‘Jogurt’ begetalak. Kokoaren eta sojaren artean
Gero eta ohikoagoa da gure dendetan “jogurt begetalak” ikustea, eta ez bat eta bi: sekulako aukera dago gaur egun, eta beti ez da erraza izaten bat aukeratzea. Osaera askotarikoa izaten dute eta etiketa interpretatzea ez da erraza: osagai zerrenda luze-luzea izaten dute batzuek, eta galdu ere egin gaitezke hainbeste lodigarri, antioxidatzaile eta azidotasun-doitzaileren artean. Hori dela eta, zenbait gako emango ditugu hobeto ezagutzeko.
Nola bereizi beste batzuetatik?
Ez dago araudi espezifikorik produktu horiek definitzeko eta zer-nolako baldintzak bete behar dituzten zehazteko. Oro har, landare jatorriko osagaiekin eginak egoten dira, besteren artean frutekin (kokoarekin batez ere) eta lekaleekin (sojarekin gehienean), eta hartzitze prozesu bat ematen diete, non hartzitzaileak bizirik egoten diren. Azken alderdi hori dute ezaugarririk bereziena eta horrek bereizten ditu beste produktu batzuetatik, adibidez fruta pureetatik eta edari begetaletatik. Nahasketarik ez gertatzeko, salmenta izenari begiratu behar zaio, zeina osagai zerrendaren ondoan agertzen den normalean; produktuaren deskribapena egiten da izen horretan: “koko hartzituz egindako prestakina” irakur daiteke (Kaiku), “espezialitate begetal hartzitua” (Andros) eta “postre begetal hartzitua koko esnearekin” (Ya).
Erosketa gida hau egiteko, hamar produktu begetal hartzitu hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute proteinek, gantz saturatuek eta azukreek.
- Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, batez ere zenbat soja, fruta eta azukre duten ikusteko.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2025ko ekainean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Frutekin edo lekaleekin
Osagai nagusiak kontuan hartuta (zerrendako lehen lekuan agertzen dira), bi multzotan sailkatzen dira aztertu ditugun produktuak:
- Frutaz eginak. Gehienetan kokoa erabiltzen da osagai nagusi gisa (urarekin nahasitako estraktua), gantz ugariko fruta delako eta gantz saturatu asko dituena, zaporea eta testura emateko ezaugarri aproposa. Horixe egiten dute Abbot naturalak, Andros Nature etxeko biek, Kaiku naturalak, Naturgreen Vegfir delakoak eta Ya Naturek.
- Lekalez eginak. Soja edaria erabiltzen dute gehienek, hau da, uraren eta soja baben nahasketa bat, adibidez Alpro naturalak, Sojasun abrikota delakoak eta Sojasun marrubiak. Alpro mangoa delakoak re sojaz egindako oinarria dauka, baina mangoa du osagai nagusia (zatiak eta zuku kontzentratua).
Kopuruak ere axola du
Osagai nagusiak baldintzatu egiten ditu bai produktu horien osaera eta bai ezaugarriak ere (testura eta zaporea), eta horregatik da garrantzitsua zer-nolako kopuruan agertzen den kontuan hartzea. Beti ez da erraza, askotan ez delako agertzen banakatuta. Sojade etxekoak, adibidez, “soja edaria (%78)” aipatzen du, eta honela ageri da banakatuta, “ura” eta “soja babak (%10,8)”, baina Sojasun etxekoak “soja zukua (%99,5)” besterik ez du aipatzen. Zehatzago jakin nahi izanez gero, proteinak, gantzak eta gantz saturatuak zer-nolako kopuruan dituen begiratu dezakegu.
Produktu horiek badituzte antzekotasun batzuk jogurtarekin. Antzeko moduan kontsumitzen dira, antzeko formatuetan saltzen eta elaborazio prozesuan ere badituzte ezaugarriak elkarrekin: bakterioen bidez hartzitzen dituzte, eta zenbaitetan, gainera, jogurtek izaten dituzten bakterio berberak dira, Alpro eta Abbot etxeetan adibidez.
Baina erabat desberdinak dira jogurtetik. Esne mamituarekin egindako produktua da jogurta, hartzidura laktikoz lortzen dena Lactobacillus delbrueckii subsp. bulgaricus eta Streptococcus thermophilus bakterioen eraginez. Jogurtetan, mikroorganismo horiek bizirik egoten dira eta gutxienez 10.000.000 unitate kolonia-eratzaile edukitzen dituzte gramo edo mililitro bakoitzeko.
