Indioilar bularki egosia. Xerraz berdin, haragiz desberdin
Orain dela pare bat hamarkada, indioilar bularki egosia ikusi ere ez zen egiten dendetan. Baina gutxika-gutxika lekua hartzen joan da eta urdaiazpiko egosia bezain ohikoa da gaur egun, edo gehiago. Hegazti haragia delako eta gantz gutxi duelako hautatzen dute askok. Ospe horri esker, ugaritu egin dira aukerak merkatuan, eta lehen baino zailagoa da orain zer hautatu jakitea.
Haragian dago desberdintasuna
Indioilar bularki egosia erosi nahi badugu, lehen-lehenik ziurtatu egin behar dugu egiaz hala dela. Begi bistakoa dela pentsa liteke, baina aski erraz nahasten da indioilar bularkiaren fianbrearekin: antzekoak dira, baina azken hori apalagoa da kalitatez eta haragi gutxiago izaten du. Ontziaren aurrealdeari begiratuta bereiz daitezke edo, are hobeto, salmenta izena irakurrita, zeina osagaien ondoan ageri baita.
Haragi kantitatea kontuan hartuz egin behar da hautua: zenbat eta gehiago izan, hainbat hobeto. Horregatik, portzentaje handia dutenek nabarmendu egiten dute ontziaren aurrealdean (Argal, Eroski Maestro, El Pozo eta Noel). Esaten dutena hala dela egiaztatzeko, dena den, osagaien zerrenda irakurtzea da onena, datu horrek nahitaez agertu behar du eta.
Alde nabarmenak ageri dira aztertu ditugun produktuen artean: Argal etxekoan, esaterako, %95 da haragia eta Goikoa etxekoan %67. Azken horretan harrigarria gertatzen da hain gutxi izatea, batez ere aurrealdean zer-nolako mezuak dituen ikusita: “pavo, pavo” (indioilar-indioilarra) eta “extraordinarioa” (apartekoa). Azken termino hori, gainera, nahasgarria izan daiteke, “estra” kategoriakoa dela pentsaraz baitezake, eta aipu hori arautua dago antzeko produktuetarako, besteak beste urdaiazpiko egosirako.
Elkarren artean zer-nolako aldeak dituzten hobeto ulertzeko, haragi kopuruaren arabera multzokatu ditzakegu produktu horiek. Alde batetik, %90etik gora dabiltzanak: Argal (%95), Eroski Maestro (%94), El Pozo eta Noel (biak %93rekin) eta La Selva (%90). Tartean, %70 edo gehiago daukatenak sartuko genituzke, Campofrío Finíssimas (%75), Eroski eta El Pozo Bienstar (biak %70ekin). Azkenik, %70etik behera dutenak: Campofrío Cuidat (%69) eta Goikoa (%67).
Erosketa gida hau egiteko, indioilar egosiaren hamar marka hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren enpresetakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute gatz eta proteina kantitateek.
- Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, batez ere zenbat haragi duten ikusteko.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2026ko apirilean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Bestelako gehigarri batzuk
Indioilar haragia ez ezik, bestelako osagai batzuk ere izaten dituzte produktu horiek itxura, zaporea, testura eta kontserbatzeko modua hobetzeko. Zenbaitetan, %30 ere hartzen dute era honetako konposatuek:
- Ura eta egonkortzaileak (fosfatoak eta karragenanoak esaterako). Urak hezetasuna ematen du eta egonkortzaileek atxiki egiten dute erantsi zaion ur hori.
- Azukreak (dextrosa eta glukosa jarabea adibidez). Hobetu egiten dute zaporea eta gozotasun ukitu arin bat ematen dute. Kopuru txikietan erabiltzen dira (%1 inguru izaten dute), eta eragin apala daukate dietan.
- Kontserbagarriak (potasio laktatoa eta sodio nitritoa esaterako). Eragotzi egiten dute bakterio patogenoak hazi daitezen, besteren artean Clostridium botulinum delakoa. Nitritoek, gainera, kolore arrosa emateko eta testura hobetzeko balio dute.
- Herdoilaren aurkakoak (sodio askorbatoa). Atzeratu egiten dute herdoiltzeko prozesua eta lagundu egiten dute nitritoen eraginez sor daitezkeen konposatu toxikoak ez daitezen agertu.
