Zaporeetako ura. Ez da ura, freskagarri bat da
Duela gutxi arte oso gauza arraroa ziren, baina era horretako edariek gero eta leku gehiago hartu dute merkatuan. Lehen begiratuan, ur mineralaren antza dute, baina ongi erreparatuz gero, ez dira diruditen bezain sinpleak. Adibidez, edari batzuetan ur mineralez, lurrinez eta zukuz osatuta daudela pentsarazten diguten elementuak daude: “ur mineral naturala” hitzak nabarmentzen dituzte ontzian, urarekin lotzen ditugun markek eginak dira eta antzeko itxura dute. Baina osagai hori edukita ere, egiaz ez dira ur mineralak. Eta aztertu ditugun produktuetatik bik bakarrik ematen dute argibidea ontziaren aurrealdean: Maison Perrierek (“urez egindako edari aromatizatua gas karbonikoarekin, limoi zaporekoa”) eta Eroskik, zeinak tamaina handian “freskagarria” jartzen baitu.
Zer-nolako edariak dira
Edari horiek urez eta lurrinez bakarrik osatuko balira, “ur aromatizatua” izenarekin saldu ahalko lirateke. Baina ez dira sail horretakoak, gehienek bestelako osagai batzuk ere izaten dituzte eta, adibidez zukuak, eztitzaileak eta azukreak. Horregatik sartzen dira “freskagarrien” sailean. Halaxe adierazten dute salmenta izenean produktu guztiek, salbu eta Maison Perrier eta Vichy Catalán etxeetakoek, non “edari aromatizatua” jartzen duen, nahiz eta “freskagarri aromatizatua” jarri behar lukeen.
Azken batean, nagusiki ur mineralez egindako edari freskagarriak dira. Ildo horretan, garrantzitsua da beste argibide batzuk ere ematea; izan ere, ur ontziratu guztiei “ur mineralak” esaten badiegu ere, egiaz mota batekoak baino gehiagotakoak daude:
- Ur mineral naturala. Mikrobiologikoki osasungarria den ura da, lurpeko estratu edo iturburu batetik datorrena. Mineralak, oligoelementuak eta bestelako osagai batzuk izaten ditu, osaera kimiko konstantea eta purutasun handia jatorrian bertan; hori dela eta, potabilizazio tratamendurik eman gabe edan daiteke.
- Iturburuko ura. Hori ere lurpetik dator eta berezko purutasun handia du; hortaz, bere horretan edan daiteke, baina osaera ez da beti konstantea eta ezta berezia ere.
- Ur prestatua. Edozein jatorri eduki dezakeen ura da, eta tratamendu fitokimikoak ematen dizkiote edan ahal izateko. Jatorriaren arabera, lurpeko ur edangarri prestatua izan daiteke edo lur gainerako, edo bestela, hornidura publikoko ur prestatua.
Edari guztiak ur mineral naturalarekin eginak daude, Maison Perrier izan ezik, zeinak ur arrunta darabilen, bestelako freskagarriek darabiltena bezalakoa. Ur mineral naturala duten produktu guztiek esan egiten dute salmenta izenean. Batzuek, horretaz gain, nabarmendu egiten dute aurrealdean (FontVella anana, FontVella laranja eta San Benedetto). Maison Perrier etxekoak ere aurrealdean nabarmentzen du ur karbonatatua duela. Hori egiten dutenez, esan egin behar lukete zenbat duten, baina Maison Perrier delakoak (%99,9), San Benedettok (%78) eta Eroskik (%99,61) bakarrik egiten dute.
Erosketa gida hau egiteko, ur mineralez egindako zortzi edari freskagarri aztertu ditugu, eta alderdi hauek hartu ditugu kontuan:
- Nutri-Score puntuazioa. Azukre eta eztitzaile kopuruak baldintzatzen du 2024an eguneratu zen algoritmoaren balorazioa.
- Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko, bereziki urak zer-nolako ezaugarriak dituen, zukurik baduten eta azukreak edo eztitzaileak erantsi dizkioten.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2025eko maiatzean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Gasarekin edo gabe?
Hiru edarik gasa daukate (Maison Perrier, Pedras eta Vichy Catalán), elaborazio prozesuan ur karbonatatua darabiltelako, hau da, karbono dioxidoa duen ura. Gasak zaporeari eragiten dio, ukitu azidoa ematen diolako eta, batez ere, edaria freskoago sentiarazten digulako. Baina bestetik, sabelaldea puztu egin diezaguke eta digestio arloko eragozpenak sortu, batez ere hiatoko hernia duten pertsonetan. Gainera, garestitu egiten du produktua.
