Analisi dokumentala egin dugu jakiteko haurrek eta nerabeek nola erabiltzen dituzten sare sozialak

Haurrak eta nerabeak: sareari lotuta

Hamar eta hamazazpi urte bitarteko gazteen %66k badute profila sare sozialetako batean, eta interakzio tresna gisa eta beren nortasuna adierazteko tresna gisa erabiltzen dituzte, helduengandik bereizita
1 ekaina de 2016
Img tema de portada listado 197

Haurrak eta nerabeak: sareari lotuta

/imgs/20160601/inicio-tema.jpg

Interneteko sare sozialek errotik aldatu dute pertsonekin interakzioan aritzeko modua. IAB Spain erakundearen arabera (komunikabide digitaletako publizitatearen arloa ordezkatzen du Espainian), 16 eta 55 urte arteko 15,4 milioi pertsonak baino gehiagok erabiltzen dituzte sare sozialak maiz samar Espainian. Herritar horietako askorentzat gauza berriak dira sare sozialak, baina “natibo digital” esaten zaienei guztiz ohikoak egiten zaizkie (teknologia berriak erabiltzeko kulturaren barrenean jaio diren gazteei esaten zaie horrela). Pertsona hauentzat ez dago alderik online edo offline bizitzearen artean.

EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du gazteenak zer-nola hurbiltzen diren sare sozialetara eta nola erabiltzen dituzten. Horretarako, zenbait informazio iturri erabili ditu: Espainiako Estatistika Institutua (INE), Espainiako Barne Ministerioa, Datuak Babesteko Espainiako Agentzia, Komunikabideak Ikertzeko Elkartea (AIMC), Europako Batzordearen EU Kids Online ikerketa sarea, Gazteriaren Institutua (Injuve), Espainiako Interneteko Segurtasun Zentroa Adingabeentzat (Protégeles), PantallasAmigas eta IAB Spain, eta horietaz gain, baita unibertsitateko zenbait ikertzailek egindako azterlanak ere.

Zer-nolako bilakaera izan du erabilerak

Haurrek eta nerabeek aspaldi samarretik txertatzen dituzte teknologia berriak beren egunerokoan: INEren arabera, 10 eta 15 urte arteko haurren %94k Internet erabiltzen dute. Eta Interneteko mundu erraldoi horren barrenean, sare sozialak lehentasunezko lekua hartzen ari dira gazteek on-line egiten duten jarduera horretan.

2011. urtean, EU Kids Online izeneko ikerketan (Sarea erabiltzen zuten 9 eta 16 urte arteko 1.000 adingaberekin baino gehiagorekin egin zuten Espainian), gazte horien %59k onartzen zuten sare sozialak erabiltzen zituztela, besteen profilak bisitatzeko besterik ez bazen ere.

Espainiako nerabeek Interneten eta sare sozialetan dituzten erabilera ohiturak azterlanean, berretsi egiten zen erabilera handi hori (‘Comunicar’ aldizkarian argitaratu zen, 2013. urtean). Lan horretan, Antonio Garcia, Mª Cruz Lopez de Ayala eta Beatriz Catalina Garcia irakasleek (Rey Juan Carlos Unibertsitatean ari ziren, Madrilen) 12 eta 17 urte arteko 2.000 neraberi baino gehiagori egin zizkieten elkarrizketak.Inkestari erantzun zioten nerabeen %75 oso maiz konektatzen ziren gizarte sareetara: 15 eta 17 urte artekoetan, %84 sartzen ziren, eta 12 eta 14 artekoetan, %68.

2014. urtean, Espainiako adingabeek eta gazteek Interneten eta sare sozialetan dituzten erabilera ohiturei eta segurtasunari buruzko inkesta lanean (Espainiako Barne Ministerioak egin zuen, 10 eta 17 urte arteko 1.500 haur eta neraberekin baino gehiagorekin), %94k adierazi zuten azken hilean bideoak ikusi zituztela Youtuben, %82k zioten berehalako mezularitza erabiltzen zutela eta %68k sare sozialetako profilak bisitatzen zituztela (berea edo beste norbaitena).

