Erosketarik osasungarriena Nutri-Scorerekin
Nutri-Score 2019. urte amaieran jarri zen abian eta, ezarri zenetik, irauli egin du etiketen sistema Europan. Nutrizio arloko logotipo bat da, ontzien aurrealdean jartzen dena; letren eta koloreen bidez, produktuak sailkatu egiten du nutrizio arloko kalitatearen arabera. Berdetik laranja ilunera doa, eta berdeak dira kalitate onenekoak (A letra daramate) eta laranja ilunak kaskarrenekoak (E letra).
Kontsumitzaileei erosketa errazteko sortu zen logotipo hori (eguneratu egin da 2024an), eta badirudi helburua bete duela bost urteren buruan. Uste izatekoa zen hala gertatuko zela. Ezarri aurretik, ikerlan batzuk egin ziren eta susmatzen zen eragin onuragarria izango zuela nutrizio arloko kalitatea hobetzeko erosketa saskian. Europako 12 herrialdetan milaka kontsumitzaileri egin zaizkien inkesten emaitzek argi utzi dute Nutri-Score eraginkorra dela, besteak beste, pertzepzioa hobetzeko, erraz identifikatzeko eta erraz ulertzeko lehendik zeuden logotipoekin alderatuta.
Informazio argiagoa emanda, handitu egiten da produktu osasungarriagoak erosteko joera.
Alejandro Martinez Berriochoa da EROSKI Fundazioko zuzendaria, eta hauxe nabarmendu du: “Bete egin ditugu Nutri-Score etiketa nutrizional aurreratua ezartzean jarri genituen helburuak: informazio argia eskaintzea kontsumitzaileei, gardena, zientzian oinarritua eta ulergarria”. Era horretan, bistakoa da ekoizleak produktuak birformulatzen ari direla profil hobea izan dezaten nutrizioaren ikuspegitik, eta hain egokiak ez diren produktuak desagertzen ari direla ere ikus daiteke. “Aurrerapen horri esker, erabaki kontzienteagoak eta osasungarriagoak har daitezke, erosketa saskia nutrizio aldetik kalitate hobekoa izan dadin”, adierazi du arduradunak.
Esan al daiteke, beraz, Nutri-Scorek indartu egin duela produktu osasungarriagoak eskuratzeko joera? Zifrak oso argi mintzo dira. Elikagai eta edari guztiak batuta, 2023. urtean %56koak izan ziren nutrizio kalitate onena duten bi profiletako produktuen salmentak, eta 2020. urtean %50ekoak. Tarteko mailakoak ere sartzen baditugu (C), %80ra iritsiko ginateke, bost puntu gorago orain dela hiru urte baino. Egunero kontsumitzen diren produktuetan sumatu da bilakaerarik nabarmenena: saldu diren produktuen %79k A edo B etiketa daramate. Noizbehinka jatekoen artean ere –gozoak, zizka-mizkak eta hestebeteak–, non D eta E mailakoak diren gehienak, bost puntu igo da A, B eta C mailakoen batura.
Erosketa kontzienteagoa
EROSKI aintzindaria izan zen nutrizio arloko etiketa hori Espainiako Estatuan ezartzeko garaian. Orain, EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolak egin duen azterlan batek aztertu egin du zer-nolako bilakaera izan duten salmentek eta nolako osaera izan duten 2020tik 2023ra bitartean saldu diren produktuek (EROSKI markakoek). Alejandro Martinez Berriochoak laburbildu ditu ondorioak, EROSKI Fundazioko zuzendariak: “Nutri-Scorek lagundu egin du erosketak modu kontzienteagoan eta osasungarriagoan egiten, baina, gainera, nabarmen hobetu du produktuen nutrizio osaera”.
EROSKI markako produktu sail bakoitzaren salmentek zer-nolako bilakaera izan duten aztertu da, Nutri-Score sistemako letrak kontuan hartuta. Ondorioek erakusten dute salmentarik gehienak letrarik onenetan metatu direla (A eta B), hain interesgarriak ez direnen kaltetan (D eta E). Gainera, letrarik onenak ageri dituzten horien salmentak ugaritu egin dira 2020tik. “Horrek argi uzten du kontsumitzaileei informazio argia, gardena, fidagarria eta ulertzeko erraza ematen diezunean, baliatu egiten dutela elikatzeko ohiturak eta osasuna hobetzeko, eta modu jarraituan egiten dute gainera”, nabarmendu du Martinez Berriochoak Era berean, emaitza on horrek ez du eraginik izan prozesatu gabe dauden eta Nutri-Score etiketarik ez duten elikagai freskoetan. “Norbaitek uste bazuen logotipo horrek kalte egingo ziola produktu freskoen salmentari, zeina modu osasungarrian elikatzeko oinarria den, hipotesi hori erabat baztertuta gelditu da”, azaldu du arduradunak.
