Sare sozialak

Sare sozialak. Xake mate buruko osasunari

Ia 20 urte daramatzate gure bizitzetan, baina orain hasi gara ohartzen zer-nolako eragina duten sare sozialek. Lo egiteko arazoak, autoestimu eskasa, buruko nekea, isolamendua, antsietatea, depresioa, mendekotasuna... Zientzia hasia da kuantifikatzen komunikazioko plataforma horiek nola jartzen duten arriskuan buru osasuna, batez ere haur eta nerabeetan.
1 uztaila de 2025

Sare sozialak. Xake mate buruko osasunari

Badirudi bizitza osoan egon direla gure artean, baina Facebook-ek, historiako lehen sare sozial handiak, 2010ean jarri zuen abian euskarazko bertsioa. Gainerakoa historia da. Eta historia horretan agertzen joan dira poliki-poliki beste plataforma batzuk, gero eta diseinu eta algoritmo perfekzionatuagoekin eta mendekotasuna sortzeko gaitasun handiagoarekin: Twitter (gaur X), Instagram, TikTok…

Data-Reportal atariak 2025eko urtarrilean emandako datuetan ageri denez, Espainiako Estatuan 39,7 milioi pertsonak erabiltzen dituzte sare sozialak (populazioaren %82,9k), eta kalkuluen arabera, bakoitzak batez beste ia bi ordu ematen ditu horietan. Sare sozialek hamarkada bat erdi baino ez daramate gure artean, baina dagoeneko ez dakigu bizitzen horiek gabe. Bereziki nerabe eta gazteek, horiek hazi diren mundua ez baita ulertzen aplikazio horiek gabe.

Hasiera batean, aparteko asmakizun bat agertzen denean bezala ospatu zen sare sozialen agerraldia, entretenitzeaz gain pertsonen arteko lotura errazten zuelakoan. Azken urteetan, ordea, kezka agertu da gero eta goizago erabiltzeak eta gehiegi erabiltzeak dakartzan arriskuen inguruan: ziberjazarpena egitea, informazioa lapurtzea, nortasuna faltsutzea, iruzur egitea, eduki desegokia zabaltzea, buru osasuneko arazoak agertzea…

Nahasmenduak gora eta gora

The Anxious Generation: How the Great Rewiring of Childhood Is Causing an Epidemic of Mental Illness liburua argitaratu zuen Jonathan Haidt psikologo sozialak (Antsietate handiko belaunaldia: sare sozialak zergatik ari diren buruko gaixotasunen epidemia bat eragiten gure gazteetan), eta datu hau ematen du: ebidentzia zientifikoak frogatu du 2010az geroztik herrialde aurreratuetan nabarmen ugaritu dela antsietatearen, depresioaren eta beste nahasmendu psikologiko batzuen diagnostikoa gazteen artean. Olatu hori 2010ean hasi zen, eta jakina da sare sozialak urte horretan hasi zirela nazioartean hedatzen eskala masiboan.

“Sare sozialak ez dira buruko osasunari eragin dion epidemia horren erantzule bakarrak”, dio Santiagoko Unibertsitateko Gizarte Psikologiako irakasle Antonio Rial Boubetak, zeinak egoera horren atzean egon daitezkeen beste alderdi batzuk ere aipatzen dituen, adibidez hazkuntza eredu berriak, inguruak sortzen dituen itxaropenak eta ideal eskuraezinak, eta gero eta indibidualistagoa den gizarte batean gertatu diren aldaketak. Ikertzaileak zehaztu duenez, ordea, ezin da ukatu badagoela ebidentzia “eztabaidaezin” bat: sare sozialak gero eta modu intentsiboagoan eta gero eta adin goiztiarragoetan erabiltzeak eta ikuskapenik gabe egiteak suari su emateko balio du, eta sutea hainbeste eta hain modu isilean hedatzen denean, zaila izaten da itzaltzea; are gehiago horretaz jabetu ezean.

