beldurraz, eta partaide egin behar da jarraitu beharreko tratamenduaren gaineko erabakian. Plan pertsonalizatu bat egin behar dugu pazientearen ugal bizitza osorako, gaixotasun kroniko bat delako, denbora horretan guztian pairatu beharko duena, eta sintomatologia eta lehentasunak aldatu egin daitezke”, adierazi du Alicia Gutierrezek. Gainera, kontuan hartu behar da tratamendu jakin bat eraginkorra izan daitekeela aldi batez pertsona batentzat, eta urteekin galdu egin lezakeela eraginkortasuna zenbait arrazoirengatik, adibidez metabolismoan aldaketak gertatu direlako, bestelako gaitz batzuk agertu direlako…
Gaur egun, bi zutabe ditu endometriosiaren tratamendu medikoak: fisiopatologikoa eta hanturak eragiten duena. Lehenbizikoan, hormona bidezko tratamenduekin aurre egiten zaio gaixotasunaren jatorriari. Ehun endometrial ektopikoak, hau da, ohiko lekutik kanpo agertzen denak, hanturazko erreakzioa sorrarazten du eta bere errezeptore hormonalak ditu, umetokiko estalkia biltzen duen ehun endometrialak bezalaxe; ondorioz, errezeptore hormonal horien gain jardun beharra dago. Hanturari, bestalde, hanturen aurkako tratamendu sintomatikoekin eta zenbait eskalatako analgesikoekin egiten zaio aurre. “Parazetamol eta gisako analgesikoak edo hanturen aurkakoak, antikontzeptiboak eta baita depresioaren eta epilepsiaren aurkakoak ere. Ez zaizkio ematen epilepsia edo depresioa tratatzeko, nahiz eta batzuetan behar izaten den; beste era bateko minak tratatzeko izaten dira. Mina arintzeko teknika interbentzionistagoetara ere jo daiteke, adibidez infiltrazioak edo nerbio blokeoak egitera”, azaldu du Alicia Gutierrezek.
- Hesteetako oinazea.
- Hileko oso ugariak edo oso irregularrak.
- Min handia sentitzea hilekoaren garaian, analgesikoekin joaten ez dena eta bizimodu normala egiten uzten ez duena.
- Goragalea, goitika egitea eta zailtasunak izatea jateko edo digeritzeko hilekoaren garaian.
- Neke irudipen handia edo energia falta menstruazio garaian.
- Mina sexu harremanetan edo ondoren edo orgasmo batean.
- Mina sumatzea sabela libratzean edo gernua egitean hilekoaren garaian.
Haurdunaldia iristen ez denean
Kalkuluek diotenez, endometriosia diten emakumeen %30-%40k zailtasunak eduki ditzakete haurdun gelditzeko. Hainbatetan, haurdun gelditu ezinagatik espezialista batengana joandakoan jakiten dute endometriosia daukatela. Ugalkortasunean eragiteko gai da gaitz hori, eta hauek izaten dira arrazoietako batzuk: sabelaldean hantura bat sortzen delako eta eragotzi egiten duelako obulua eta espermatozoidea elkartzea, pelbiseko elementu atxikiek (ehun endometriala) buxatu edo eragotzi egiten dutelako tronpak normal mugitzea edo ez duelako uzten obulatzen eta estrogenoa eta progesterona ekoizten. Santiago Diez ginekologoak oroitarazten du gaixotasun kronikoa dela eta okertu egin daitekeela denborarekin. “Endometriosia obulutegiko ehun gero eta gehiago desegiten joan daiteke, haurdun gelditzea ezinezko bihurtzeraino. Kontuan hartuta lehenbiziko aldiz haurdun gelditzeko batez besteko adina gero eta handiagoa dela, gaitza duen emakumeari adierazi behar zaio agian babestu egin behar dela haren ugalkortasuna. Berdin egiten dugu minbizia duten pazienteekin kimioterapia ematen hasi aurretik, eta haien obozitoak lortzen ditugu aurrerago erabili ahal izateko”, azaldu du espezialistak.
Kirurgia: azken baliabidea
Tratamendu medikoa eraginkorra izan ez denean eta tratamendu bat eta bestea probatu ondoren pazienteak sintoma ezgaitzaileekin jarraitzen duenean jo behar da kirurgia erabiltzera. “Endometriosia gaitz kroniko sendaezina da; hortaz, 20 urteko emakumeei ebakuntzak egiten hasiz gero, baliteke paziente hori egoera berean egotea 50 urterekin, baina hainbat ebakuntza eginda. Badakigu kirurgiarik eraginkorrena lehenbizikoa dela eta ondotik egiten diren guztiek ez dutela hobetzen ez mina eta ez ugalkortasuna ere emakume horietan. Horregatik endometriosian ebakuntza gutxiago egin behar da, baina egiten direnak ongi egin”, adierazi du Santiago Diezek. “Kirurgia aurreko azterketa on bat egin behar zaio pazienteari, gaixotasunaren kokapen guztiak identifikatu eta esku-hartzea oso ongi planifikatu, diziplina anitzeko talde baten laguntzaz hala beharko balitz (digestio arloko kirurgialariak, urologoak…)”, azaldu du Alicia Gutierrezek. Ebakuntza horiek delikatuak dira. Kirurgia egokitzat jotzen da, adibidez, endometriomak agertzen direnean (obulutegian kisteak sorrarazten dituen endometriosia da). Kisteak oso handiak direnean eta hausteko arriskua dagoenean egiten da ebakuntza (8 cm baino gehiago dituztenean) edo endometriosia hestean, uretran edo maskurian dagoenean.