Ur mineral naturala denean, legeak behartu egiten du esatera gasa berezkoa duen edo erantsia. Pedras etxekoak oharra egiten du horren inguruan (“ur mineral karboniko naturala”), eta nabarmendu egiten du ontzian; Maison Perrier etxekoak ere zehazten du: “gas karboniko erantsia duen ura”). Vichy Catalán etxekoak ez du zehazten, eta, beraz, urratu egiten du legedia.
Zukuak, azukreak eta eztitzaileak
Zukua ere agertzen da osagaien artean. Bost produktuk daramate: FontVella laranja, FontVella anana, San Benedetto, Vichy Catalán eta Pedras. Pedras etxekoak %2,3 dauka zukua eta San Benedettok %20. Kontzentratu bidezko zukua darabilte guztiek, hau da, fruta zuku deshidratua eta berregina da.
Zukuek gozotasuna ematen diete, baina baita azukreek eta eztitzaileek ere (batzuek biak konbinatzen dituzte). Maison Perrier da halakorik eransten ez duen bakarra. FontVella Sentsazioak eta Eroskik ere nabarmendu egiten du azukrerik ez daukatela, baina eztitzaileak dituzte. San Benedetto eta Vichy Catalán etxeetakoek “azukre erantsirik gabea” oharra egiten dute, eta eztitzaileak darabiltzate. Fruta zukuak ere badarabiltzate eta, beraz, horien berezko azukreak dauzkate, eta etiketan ere halaxe adierazten da. Legediaren arabera (1924/2006 Erreg.), produktuari monosakaridorik edo disakaridorik erantsi ez diotenek bakarrik egin dezakete aipu hori, eta propietate eztitzaileak dituen elikagairik erantsi ez dietenek. Hortaz, zukuek gozotasuna emateko funtzioa betetzen dutela interpretatuko bagenu, aipu horrek urratu egingo luke legedia.
Pedras etxekoa azukre hutsez gozatzen dute (fruktosa), eta FontVella laranja eta FontVella anana delakoek konbinatu egiten dituzte azukreak eta eztitzaileak.

Edari horiek ura baino erakargarriagoak diren ezaugarriak dituzte: fruten lurrinak, batzuek gasa, zukuak, kolore deigarriak… Batzuek gasa dute, eta horrek freskagarriago egiten ditu, baina hantura irudipena eta digestio arloko ondoeza eragin ditzake, batez ere hiatoko hernia edo errefluxu arazoak dituzten pertsonengan. Gainera, gehienak ur mineral naturalarekin egiten direnez, pentsa genezake egokiak izan daitezkeela egunerokoan edateko.
Baina garbi eduki behar genuke noizbehinka hartzekoak direla zenbait arrazoirengatik:
- Batzuek azukreak dituzte; beraz, ez da komeni maiz hartzea, pisua handitzea ekar dezakeelako eta 2 motako diabetesa agertzea, beste gaixotasun batzuen artean.
- Beste batzuek eztitzaileak izaten dituzte, eta, seguruak izan arren, nahi ez diren ondorioak izan ditzakete, adibidez hesteetako mikrobiotari eragin diezaiokete, areagotu egin dezakete elikagai gozoekiko desira eta gosea doitzeko prozesua aldatu.
Azken batean, urak izan behar du beti hidratazio iturri nagusia gure dietan.
Nutrizio osaera
Edari horiek ez dute ematen ez gantzik, ez proteinarik eta ez zuntzik, eta gatzik ere ez daukate ia. Azukrea da nabarmentzeko gauza bakarra; fruta zukuetatik dator batzuetan (San Benedetto %3 eta Vichy Catalán %0,6) eta azukre horien eta erantsien konbinaziotik besteetan (Pedras %5,6, FontVella laranja %3 eta FontVella anana %3). Hortaz, 250 ml-ko edalontzi batean 14 gramo izan daitezke azukreak (Pedras), eta hori asko da (hiru koilarakadatxo baino gehiago). Horrek azaltzen du Pedras izatea kaloria gehien duen produktua (68 kcal). Zukurik eta azukre erantsirik ez duten edariek ia ez dute batere kaloriarik: Maison Perrier, FontVella Sentsazioa eta Eroski.