2015. urtean, berriz, sare sozialen sarbidea %97koa da 14 eta 17 urte artekoen artean, datu hori eman du IAB Spain erakundeak. Gehienak ordenagailu bidez sartzen dira, arratsalde erdian edo mugikor bidez, gauerdian.

Facebook da gehien atsegin duten sarea, eta atzetik datoz Twitter eta Instagram. Sailkapen hori ez dator guztiz bat nerabe horiek gehien erabiltzen dituzten sare sozialen sailkapenarekin: Facebook ageri da lehen tokian, eta Youtube eta Twitter ondoren. Instagram eta Tuenti datoz ondotik (azken hori desagertu egin zen 2016ko otsailean), eta zerrendaren bukaeran daude Spotify, Google+, Badoo, LinkedIn eta Pinterest.

Nortasuna eraikitzea

Sare sozialak eta adingabeak elkarri eskua emanda daude, eta horren arrazoia, hein batean, nerabe izateari berari lotua dago. Belinda de Frutos eta Tamara Vazquez ikertzaileek (Valladolideko Unibertsitatean eta CEU San Pablo Unibertsitatean ari dira, hurrenez hurren) azterlan kualitatibo bat egin zuten, Sare sozialak nerabe eta gazteengan: autoerregulazioranzko ikaskuntza izenekoa, eta 15 eta 19 urte arteko pertsonekin egindako eztabaida taldeetan bildutako informazioa erabili zuten ondorioak ateratzeko. Aditu horien iritziz, sare sozialak garrantzitsuak dira nerabeentzat, “interakzioan aritzeko beharrizana gauzatzeko tresnatzat hartzen dituztelako, eta aukera ematen dielako beren irudi pertsonala eraikitzeko, helduen mundutik bereizita”.

Antzeko iritzia ematen du Lucia Merinok Injuve-rentzat egindako analisian (Gazteria gizarte sareetan: gizarteratze digitalaren esanahiak eta praktikak), non 14 eta 17 urte arteko 300 gazteri egin zieten inkesta: “Harremanetan egotea funtsezkoa alderdia da nortasuna eraikitzeko prozesu dinamikoan, eta teknologia berriek aukera ematen dute lagunekin etengabe harremanetan egoteko”. Egiaztatu zuenez, “sare sozialen eta berehalako mezularitza zerbitzuen bidez egiten dute talde lotura hori eta interakzioa”.

Info eu

Profilak: konfigurazioa eta legezkotasuna

Profilak

EU Kids Online ikerlanak 2011. urtean baieztatu zuen Espainian 9 eta 16 urte arteko nerabeen %56k profil bat zutela plataforma sozialetan. Adinka, 9 eta 11 urte arteko adingabeen %11k aitortu zuten profila zutela, 11 eta 12 urte artekoetan %42k, 13 eta 14 urte artekoetan %74k eta 15 eta 16 urteko nerabeen artean, %89k. Espainian, Interneteko sare sozial batean profil bat izateko gutxieneko adina 14 urtekoa da legez. Hala ere, inkestari erantzun zioten adingabeen artean, 9 eta 13 urte arteko neska-mutilen %40 inguruk bazuten. Handik urtebetera, Espainiako Barne Ministerioak egindako inkestak erakutsi zuen galdekatu zituzten gazteen %66k bazeukatela beren profila sare sozial batean. Are gehiago, %22k onartu zuten bat baino gehiago zutela.

Azterlan horretan gurasoei ere galdetu zitzaien (milari baino gehiagori), ea beren seme-alabek bazuten baimenik sare sozial batean profila izateko (10 eta 17 urte arteko neska-mutilen gurasoak ziren): %40k ezetz erantzun zuten, %33k esan zuten haiek zainduta bakarrik eduki zezaketela eta %27k nahi zutenean irekitzeko baimena zutela. Bestalde, inkestan parte hartu zuten gazteen artean (mila inguru), %43k ziurtatu zuten beren gurasoek baimena eman zietela nahi zutenean profila edukitzeko, %28k adierazi zuten haien baimenarekin baino ez zezaketela eduki eta %27k esan zuten ez zietela eman horretarako baimenik.