Cedars-Sinai Ospitaleko zientzialariek ikerketa bat egin dute gaiaren inguruan (Los Angelesen dago, Kalifornian), eta joan den urtarrilean argitaratu da Nature Genetics aldizkarian; horren bidez, esan liteke endometriosia duten pazienteei atea zabaldu zaiela tratamendu pertsonalizatuagoak eta eraginkorragoak jasotzeko. Zehazki, ikertzaile horiek pazienteen 400.000 zelula indibidual aztertu dituzte eta profil molekular bakarra eta aitzindaria sortu dute endometriosirako; horri esker, endometriosiaren barnean dauden azpimota nagusien artean dauden desberdintasun molekularrak identifikatu dituzte (obulutegietakoa, tronpetakoa, peritoneokoa). Datu base hori baliagarria izango da gehiago jakiteko gaitzaren jatorriari buruz (oraindik ere ez baitakigu gauza asko), zer-nolako bilakaera izaten duen ikusteko eta tratamendu terapeutiko eraginkorragoak aurkitzeko emakume bakoitzarentzat.
Elikaduraren zeregina
Alicia Gutierrezek behin eta berriz nabarmendu du diziplina anitzeko tratamenduei esker lortu dela azken urteetan paziente horien bizi kalitatea hobetzea. “Kontua da maila klinikoan ematen diren tratamendu medikoak –analgesikoak eta tratamendu hormonala– bestelako tratamendu osagarri batzuekin elkartzea, adibidez hanturen aurkako dieta mediterraneoarekin, non elikagai antioxidatzaileak hartuko diren”, adierazi du. Baina endometriosiaren sintomak arintzeko edo urritzeko gaitasuna duen dietaz ari garenean, pazienteari jakinarazi egin behar zaio oraindik ere ez dagoela ebidentzia zientifikorik bata eta bestea lotzeko, nahiz eta emakume gehienek adierazten duten eragozpenak eta minak hobetu egin zaizkiela hanturaren eta herdoilaren aurkako dieta batekin. Ikerketa asko egin da elikaduraren eta endometriosiaren arteko harremanaren inguruan, baina elikagaiak edo mantenugaiak modu isolatuan aztertuta, ondorio desberdinak atera izan dira eta kontraesan batzuk ere bai. “Diziplina anitzeko tratamendu baten barnean egiten bada, eta ginekologoak agintzen duen tratamendu medikoa albo batera uzten ez bada, beti da gomendagarria dieta zaintzea, baita norberari egokitzen zaion jarduera fisikoa egitea eta estresik eta kutsatzailerik gabe bizi izatea ere”, erantsi du Alicia Gutierrezek.
Hanturaren aurkako dieta bat
Hantura eta estres oxidatzailea arrastoan sartuko dituzten elikagaiak jatea da gakoa. Endometriosiaren inguruan ikertzen joan den heinean, ikusi da badagoela lotura bat gaitz horren eta estres oxidatzailearen artean, eta horrexegatik, gero eta garrantzi gehiago ematen zaio bizi ohitura jakin batzuk barneratzeari. Gauza jakina da, adibidez, likido peritonealean egin diren analisiei esker –sabelaldeko barrunbean sortzen da eta sabelaldeko organo gehienak estaltzen ditu–, endometriosia duten emakumeek maila handian izaten dituztela prostaglandinak (substantzia horrek parte hartzen du obulazioa doitzeko prozesuan, endometrioaren fisionomian eta menstruazioan). Kopuru handietan, hantura eragiten du substantzia horrek eta, ondorioz, umetokiko eta hesteetako giharren kontrakzio indartsuak. Hau da, hortik dator mina.
Prostaglandinak gantzak dira, gorputzak sortzen dituenak elikagaietatik datozen beste gantz azido batzuetatik, eta horrexegatik, minari aurre egiteko modu bat da prostaglandina “txarrak” esaten zaien horien ekoizpena murrizten saiatzea gure organismoan (2. seriekoak esaten zaie hizkera zientifikoan), horiek eragiten dute-eta hantura (animalia jatorriko gantzak hartuta sortzen dira, batez ere haragi gorria eta azukreak).
Edozein zantzu sumatzean, galdetu
Endometriosiak, tratatu ezean, ezinduta uzten du eta ezin izaten da bizimodu normalik egin. Familiako medikuak ematen du sarbidea osasun sistemarako, eta profesional horren esku dago diagnostikoak ez hainbeste atzeratzea. Mina sumatuz gero, laguntza eskatu behar da eta zerk eragiten duen ikertu. Agian ez da ezer izango, baina izan liteke alarma bat, zerbait ongi ez doan seinale.