Elikagaiak alferrik galtzea. Zenbat, nola eta zergatik galtzen da etxean
Urtean 25 kilo janari botatzen dituzte herritarrek zaborretara Espainiako Estatuan, halaxe dio Elikagaiak galtzearen indizieari buruzko txostena 2024 dokumentuk (Nazio Batuen Erakundeak Ingurumenarentzat duen Programaren barnean landu dute). Galera horrek ondorio nabarmenak ditu eremu sozioekonomikoan eta ingurumenean. Baina ba al dago murrizteko modurik? Galdera horri erantzuteko, Enraíza Derechos GKEa eta Andaira aholkularitza etxea azterlan bat egiten ari dira: Elikagai Galeraren inguruko Azterlana Madrilgo eta Euskadiko etxe eta ikastetxeetan. Helburua da ikustea zer botatzen den gehien, zergatik eta zer-nolako neurriak landu daitezkeen hainbeste elikagai alferrik ez galtzeko. Europako Forward Proiektuan sartzen da azterlan hori (Food Waste Reduction, edo Janari Galera Murriztea), eta EB-k finantzatzen du; bi autonomia erkidegotan landu dute, Madrilen eta Euskadin, eta 40 ikastetxe eta 200 etxebizitza baino gehiago ari dira parte hartzen. Consumer aldizkariko kolaboratzaile bat bizi da etxe horietako batean, eta hark azaldu digu nola egiten ari diren azterlana eta zein diren lehenbiziko ondorioak.
Arrazoien bila
Proiektu horren asmoa da zer eta zenbat galtzen den zehaztea eta zer-nolako arrazoi eta jokabideei lotuta dagoen ikustea, eta horrekin batean, sentsibilizazio kanpaina bat ere landu nahi du galera hori murriztea lortzeko eguneroko keinu txikien bidez. Horretarako, bi fasetan egingo dute azterlana. Lehenbiziko fasean (oraintxe bukatu da), etxe bakoitzean botatzen dituzten elikagaien inguruko informazio guztia bildu dute. Parte hartu duen familia bakoitzak erregistro batean idatzi behar izan du zenbat elikagai bota duten, zer-nolako produktuak eta zergatik.
Bigarren fasean (irailean eta urrian egingo dute), sentsibilizazio kanpaina bat abiaraziko dute, kontsumoari loturiko jarraibide jasangarriagoak txertatzen laguntzeko eta etxeetan janari galera murrizteko. “Gure esperientziak erakutsi digunez, datuak biltzea bera lehenbiziko mugarri bat da parte hartzen ari diren pertsonak sentsibilizatzeko, arreta bereziz aztertzen baitugu zer botatzen dugun eta nola kudeatzen ditugun elikagaiak gure etxeetan”, adierazi du Mari Cruz Martinek, Enraíza Derechos elkarteko kide eta azterlanaren sustatzaileak. Sentsibilizazio kanpaina egin ondoren, berriz neurtuko dute zenbat elikagai botatzen den etxeetan eta helburua lortu duten ikusiko dute: etxean elikagai gutxiago alferrik galtzea.

Zer botatzen da gehien?
Azterlanaren lehen faseak eman dituen emaitzetan ikusten da zer-nolako elikagaiak botatzen diren gehien zaborretara, zergatik eta nolako profila duten janari gehien alferrik galtzen duten etxeek. Lehen datu kezkagarria: inkestan parte hartu duten etxeek astean batez beste 3 kg janari botatzen dute zaborretara.
Elikagai motari dagokionez, bereziki nabarmentzen dira frutak eta elikagai fresko oso galkorrak (zaborretara joaten diren jakien %52 osatzen dute). Plater eta errezeta landuak heldu dira ondoren (%15,1), eta horrek esan nahi du janari asko gelditzen dela platerean sobera. Berdurak eta barazkiak ageri dira hirugarren lekuan (%11,1); elikagai freskoen multzo hori, izan ere, oso erraz hondatzen da kontsumoa ongi planifikatu ezean.
