‘Merkeflazioa’

‘Merkeflazioa’. Prezio bera, kalitate kaskarragoa

Begiratu batean, badirudi ez dela aldatu, baina, egiaz, diru bera ordaintzen ari gara produktu kaskarragoen truke. Uste dugun baino ohikoagoa da fenomeno hori, eta eragina eduki dezake gure dietan.
1 iraila de 2025

‘Merkeflazioa’. Prezio bera, kalitate kaskarragoa

Ohartu al zara erosten duzun izozkiak almendra gutxiago duela? Sumatu al duzu flana esne gaingabetuarekin egina dagoela orain eta ez osoarekin? Jabetu al zara txokolateak lehen baino gantz gehiago duela eta kakao gutxiago? Ez da kasualitatea. Aldaketa txiki horien atzean, joera ekonomiko oso bat dago, eta sektore guztiei eragiten die, baita elikagaien industriari ere: cheapinflation esten diote ingelesez (cheap, ‘merkea’ eta inflation, ‘inflazioa’); euskaraz merkeflazioa itzuliko genuke. 

Inflazioaren presioak gogor astindu du kontsumitzaileen patrika, baina ez hori bakarrik. Enpresen irabazi tarteak ere nabarmen estutu ditu, ekoizpen kostuak gero eta handiagoak dira eta. Egoera horrek bi eragin izan ditu: kontsumitzaileak produktu merkeagoak hautatzen hasi dira eta sustapenei ahalik ete etekin gehiena ateratzen, eta ekoizleak formula berrien bila hasi dira kostuei eutsi eta irabazietan atzera ez egiteko.

Fenomeno orokortua

Guillermo Peña diru-sarreren ataleko burua da Gelt enpresan; Espainiako startup bat da, erosketa datuak aztertzen dituena kontsumo handiko sektorean. Hark esan duenez, jardunbide horietako batzuk 2021. urtearen bukaeran eta 2022aren hasieran agertu ziren, ekoizpen kostuak igo izanak eraginda zuzen-zuzenean (lehengaiak, energia, garraioa eta soldatak), irabazi tarteei eusteko helburuz kontsumitzaileei gehiago ordainarazi gabe, horrek eskaria urritzea ekarriko luke eta. “Merkeflazioa batzuetan nekezago antzematen da murrizflazioa baino, zeinak txikitu egiten duen ontzien neurria edo produktu kantitatea prezioa ukitu gabe”, ohartarazi du. Eta ez da mugatzen elikagaietara. Berdin-berdin eragiten die kontsumoko ondasunei, zerbitzuei, plataforma digitalei eta markaren esperientziari. Adibidez, higiene pertsonaleko produktuek apar gutxiago sortzen dute edo azkarrago kontsumitzen dira, konposatuen kontzentrazioa murriztu egin dutelako (diluzioa) edo berriz formulatu dituztelako kostu txikiagoko osagaiak erabiliz; hori gertatzen da dutxako gelekin, xanpuekin eta xaboiekin. Diluzioaren informazio zuzenik ez da ematen askotan, baina adituek diote ekoizleen artean jardunbide ezaguna dela osagai merkeagoak erabiltzea edo kontzentrazioa murriztea. 

Oihalgintzaren munduan, kalitatezko ehunak kendu eta material finagoak erabiltzen dituzte markek, edo jostura dentsitate txikiagoa dutenak. Horren ondorioz, deformazioak agertzen dira, ehunak higatu egiten dira eta kolorea galtzen dute. Teknologia ere ez dago libre: etxetresna batzuek kendu egin dituzte funtzio erabilgarri batzuk edo ordezkatu egin dituzte barneko piezak bertsio merkeagoekin eta gutxiago irauten dutenekin. Zenbaitetan, aldaketak ez dio eragiten ez kanpoko diseinuari eta ez prezioari ere, baina bai produktuaren bizitza erabilgarriari.

Eduki al dezake eraginik gure osasunean?

Eragin ekonomiko agerikoa du merkeflazioak, baina arrisku bat ere ekar dezake gure osasunerako, kalitatezko osagaien ordez merkagoak erabiltzeak okertu egin baitezake elikagai batzuen nutrizio kalitatea; adibidez, landare jatorriko gantzak erabiltzen direnean esnearen gantzen ordez edo olio finduak oliba olioaren ordez. Birformulazio horiek areagotu egin dezakete gantz saturatuen kantitatea, eta berdin azukre, gehigarri eta almidoiena ere; horrek aldatu egiten du elikagaien nutrizio profila. British Medical Journal aldizkarian agertu denez, aldaketa horiek handitu egiten dute gaitz metabolikoak izateko arriskua, adibidez gizentasuna, 2 motako diabetesa eta arteria hipertentsioa, gehigarriak eta gantz industrialak erabiltzen direlako.