Produktu begetal horietan ez da zehazten zer-nolako bakterioak erabili behar diren edo zenbat behar dituen azken produktuak. Eta, batez ere, ez daude esnez eginak, landare jatorriko osagaiekin baizik, eta horrek desberdintasunak sortzen ditu, besteak beste proteina eta gantz kantitatean eta motan. Jogurtak, adibidez, balio biologiko handiko proteinak izaten ditu (%3), kaltzioa eta B2 eta B12 bitaminak. Antzeko mantenugaiak ematen dituen produktu bat nahi badugu, sojaz egindako bat aukeratu dezakegu, zeinak proteina dezente ematen duen (%4) eta balio biologiko handikoak. Baina gantz kopurua txikiagoa da. Beste aukera bat da kaltzioz eta bitaminaz aberastuta daudenak bilatzea.
Zeinek daukate proteina gehien?
Sojaz eginda daudenek ematen dute proteina gehien: Alpro, Sojade eta Sojasun. Proteina horiek, gainera, balio biologiko handikoak dira. Zehazki, %4 inguru dituzte proteinak: %3,7 Alpro mangoa delakoak eta %4,6 Sojasun etxekoak; tartean, Sojade etxekoa dago. Jogurt konbentzional batek ematen duena (%3,3) baino zertxobait gehiago da, eta kokoz eginda daudenek baino askoz gehiago (gehienak ez dira iristen %1era).
Produktu batzuek mezu bidez nabarmendu egiten dute proteinak dituztela, adibidez Alpro mangoa delakoak eta Sojadek, baina aipu horietan esaten dena da zenbat proteina duten energia kopuru guztiarekiko: “proteina ugarikoa” aipuak esan nahi du proteinek ematen dutela energiaren %20 gutxienez, eta “proteina iturria” mezuak esan nahi du gutxienez energiaren %12 ematen dutela. Hau da, mezu horiek ez dute esan nahi proteina asko dutenik osotara. Garbantzu egosi batzuetan, adibidez, %9 izaten dira proteinak, eta txahal haragian %25.
Eta gantz eta kaloria gehiago?
Sojaz egindako produktuek %2-%3 artean izaten dute gantza. Kokoz egindakoen artean ere, kopuru horietan dabil Andros marrubia, baina ohikoena izaten da askoz gantz gehiago izatea: Andros Nature eta Kaiku etxeetakoek %5 inguru dute, Naturgreen Vegfir eta Abbot ek %8 eta %9, eta Ya etxekoak %17. Azken horietan, gantz gehienak saturatuak dira, kokotik datoz eta. Ya etxekoak, adibidez, %16 ditu gantz saturatuak. Horrek testura eta trinkotasuna ematen dio produktuari, gantzak solidoak direlako giroko tenperaturan, baina osasunaren ikuspegitik, gomendagarriagoak dira saturatugabeak.
Kaloria kopuruari ere eragiten dio osagai nagusiak. Eredutzat 100 gramoko kopurua hartzen badugu, sojaz egindakoak 43 eta 82 kcal artean dabiltza, eta kokozkoak 67 eta 174 kcal artean. Hau da, kaloria gehien duenak (Ya) lau aldiz gehiago ematen du gutxien duenak baino (Sojasun). Betiko jogurtak 60 kcal inguru izaten du.
Beste frutak
Produktu batzuek frutak ere izaten dituzte erantsita edo frutetatik lortzen diren osagaiak. Andros marrubia delakoa, adibidez, koko edariz egina dago eta marrubiak daramatza (%13,8), eta Sojade etxekoa soja edariz egina dago eta %10 ditu abrikotak. Alpro mangoa delakoak, berriz, soja edariz egindako oinarri bat du eta osagai nagusia mango zatien eta zuku kontzentratuaren nahasketa batek osatzen du. Ildo horretan, ematen duen informazioa ez da argia, osagaien zerrendan “zukua· ageri baita eta hortik kanpoko ohar baten bidez azaltzen du kontzentratua dela, eta berdin gertatzen da azenarioarekin eta kalabazarekin ere, bi horiek ere osagaien artean daude eta.
Ba al dute azukrerik?
Lehen begiratuan zaila da jakiten produktu horiek azukre erantsirik baduten edo ez. Itxura batean, hiruk bakarrik daramatzate azukre erantsiak: Sojade (%11,4) eta Andros marrubia (%9,2), bi koilarakadatxo eta erdi izango litzatekeen kopuruarekin, eta Alpro naturala, dezente gutxiagorekin (%2,2). Alpro mangoa delakoa bereiz aztertu beharrekoa da. Nabarmendu egiten du azukre erantsirik ez duela, baina azukreak %5,4 ditu guztira. Mangoak emana da azukre hori (zatiek eta zuku kontzentratuak). Legeak ez du onartzen “azukre erantsirik gabea” dela aipatzea gozotasuna emateko elementuak gehitu zaizkionean, adibidez zukua. Baina interpretazioaren esku gelditzen da hori, eta ez dakigu produktu honetan asmo horrekin erantsi ote dioten zukua.