Zaborretara joaten den zatirik handiena (%68,6) jateko modukoak ez diren atalek osatzen dute, adibidez oskolek eta hezurrek (hori saihesterik ez dago), baina beste %20,4 zati jangarriak dira, hau da, kontsumitzeko moduan egonagatik ere zaborretara joaten den janaria. Eta, azkenik, alferrik galtzen den beste %10ak bi zatiak konbinatzen ditu, hau da, puska jangarriak eta jateko modukoak ez direnak dituzten jakiak dira; oilasko izter batean, adibidez, hezurra egoten da eta haragia ere bai, eta hor badago hobetzeko tarte handi bat kontsumitzeko eta kontserbatzeko ohiturak aldatuz gero.
Arazo horren arrazoiak
Eta elikagai horiek zergatik joaten dira zaborretara? Etxeek erantzun dutenez, botatzeko arrazoi nagusia (%81en esanetan) hauxe da: kozinatzean probetxurik ez zaiela ateratzen zati horiei. Hor sartzen dira azalak, hezurrak, zurtoinak eta beste zati batzuk, jangarriak edo berrerabilgarriak izanagatik ere bota egiten direnak gehienean. Zifra horrek agerian uzten du jendeari erakutsi egin behar zaiola janari hondarrei sukaldean probetxua ateratzen.
Bigarrenik, platerean sobera gelditu direlako botatzen da janaria zaborretara (etxeen %46,2an), eta horrek esan nahi du gehiegiko kopuruak zerbitzatzen direla edo ez dela dena jaten. Beste arrazoi hauek ere agertu dira: jakiak ahaztuta gelditzen direla hozkailuan edo biltegian (%11,6), txartu egin direla ez kontserbatzeagatik behar bezala (%6,6) edo iraungi egin direla (%3,1); ez dute aurreko biek adinako pisurik, baina argi erakusten dute planifikatzeko eta biltegiratzeko garaian jardunbide okerrak darabiltzala jendeak.
Osorik hartuta, emaitzetan ikusten da, alde batetik, egiturazko arrazoien ondorioz galtzen direla elikagaiak, adibidez etxean egiten den kudeaketaren ondorioz, non denbora gutxiago izaten den kozinatzeko eta otorduak planifikatzeko. Azterlanaren arabera, zeregin horiek orain ere emakumeen esku gelditzen dira nagusiki, eta horrexegatik, kontziliazio programak lantzeko beharra ikusten da eta familiako erantzukizunak partekatzekoa. Bestetik, eguneroko ohituren ondorioz ere galtzen dira elikagaiak, adibidez kozinatzeko moduagatik, non probetxuzkoa den janari zati asko botatzen den. Hori aldatu egin daiteke informazioarekin, sentsibilizazioarekin eta baliabide praktikoekin, adibidez janari hondarrei probetxua ateratzeko aholkuak eta errezetak eskainiz.

Nork galtzen du gehien?
Azterlanaren arabera, seme-alabak dituzten etxeetan hondakin gehiago sortzen da, batez ere familia handiak direnean. Aitzitik, familia txikietan edo gazte independentez osatuta daudenetan, janari gutxiago botatzen dute. Azken horien irudipena da elikagai gehiago galtzen dutela alferrik egiaz egiten dutena baino, eta horrek erakusten du gehiago jabetzen direla sortzen duten galeraz (azterlanaren arduradunen esanetan, horrek adieraziko luke kontzientzia handiagoa dutela ingurumenaren gainean).
Pertzepzioari buruz ari garela, inkestari erantzun dioten etxeen erdiek baino gehiagok uste dute astean behin edo bitan botatzen dutela janaria zaborretara, eta heren batek uste du sekula ez dutela botatzen janaririk (adin handiko pertsonek nagusiki). Nolanahi ere, janaria zaborretara botatzeko joera nahiko normalizatua dago etxe mota guztietan.
