IV. multzoko elikagaiak

IV. multzoko elikagaiak. Seguruak eta jateko prest datozenak

Poltsa ireki eta hortxe daukagu entsalada bat, jateko prest. Gero eta gehiago dira IV. multzoko produktuak, baina denek ez dakite bereizten horiek eta begetal freskoak. Ekoizleek eta ikertzaileek gako batzuk emango dizkigute era horretako elikagaien inguruan.
1 uztaila de 2025

IV. multzoko elikagaiak. Seguruak eta jateko prest datozenak

IV. multzoko elikagaiak begetal freskoak dira –frutak, berdurak, barazkiak, perretxikoak eta tuberkuluak–, eta segurtasuna eta higienea bermatzen duten baldintzetan garbitu, ebaki eta ontziratzen dituzte, berezko propietateak galdu gabe. Elikagai horiei ez diete ematen tratamendu termikorik eta ez dute izaten kontserbatzailerik; ontziratuta datozelako eta hozkailuan gordetzen direlako irauten dute fresko. Kontsumitzeko –edo kozinatzeko – prest egoten dira, ezaugarri hori daukate, aldez aurreko prestaketa gehigarririk gabe; poltsako entsaladak dira, fruta zuritu eta zatituak edo berdura eta barazki zatituak.

Aukera erraza da eguneroko dietan fruta eta barazki gehiago sartzeko, eta ezin hobea freskotasunari uko egin gabe erosotasuna bilatzen dutenentzat. Hori dela eta, gero eta gehiago kontsumitzen ditu jendeak. Baina seguruak al dira? Zalantzak sor daitezke produktu horiek osasungarriak ote diren, gordinik jaten direlako gehienean (ustezko kutsatzaileek arriskuan jar dezakete horien segurtasuna). IV. multzoko produktuetan adituak diren ekoizleekin hitz egin dugu, elikagaien segurtasuna nolako den zuzenean egiaztatzeko.

5 zalantza eta zenbait erantzun
  1. Produktu prozesatuak al dira?
    IV. multzoko frutek eta barazkiek manipulazioak jasaten dituzte, besteak beste garbitu eta higienizatu egiten dituzte, baina oso gutxi prozesatzen dira, eta, beraz, elikagai freskoak dira. Produktuari ez diote ematen tratamendu termikorik, eta gehigarririk edo kontserbagarririk ere ez diote eransten, eta, beraz, ezinbestekoa da hozkailuan kontserbatzea. Kontsumitzeko prest daudenez, ekoizpen kate osoa kutsadurak saihesteko lanean oinarritzen da.
  2. Segurua al da berdura eta fruta ontziratuak garbitu gabe jatea?
    Bai. Ontzitik zuzenean kontsumitzeko prest daude, garbituta eta higienizatu baitatoz, eta horrek bermatu egiten du segurtasuna eta erraztu egiten du erabilera; beraz, ez da berriz garbitzen ibili beharrik. Are gehiago, etxean garbituta handitu egin daiteke kutsatzeko arriskua.
  3. Berdura freskoek baino pestizida gehiago al daukate?
    Ez. Jatorrizko lehengaiaren araberakoa izango da pestizida kopurua, eta berdin du IV. multzoko produktuak egiteko erabiltzen den edo ez. Fruta eta barazki guztiek, ontziratuak izan ala ez, bete egin behar dituzte pestiziden hondakinei buruzko legeak ezartzen dituen muga zorrotzak. Jatorrian egiten dizkieten kontrolez gain, IV. multzokoei garbiketa prozesuak eta kontrol xeheak ezartzen dizkiete.
  4. Mikroplastiko gehiago al dute?
    Maria Jose Fabra Agrokimikako eta Elikagaien Teknologiako Institutuan aritzen da (IATA-CSIC), eta zientzialari horren arabera, “hainbat ikerketa zientifikok mikroplastikoak aurkitu dituzte elikagai mota askotan, baina orain arte ez da argitaratu IV. multzokoei buruzko azterlan espezifikorik”. Mikroplastikoak iturri askotatik etor daitezke, eta, beraz, produktu horiek, beste batzuk bezala, horien eraginpean egon daitezke, baina IV. multzokoa izateagatik ez dute gehiago edukiko.
  5. Plastikozko ontziek kalte egiten al diote kalitateari?
    Kalitateari eusteko eta kanpoko kutsadura saihesteko diseinatuta daude ontziak. Horien materiala berariaz egina dago elikagaiekin erabiltzeko, eta, beraz, kaltegabea eta birziklagarria da gehienetan. Poltsa bakoitzak, gainera, trazabilitatea bermatzen duen erregistro bat du, hau da, prozesuaren jatorria eta faseak une orotan identifikatzeko aukera dugu. Batzuetan, atmosfera eraldatuan ontziratzen dira, hau da, ontzi bateko airearen ordez gas nahasketa bat erabiltzen da produktuaren freskotasuna luzatzeko (adibidez, O2 gutxikoa eta CO 2 dezentekoa edo askokoa).