Beste bi kasu deigarri ere badira aipatzeko modukoak: Sojasun etxekoa, zeina %0 azukre duen bakarra den, eta Abbot etxekoa, zeinak inulina duen, zuntz begetal bat, lodigarri gisa ez ezik eztitzaile gisa ere jokatzen duena. Horrexegatik, azken horrek %0,8 baino ez ditu azukreak, azukre erantsirik ez duten beste produktu batzuen pareko zifra, Kaiku eta Natrugreen Vegfiren parekoa.

- Osagai nagusia. Sojaz edo kokoz egina dagoen jakiteko. Nutrizioaren ikuspegitik, hobea da lehenbizikoa (proteinak ematen ditu), bigarren osagai horrek ugari izaten ditu-eta gantz saturatuak.
- Azukreak. Hobe azukre erantsirik eta eztitzailerik ez dutenak. Erne: produktu batzuek fruta zukua izaten dute, eta horrek azukre libreak ematen ditu.
- Proteinak. Sojaz eginak aukeratzea da onena, non proteinak %4 diren. Kokoz eginda daudenetan, ez dira iristen %1era.
- Gantzak eta gantz saturatuak. Kokoz eginda daudenek kopuru aipagarrietan izaten dituzte gantzak eta gantz saturatuak. Ildo horretan, hobe da sojaz eginak hautatzea.
- Prezioa. Osagaien arabera baloratu behar da (hobe sojaz eginak eta azukre gabeak) eta nutrizio arloko osaera ere kontuan hartuta (proteina asko dutenak eta gantz saturatu eta azukre gutxi).
Nutri-Score: gehienek C lortu dute
Notarik onena lortu dute bi produktuk, A bat, zehazki Alpro eta Sojasunek. Biek ere proteinak ematen dituzte eta ia ez dute ez azukrerik eta ez gantz saturaturik ere. Bost produktu C batekin sailkatuta ageri dira: Abbot, Andros, Kaiku, Naturgreen, denak ere kokoz eginak egonik ugari ematen dituztelako gantz saturatuak, eta Sojade, sojaz egina izanik ere, azukre dezente ematen duelako. Notarik txarrena Ya etxekoak lortu du, D bat, gantz saturatuak oso kopuru handian ematen dituelako.
Kalitate-prezioak
Prezioari begiratzen badiogu (100 gramoko eredua hartuta), alde handiak ikusiko ditugu. Alpro naturala da merkeena (0,53 euro), eta Abbot garestiena (1,10 euro); merkeenak, beraz, erdia baino gutxiago balio du garestienaren aldean. Merkeenak, 0,75 euroren azpitik dabiltzanak, Andros kokoa, Sojasun, Alpro mangoa, Andros marrubia eta Kaiku dira. Garestienak Naturgreen, Sojade, Ya eta Abbot dira, eta 0,94 eurotik gora dabiltza.
Itxuraz, prezioan dauden desberdintasunak ez daude lotuta osaerari. Agian, ekoizpen eta banaketa kostuekin izango dute zerikusia, garestienen artean gehienak inportatuak baitira, eta beste multzoan, berriz, gehiago dira Estatuan ekoitzita daudenak. Kalitate-prezioak kontuan hartuta, Sojasun etxekoa (0,57 euro) izango litzateke aukerarik onena.

Laburbilduz, bi multzotan sailkatu ditzakegu produktu hauek:
- Sojaz eginak. Proteina gehiago eta gantz gutxiago ematen dute, bereziki gantz saturatuak. Multzo honetan daude Alpro, Sojasun eta Sojade etxeetakoak.
- Kokoz eginak. Ezaugarri organoleptiko erakargarriagoak dituzte (zapore gozoagoa, testura trinkoagoa eta koipetsuagoa), baina gantz asko samar izaten dute, eta gantz saturatu dezente. Abbot, Andros, Kaiku, Naturgreen eta Ya daude multzo honetan.
Nutrizio arloko osaera hartzen badugu kontuan eta, oro har, kalitate-prezioekin zerikusia duten beste alderdi batzuk ere bai, Sojasun etxekoa gomendatuko genuke lehen multzoan eta Andros Nature bigarrenean.
Eta produktu guztien artean bat bereizi behar bagenu, Sojasun gomendatuko genuke.