Alkoholak inguratuta

Alaitasuna, lagunak, barrea, trebetasun sozialak, ongi pasatzea... halako gauzekin lotzen dugu alkohola, eta horrek esan nahi du oso barneratuta dugula alkohola edatea eta leku nabarmena hartzen duela gure bizitzan. Baina ohartzen al gara zer-nolako ondorioak dituen osasunerako eta alkohola, gutxi hartuta ere, ez dela segurua.
1 uztaila de 2024

Alkoholak inguratuta

Ebidentzia zientifikoak argi erakutsi du alkoholak eragin kaltegarria duela, dosia edozein dela ere, baina alkohola hartzea normalizatuta dago ia mundu osoan. Ez ditugu adituen ohartarazpenak entzuten (entzun nahi), alkoholarekin dugun esperientzia oso ohikoa, egunerokoa eta errotua delako gure kulturan, eta beti dugulako beste garagardo bat eskatzeko aitzakia. Jende askok pentsa dezake ez dela hainbesterako ere, baina datuek kontrakoa adierazten dute.

Gehien kontsumitzen den droga.

Alkohola da Espainiako Estatuan kontsumo prebalentzia handiena duen droga. Osasun publikoko arazo garrantzitsuenetakoa da, eta ondorio sozial gehiago eragiten ditu beste droga batzuek baino, adibidez tabakoak, kokainak edo heroinak baino. Adibide horrek harritu eta larritu egin gaitzake, baina beste droga horien eragina –oso larria izanik ere– txikiagoa da. Adibide bat: Monografía alcohol 2021. Consumo y consecuencias txostenaren arabera (Drogen eta Mendekotasunen Espainiako Behatokiak egina da), legezko substantzia psikoaktiboen artean, alkoholak du lotura gehien larrialdiko gertakariekin, eta 2019an, drogen kontsumoarekin lotuta izan ziren larrialdien %40,3 eragin zituen. “Alkohola da leku gehien hartzen duen droga eta jende gehien hiltzen duena”, azaldu du Joan Ramon Villalbí doktoreak, Drogei buruzko Plan Nazionalean Gobernuak duen ordezkariak. “Espainian urtero 14.000 pertsona hiltzen dira alkoholaren ondorioz, eta substantzia horrek eramaten du jende gehien mendekotasunak tratatzeko zentroetara; ia 30.000 pertsonak hasten dute desintoxikazio tratamendua urtero”.

“Drogei buruz hitz egiten dugunean, argi daukagu alkoholaz ere ari garela”, azaldu du Mercè Balcells psikiatrak, Bartzelonako Clinic Ospitaleko Jokabide Adiktiboen Unitateko buruak. Eta Beber sin sed liburuan, Julio Basulto nutrizionistak eta Carlos Casabona pediatrak sakondu egin dute horretan: “Edari alkoholdunek etanola dute, substantzia toxikoa, adiktiboa, kantzerigenoa eta teratogenikoa (malformazioak eragiten ditu fetuan)”.

Kontsumo arriskutsua

Edari Unitate Estandarrak (EUE) neurtzen du zenbat alkohol erabiltzen den. Espainiako Estatuan, 10 gramo alkohol dira EUE 1; 120 ml ardok (edalontzi txiki bat) edo 250 ml garagardok daukatena da hori. Osasun Ministerioak eguneratu egin du arrisku txikiko alkohol kontsumoaren maila: 20 g/egun (2 EUE) gizonentzat eta 10 g/egun (1 EUE) emakumeentzat, nahiz eta edozein kontsumok arriskua dakarrela onartzen den. Alkohola maila horietatik gora hartzeak hilkortasun handiagoa dakar ez edateak edo gutxiago edateak baino.

Edariaren kultura.

Alkoholari eta Drogei buruzko Inkesta Espainiako biztanleria orokorrean lanaren arabera (EDADES 2022), alkoholaren kontsumoa oso hedatuta dago 15 eta 64 urte bitartean: herritarren %93k noizbait hartu izan dute alkohola bizitzan, eta azken 12 hilabeteetan gehien kontsumitu diren substantzien artean daude alkohola (%76,4), tabakoa (%39,0), hipnosedanteak (%13,1), kalamua (%10,6) eta kokaina (%2,4). Alkohol kontsumoaren prebalentzia azaltzen duten arrazoietako bat “edariaren kultura” esaten zaiona da. Adierazpen hori 2016an sortu zuen Michael Savic doktoreak, Monash-eko Unibertsitateko substantzia adiktiboen ikertzaileak (Melbourne, Australia). Duela gutxi arte, azterlanek alkoholaren kontsumoa banaka aztertzen zuten, testuinguru sozialaren garrantzia gutxietsiz, eta gero horietan oinarritzen ziren politika publikoak.

