Elikadura osasungarriaren etorkizuna haurretan dago
Haurren gizentasuna prebenitzeko konpromisoaren barnean, Eroski Fundazioak zuzenean galdetu die haurrei zer-nolako ohiturak dituzten, zer lehenesten duten eta nolako emozioak sortzen dizkien janariak. Ikerlan bateko galderak dira, eta adingabeek (8 eta 12 urte bitarteko haurrek) beren ohiturei eta familiaren elikaduran duten partaidetzari buruz zer-nolako autopertzepzioa duten ikusteko balio izan dute. Zehazki, Espainiako Estatuko iparraldean dauden bederatzi autonomia erkidegotako 2.126 neska-mutili galdetu zaie 2024ko maiatza eta iraila bitartean. Inkestak hiru alor izan ditu: familia, elikaduraren esparruko kanpoko erreferenteak, eta janariaren eta emozioen arteko harremana. Inkestak oso ondorio interesgarriak utzi ditu: adibidez, adingabeek nola hautematen duten haien elikadura, zer-nolako formazioa duten elikaduraren arloan (hobetzeko tartea ikusten dute) eta ikastetxeek zer-nolako zeregina duten jardunbide osasungarriak zein diren erakusteko (horretarako leku paregabeak direla iruditzen zaie). Eroski Fundazioko eta Eroskiren Elikadura Eskolako zuzendari Alejandro Martinez Berriotxoak nabarmendu duen bezala, “ahalegin kolektiboa egin behar da elikadura osasungarriaren alde. Informatuta dauden familiak behar ditugu, hezitzaile konprometituak eta politika publikoak, erraztasunak jarriko dituztenak ohitura osasungarriak haurtzarotik hartzeko”. Honako hauek dira ondorioetako batzuk.

Haurrak supermerkatuan
Ameriketako Estatu Batuetako berrikuntza zentro batek 2017an egin zuen inkesta baten arabera, 16,4 milioi estatubatuarrek uste zuten (populazioaren %7 inguruk) esne txokolateduna behi marroietatik datorrela. Baieztapen bitxi samarra irudituko zaigu agian, baina ongi erakusten du zenbateraino den garrantzitsua heziketa ona izatea elikaduraren arloan. Eta zer eskola hobea gurasoekin erosketak egitera joatea baino.
“Nondik datoz elikagaiak?”, “Aurrekontu honekin, zenbat produktu eros ditzakegu?”. Haurrak erosketara eramatea onuragarria da gai horiei eta beste batzuei buruz ikasteko, adibidez ingurumenarekin arduratsuak izaten eta hurbileko edo sasoiko janaria aukeratzen edo menu osasungarri eta orekatu bat diseinatzen. Eroski Fundazioak egin duen inkestak erakusten du bide onean goazela, haurrak dituzten etxe gehienek haien iritzia kontuan hartzen baitute erosketa zerrenda egitean. Zehazki, 8-12 urte arteko haurrak dituzten etxeen %87tan egiten dute erosketa zerrenda, eta %92tan kontuan hartzen dute haurren iritzia zerrenda osatzean. Gainera, ia guztietan haurrekin joaten dira erosketak egitera, batzuk beti (%45) eta besteak batzuetan (%52).
Haur txikiak tartean daudenean, beti ez da erraza elikagai berriak dastatzea, baina menua prestatzera animatzen ditugunean, aukera izaten dute zapore eta elikagai berriak aurkitzeko. Haurrek eurek kozinatzen badituzte, jarrera hobea izango dute dastatzeko, eta hori funtsezkoa da elikadura osasungarri eta orekatuaren kontzeptua barneratzen joan daitezen. Eltze artean ibiltzea maite dute 8 eta 12 urte arteko haur gehienek, halaxe diote inkestako datuek. Zehazki, %82k diote etxean lagundu egiten dutela kozinatzeko garaian, batzuk beti (%19) eta besteek batzuetan (%63). Autonomia erkidegoak hartuta, Nafarroan eta Errioxan laguntzen dute gehien (%86), eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta Kantabrian gutxien (%76).
Egunean bost otordu
Orain arte beti esan izan da oso garrantzitsua dela egunean bost otordu egitea: gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, askaria eta afaria (hau da, hiru otordu nagusi eta bi gehigarri). Eta hori egoki betetzen dute inkestari erantzun dioten gehienek. Inkestan ageri denez, lurralde bakoitzeko kulturak eragina du otordu batzuetan, adibidez hamaiketakoan eta askarian. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, haur askok eskolak askaltzen dute.
Elikadura arloko joera berriek, ordea, zalantzan jartzen dute gosaria hain beharrezkoa ote den edo egunean bost otordu egin behar ote diren, eta joera horiek gero eta hedatuagoak daude familien artean. Eta horrek badu bere isla inkestako datuetan. Zehazki, %10,26k ez dute askaririk egiten, eta %5,99k gosaria huts egiten dute. Gainera, otordu horiek dira heldurik gabe sarrien egiten dituztenak, eurak bakarrik daudela alegia. Adin horretan norberak bakarrik jatea ez da gomendagarria, inor ez dagoenean gailu elektronikoak erabiltzeari ekiten baitiote.