Ildo berean, Frantziako Osasun Publikoko Institutuak nabarmendu du elikagai prozesatuetan izaten diren aldaketa antzemanezinek eragin metakorra dutela pertsonen dieta globalean, murriztu egiten dute-eta nutrizio dentsitatea haiek ohartu gabe. Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) honela azaltzen du: “Etiketan eta osaeran konfiantza izatea funtsezkoa da kontsumitzaileak erabaki informatuak har ditzan. Aldaketa bat egin eta haren berri ematen ez denean, eragin kaltegarriak sor daitezke elikagaien segurtasunari buruzko pertzepzioan”.

Osaera berria duten elikagaiak

Merkeflazioa fenomeno sotilagoa da murrizflazioa baino, nahiz eta eragina berdin sumatzen den. “Enpresaburuen logikari erantzuten diote biek, non gastuei eutsi nahi zaien edo irabazi tarteak hobetu azken prezioa aldatu gabe”, azaldu du Jose Maria Ferrerrek, zeina elikadura arlko zuzenbide sailean arduradun aritzen den Ainia Elikagaien Institutu Teknologikoan. “Produktu bati kopurua murrizten diotenean, oso erraz antzeman daiteke, araudiak behartu egiten baitu etiketan esatera, baina osaerari egiten zaizkion aldaketak oharkabean gelditzen dira, askotan ezagutza teknikoak behar direlako, eta kontsumitzailerik gehieneak ez dute horien berri”, adierazi du Peñak. Gainera, murrizflazioaren fenomenoa sakonago aztertua dago. Ipsos aholkularitza etxeak 2023ko azaroan egin zuen azterlan baten arabera, Espainiako Estatuko kontsumitzaileen erdiek baino gehiagok (%54k) sumatu dute erosi ohi dituzten produktuek tamaina txikiagoa dutela edo kopuru txikiagoa, adibidez zizka-mizkek, ogiak, pastak, arrozak, gozoek eta aurrez prestaturik datorren janariak.

Baina sakon aztertu izanak ez du esan nahi sarritan gertatzen ez denik. Elikagaien industrian badira merkeflazioaren adibide batzuk. Orokortuena izozki industrialen adibidea izan daitekeela diote adituek. Postre horietako batzuk jada ez dira esnezko postreak, izoztuak baizik, eta landare gantzez eginak daude esne gantzez beharrean. Gazta batzuetan ere ikusten da fenomeno horren adibidea: merkatzeko helburuz, landare jatorriko olioak erabiltzen dituzte esne gantzaren ordez, adibidez ekilore olioa edo sojarena. Zenbaitetan, moldaketa horrek aldatu egiten du produktuaren mikroegitura eta testura, eta trinkoago edo elastikoago bihur dezake; horrek, gainera, aldatu egin dezake zaporea eta kalitate sentsoriala. Gantz galerak orekatzeko, ekoizle batzuek gazur proteina kontzentratua eransten dutela adierazi dute adituek; hala, nutrizio arloko propietate batzuei eusteko modua ere badute.

Etiketako informazioa

Espainiako Estatuan ez dago merkeflazioa berariaz galarazten duen legerik. “Kontsumitzailea babesteko legeak esaten du etiketak egiazkoa izan behar duela eta ez duela tarterik utzi behar gaizki-ulertuak gertatzeko, baina ez du galarazten jardunbide hori, baldin eta informazio egokia ematen badu produktuaren osaeraren inguruan”, adierazi du Ferrerrek. Ainia erakundeko arduradunak aipatzen duen araudia elikagaien eremuari dagokio nagusiki, baina logika bera erabil daiteke beste sektore batzuetarako ere: etiketan informazioa egoki emanez gero, ez da legez kanpoko jardunbidea. Baina gaizki-ulertuak gertatzeko arriskuak hor jarraitzen du aldaketak ez direnean modu argian adierazten edo etiketa nahasgarrien pean aurkezten direnean, adibidez “formula berria” duela esanez.

“Atun kontserba batek, adibidez, ekilore olioa darabilenean oliba olioaren ordez, aldaketa horrek osagaien zerrendan agertu behar du, eragina eduki dezakeelako bai nutrizio balioan eta bai produktuaren prezioan ere. Aldaketa hori begi bistakoa izaten da”, nabarmendu du Ferrerrek. Baina beste produktu batzuetan ez da hala izaten. Hori gertatzen da, adibidez, txokolatearekin, non kakao gantza (funtsezkoa da testura eta zaporea emateko) ordezkatu egiten duten landare jatorriko beste gantz merkeagoekin, eta horrek eragina du kalitatean. Osagaien zerrendan azaltzen da informazio hori, baina ez da berariaz ematen aldaketa horren berri. “Batzuetan, aldaketak mozorrotu egiten dira zenbait mezurekin, adibidez ‘errezeta berria’, ‘produktu hobetua’, ‘zapore berria’ eta halakoak erabiltzen dira, egiaz kostuak murrizteko helburuz egin badira ere”, jakinarazi du Guillermo Peñak, Gelt enpresako kideak. 