Freskagarriak diren arren, badituzte desberdintasun batzuk ohiko freskagarrien aldean. Gehienek ur mineral naturala dute betiko uraren ordez, eta azukreak dituztenek kopuru txikiagoan dituzte (Pedras etxekoak 14 gramo ditu eta kolazko freskagarri batek 27 gramo). Eztitzaileak dituztenak eztitzailez horniturik dauden freskagarri konbentzionalen antzekoak dira, eta azukrerik eta eztitzailerik ez dutenak, berriz, freskagarriak baino hobeak dira. Nolanahi ere, bi edari mota horiek noizbehinka hartzekoak izan behar lukete, eta ez uraren ordezkoak.

- Ur mota. Ur mineral naturalarekin eginda egon ohi dira, zeina komertzialki hobetzat jotzen den konbentzionala baino, osaera berezia duelako, baina ez da beti horrela izaten; horregatik, komeni da osagaien zerrendan begiratzea.
- Gasarekin edo gabe. Gasak freskagarriago egiten ditu eta kilima atseginak sortzen ditu ahoan, baina sabelaldea puztu egin dezake eta digestioan trabak eragin. Gainera, garestitu egiten du produktua.
- Zukuarekin edo gabe. Zukuak zapore gozoa ematen du, frutena, baina azukre libreak izaten ditu, eta ezin da frutarekin alderatu. Osasunaren ikuspegitik, hobe da zukurik gabea.
- Azukreekin edo eztitzaileekin. Hobe ez edukitzea ez bata eta ez bestea.
- Prezioa. Alde handiak egon litezke. Ongi begiratzea eta aztertzea komeni da orain arte aipatu ditugun kontuak aintzat hartuta.
Nutri-Score: lau nota
Sistema horrek irizpide espezifikoak darabiltza edarietarako, eta zigortu egiten du azukreak eta eztitzaileak edukitzea. Horrexegatik, Pedras etxekoak E bat dauka, azukre gehien duen edaria da eta. D bat lortu dute azukrea duten edariek -FontVella laranja, FontVella anana eta San Benedetto-, eta ondoren, C batekin, eztitzaileak edo azukre gutxi dutenak datoz: Vichy Catalán, FontVella Sentsazioa eta Eroski. Notarik onena lortu duen edaria Maison Perrier da: B bat lortu du, ez baitauka ez azukrerik eta ez eztitzailerik. Ontzi batzuetan ez dira ageri gida honetako nota berdinak, marka batzuek ez baitute erabili 2024an eguneratu zen algoritmoa.
Kalitate-prezioak
Alde nabarmenak daude prezioan. Litroa zenbat kostatzen den kontuan hartuz gero, Eroski etxekoak 0,82 euro balioko luke eta Pedras etxekoak 3,35 euro. Hau da, merkeenak halako lau balio du garestienak. Hauek dira produkturik garestienak: Maison Perrier (2,16 euro), San Benedetto (2,40 euro), Vichy Catalán (2,78 euro) eta Pedras (3,35 euro). Edari horien ezaugarri batzuek garestitu egin lezakete prezioa: zuku asko samar izatea (San Benedetto), ur karbonatatua (Maison Perrier, Vichy Catalán eta Pedras) edo beirazko ontzia (Pedras). Baina merkeenekin dagoen aldea handi samarra da alderdi horiekin justifikatzeko.

Edari horiek ez daude eginak urarekin eta lurrinekin bakarrik; badituzte beste osagai batzuk ere, adibidez zukuak, eztitzaileak edo azukreak. Ur minerala izaten da osagai nagusia, nahiz eta batzuetan ur konbentzionala izaten duten, adibidez Maison Perrier etxekoak. Lehenbizikoa hobetzat jotzen da ikuspegi komertzialetik, osaera eta ezaugarri bereziak dituelako.
Sailkapen bat baino gehiago egin genezake. Adibidez, batzuek gasa dute eta beste batzuek ez. Lehenbizikoak freskagarriagoak dira eta batzuek nahiago dituzte, ahoan kilimak egiten dizkielako, baina garestiagoak ere badira, eta arazoak eragin ditzakete digestioa egitean. Gasdunak maite baditugu, Maison Perrier da aukerarik onena, eta gasik ez dutenen artean, Eroski.
Gozotasuna emateko erantsi dizkieten osagaien arabera ere sailkatu ditzakegu: batzuek azukreak dituzte, besteek eztitzaileak eta zenbaitek bietatik. Onena litzateke halakorik ez duen edari bat aukeratzea; beraz, Maison Perrier izango litzateke aukerarik onena.
Laburbilduz: Maison Perrier da aukerarik onena; kalitate-prezioak kontuan hartuta, Eroski bereiziko genuke.