Etxean egiten den kudeaketan, otorduak aurrez planifikatzeko joera ez da sistematikoa, eta horri gehitzen bazaio erosketak maiz samar egiten dituela jendeak, gerta daiteke erabakiak bulkadei jarraituz hartzea eta janaria alferrik galtzeko arriskua handitzea. Hori horrela izanik ere, etxe gehienek esan dute sukaldean ongi moldatzen direla, nahiz eta denbora faltak muga batzuk sortzen dituen etxe batzuetan elikagaiei probetxua ateratzeko. Maiz kozinatzen duten pertsonek janari gehiago botatzen dute, hein batean elikagai freskoak manipulatzen dituztelako, non zati guztiak ez diren jangarriak, eta hein batean soberakin gehiago sortzen dutelako.
Eta zer gertatzen da ikastetxeetan?
Etxeetan zenbat janari botatzen den neurtzearekin batean, ikastetxeetako jangeletan zer gertatzen den ere jakin nahi izan du azterlanak. Lehen fasean, sei ikastetxetako datuak bildu dituzte: azterlanaren arduradunak ikastetxe horietara joan eta pisu batekin neurtu dute ikasleen plateretatik zenbat janari hondar joan den zaborretara. Datuen arabera, egunean 20 kg izan dira jangela bakoitzean. Arrakasta gutxien izan duten platerak, hau da, soberakin gehien sortu dutenak, hauek izan dira: lekaleak, entsaladak eta patataz egindako gisatuak.
Lortu diren datuekin, sentsibilizazio eta formazio ekintzak egin dituzte ikasleak, familiak eta langileak kontzientziatzeko eta ikasturte amaieran %10 murrizteko elikagai galera. Bigarren fasean (ikasturte berriarekin jarriko dute abian), 40 ikastetxetan baino gehiagotan egingo dituzte ekintzak eta berriz neurtuko dute zenbat janari galtzen den alferrik.
Azterlan batean parte hartzeko proposamena egin zidatenean, ezetz esatea atera zitzaidan lehen erantzun gisa. Ulertua nuenez, zaborretara zenbat elikagai eta nolakoak botatzen ditugun zehaztea zeregin aspergarri eta astuna da. Baina, orduan, nire alde solidarioa atera zen: nire lan ibilbidean, aritu izan naiz alferrik galtzen diren elikagaien inguruko ikerlanak egiten, eta nik motibaziorik ez badut, nork izango du? Gainera, astebeteko kontua baino ez zen. Bestetik, zalantza ere banuen: uste baino janari gehiago galtzen ote dugu alferrik? Modu bakarra zegoen hori jakiteko.
Hurrengo pausoa familia konbentzitzea izan zen; denak helduak gara etxean eta jabetzen gara arazoaz, baina ez zuten gogo handirik beste lan baten jabe egiteko. Dinamika azaldu nienean, azterlanaren arduradunek aurrez niri egin bezala, onartu egin zuten. Udalak ontzi bat eman zigun organikorako, eta idatzi egin behar genuen hara zer botatzen genuen egunero. Guzti-guztia: jan zitekeena eta ez zitekeena, adibidez pataten azalak, arrautza oskolak, kafe hondarrak… Halaxe egin genuen egunero-egunero, arretaz eta zehaztasunez, eta gauetan sistemara sartu eta erregistro automatizatuan idazten nuen on-line. Piezak eta errazioak zenbatu behar genituen, eta orrialdeak berak ateratzen zituen kontuak.
Azkenerako, uste baino dezente errazagoa izan da, eta arazo horren inguruan gauza gehiago jakiteko eta konponbide bilatzen laguntzeko ziurtasunarekin egin dugu. Zuek ere animatu egin nahi zaituztegu gisa horretako azterlanetan parte hartzera, aberasgarria da eta.