“Badakigu sareek zer-nolako eragina duten, baina beti ez gara jabetzen. Azken finean, aplikazio horiek ohikoak dira, etxekoak, eta zaila egiten zaigu horietatik askatzea. Gainera, mendekotasuna sortzen duten osagai asko izaten dute, adibidez berehalakotasuna, kitzikapena edo berehalako esker ona”, adierazi du Andres Herraizek, zeina espezialista den terapia kognitibo konduktualean. Ebidentzia zientifikoak dagoeneko erakutsia du sare sozialek zer-nolako eragina duten buru osasunean.

Lo egiteko arazoak

Lo egiteko arazoek eta buruko osasun arazoek joan-etorriko harremana dute. Elikatu egiten dute elkar. Loaren medikuntzan aditu direnek aspaldi samar ohartarazi zuten pantailetako argi urdinak kalte egiten diola atsedenari, argi horrek ezabatu egiten baitu melatoninaren ekoizpena, loa erregulatzen duen hormonarena alegia. “Sare sozialek areagotu egiten dute ondorio hori, etengabe interakzioan egoteak eta edukiak emozionalki kargatuak izateak estimulazio kognitiboa eta emozionala dakartelako, eta horrek zaildu egin dezakeelako lo hartzeko beharrezkoa den erlaxazioa”, azaldu du Maria Jose Martinezek, Espainiako Loaren Elkarteko Kronobiologia lantaldeko koordinatzaileak.

2020an egin zen berrikusketa sistematiko batean ere lotura ikusi zen sare sozialak gehiegi erabiltzearen eta loaren kalitate txarraren artean. 2024ko beste ikerlan batek ondorioztatu zuen ohera joan eta pantailei begira egoteak nahasmenduak sortzen dituela loaldian, bereziki interakzioa eragiten duenean eta zeregin asko egiten direnean. “Azterlan horiek nabarmentzen dute garrantzitsua dela pantailak neurrian erabiltzea, batez ere lo egin aurretik, loaren kalitatea eta iraupena zaintzeko”, gehitu du Martinezek

Lo egiteko arazoek eta buruko osasun arazoak joan-etorriko harremana dute. Elikatu egiten dute elkar. Loaren medikuntzan aditu direnek aspaldi samar ohartarazi zuten pantailetako argi urdinak kalte egiten diola atsedenari, argi horrek ezabatu egiten baitu melatoninaren ekoizpena, loa erregulatzen duen hormonarena alegia. “Sare sozialek areagotu egiten dute ondorio hori, etengabe interakzioan egoteak eta edukiak emozionalki kargatuak izateak estimulazio kognitiboa eta emozionala dakartelako, eta horrek zaildu egin dezakeelako lo hartzeko beharrezkoa den erlaxazioa”, azaldu du María Jose Martinezek, Espainiako Loaren Elkarteko Kronobiologia lantaldeko koordinatzaileak.

2020an egin zen berrikusketa sistematiko batean ere lotura ikusi zen sare sozialak gehiegi erabiltzearen eta loaren kalitate txarraren artean. 2024ko beste ikerlan batek ondorioztatu zuen ohera joan eta pantailei begira egoteak nahasmenduak sortzen dituela loaldian, bereziki interakzioa eragiten duenean eta zeregin asko egiten direnean. “Azterlan horiek nabarmentzen dute garrantzitsua dela pantailak neurrian erabiltzea, batez ere lo egin aurretik, loaren kalitatea eta iraupena zaintzeko”, gehitu du Martinezek

Autoestimu eskasa

2021ean International Journal of Environmental Research and Public Health aldizkarian argitaratu zen ikerketa batek ondorioztatu zuen nerabeek eta heldu gazteek sare sozialak modu orokortuan erabiltzeak areagotu egin lezakeela gorputzeko ondoeza, bai eta argal egoteko grina ere (kalteberago egingo lituzke elikadura arloko nahasmenduekiko). Eta autoestimuaren eta autopertzepzioaren gaineko eragina ez da gertatzen maila fisikoan bakarrik. “Oso ohikoa da, konparazio bidegabeen eta esposizio errepikatuen ondorioz, zenbait pertsonak sentitzea ez direla aski onak edo ez dutela bizitza aski ona. Halako edukien eraginpean etengabe egoteak zalantzan jarrarazten digu gure nortasuna, eta gure irudia epaitzera garamatza”, azaldu du Andres Herraizek.