Produktu hauek egon behar dute gure elikaduraren oinarrian: frutak eta barazkiak, zerealak, patatak, lekaleak, fruitu lehorra eta haziak. Multzo horretan, nutrizio arloko kalitate onena dutenak saldu dira gehien, A eta B letretakoak.

Dieta mediterraneoari lotuta
Azterlan horrek beste kontu bat ere agerian utzi du: Nutri-Score ezin hobeto egokitzen zaie osasun publikoko gomendioei eta %100 koherentea da dieta mediterraneoarekin. Espainiako Estatuan egin diren ikerlan batzuek baieztatu egin dute Nutri-Score sisteman puntuaziorik txarrena lortzen duten elikagaiek lotura dutela hilkortasun goiztiarrarekin: zehazki, bikoiztu egiten dute minbizia izateko arriskua. Nafarroako Unibertsitateko SUN Proiektuak koordinatu duen ikerketa kliniko bat nabarmendu behar da ildo horretan, zeinetan 20.5003 herritarrek parte hartu duten. Nutri-Score sistema piramide mediterraneoan txertatzen denean, paralelismo handia dagoela ikusten da, eta horrexegatik, EROSKIren Elikadura Eskolak egin duen azterlanak banaka-banaka eskaintzen du elikagai talde bakoitzaren informazioa.
Astean zenbait alditan jatekoak diren elikagaien ere bilakaera ona izan da. Arrainen eta itsaskien taldean igo egin da oso prozesatuta dauden produktuen salmenta, eta horrek ekarri du C eta D letretakoak handitzea gehien.

Gure elikaduraren oinarria
2023. urteko datuetan ageri denez, fruten eta barazkien multzoan izan ziren salmenten %85 A eta B letrekin zetozen produktuetan izan dira (hor sartzen dira kontserbako frutak, deshidratatuak, barazki plater prestatuak eta ozpinkiak, besteren artean). Nutri-Score ezarri denetik, A letra duten produktuen salmenta sei puntu igo da. Bilakaera horrek erakusten du areagotu egin dela aukera osasungarriagoak erosteko joera, neurri batean gama horietan birformulatu egin direlako produktu prozesatuak.
Zerealekin eta patatarekin eginda dauden elikagaien sailean (hor sartzen dira arroza eta arrozez eginak, ogia, pasta eta osagai horiekin prestaturiko platerak) emaitzek erakusten dute gehien-gehienak A eta B multzoko produktuak izan direla. Zehazki, %90, eta horrek esan nahi du B letrako produktuen salmentak ia lau puntu egin duela gora 2020az geroztik, eta C letrakoenak ia hiru jaitsi direla. Azterlana egin dutenen esanetan, osoko produktu gehiago hautatzeari ekin diote kontsumitzaileek eta arrozez eta pastaz egindako plater prestatuen errezetak birformulatu egin dituzte ekoizleek, eta horrek ekarri du emaitza hobetzea.
Lekaleen, fruitu lehorren eta hazien multzoan, A letrako produktuenak izan dira salmenten %61 (lau puntu egin dute gora 2020az geroztik), neurri handian ekoizleek hobetu egin dituztelako sail horietako proposamenak: D mailakoak C-ra pasatu dira, C-koak B-ra eta A-koen salmentak nabarmen egin du gora.
Letra bakoitzeko datuak aztertu ondoren, EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolak egin duen azterlanean ikusten da “domino eragina” esaten zaiona gertatu dela. E letra zeukaten produktu multzo ia guztiek D letrara jo dute, D letrakoek C-ra, C-koek B-ra eta B-koek A-ra.
Eta elikagaien industriak ere erantzun egin behar izan du eta errezetak birformulatu: birformulatu egin dituzte osagaiak, zatiak birkalkulatu eta, zenbaitetan, merkatutik kendu egin dituzte nutrizio profil kaskarrena zuten erreferentziak.
Azken batean, Nutri-Scorek bi eremutan lortu du garaipena: kontsumitzaileek erosketa hobeak egiten dituzte, industriak aintzat hartu du eskari hori eta mantenugairik kaskarrenak desagerraraziz doaz mantso-mantso erosketa saskietatik.