- Lurrinak (kea). Lurrina eta zaporea ematen dute.
- Gatza. Indartu egiten du zaporea eta hobetu egiten du testura eta kontserbazioa.
Gatza: zaindu beharreko mantenugaia
Bereziki zaindu behar da zenbat gatz daukaten, gehienek asko samar izaten dute eta. Elikagai batek gatz gehiegi duela esaten da %1,25 baino gehiago duenean, eta aztertu ditugun produktu guztiak hortik gora dabiltza. Gehienek %1,8 inguru dute, eta horrek esan nahi du 50 gramoko errazio batek 0,9 gramo gatz dituela: egunaren buruan gehienez hartu behar litzatekeenaren (5 g) %20 ia.
Goikoa nabarmentzen da, oso goitik dabil eta (%2,5). Gainerakoetan zertxobait txikiagoak dira zifrak, baina kopuru aipagarriak dira halere; La Selva etxekoak, esaterako, %1,7 dauka. Gatz gutxien dutenak El Pozo Bienstar, Eroski (biak %1,4rekin) eta Campofrío Cuidat dira (%1,3). Nolanahi ere, “gatz gutxikoa” mezuak ez du esan nahi produktu batek gatz gutxi duenik, gutxienez bertsio konbentzionalak baino %25 gutxiago duela baizik, eta baldintza hori egoki betetzen dute guztiek.

Bi sailak ongi bereiztea komeni da: indioilar bularki egosia –gida honetan aztertu duguna– eta indioilar bularki egosiaren fianbrea. Osaeran dago desberdintasun nagusia. Fianbreak fekulak izaten ditu (patatarena adibidez), zeinak atxiki egiten duen ura eta, ondorioz, aukera ematen du haragi gutxiago erabiltzeko. Indioilar bularki egosiak %70 eta %95 artean izaten du haragia, eta fianbreak, berriz, %45-50 inguru. Azken hori, hortaz, maila apalagoko produktua da eta merkeagoa ere bai.
Hori kontuan hartzea komeni da erosketa egiteko garaian, itxuraz antzekoak direlako eta etiketa beti ez delako argia izaten. Zenbaitetan, “fianbre” hitza letra txikiagoan agertzen da. Hori dela eta, fidagarriena izaten da salmenta izenari begiratzea (osagai zerrendaren ondoan agertzen da).
Proteina ugarikoa
Haragia denez osagai nagusia, proteinaz ongi hornituta daude produktu horiek. Kopuruak %23aren (La Selva) eta %16aren artean dabiltza (Eroski). Baliorik handienak, bistan denez, haragi gehien dutenetan ageri dira –La Selva, Argal, El Pozo, Eroski Maestro eta Noel–, zeinak %23% eta %19 artean baitabiltza.
Dena den, proteina kopuruak beti ez du islatzen modu fidagarrian haragi proportzioa, hau da, bi haragi desberdinek proteina proportzio desberdinak eduki ditzakete berez. Adibidez, Noel eta Campofrío Finíssimas etxeetakoak antzera dabiltza proteinaz (%19 eta %18), nahiz eta haragi kopurua oso desberdina izan bietan (%93 lehenak eta %75 bigarrenak). Horregatik, aukeratzeko garaian, hobe da haragi kopuruari begiratzea eta ez proteinei.

Gantz gutxi eta kaloria gutxi
Gantz gutxiko produktua izateko ospea du eta kaloriak ere neurrian ematekoa, eta hala da gehienean. Gantz kopurua %1 ingurukoa da batez beste. Eroski Maestro eta Campofrío Finíssimas nabarmentzen dira, biak %1,5ekin (kopuru txikia da egia esan).
Kaloriei dagokienez, batez beste 90 kcal ematen dituzte 100 gramo bakoitzeko, fruta atal batek adina (banana edo sagar batek adina). El Pozo Bienstar etxekoak 75 kcal ematen ditu eta La Selvak 107 kcal. Proteina kopuruari zor zaizkio, batez ere, alde horiek: kaloria gutxien dutenek izaten dute, oro har, proteina gutxien.