“Zenbat eta gainesposizio gehiago, orduan eta okerragoak dira autoestimu mailak”, nabarmendu du Antonio Rialek ere, zeinari penagarria iruditzen zaion sare sozialen algoritmoek 10eko gorputzak dituzten pertsonak lehenestea eta, gainera, itxuraz bizitza betea eta ezin zoriontsuagoa dutenak. “Hori, gezurra izateaz gain, eredu eskuraezina da, zama handia bihurtzen dena maila emozionalean, eta zailtasunak sortzen ditu geure buruak onar ditzagun”, erantsi du.

Nola jakin adingabe batek arazoak dituen sare sozialak modu desegokian erabiltzeagatik

Lasaitasun mezu bat. Mendekotasuna ez da sortzen egun batetik bestera, eta sintomak ere ez. “Mendekotasunak bi baldintza eskatzen ditu: maiztasuna eta intentsitatea. Eta erabilera sarri eta sutsu horrekin sintomak agertzen dira pixkanaka: aldaketa emozionalak, suminkortasuna, portaera oldarkor eta bortitzak –batez ere, mugikorra kendu nahi badiogu–, lagun aldaketak, isolamendua eta gizarte deskonexioa…”, azaldu du Antonio Rial Boubeta Gizarte Psikologiako doktoreak. “Gizarte aztoratuegian bizian gara, non premiaz egin beharreko gauzek ez dieten lekurik uzten benetan garrantzitsuak diren kontuei, eta testuinguru horretan erraza da adi ez egotea eta aldaketez ez ohartzea”, azaldu du.

Buruko nekea eta akidura

Gero eta jende gehiagok aitortzen du buruko nekea eta akidura sumatzen duela. Gure bizimoduak ez du laguntzan, egia da hori ere, baina sare sozialek arlo horretan duten eragina begi bistakoa dela dirudi, halaxe diote zenbait ikerketak ere. 2018. urtean ikerlan batek ondorioztatu zuen plataforma horiek modu konpultsiboan erabiltzeak berekin zekarrela nekea sumatzeko joera. 2024ko beste azterlan batek, Frontiers in Psychology aldizkarian argitaratuak, ikusi zuen sareak neurriz kanpo erabiltzeak, zerbait galtzeko beldurrak eta informazioaren gainkargak eragin aipagarria zutela neke irudipenean. “Deskonektatzeko modu gisa erabiltzen ditugu sareak, baina, egiaz, eduki kontsumitzaile pasibo bihurtzen gara, eta anestesiatu egiten gaitu azkenerako”, dio Herraizek. Batzuetan, dena den, badirudi jabetzen garela neke horretaz. Rial Boubetak dioen eran, gazte eta helduek gero eta modu esplizituagoan eskatzen dute deskonexio digital baten beharra dugula: “Akidura bat sumatzen da ikuspegi emozionaletik, etengabe sare sozialen mende egoteak horixe dakar eta”.

Gero eta bakarrago

Danimarkan egin zuten azterlan baten arabera (2024an argitaratu zuten), sare sozialak neurriz kanpo erabiltzeak areagotu egiten du bakarrik sentitzeko arriskua. Pittsburgh-eko Unibertsitateak beste ikerlan bat egin zuen urte batzuk lehenago (American Journal of Preventive Medicine aldizkarian argitaratu zen), eta ondorio hau atera zuen: sare sozialetan egunean bi ordu baino gehiago ematen zituzten herritarrek bi aldiz probabilitate handiagoa zuten bakarrik sentitzeko egunean 30 minutuz baino gutxiagoz aritzen zirenek baino.