Beste azterlan batzuetan are handiagoa da egunero gosaltzen ez duten haurren zifra: Aladino 2023 ikerlanean ageri denez, eskola adinean dauden 10 haurretatik 3k ez dute egiten (AESAN Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak egin zuen, sei eta bederatzi urte arteko 12.678 haurrekin). Eguneko lehen otordua huts egiteak lotura eduki dezake pisua hartzearekin, otordu arteak mokadutxoak egiteko joera sortzen duelako eta batere gomendagarriak ez diren elikagaietara jotzekoa.

Pantailak mahaiaren bueltan
Gero eta familia gehiagotan erabiltzen dira pantailak otordu garaian. Haurren erdiek baino gehiagok telebista ikusten dute jaten duten bitartean, eta hirutik batek mugikorrarekin, tabletarekin edo bideokontsolarekin jaten du. Haurren %66k diote telebista ikusten dutela jateko garaian, eta %33k mugikorra, tableta edo bideokontsola erabiltzen dutela. “Haur gehiegik jaten dute arreta galduta. Ez bagaude %100 otorduan kontzentratuta, segur aski garrantzizkoa den zerbait galduko dugu eta oso litekeena da ez ohitura egokiak barneratzea etorkizunerako”, azaldu du Alejandro Martinez Berriotxoak.
Gailu elektronikoekin jatearen kalteak ez dira agertzen inkesta honetan bakarrik. Hainbat ikerlanek berretsi dute jardunbide hori kaltegarria dela. International Journal of Behavioral Nutrition and Physical Activity aldizkarian argitaratu zen horietako bat; 10 eta 12 urte arteko haurren inguruko azterketa egin zuen Europako zortzi herrialdetan, tartean Espainian. Lortu diren datuen arabera, gehiegizko pisua izateko probabilitatea handiagoa da telebistari begira eta beste gailu batzuekin bazkaltzen eta afaltzen duten haurren artean. Bestalde, Espainiako Herritarren Nutrizio Azterketak (ENPE 2015) ondorioztatu zuenez, otorduen iraupenak, konpainiak eta tarte horretan egiten diren jarduerek eragina dute elikatzeko ohituretan. Eroski Fundazioak sustatu zuen azterlan hori, eta 6.800 pertsonari galdetu zitzaien.
Ura edari ohikoena
Haurren %94k diote ura dela edari nagusia otorduetan. Horixe da aukerarik onena nutrizio arloko adituen esanetan. Dena den, haur asko samarrek bestelako edari batzuk ere hartzen dituzte otorduetan: zukuak (%27), freskagarri gasdunak (%19) eta gasik gabeko beste edari batzuk (%22). Horrek, zalantzarik gabe, neurri batean ilundu egiten du ura lehenesteak dakarren onura; izan ere, arazo nagusia da inkestatari erantzun dioten bost haurretatik batek ura konbinatu egiten duela noizbehinka hartzekoak diren edariekin. “Azukre eta kaloria iturri nagusia edari gozoak dira haurren artean, halaxe dio ministerioak. Izan ere, noizbehinka hartzekoak diren produktu horiek, une jakin batzuetarako direnak, eguneroko bihurtzen dira”, erantsi du Alejandro Berriotxoak Ildo horretan, Aladino 2023 azterlanak ere erakutsi zuen ikasleen %3,8k freskagarri azukredunak hartzen dituztela astean hirutan baino gehiagotan. Gainera, edari azukredunen kontsumo hori familia behartsuenekin lotuta dago; elikatzeko ohitura horiek errenta mailarekin lotzen direnez, errenta txikienak dituzten etxeetan freskagarri azukredunak kontsumitzen dituzten haurren ehunekoa zortzi aldiz handiagoa da (%7,8koa errenta txikikoetan eta %0,9koa besteetan).

Komeni baino maizago
Elikadura arloko piramidearen goiko muturrean ageri diren elikagaiak kopuru txikietan eta oso noizbehinka jatekoak dira. Produktu horiek guztiek ugari ematen dituzte kaloriak, gatza, azukre erantsiak, gantz saturatuak eta trans gantzak. Saihestu behar den guztia, baina haurrei oso tentagarri egiten zaiena. Inkestari erantzun dioten haurren %92k adierazi dute astero jaten dituztela hanburgesak, saltxitxak, pizzak eta/edo patata frijituak, eta %15ek astean hirutan edo maizago. Gozoak ere ohikoak dira haur gehienen elikaduran. Horietako %93k astero jaten dituzte opilak, galletak eta/edo litxarreriak, eta %44k astean hirutan edo gehiagotan.