Baratzetik mahaira

Kontsumitzaile batek bere barazkiak etxean prestatzeko egiten duenaren antzekoa da ekoizpen prozesua, baina eskala handian: hautatu, moztu, garbitu eta azken urratsa gehituta, ontziratzea alegia. Prozesua baratzean hasten da, hornitzaileekin eta berdurak eta barazkiak landatuz. Enpresa horietako askok eskuz esku lan egiten dute tokiko nekazariekin, eta ingurumena errespetatzen duten jardunbideak sustatzen dituzte. “Horrek aukera ematen digu lehengaien freskotasuna eta kalitatea bermatzeko”, esan du Leyre Herranzek, IV. multzoko elikagaiak ekoizten dituen enpresa handi bateko arduradunak.

Instalazioetara iristean, begetalak zorrotz ikuskatzen dituzte, kalitate estandarrak betetzen dituztela ziurtatzeko. Ikusmen artifizialeko teknologia erabiltzen da irizpide horiek betetzen ez dituzten produktuak antzeman eta baztertzeko. Produktuak ur hotzarekin garbitzen dira zikin hondarrak ezabatzeko eta elikagaien segurtasuna bermatzeko, eta, aldi berean, produktuaren freskotasunari eusten zaio. Erabiltzen den ura edateko modukoa da eta higienizatzailea, eta aldian-aldian kontrolak egiten dizkiote uraren kalitatea ona dela ziurtatzeko.

Garbitu ondoren, begetalak kontu handiz moztu eta lehortzen dira gehiegizko hezetasuna kentzeko, testura eta freskotasunari eusten zaiola. Azken kalitate kontrolen ondoren, pisatu egiten dute produktua, poltsetan sartu eta hozkailuetan banatzen da saltokietara. Prozesu osoa 10 minutuan baino gutxiagoan osatzen da, eta horrek bermatu egiten du freskoak izango direla eta kalitatezkoak.

Hotza funtsezkoa da barazkien ezaugarriak bere horretan mantentzeko. Goizeko lehen orduan bildu ohi dira, eta tenperatura 1 °C eta 4 °C artean egoten da prozesu osoan. Hotz kate hori ez da hautsi behar jasotzen denetik kontsumitu arte, eta etxerainoko garraioa ere sartzen da hor. Higienea faktore garrantzitsua da segurtasunari dagokionez. IV. multzoko produktuak prestatzen dituzten lekuak elikagai horien segurtasuna bermatzeko pentsatuta daude; horregatik, tenperatura kontrolatzeaz gain, ekoizpen instalazioetan funtsezkoa da garbiketa zorrotz zaintzea ere. Kontrol sistema zorrotzek eta aldian behingo analisiek bermatu egiten dute produktuak giro higienikoan manipulatuko direla. Teknikariek prestakuntza zorrotza jasotzen dute, eta lanlekuan behar bezala jantzita egoten dira; horretaz gain, manipulazioan protokolo zorrotz bati jarraitzen diote.

Osasun bermeak

Ekoizpen prozesu hori eta kontrol sistemak gorabehera, oraindik ere zalantzak daude produktu horien segurtasunaren inguruan. Benetan al dago kutsatzeko arriskua? “Landare jatorriko edozein elikagairen ekoizpenean gertatzen den bezala (IV. multzokoa izan edo ez), mikroorganismo kezkagarrienak lehen uneko ekoizpenean egon daitezkeenak dira, eta landareak kutsatu egin ditzakete egokiak ez diren ongarri organikoen bidez; landatze guneetan animaliak egoteak ere badu bere arriskua eta ureztatzean ur kutsatua erabiltzeko arriskua ere hor dago”, azaldu du Ana Allende irakasle eta Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzaren (EFSA) BIOHAZ Paneleko kideak. “IV. multzoko produktuetan zehazki, garbiketa prozesuan ere badago kutsatzeko arriskua, ekipamenduak edo tresnak erabiltzen direlako eta modu ez-higienikoan manipulatzeak birusak eta bakterioak sar ditzake eta gaixotasunak sortu, adibidez listeria, zeinak iraun egin dezakeen IV. multzoko produktu begetalak prozesatzeko plantetan”, gaineratu du Allendek. Horregatik, aditu horrek prebentzioan jartzen du arreta kutsadura mikrobiologikoak saihesteko, gero zailak izaten dira-eta desagerrarazteko.