“Sekula baino konektatuagoak gaude, baina, aldi berean, harremanak inpertsonalagoak dira”, adierazi du Andres Herraiz psikologoak. Antonio Rial Boubetak harreman likidoak esaten die, axalekoak: “Gero eta ohikoagoa da erabat bakarrik dauden neska-mutilak aurkitzea. Ustezko 2.000 lagun dituzte Instagram edo TikTok-en, baina ez dute benetako lagun bakar bat ere”. Santiagoko Unibertsitateko doktoreak erradikalizazioaren inguruko kezka ere azaldu du: pertsona baten mezua edo hobespena gustatzen ez bazaigu edo gure bizimoduarekin bat ez badator, ordezkatu egiten dugu beste batekin. “Horrek eragotzi egiten du harreman sendo eta iraunkorrak sortu ahal izatea bestelako ikuspegiak ere onartuz, enpatian eta errespetuan oinarrituta”, erantsi du.

Sare sozialak modu osasungarrian erabiltzeko gomendioak

Orrialde hauetan azalpenak eman dituzten adituek aholku sorta bat eman digute sare sozialak modu osasungarrian erabil ditzagun:

  • Zenbat eta beranduago, hainbat hobeto. Haurrei eta nerabeei lehenbiziko mugikorra emateko adina ahalik eta gehiena atzeratu behar da.
  • Kontrolatu denbora. Arautu egin behar da sare sozialen erabilera, eta modu kontziente eta arduratsuan erabili, denbora kontrolatzeko tresnez eta aplikazioez baliatuz.
  • Ez erabili babes gisa. Ez jo sare sozialetara estresaturik edo larriminak jota gaudenean.
  • Bilatu bestelako jarduera batzuk. Deskonexio digitalari ekin behar zaio, bestelako jarduera osasungarri batzuk bilatu aire librean, non pertsonekin harremanetan egongo garen.
  • Begirada kritikoa. Jabetu egin behar dugu sare sozialetan publizitate asko dagoela eta pertsona askok erakusten duten irudia ez datorrela bat errealitatearekin, saldu nahi duten irudiarekin baizik.
  • Ez erabili lotara joan aurretik. Ez sartu sare sozialetan ohera joan baino ordu bat edo bi lehenago eta, batez ere, utzi mugikorra gelatik kanpo.

Antsietatea eta depresioa

Orain arte aipatu ditugun alderdietako bakoitzak (lo falta, autoestimu eskasa, buruko nekea eta bakardade hautatu gabea) antsietatera eta depresiora eraman gaitzake, eta ez da harritzekoa sare sozialen neurriz kanpoko erabilera nahasmendu horiek areagotzearekin ere lotzea. Hain zuzen, aipatu ditugun azterlan horietako askotan ere harreman zuzen eta jarraitua ikusten da sare sozialak neurriz kanpo erabiltzearen eta buruko osasun arazoen artean, adibidez antsietatea eta depresioa.

Ildo horretan, 2022an berrikusketa sistematiko bat egin zuten ia 2.000 artikulu zientifiko aztertuz, eta “harreman sendo eta askotan joan-etorrikoa” ikusi zuten sare sozialak erabiltzearen eta nahasmendu horiek izatearen artean. Egileek ez zuten harreman zuzen erabatekorik ikusi erabilera denboraren eta antsietate eta depresio sintomen artean, baina, oro har, zenbat eta denbora gehiago eskaintzen zitzaion jarduera horri, orduan eta okerragoak ziren buruko osasunean ageri ziren emaitzak.

Gainera, sorgin gurpil baten eran, antsietate eta depresio horrek are gehiago bultzatzen ditu erabiltzaileak sareetara, batez ere eduki negatiboetara, doom-scrolling esaten zaion horretara: etengabe albiste negatibo edo kezkagarrietara sartzeko joera da. Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratu zen ikerlan batek esaten duenez, buru osasun okerragoa duten pertsonek joera handiagoa dute eduki negatiboetan barrena nabigatzeko, eta horrek larritu egiten dizkie sintomak.

Mendekotasuna eta adikzioa

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gaixotasunen nazioarteko zerrenda argitaratzen du, eta azkeneko argitalpenean ez du aipatzen sare sozialekiko mendekotasuna. Baina Drogei buruzko Plan Nazionalak mendekotasunari buruz egin duen txosteneko datuen arabera, 15-64 urteko biztanleen %3,6k arazoak dituzte Interneten eta sare sozialen erabilerarekin Espainiako Estatuan, eta 2022an tratamendua ematea onartu zitzaien pertsonen %9,3 Interneten, mugikorren, gailu elektronikoen edo sare sozialen erabilera konpultsiboak eragindako nahasmenduengatik artatu zituzten.