Hestebeteetan eta haragiz egindako produktuetan ere ikusten da haragiaren zati bat kendu egiten dutela eta almidoiak, gelatinak eta bestelako gehigarriak eransten dituztela, halaxe dio Ainiako adituak. Gehigarri horiek mantendu egiten dute bolumena eta testura, baina murriztu egiten dute azken produktuak egiaz duen haragi kopurua. “Flan industrial batzuetan ere aldatu izan dituzte errezetak. Zenbaitetan esne gaingabetua erabiltzen dute osoaren ordez, merkeagoa da eta. Mota horretako beste produktu batzuetan, osagaiak ordezkatzearekin batean, arrautza kopurua murriztu egiten dute eta landare jatorriko lodigarriak eransten dizkiote, egonkortzaile gisa joka dezan testura hobetzeko eta elikagaiaren trinkotasunari eusteko”, adierazi du Ferrerrek.

Zer dio legeak?

UE 1169/2011 araudiak zehazten du elikagaiek zer-nolako informazioa eman behar dioten kontsumitzaileari, eta argi esaten du erabiltzaileek jasotzen duten informazioak egiazkoa, argia eta ulergarria izan behar duela. Osagai batzuen ordez beste batzuk erabiltzeko aukera dago, baina aldaketa hori modu egokian jakinarazi behar da. Zerbait aldatzen denean, osagaien zerrenda osoa emateaz gain, ordezko gisa zein osagai erabili den ere adierazi egin behar da modu argi eta ikusgarrian. 

Araudiaren arabera, produktuaren izenaren ondoan agertu behar du informazio horrek (osagai zerrendaren gainean egoten da izena), eta letrak nabarmenduta egon behar du neurriz, erabiltzaileak erraz ikus dezan aldaketa bat dagoela. Espainiako Estatuan, 126/2015 Errege Dekretuak osatzen du araudi hori, zeinak zorroztu egiten dituen elikagaien inguruko informazioari dagozkion eskakizunak, bereziki ontziratu gabe dauden elikagaietan eta ostalaritzan. “Elikagaien sektoreak aldatu egin ditzake produktuen errezetak, legeak onartzen du hori, baina betekizun batzuk errespetatu beharko ditu informazioari eta gardentasunari dagokienez”, azaldu du Ferrerrek. Ziririk ez sartzea da kontua. 

Merkeflazioak erakusten du, azken batean, inflazio etengabeko testuinguru batean, enpresek birmoldatu egiten dituztela produktuak oreka ekonomiko berrira egokitzeko. Elikagaien industria gainditzen duen fenomenoa da, eta produktu askoren kalitateari eta iraupenari eragiten die. isil-isilik hedatzen ari den joera da, gero eta leku gehiago hartzen ari dena.

Nola antzeman?
  • Osagaien zerrenda. Arretaz irakurtzea funtsezkoa da produktu batek zer-nolako osagaiak dituen jakiteko. Lehen esnea eta hartzigarriak zituen elikagai bati egonkortzailea edo almidoiak eransten zaizkionean, azken produktuaren kalitatea apaldu egin dela esan nahi du. 
  • Errendimendua eta iraupena. Agian ohartu izango gara orain garbigarri gehiago behar dugula lehengo garbialdi berberak egiteko. Eraginkortasuna edo iraupena gutxitzeak argi erakusten du zerbait aldatu egin dela erosten dugun produktu horretan. 
  • Aldaketa sotilak. Lehen bezain krematsuak ez diren flanak edo forma berehala galtzen duten arropak aurkitzen baditugu, segur aski birformulatu egin izango dituzte edo material merkeagoekin egin. Kontsumoaren Europako Elkarteak dio kontsumitzaileek ez dietela arretarik jartzen aldaketa horiei. 
  • Ontziak. Ontzi zaharrak eta berriak alderatzea sistema ona da egiaztapenak egiteko. Aztertu egin behar da zer-nolako aldeak dauden osagaietan, pisu garbian edo nutrizio balioan. Zerbait aldatu bada, etiketan agertu beharko du. 
  • Formula berria. Kontsumitzaileen elkarteek diote ez dela fidatu behar produktuek gisa honetako aipuak dituztenean: “hobetua”, “formula berria”. Gerta liteke produktuaren kalitatea okertu izatea.