Konfigurazioak eta solaskideak

EU Kids Online azterlana egin zuten ikertzaileek diote, adingabeek sare sozialetan egiten duten erabileraren segurtasunari dagokionez, garrantzitsua dela kontuan hartzea zenbat solaskide dituzten eta beren profila nola konfiguratu duten.

Europako Batzordeak 2011. urtean egin zuen inkestaren arabera, adibidez, sare sozialetan profila zuten adingaberik gehienek solaskide bat eta 50 hamar artean zituzten beren profilean. Erabiltzaileen %8k, ordea, 300 solaskide baino gehiago zituztela esaten zuten. Adituen esanetan, solaskide kopurua ez da berez txarra, baina “batez ere adingabeetan, izan liteke irizpide edo arreta faltaren adierazgarri, arriskutsu izatera irits daitezkeen solaskide jakin batzuen inguruan hain zuzen”.

Segurtasunaren ezaugarriei dagokienez, profila duten 11 eta 16 urte arteko adingabeen %70ek, gutxi gorabehera, konfigurazio pribatua zuten. Aldiz, 9 eta 10 urte arteko adingabeetan, erdiek baino gutxiagok zuten (%48) profil pribatua, eta %36k publikoa. Adituen ustez, “adinez txikienak dira segurtasun profila egoki konfiguratzen ez dutenak, eta horrek pentsarazten digu adin horretan adingabeek oraindik ez dutela aski gaitasun alderdi horien inguruan pentsatzeko, eta beharrezko bihurtzen da konpainiak gehiago inplikatzea arlo horretan”. Haien esanetan, gainera, Espainia da “adingabeek sare sozialaren profilean adinari buruz gezur gehien esaten duten herrialdea (%27), eta segur aski sare sozial batean izena emateko helburuz egiten dute”.

Espainiako Barne Ministerioak, bestalde, 2014. urtean ikusi zuen 10 eta 17 urte arteko adingabeen %48k konfigurazio pribatua ematen ziotela beren profilari (lagunek bakarrik ikusteko), beste %33k partzialki pribatua ematen ziotela (lagunen lagunek ere ikus zezaten) eta %16rena publikoa zela (nahi zuenak ikus zezan). Era berean, honako elementu hauek zituzten profilean jarriak: %65ek beren aurpegia ageri zen argazki bat jarri zuten, %44k abizena ere bai, %32k beren nortasuna islatzen ez zuen irudi bat zeukaten, %30ek egiazko adina esaten zuten, %24k ikastetxearen izena ematen zuten, %20k egiazkoa ez zen adina jartzen zuten, %4k helbidea eta telefonoa, eta %9k egiazkoak ez ziren beste datu batzuk.

Adingabeek Interneteko profilaren pribatutasuna gero eta zorrotzago kontrolatzen dutela uste du, bere aldetik, Guillermo Canovas-ek, Adingabeen Interneteko Segurtasun Zentroaren zuzendariak. “Helduei baino gehiago axola zaie Interneten izen ona izatea. Oso kontutan hartzen dituzten lagunen iritziak eta garrantzitsua iruditzen zaie lagun zein ezagunek egiten eta esaten dutena ezagutzea”. Zerk eraman ditzake, beraz, gazte hauek haientzat kaltegarria den informazio pribatua elkarbanatzera? Canovasen ustez, oniritzia edo ospea jasotzea izan daiteke arrazoi nagusia.

Merino ikertzaileak dioenez, “gazteentzat, gauza guztiak ikusi eta erakutsi ahal izateko eremua dira Interneteko sare sozialak, horrek gogobetetasun sinboliko handia ematen die”. Eta termino bat nabarmentzen du, estimitatea, hau da, “eremu pribatukotzat jotzen den hura modu publikoan erakustea”. Horren ondorioz, lausotu egiten dira “eremu publikoaren eta pribatuaren arteko mugak”.

Txatean aritzearen erakarmena

Txatean aritzea da nerabeek plataforma sozialetan egiten duten jarduera nagusietakoa, ondorio hori atera du Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitateak egindako azterlanak. Inkestari erantzun dioten lau lagunetatik hiruk onartu dute oso maiz egiten dutela. Gainera, erdiak horietaz baliatzen dira lagunen bideoak edo argazkiak ikusteko, %48k mezuak bidaltzen dituzte eta %43k beren profila eguneratzen dute.