Baina alkoholaren kontsumoa hain normalizatuta badago, leku guztietan dagoelako da neurri handi batean eta, legezko droga denez, substantzia hori eskuratzea oso erraza delako: Alkohol Monografia 2021 txostenaren arabera (Espainiako Osasun Ministerioak egina), 14-18 urteko ikasleen %94,9k ez zuten inolako zailtasunik izan edari alkoholdunak eskuratzeko. Ministerioan kargua hartu aurretik, Villalbí doktoreak, besteak beste, alkoholak gizartean zer-nolako eragina duen aztertzen zuen. 2016an, Bartzelonako Osasun Publikoaren Agentziak eta Pompeu Fabra Unibertsitateak elkarrekin egin zuten azterlanetan parte hartu zuen, eta Bartzelonako hiri-ingurunean alkoholak zer-nolako lekua hartzen duen aztertu zuen. “Ikerketa horrekin, agerian utzi genuen alkohola kontsumitzeko keinuz beteta dagoela hiria. Zati bat publizitatea da, baina gauza sotilagoak ere asko daude, adibidez terrazetako eguzkitakoak, hautsontziak, ezpainzapiak… guztiak dira marketinerako bitartekoak. Kalea, azkenean, pizgarri handia izaten da”. Ikerketaren ondorioa izan zen Kataluniako hiriburuak 8,18 leku dituela alkohola erosteko 1.000 biztanle bakoitzeko.

Ardo kopatxo batek babestu egiten al du bihotza?

Alkoholaren inguruko mitorik hedatuena izango da, segur aski. Ebidentziak esaten digu ez dela egia, baina, hala balitz ere, ardoak areagotu egiten du minbizi mota batzuk izateko arriskua, eta, beraz, bata edo bestea aukeratu beharko genuke, eta ez da erraza. Zorionez, jada ez da aukeratu behar, Kardiologiako Europako Elkarteak oso argi utzi baitzuen 2019an: “Ez da alkoholaren kontsumoa sustatu behar bihotz-hodietako gaixotasunetatik babesteko”.

Ardogintzak hauspotzen dituen mezu horiek, nabarmen lerratuta dauden azterketetan oinarritzeaz gain, arazo bat dakarte erantsita; izan ere, kontsumoa sustatzen dute, eta kopa bat ona bada hiru gehiago izango direla pentsa dezakegu.

Nerabe zaurgarriagoak.

Alkohol kontsumoaren datuak kezkagarriak dira nerabeen artean. Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 14 eta 18 urte arteko nerabeen %75,1ek alkohola kontsumitu izan dute noizbait eta hirutik batek azken 30 egunetan edan izan du. 13-14 urterekin hasten dira alkohola edaten Espainiako Estatuan. “Kezkatu egiten gaitu. Maiztasunak eta intentsitateak erraztu egiten dute mendekotasuna agertzea, eta nerabeek egiten dutena oso garrantzitsua da”, nabarmendu du Villalbík.

Mercè Balcellsen esanetan, arazo erantsietako bat da nerabeek alkohola erabiltzea arazo emozionalak konpontzeko. Alkohola, gainera, toxiko neuronal bat da, bereziki kantitate akutuetan. “Nerabeen garuna oso plastikoa da, konexio asko egiten eta heltzen ari da garai horretan”, azaldu du.

Ez dute ikusten arriskurik, edozein adinetan eta edozein lekutan eros dezakete alkohola oso erraz eta merke, antsietate handiarekin bizi dira horietako asko etorkizuneko zalantzak direla medio, eta horrek erregaia eransten dio lehendik ere aski indar baduen su bati. Eta adin tarte batzuetan, emakume gazteek gizonek baino alkohol gehiago kon-
tsumitzen dute, “eta hori arazoa izango da luzera begira”, adierazi du Balcellsek. “Beste herrialde batzuetan hasiak gara ikusten. Ameriketako Estatu Batuetan, alkoholak eragindako zirrosia ohikoagoa hasi da izaten emakumeetan. Emakumeek okerrago metabolizatzen dute alkohola faktore biologiko batzuen ondorioz”, azaldu du.