Maite Pelayo
Mikrobiologoa, elikagaien segurtasunean eta komunikazioan aditua.
Zer egin datu horiekin?
Bere osoan hartuta, azterlanak islatzen du fenomeno konplexua dela elikagaien galerari dagokiona, eta egiturazkoak eta kulturalak diren faktore asko dagoela tartean. Ez da aski informazio generikoa eskaintzea: estrategia espezifikoak landu beharra dago, non kontuan hartuko den zer-nolako etxe mota den, zenbateko gaitasuna duen jendeak sukaldean, norberak nolako pertzepzioak eta errutinak dituen… Horrela bakarrik egingo da aurrera etxeetako kudeaketa kontzienteagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa izan dadin.
Alferrik galtzen den janariari buruzko datuak ikaratzeko moduak izaten dira sarritan, baina kontua ez da errudunak bilatzea, norbanakoekin lan egitea baizik denen artean zifra horiek murrizteko. Kontuan hartu behar da, gainera, zenbat janari galtzen den kalkulatzeko, jaten ez diren zatiak ere sartu direla, eta azken hori murrizterik ez dago, botatzekoa baita. Mari Cruz Martinek erronka jarri du: “Guk zifra irisgarriak jartzen ditugu, astean 400 eta 500 gramo artean murriztea pertsona bakoitzak. Ez al gara gai izango 2030. urtea bitartean 400 gramotik 200 gramora jaisteko alferrik galtzen duguna? Erronka onargarria dela uste du, motibatzeko modukoa, inor kikiltzen eta errudun egiten ez duena”.
1/ Planifikatu aste osoko menuak, egiaztatu etxean zer-nolako osagaiak ditugun eta osatu erosketa zerrenda otordu kopuruaren eta bazkaltiar kopuruaren arabera.
2/ Egiaz behar duguna bakarrik erosi, zerrendara mugatuz, eta ez egin erosketak bulkadaz. Produktu freskoak hobe aleka edo pisura erostea, esaterako fruta eta berdura, haragia edo arrain ontziratu gabea. Horrela ez ditugu erosiko kopuru handietan.
3/ Aukeratu tokiko produktuak eta sasoikoak, segur aski luzaroago iraungo dutelako: joan-etorri gutxiago eginarazten dizkiete eta denbora gutxiago eduki izango dituzte biltegian. Gainera, punturik onenean jango ditugu eta propietate guztiekin. Ez da baztertu behar elikagai itsusirik, edertasuna barnean izaten dute eta.
4/ Ongi kontserbatu elikagaiak, bakoitza dagokion bezala. Jarri aurrealdean produkturik zaharrenak, horiek jateko lehenbizi, eta berriak atzeko aldean.
5/ Aztertu noizean behin jakiak nola dauden, iraungitze-data eta kontsumo-data gomendatua noiz den jakiteko: erne, bi gauza oso desberdin dira-eta (azken horiek lasai asko jan daitezke data pasatu eta gero ere).
6/ Erne janari hondarrekin. Zerbitzatu errazio txikiak, bereziki haurrei. Hobe da bigarren aldiz betetzea platera, eta ez platerean janaria sobera gelditu eta zaborretara bota behar izatea.
7/ Izoztea oso aukera ona da elikagaien bizitza luzatzeko. Izena eta data jarri behar zaizkio etiketa batean, baina segurtasuna bermatzeko, ez da itxaron behar azken eguna iritsi arte.
8/ Eskuratu errezeta tradizionalak eta janari hondarrei probetxu guztia ateratzeko errezetak. Bigarren aukera bat eman behar zaie soberakinei eta janari hondarrei!
9/ Jatetxean, eskatu sobera gelditu den janaria eramateko jar dezatela. Kontuz buffet libreekin: elikagai gehien alferrik galtzen den testuinguruetako bat da.
10/ Egin janari galeraren kontra norbere jokabideetatik denen mesederako.