- Kontuz mezuetan darabiltzaten amuekin. Ontziaren aurrealdean zenbait mezu agertzen dira osasunari eta osaerari buruz; erakargarriak izaten dira, baina nahasgarriak izan daitezke. Etiketako informazio objektiboa irakurtzea da fidagarriena.
- Bularkia edo fianbrea. Irakur ezazu salmenta izena eta egiaztatu indioilar bularki egosia dela eta ez fianbrea, azken hori apalagoa baita komertzialki (haragi gutxiago izaten du).
- Haragia. Irakurri osagaien zerrenda zenbat haragi duen jakiteko. Aztertu ditugun produktuak %67 eta %95 artean dabiltza. Alderdi honetan, zenbat eta gehiago izan, hainbat hobeto.
- Kontu izan gatzarekin. Elikagai batek gatz gehiegi daukala esaten da %1,25 baino gehiago duenean. Era honetako produktuetan, ohikoena izaten da %1,8 inguru edukitzea, nahiz eta batzuk %2,5 inguruan dabiltzan eta besteak %1,3ra jaisten diren. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto.
- Adi prezioari. Prezioa asko aldatzen da markatik markara. Alderaketak egoki egiteko, 100 gramoko kopurua hartzea komeni da eta, ahal bada, haragi kantitatea aintzat hartzea.
Nutri-Score: gaindituta
Aztertu ditugun produktu guztiek B letra lortu dute Nutri-Score sisteman. Bi dira salbuespenak: El Pozo Bienstar delakoak A letra ageri du eta Goikoak D letra. Gatz kopuruak baldintzatzen du gehienbat puntuazio hori, nahiz eta El Pozo Bienstar etxekoan kaloriek ere baduten zeresana, gantz gutxi duelako (%0,5) eta proteina dezente (%17). Oro har, gantz saturatu eta azukre gutxien dutenek lortu dute emaitza onena, kaloriak neurrian ematen dituztenek eta proteina dezente dutenek.
Kalitate-prezioak
Ontzi batzuek prezio deigarriak ageri dituzte aurrealdean, besteak beste El Pozo (2 €), Campofrío Cuidat (1 €) eta El Pozo Bienstar (1 €) etxeetakoek. Baina ongi irakurtzea komeni da, guztiek ez baitute produktu kantitate bera. Alderaketak egiteko, prezioak 100 gramo bakoitzeko aztertzea da onena. Eta hor desberdintasun nabarmenak ageri dira: Eroski 1,04 euroan ateratzen da eta La Selva 3,66 euroan. Hau da, merkeenak halako hiru baino gehiago balio du garestienak.
Horretaz gain, prezioa ez ezik, haragi kantitatea ere kontuan hartzen badugu, gehienak 2,20 eta 2,61 euro artean dabiltza 100 gramo bakoitzeko. Eroski eta El Pozo etxeetakoek dute kalitate-preziorik onena (1,50 eta 1,70 euro, hurrenez hurren), eta kaskarrena, berriz, Goikoa eta La Selva etxeetakoek (3,21 eta 4,06 euro). Horrek esan nahi du, haragi kopuru bera aukeratuta, produktu batzuk hiru aldiz garestiagoak direla beste batzuk baino.

Indioilar bularkiz eginda dagoen produktu honek ia ez dauka gantzik eta kaloria gutxi ematen du; hori dela eta, pertsona askok uste du elikagai osasungarria dela eta maiz samar jaten dute. Baina haragi prozesatua denez eta, gainera, gatz dezente duenez, ez da komeni maiz jaterik, noizbehinka baizik.
Hautatzeko garaian, haragi kopurua da kontuan hartu beharreko elementu nagusia, horrek baldintzatzen du-eta kalitate komertziala. Ildo horretan, hauek dira interesgarrienak: Argal (%95), Eroski Maestro (%94), El Pozo eta Noel (biak %93rekin).
Gatz kantitatea ere oso kontuan hartzekoa da. Gehienek %1,8 daukate, nahiz eta alde nabarmenak badiren: Campofrío Cuidat delakoak %1,3 dauka eta Goikoak %2,5. Nolanahi ere, biak dira kopuru handiak.
Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, Argal eta Noel izango lirateke gomendagarrienak. Eta prezioa ere kontuan hartuko bagenu, Eroski eta El Pozo izango lirateke egokienak.