Nola eragiten dio gure osasunari.

Baina datu horiek ez dute ezertarako balio biztanleriak ez badaki zehazki alkoholak zer-nolako arazoak sortzen dituen. Hainbat hamarkadatan, ikerketa zientifikoek iradokitzen zuten alkohola neurrian hartzea hobea zela batere ez edatea baino, eta bizi itxaropena ere luza zezakeela, datuek hala erakusten baitzuten. Baina ikerlan horiek aztertzen direnean, metodologian akats handiak daudela ikusten da. Adibidez, Jama aldizkariak 2023an argitaratu zuen ikerlan batek aztertu egin zituen alkoholaren eraginari buruzko hainbat artikulu, 40 urtean argitaratu zirenak, eta nabarmendu zuen aski lerratuta zeudela. Basultok eta Casabonak beren liburuan adierazten duten bezala, abstemioek osasun okerragoa zuten neurriz edaten zutenek baino, baina arrazoia zen alkohola hartzea eragozten zien gaixotasun bat zutela (askotan, aurrez edale handiak izanak ziren edo alkoholikoak). Gainera, alkohola neurrian kontsumitzen duten pertsonak beste alderdi guztietan ere neurritsuagoak izaten dira: ariketa gehiago egiten dute, dieta osasungarriagoa eta gizentasuna izateko aukera gutxiago dute.

Orain ongi dakigu, zalantzarik gabe, alkohola substantzia arriskutsua dela. The Lancet aldizkariak 2018an argitaratu zuen ikerketa batek aztertu egin zuen 195 herrialdetan alkohol kontsumoak zer-nolako eragina izan zuen 23 gaixotasunetan eta heriotza arriskuan. Datuak erabatekoak dira: alkoholak 2,8 milioi heriotza eragin zituen 2016an, eta heriotza kausa nagusia izan zen 15-49 urteko pertsonen artean. Mendekotasuna eragiteko gaitasun handiaz gain, alkoholak areagotu egin dezake beste gaixotasun asko izateko arriskua. Azken ikerketek erakusten dutenez, edozein alkohol kopuruk, txikia izanda ere, areagotu egiten du minbizi mota batzuk izateko arriskua, hala nola ondestekoa, gibelekoa, hestegorrikoa, bularrekoa eta hestekoa. Kontsumoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da arriskua, baina ez dago arriskurik gabeko kopururik, hala uste bazen ere. Minbizia Ikertzeko Mundu Funtsak (WCRF ingelesez) 2018an argitaratu zuen txosten batek argi eta garbi utzi zuen: “Minbiziarekin lotutako ebidentziak kontuan hartuta, edari alkoholdunen kopuru txikiak ere saihestu egin behar dira. Datuek ez dute alde aipagarririk erakusten edari motaren arabera; beraz, gomendio honek guztientzat balio du, izan garagardoak, ardoak, likoreak edo beste edari alkoholdun batzuk”.

Gainera, buruko nahasmenduen kausa eta ondorioa ere izan daiteke alkohola, Mercè Balcellsek azaldu duenez. Antsietateak, segurtasunik faltak edo taldean partaide sentitzeko nahiak edaten hastera eraman gaitzake eta horrek mendekotasuna sor dezake, baina, gainera, estali egin ditzake nahasmendu baten sintomak: “Askotan, sorgin gurpil baten modukoa da”, dio psikiatrak.

Alkoholarekin zuzenean lotutako beste osasun arazo ugarietako bat haurdunaldian kontsumitzea da, eta horrek alkohol sindromea eragin dezake fetuan. Uste da amek alkohol kantitate handiak kontsumitzen dituztenean edo alkoholikoak direnean bakarrik izaten dela arriskutsua haurrarentzat, baina ez da egia. Fetuaren Espektro Alkoholikoaren Nahasmenduari buruzko I. Jardunaldia egin da aurten Euskal Autonomia Erkidegoan (Fetuaren Alkohol Sindromearen Euskadiko Elkarteak sustatua), eta argi azaldu da haurdunaldian ez dagoela alkohol kontsumo segururik, eta emakume batek edozein alkohol kopuru kontsumitzen duenean gerta daitekeela Fetuaren Alkohol Sindromea; izan ere, emakume horren plazenta zeharkatzen du eta feturaino iristen da. Osasun Ministerioaren arabera, Europako Batasuneko emakumeen %25-50ek alkohola edaten jarraitzen dute haurdunaldian.