Alde onak eta ez hain onak

Poltsan heldu diren produktu horiek balio erantsia ematen diete betiko fruta, berdura eta barazkiei; batez ere:

  1. Erosotasuna. Jateko prest heldu dira (edo, batzuetan, kozinatzeko prest), eta horrekin denbora aurrezten da.
  2. Aukera handia. Merkatuan IV. multzoko produktu asko dago aukeran, eta elikagai begetaletan oinarritzen den dieta egiteko modua eskaintzen dute.
  3. Freskotasuna eta kalitatea. Elikagai horiek mantendu egiten dituzte nutrizio arloko ezaugarri eta propietateak.
  4. Erraz kontserbatu eta kalterik gabeak. Ez daukate gehigarririk eta kontserbagarririk.

Dena den, IV. multzoko produktuek hain onak ez diren alderdi batzuk ere badituzte.

  1. Prezioa. Garestiagoak dira, prozesatzea, ontziratzea eta hotz katean edukitzea ere gehitu egiten baitzaizkio azken prezioari, eta zuzenean kontsumitzailearengana heltzen den produktuak ez du halakorik.
  2. Jasangarritasuna. Plastikozko ontziak, erretiluak eta poltsak ez dira biodegradatzen, eta ingurumenean iraun egiten dute egoki birziklatu ezean. Marka batzuk hasiak dira plastikorik gabeko poltsa konpostagarriak erabiltzen.
  3. Karbono aztarna. Kontserbatzeko eta seguru irauteko, hotza eman behar zaie etengabe, eta horrek areagotu egiten ditu produktuaren energia gastua eta karbono aztarna.

Kalitatearen analisia

“Arrisku horiek gorabehera, IV. multzoko produktuen egoera, oro har, ona da osasunaren ikuspegitik, eta kalitate mikrobiologikoa, berriz, egokia. Azpimarratu behar da erabiltzen den uraren kalitateak garrantzi berezia duela, bai ureztatzean erabiltzen denak, bai garbitzean ere”, azaldu du Gloria Sanchez Agrokimikako eta Elikagaien Teknologiako Institutuan (IATA-CSIC) ikertzaile aritzen denak eta elikagaien segurtasun mikrobiologikoan aditua denak. “Duela gutxi, IV. multzoko industriak garbitzeko darabilen uraren kalitatea aztertu dute hainbat herrialdetan, Espainiako Estatuan ere bai, eta azterketa guztiek adierazten dute ekoizpen planta gehienetan erabiltzen dituztela higienizatzaileak –kloroa edo baimendutako eratorriak–, eta horrek asko murrizten du karga mikrobiologikoa. Horrek esan nahi du produktu horietan patogenoak aurkitzeko aukera oso txikia dela”, adierazi du adituak. Baina honako ohar hau egin du: “Jateko prest dauden produktuak dira, eta hain zuzen ere, hortxe dago arriskua. Horregatik, prebentzioa da segurtasunerako tresnarik onena produktu horietan”, ohartarazi du adituak. Ana Allende bat dator horrekin. “Garrantzitsua da ulertzea IV. multzoko frutak eta barazkiak gordinik jaten direla, eta, beraz, ez dagoela bakterioak edo birusak deuseztatzen dituen tratamendu termikorik, eta horrek handitu egiten du arriskua kutsadura bat gertatzen denean”, nabarmendu du Gloria Sanchezek.

Horregatik, elikagaiak kalitatezkoak eta kaltegabeak izango direla bermatzeko, elikagai horiek hertsiki betetzen dituzte estatu eta nazioarte mailako segurtasun araudiak, eta, horretaz gain, sarri kalitate zigiluak eta segurtasun zigiluak ere izaten dituzte, adibidez IFS Food edo BRC (British Retail Consortium). Ziurtagiri horiek ziurtatzen dute higienea, trazabilitatea eta segurtasuna maila gorenekoak direla eta ingurumena ere errespetatzen dela nekazaritzako teknika jasangarrien bidez.

Nola jan modu seguruan

Kutsadura arriskuak saihesteko, jarraibide batzuk bete behar ditugu etxean:

  • Ez apurtu hotz katea eta beti hozkailuan eduki 4 ºC-an.
  • Inguru higieniko batean manipulatu, eskuak eta lanabesak garbi daudela, kutsadura gurutzatuak saihesteko.
  • Produktua garbituta dago, ez da berriz egin behar.
  • Ekoizleak adierazten duen kontsumo-data errespetatu.

Ontzia irekitzen dugunean, itxita gorde behar da hozkailuan, eta ahalik eta lasterrena jan, ahal bada 24 ordu igaro baino lehen.