Sendagaiak eta beroa: konbinazio arriskutsua
Gure organismoak 37 ºC-ren inguruan mantendu behar izaten du barneko tenperatura. Gehiegi igotzen denean, huts egiten hasten dira funtsezkoak diren funtzioak. Hori saihesteko, sistema termiko aski sofistikatua daukagu, eta hor parte hartzen dute garunak, odol-hodiek, bihotzak, giltzurrunek eta izerdiak. Hipotalamoa da mekanismo horren koordinatzaile handia; garuneko eremu txiki bat da eta termostato gisa jokatzen du.
“Bero kolpe bat iristen denean, estres termikoko egoeran sartzen da gorputza”, azaldu du Mariano Madurgak, zeina Alcalá de Henaresko Unibertsitateko irakaslea den Farmakozaintza eta Farmakoepidemiologiako Masterrean (Madril). Une horretan, organismoak zenbait estrategia abiarazten ditu hozteko: odol-hodiak dilatatu egiten dira –horregatik gorritzen da larruazala–, bihotzak odola azkarrago ponpatzen du eta izerdia agertzen da, beroa barreiatzen laguntzeko. Aldi berean, giltzurrunek eutsi egiten diote likidoen eta gatz mineralen orekari deshidrataziorik gerta ez dadin. Arazoa sortzen da sendagai batzuk interakzioan sartzen direnean gorputza hozteko sistema natural horrekin. Eta hori gertatzen denean, ondorioak aski larriak izan daitezke: deshidratazioa areagotu egin daiteke, akidura ager daiteke beroaren eraginez edo handitu egin daiteke bero kolpe bat pairatzeko arriskua. Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) sail horretako zenbait sendagai identifikatu ditu, hau da, zerrendatu egin ditu tenperatu handiko garaietan arazo horiek larriagotu ditzaketen sendagaiak.
- Deshidratazioa areagotzen duten sendagaiak. Diuretikoak sartzen dira hor, hipertentsioa eta bihotz gutxiegitasuna tratatzeko erabiltzen direnak, bereziki lakioaren diuretikoak esaten zaienak, besteren artean furosemida, zeinaren eraginez likido gehiago kanporatzen den gernuaren bidez.
- Giltzurrunen funtzioan eragin dezaketen sendagaiak. Sendagai batzuek, adibidez hanturaren aurkako zenbaitek (AINE), hipertentsioa tratatzeko erabiltzen direnek edo antibiotiko eta birusen aurkakoek, zaildu egin dezakete giltzurrunek behar bezala doitzea organismoko likidoen oreka. Horrek areagotu egiten du deshidratazio arriskua eta giltzurrunetako arazoak izatekoa.
- Deshidratazioarekin eragina aldatzen zaien sendagaiak. Gorputzak likido gehiegi galtzen duenean, tratamendu batzuk gehiago kontzentratu daitezke odolean eta handitu egin daiteke kontrako eraginak izateko arriskua. Hori gertatzen da bihotzerako sendagai batzuekin eta diabetesa, epilepsia eta kolesterola tratatzeko diren beste batzuekin, adibidez litioarekin, digoxinarekin eta estatina batzuekin.
- Gorputza behar bezala hoztu dadin eragozten duten sendagaiak. Hor sartzen dira depresioaren aurkako batzuk, antipsikotikoak, antihistaminikoak, parkinsonerako tratamenduak eta bronkodilatatzaile batzuk. Baita tentsiorako hartzen diren zenbait sendagai ere.
Madurgak beste batzuk ere gehitu dizkio zerrendari, larruazalak eguzkiarekiko duen sentiberatasuna areagotzen duten sendagaiak hain zuzen. Babes egokirik gabe hartzeak narritadurak agerraraz ditzake, orbanak ere bai eta are erredurak ere. Sendagai horien artean daude zenbait diuretiko, antibiotiko, hanturaren aurkakoak, antihistaminikoak, depresioaren aurkakoak, arteria tentsioa edo aknea tratatzekoak, bai krema bidezkoak eta bai ahotik hartzekoak. Horregatik, beroa egiten duen hilabeteetan, adituen gomendioa da eguzkitik ongi-ongi babestea eta beti argibide orria irakurtzea edo farmazialariari galdetzea.