Canovas ikertzaileak azaltzen duenez, nerabeenzat Internet harremanak izateko beste modu bat baino ez da, berdin-berdin hitz egiten dutelako Sarean zein kalean. “Haiek ez dute offline eta online arteko banaketarik egiten”.

Etengabe konektatuta, modu arduratsuan

Mugikorraren erabilera

Telefono mugikorrek zeregin handia dute gazteek sare sozialez egiten duten erabileran. INEk emandako datuen arabera, 2015. urtean, 10 eta 15 urte arteko haurren %67k bazuten mugikorra. Adinari dagokionez, 10 urteko haurren %30ek daukate halako gailu bat, eta 15 urtetara iristen direnean, %91k daukate. Are gehiago, Adingabeak eta konektibitate mugikorra Espainian: tabletak eta smartphoneak azterlanaren arabera (Protégeles elkarteak egin zuen, 2014. urtean), 2 eta 3 urteko haurrak maiz sartzen dira gurasoen mugikorretara.

Elkarte horrek 11 eta 14 urte arteko 1.800 haurri egindako inkestan, ikusi du elkarrizketatuen artean smartphonea duten gazteen %72 sare sozialetara sartzen direla: 13 eta 14 urte arteko nerabeen %83 ibiltzen dira plataforma horietan, eta 11 eta 12 urte arteko gaztetxoen %60.

Erabilera horri dagokionez, De Frutos eta Vazquezek egin zuten analisi kualitatiboak zera egiaztatu zuen: gazteek eta nerabeek “etengabe konektatuta egoteko joera dute telefonia mugikorreko gailu berriekin”. Eta hauxe eransten du Protégeles elkarteak: “Batzuen eta besteen arteko harremana, oharrak eta informazio jarioa ez da eteten eguneko une batean ere”.

Erabilera arduratsua

Nerabeek sare sozialetara duten sarbideak eta horiekin duten harremanak kezka handia eragiten die gurasoei, eta azterlan ugari egin dira horren inguruan. Hain zuzen, Espainiako Barne Ministerioak 2014. urtean egin zuen ikerketaren arabera, inkestari erantzun dioten gazteen %24k ikusi izan dute noizbait Interneten nolabait mindu dituen edukiren bat, hau da, deseroso sentiarazi dituena, nahigabetu dituena edo ez zutela ikusi behar sentiarazi diena.

Hori horrela izanik ere, AIMC erakundeak Internet Erabiltzaileei egindako Inkestak erakutsi du (Nabigatzaileak Sarean izena du eta 2016. urtean argitaratu da), 14 urtez azpiko seme-alabak dituzten gurasoen %56k ez dutela erabiltzen inolako sistemarik haurrei Interneteko eduki batzuetarako sarbidea galarazteko edo kontrolatzeko (5.500 haurri buruz ari gara). Guraso horien %24k bakarrik erabiltzen dituzte edukiak iragazteko edo blokeatzeko programak edo guraso kontrola ezartzekoak, eta beste %25ek modu pertsonalean egiten dute (ordutegiak, web-ak, bisitak, eta abar).

EU Kids Onlineren arabera, funtsezkoa da gurasoek haurrak gidatzea, Sarean edozein arrisku mota aurkituta ere, nola jokatu behar duten jakin dezaten: “Garrantzi handiagoa hartzen du seme-alabekin hitz egiteak eta baita sarean haiekin jarduerak partekatzeak ere”.

PantallasAmigas elkarteak, bestalde, zenbait aholku ematen ditu erabiltzaile gazteenek beren pribatutasuna zaindu dezaten plataforma horietara sartzen direnean (haurtzaroan eta nerabezaroan teknologia berriak modu seguru eta osasungarrian erabiltzearen alde egiten duen ekimena da):

  • Xehetasunez ezagutu eta konfiguratu pribatutasun aukerak.
  • Identifikatu ekintza bakoitzaren funtzioak eta eraginak.
  • Norberak zaindu datu pertsonalak.
  • Jarrera proaktiboa eduki norberaren datuak babesteko.
  • Aztertu solaskideen pribatutasun jarrerak eta baldintzak.