“Adierazleek ohartarazten dute arazo hori gero eta handiagoa dela eta, nerabeen arazoa izan beharrean, globala dela eta biztanleria talde guztiei eragiten diela”, adierazi du Antonio Rialek. Andres Herraizek iritzi bera du, bere eguneroko jardunean ikusi baitu pazienteak gero eta maizago etortzen zaizkiola sare sozialekiko harremana hobetu edo desagerrarazi nahian: “Gero eta pertsona gehiago joaten dira kontsultara telefono mugikorrarekin eta, bereziki, sare sozialekin harreman txarra dutela esanez. Beti aztertzen dut pazienteek batez beste zenbat erabiltzen dituzten, eta datu benetan harrigarriak ateratzen dira”.

Dena ez da txarra

Sare sozialak baikortasun olatu batean iritsi ziren: erraztu egiten zituzten konexio sozialak, bestela ezinezkoa izango zen pertsonak ezagutzeko aukera ematen zuten, interes partekatuak zituzten komunitateetan eta taldeetan parte hartzeko modua ematen zuten… Sormena adierazteko eta diziplina batzuetako eta besteetako artistei ikusgarritasuna emateko plataforma bat ziren, lan aukera berriak eskaintzen zituzten, kausa sozialetan parte hartzea bultzatzen zuten, informazioa eskuratzea eta ikastea errazten zuten… Sare sozialen gauza on horiek guztiak hor daude oraindik. Dena ez da txarra ingurune digitalean, ezta gutxiago ere. Kontua da alderdi onuragarri horietan arreta jartzea, eta komunikazio kanal horien erabilera arduratsu eta osasungarria egitea.

Haur eta nerabeetan

Drogei buruzko Plan Nazionalak emandako datuen arabera, Interneten erabilerarekin arazoak dituztenen prebalentzia %20,5ekoa da 14 eta 18 urte arteko populazioan. Hau da, bost nerabetatik bat mendekotasunaren mugan dabil Internet, mugikorra eta sare sozialak erabiltzeko garaian. “Hori kezkagarria da, zeren nerabezaroan arazoak sortzen badira erabilerarekin, arrisku gehiago izango du helduaroan ere halaxe izateko, eta gerta daiteke urte batzuen buruan heldu gehiago egotea harrapatuta”, nabarmendu du Antonio Rial psikologoak.

Buruko osasun arazoak adin tarte guztietan ugaritu dira, baina gehienbat gazteen artean egin du okerrera. “Ez dut esan nahi ez dagoela ongi kudeatu dezakeen neraberik, baina sare sozial batetik bestera eguna igarotzen duten 13 edo 14 urteko neska-mutilentzat, erraza da galtzea, oraindik eraikitze fasean dituztelako bai nortasuna eta bai burmuina ere; beraz, emozioak eta jokabideak autoerregulatzeko gaitasunak oso mugatuak dituzte oraindik”, gaineratu du Santiago de Compostelako Unibertsitateko irakasleak.

Hori kontuan izanik, adituaren gomendioa da mugikorra ahalik eta beranduena ematea, baina ia inork ez omen du aintzat hartzen. Hain zuzen, Unicef-ek 2021ean egin zuen ikerlan batean ageri denez, Espainiako legediak garai hartan onartu ez arren 14 urtetik beherakoek profil bat sortzea sare sozialetan (lege berriak 16 urtera igo du), nerabeen %90ek baino gehiagok urratu egiten zuten araudi hori. “Eta arazoa da askotan gurasoek egiten diegula kontua. Uste izaten dugu pasahitza edukita kontrolpean izango ditugula, baina ez da hala. Gero ahaztu egiten zaigu eta utzi egiten diogu gainbegiratzeari eta kontrolatzeari. Eta garrantzitsua da, zeren mugikorra emateko adina bi urtez atzeratze hutsarekin, arazoak erdira murrizten baitira”, azpimarratu du.