Zinemako eta telesailetako adibideak

Don Draper publizitate-sortzailea da Mad Men telesailean, eta hark eta haren lagunek erruz edaten dute alkohola ordu guztietan eta edozein arrazoirengatik. Beste telesail eta film askotan gertatzen den bezala, whiskia eta beste likore batzuk edatea estatusaren sinbolo dira. Alcohol, tabaco, comida basura y deporte aldizkariak ikerketa bat argitaratu zuen Netflixen ematen dituzten telesail eta filmei buruz, non alkohol kontsumoa telesailetan nola irudikatzen den aztertu zuen, eta ondorioa izan zen aztertu zituzten tarteen %32,7tan alkoholarekin lotutako edukia erakutsi zutela. Hollywooden, gaitz guztien aurkako erremedioa da alkohola, eta dena ospatzeko bitartekoa, baina telesailetako protagonistek alkohol asko hartzen duten arren, ia inoiz ez dira irudikatzen hainbeste edatearen ondorio kaltegarriak; bestela esanda, ez zaie ezer gertatzen, eta horrek lagundu egiten du alkohola arriskutsua delako pertzepzioa murrizten. Alcoholism: Clinical and Experimental Research aldizkarian argitaratu zen beste ikerketa batek ondorioztatu zuen filmetan alkohola ageri den eszena asko ikusteak areagotu egiten duela nerabeek neurriz kanpo kontsumitzeko arriskua.

Kontsumo arduratsua?

Irakurri dugunez, ez dago arriskurik gabeko kontsumorik eta, beraz, aditu gehienek esaten digutenaren argitan (onkologoek, mendekotasunetan adituak diren psikiatrek eta medikuek, besteak beste), “kontsumo moderatua”, “kontsumo arduratsua” eta antzeko kontzeptuek ez dute ezer esan nahi. “Industriaren eslogan bat da eta aipamen anbiguoa da oso, apropos egina. Inork ez daki zer esan nahi duen. Mendekotasunekin lan egiten duten profesional askori ez zaie batere gustatzen.

Ez du eragin positibo edo prebentiborik, eta, ziurrenik, saihestu egin nahi du ebidentzian oinarrituagoak diren beste ohartarazpen batzuk egitea”, ohartarazi du Villalbík. Mercè Balcells ere irmo mintzo da: “Erantzukizuna pertsonei pasatu? Denok har dezakegu erantzukizuna gure gain informazio ona dugunean, baina kontsumo arduratsuaren kontzeptua ez badago lotuta haren toxikotasunari buruzko informazio argirekin, ez du askorako balio. Ardura gizarte osoarena da”. Ildo horretan, etiketetan alkoholaren toxikotasunari buruzko informazioa hobetzeko ahaleginak egin izan dira, tabako paketeetan agertzen diren mezuen modukoak jartzeko adibidez, baina ezerezean gelditu dira beti. “Europako Parlamentuak ez du jarri nahi izan alkoholak duen toxikotasunari buruzko informaziorik botiletan”, esan du Balcellsek. “Ez dago gardentasunik, eta beldur handia dago pertsonei informazioa emateko”, ondorioztatu du.

“Edaten ez duen jendea ez da fidatzekoa”

Espainian, 10 pertsonatik 9k alkohola kontsumitu izan dute noizbait; beraz, ez edatea da arraroa. Askotan, alkoholaren kontsumoa hain errotuta dagoen gizarte batean, abstemioak estigmatizatu egiten dira. Alkohola erdigunea den ekitaldietan parte hartzeko presio soziala dago, eta, horren ondorioz, edaten ez dutenak baztertuta edo epaituta senti daitezke. Un tema al día podcasta egiten du Juanlu Sanchez kazetariak, eta atal bat eskaini zion gai honi: Alkoholari uko egiteak ere buruko mina eragiten du. Pepe, Carola eta Cande dira protagonistak atal horretan, eta azaltzen dute edateari utzi izanak “berezi” bihurtu dituela. “Ataka estuan jartzen naute orain ere. ‘Hartu, ez da deus gertatzen! Edaten ez duen jendea ez da fidatzekoa’. Niri bost, baina gaztetxoagoa bazara edo jende artean segurtasun gutxiago sentitzen baduzu, kosta behar zaizu iruzkin horiei ez entzunarena egiten”, nabarmendu du Carolak. ESTUDES txostenaren arabera, taldean onartuagoak izateko edaten dute gazteen %6,5ek.