Gauza bera gertatzen da noizbehinka hartzekoak diren edariekin ere; horiek ere komeni baino maizago ageri dira haurren dietan. Eta inkestak berretsi egiten du hori. Haurren %81ek freskagarriak edo zukuak hartzen dituzte astero, eta %40k astean hirutan edo gehiagotan. Gainera, %14k edari energetikoak hartzen dituzte astero. Azken horiekin are kezkagarriagoa da egoera. Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak egin duen txosten baten arabera (AESAN), edari energetikoen kontsumoak honako arazo hauek eragin ditzake haurren artean: “Arrisku gastrobaskularrak, neurologikoak eta psikokonportamentalak”.
Albiste on bat ere atera daiteke haurren erantzunetatik: erdiek uste dute, zehazki %45ek, aldatu egin behar lituzketela elikatzeko ohitura batzuk, eta fruta gehiago jan eta ultraprozesatu gutxiago, eta ur gehiago edan. Esperantzarako datu gisa hartu du Eroski Fundazioko eta Eroskiren Elikadura Eskolako zuzendariak. “Batez ere adierazten du oraindik garaiz gaudela hobetzeko; izan ere, helduagoak direnean, nerabezaroan, zailagoa izaten da ohiturak aldatzea”, adierazi du Berriotxoak.
Adin txikiko haurren eredu nagusiak, ohiturei dagokienez ere, gurasoak dira %90entzat, eta eskolako irakasleak bigarren tokian egongo lirateke (%5), oso urruti. Ospetsuak eta influencerak oso urruti gelditzen dira adin horietan. Dena den, 10etik 1ek telebistan edo sare sozialetan ikusten dituen janari edo edariak eskatzen dizkio gurasoei.
AESAN 2022 azterlanak 12 eta 14 urte arteko nerabeek elikaduraren inguruan zituzten pertzepzioak aztertu zituen, eta berretsi egiten ditu Eroski Fundazioaren inkestan ageri diren emaitzak. Azterlan horretan argi ikusi zen familia dela eragin gehien duena bizimodu osasungarria egiteko garaian.
Gosea eta emozioak
Janaldi emozionalak egitea edo emozioei aurre egiteko asmoz jatea dieta eredu osasungaitzari eta gizentzeari lotuta dago (emozio horiek txarrak izan daitezke, onak edo estresak sortuak). Haurrek emozio txarrak arintzeko jaten dutenean, kaloria askoko elikagaietara jotzen dute (gozoak, opilak eta ultraprozesatuak). Gainera, azterlan askok frogatu dute janaldi emozionala lotuta dagoela ondoren elikadura arloko nahasmenduak agertzearekin, adibidez bulimia edo betekadak.
Duela gutxi ikerketa bat argitaratu da Journal of Nutrition Education and Behavior aldizkarian, non nerabeek janaldi emozionalak egiteko duten joera aztertzen den; ondorioztatu zuenez, joera hori gehiago zen ikasia beste norbaitengandik jasoa baino, eta erakutsi zuen gurasoek erabiltzen dituzten zenbait jardunbidek, adibidez janariarekin konpentsatzeak edo zigortzeak, eragin nabarmena dutela gazteek elikadurarekin etorkizunean izango duten harremanean.
Azken batean, Eroski Fundazioaren inkestak erakusten duen bezala, egoera emozionalek, bai onek eta bai txarrek, baldintzatu egiten dute haurrek zer eta zenbat jaten duten. Inkestari erantzun dioten haurren ia erdiek onartu dute gehiago jaten dutela pozik daudenean eta gutxiago triste, haserre edo estresaturik daudenean. Emozioek erasanda daudenean zer jaten duten galdetuta, askok erantzun dute gozoak jaten dituztela (litxarreriak, galletak eta txokolatea) eta pasta. Funtsezkoa da emozioak kontrolatzen jakitea eta elikatzeko moduarekin zer-nolako harremana duten ulertzea janariarekin ohitura osasungarriak sortzerakoan. Horixe da, zalantzarik gabe, egiteko nagusia. Ongi jaten badute, ongi sentituko dira.

Familien erdiek baino gehiagok seme-alabak saritzeko erabiltzen dute janaria ongi portatu direnean edo etxeko lanak egin dituztenean. Datuen arabera, familien %54tan gurasoek gustuko elikagaiak ematen dizkiete seme-alabei jokabide ona izan dutenean eta etxeko lanak egin dituztenean. Ondorio horrek agerian uzten du etxe askok erabiltzen dutela janaria seme-alabak saritzeko –erdiek baino gehiagok–, eta ondorioz, gerta liteke haurren iruditerian elikadura ez lotzea egunero zaindu behar dituzten ohitura osasungarriekin. Hori are kezkagarriagoa da sari horietako askok osasungarriak ez diren produktuak biltzen dituztenean, adibidez litxarreriak, gozokiak eta opilak.