Ez da gauza bera beroaren eraginez akidura sentitzea edo bero kolpe bat pairatzea. Lehenbizikoa alarma seinale bat da eta bigarrena, berriz, larrialdi mediko larria, premiaz jardutea eskatzen duena. Funtsezkoa da ongi bereizten jakitea, garaiz jokatzeak eragotzi egingo duelako konplikazio larriak agertzea.

Sendagai horien arriskuak
Sendagaiak interakzioan hasten direnean organismoa hozteko sistema natural horrekin, galdu egiten dugu berora egokitzeko gaitasuna. Horrek akidura eta deshidratazioa ekar ditzake, edo bero kolpea; azken hori larrialdi bat da, eta muturreraino iristen denean, heriotza ere eragin dezake. “Adineko pertsonak, haur txikiak, haurdun dauden emakumeak, gaitz kroniko batzuk dituzten pazienteak (bihotz-hodietakoak, giltzurrunetakoak edo metabolikoak) edo pertsona polimedikatuak dira sentiberenak eragin horietara”, azaldu du Pablo Caballerok, Farmazialari Elkargoen Kontseilu Nagusiko kideak. “Adineko pertsonak bereziki zaurgarriak dira, hondatuta edukitzen dutelako egarria antzemateko eta organismoan uraren eta gatzaren oreka egoki doitzeko gaitasuna”, zehaztu du Madurgak. Eta, gainera, hainbat sendagai hartzen dute.
Ez automedikatu
Medicamentos y olas de calor dokumentua (Sendagaiak eta beroaldiak) argitaratu du Ospitaleetako Farmazialarien Espainiako Elkarteak (SEFH), eta hor zenbait neurri agertzen dira tratamendu horietako batzuek tenperatura handiekin eragin ditzaketen arriskuak murrizteko.
- Aztertu zer-nolako sendagaiek zaildu dezaketen gorputza berora egokitu dadin edo areagotu dezaketen deshidratatzeko arriskua.
- Ikusi tratamendu guztiak beharrezkoak diren eta kendu nahitaezkoak ez direnak, betiere medikuak gainbegiratuta.
- Doitu tentsiorako sendagaiak, tenperatura handien eraginez gerta baitaiteke presioa behar baino gehiago jaistea eta areagotzea zorabioak, alditxartzeak eta deshidratazioa agertzeko arriskua.
Gomendioa argi dago pazienteentzat: ez automedikatzea. Sekula ez da norbere kabuz aldatu behar tratamendu bat beroaldia datorrenean. “Organismoa berora egokitzeko prozesuarekin interakzioan aritu daitezkeen sendagaiak hartzen ari bagara, inola ere ez dira murriztu edo eten behar horien harraldiak. Eta dosia bikoiztu ere ez ustez eraginkortasuna galduko dutelakoan”, laburbildu du Caballerok.
Adituek azpimarratzen dute sendagaiak doitzeko erabakia beti medikuaren oniritziz gauzatu behar dela. Eta oroitarazten dute oso garrantzitsua dela sendagaiak ongi kontserbatzea, beroak aldarazi egin baitezake horien eraginkortasuna. Ohiko hutsegitea izaten da autoan uztea, non udan 45 ºC-ra irits daitekeen 30 minutuan eta 60 ºC-tik gora ordubetean baino gutxiagoan. Komunean eta sukaldean ere ez lirateke utzi behar, hezetasunagatik eta tenperatura aldaketengatik. Egokiena izaten da leku fresko eta lehorrean gordetzea, argitik babestuta.
Tratamendua hasi eta kaxa eta argibide orriak botatzea ere ohiko hutsegitea izaten da. Funtsezko informazioa ematen dute euskarri horiek, adibidez sendagaia nola gorde eta zenbateko tenperaturan. Eta uda betean gaudenean, jakin egin behar da “giroko tenperatura” zer den. “Egokiena litzateke ez gainditzea 25-30 ºC-ak; sendagaia ukitu eta beroa dagoela sumatzen badugu, litekeena da hondatu izatea”, argitu du Madurgak.