Piramidearen erdian
Maiz-maiz hartzen diren jakien artean daude esnekiak. Esnea izan daiteke, gazta freskoak, erdionduak eta onduak, azukrerik eta eztitzailerik gabeko jogurtak, kefirra, mamia, edari begetalak… Kontsumitzaileek profil osasungarrienak dituzten produktuen alde egin dute, eta salmenten %50 A eta B letretako produktuenak izan dira, eta %35 D letrakoak izan dira, nagusiki gazta onduek eraginda, gantz eta gatz askokoak dira eta. 2020ko datuekin alderatuta, A letrako produktuetan ia 3 puntu egin dute gora salmentek, eta D letrakoetan 3,4 urritu dira.
Arrainen eta itsaskien multzoan, non izoztuak eta kontserbak sartzen diren eta osagai horiekin egindako platerak ere bai, areagotu egin dira C eta D letrako produktuen salmentak. Arduradunek honela arrazoitu dute emaitza hori: jendeak gero eta gehiago erosten dituela oso prozesatuta dauden produktuak, adibidez arrain plater prestatuak. Haragietan (ez dira sartzen fianbreak eta hestebeteak), B letrakoak izan dira salmenten %47 eta C letrakoak %44. Lehenbizikoek zortzi puntu baino gehiago egin dute gora 2020az geroztik.
Oso noizbehinka jan behar liratekeen elikagaietan ere ona izan da bilakaera.

Noizbehinkako produktuak
Noizbehinka jatekoak diren produktuen taldean (haragi prozesatua eta hestebeteak sartzen dira hor, besteren artean), D eta E letretan metatu dira salmenta gehienak: %40koak eta %32koak izan dira, hurrenez hurren. Produktu horiek ugari izaten dituzte kaloriak, gantzak –saturatuak bereziki– eta gatza, eta ondorioz, gehienek nota txarra lortzen dute Nutri-Score sisteman. Nolanahi ere, B letra duten produktuen salmentek ia hiru puntu egin dute gora 2020az geroztik, eta E letrakoek 2,4 behera.
Aurrez prestaturiko janariaren multzoan (pizzak, enpanadak eta lasagnak, adibidez), salmenten erdiak baino gehiago C letrako produktuenak izan dira (%61). 2020az geroztik, lekua galdu dute B letrako produktuek, eta gora egin dute A-koek (3,4 puntu gehiago) eta C-koek.
Saltsetan, sei puntuko igoera izan dute A letrakoek 2020tik, baina E letrakoek ere gorakada handia izan dute (8,7 puntukoa). Multzo horretan, izan ere, askotarikoa da eskaintza, produktu asko apeta hutsez hartzekoak izaten dira eta kontsumitzaileen buruan osasuna ez beste alderdi batzuek ere hartu dute pisua azkenaldian; alderdi horiek guztiek azaltzen dute zergatik dagoen hain jokabide polarizatua.
Zizka-mizka gaziak ere ez dira egunero jatekoak, oso noizbehinka baizik, eta horietan C letrako produktuak izan dira gehienak (salmenten erdiak baino gehiago), eta horrek argi uzten du zailtasun handiak daudela nutrizioaren ikuspegitik hobeak diren produktuak lortzeko multzo horretan. Jendearen hautuak hobetu egin dira, dena den: 2020az geroztik, murriztu egin dira D letrako produktuen salmentak (6 puntu) eta E letrakoenak (0,2), eta ordainetan, C letrakoak areagotu (8,4 puntu). Hobekuntza txiki bat nabari den arren, emaitzek garbi uzten dute zein den egoera: ez dago modurik A eta B letrako zizka-mizkarik lortzeko.
Janari eta edari gozoak hartzen baditugu, bilakaera ona ikusi da azpitalde guztietan. Galleta eta opiletan, nabarmen txikitu da E letraren pisua aukera osasungarriagoen mesedetan (D eta C). Joera onuragarri horrek agerian uzten du kontsumitzaileek interesa dutela, osasungarriak ez diren elikagaien multzoan ere, kalte gutxien egiten dutenak aukeratzeko. Postre gozoetan, palma gatza osagaietatik desagerrarazi izanak ekarri du hobekuntza, batez ere EROSKI markako izozkietan, dezente hobetu dute-eta emaitza.
Azken batean, gisa honetako azterlanek argi eta garbi erakusten dute Nutri-Score onuragarria izan dela. Ezarri zenetik, kontsumitzaileek nota hobea duten produktuetara jo dute, eta ekoizleek optimizatu egin dituzte produktuen errezetak, sailkapen hobea lortzeko.
Nutri-Score daramaten janari eta edari guztien datuak hartuta, ikusten da kontsumitzaileek erosi dituzten produktu guztien %50 baino gehiago nutrizio kalitate oneneko produktuak izan direla. Gainera, ugaritu egin dira 2020tik.