Prebentzioa da biderik onena
Arazoak saihesteko modurik onena beroari aurre hartzea da. Adituek gomendatzen dute ura maiz edatea, eguzkia eta ariketa bizia saihestea eguneko ordurik beroenetan eta arteria tentsioa kontrolatzea. Ebidentzia zientifikoak ez du oso sakon aztertu izan bero handiak zer-nolako eragina duen organismoan, eta horrexegatik, gaur egun egiten diren gomendio asko esperientzia kliniko metatuan oinarritzen dira.
Honako hauek izaten dira alerta seinalerik ohikoenak: zorabioa, ahuldadea, buruko mina, buru nahasmena, arranpak, palpitazioak, egarri handia, izerdia murriztea eta gernu kopurua ere bai. Kasurik larrienetan, zorabialdiak ere gerta daitezke. “Bero kolpe baten susmoa izanez gero, berehala deitu behar da 112 zenbakira”, ohartarazi du Madurgak, berandu jokatzeak kalte larriak eragin ditzakeelako organoetan, adibidez garunean, bihotzean eta giltzurrunetan. Tenperatura jaisteko, parazetamola ez erabiltzeko gomendioa ere egiten dute adituek, ez delako eraginkorra eta larriagotu egin ditzakeelako kalte atxiki batzuk.
Ez da falta informaziorik. AEMPS erakundearen web-orria, Sendagaien on-line Informazio Zentroa (CIMA) eta argibide orriek eurek ere ematen dituzte sendagaiei eta beroari buruzko oharrak. Arazoa da, Caballeroren esanetan, informazio hori askotan ez dela argi iristen behar dutenengana. Horregatik iruditzen zaio garrantzitsua osasun arloko heziketa indartzea, bereziki adineko pertsonen eta paziente kronikoen artean. Izan ere, informazio fidagarria edukitzeak dena aldaraz dezake.
Mariano Madurga farmazialariak honela laburbildu du zein diren termostato biologikoa laguntzen edo aldarazten dituzten ohiturak. Hartu kontuan:
Hozten gaituzten elikagaiak jan behar dira. Ez dute energia asko eskatzen digeritzeko:
- Ur ugariko frutak eta berdurak, adibidez angurria, meloia, luzokerra, kuiatxoa eta tomatea, zeinak lagundu egiten duten ongi hidratatuta egoten eta izerdia egiten (hori da mekanismo nagusia gorputza hozteko).
- Magnesio eta potasio ugariko elikagaiak, adibidez espinakak, zerbak eta banana. Mineral horiek funtsezkoak dira giharrek eta nerbio sistemak ongi funtziona dezaten beroarekin.
- Jogurt naturala, aukera fresko eta arina, zeinak digestio sistemarako onuragarriak diren probiotikoak ematen dituen gainera (digestio sistema bereziki sentibera da bero handia egiten duenean).
Ez hartu berotzen gaituzten elikagaiak:
- Haragi gorri eta frijituak, organismoak lan handiagoa egin behar baitu horiek digeritzeko eta bero handiagoa sortzen dute barrenean, noiz eta gorputza hoztu nahian ari denean.
- Alkohola eta kafeina edo teina gehiegi duten edariak, adibidez edari energetikoak, likidoak errazago galtzen direlako horiek hartuta eta handitu egiten dutelako deshidratatzeko arriskua.
Beroari aurre egiteko ohitura osasungarriak:
- Ura maiz-maiz edatea, egarritu arte zain egon gabe. Egokiena da kopuru txikietan egitea egunaren buruan ongi hidrataturik egoteko eta gorputzari laguntzeko tenperatura doitzen.
- Hobe dutxa epelak hartzea, eta ez oso hotzak. Kontrakoa komeni dela uste izan arren, ur izoztuak zaildu egiten du gorputzak beroa askatzea. Ur epelak lagundu egiten du modu eraginkorrean freskatzen.
- Hotza jartzea zenbait ataletan, adibidez lepoan, eskumuturretan eta orkatiletan; horrek lagundu egiten du gorputza azkar hozten eta bero irudipena arintzen.
- Zuntz naturalak dituzten arropak erabiltzeak (kotoia edo lihoa) lagundu egiten du izerdia lurruntzen eta gorputza hobeto hozten. Jantzi sintetikoek, aldiz, zaildu egiten dute prozesu hori.