21 zalantza organoak ematearen inguruan
Espainiako Estatua eredugarria da organoak emateari eta transplantatzeari dagokionez, eta urtez urte, emaitzarik onenak lortzen ditu emaileen kopuruan eta sistemaren eraginkortasunean. Elkartasunean eta antolamendu bikainean oinarritzen den eredu bati esker, milaka pertsonak bigarren aukera bat izan dute bizitzan. Arrakasta hori hor dagoen arren, gizartean oraindik ere galderak eta zalantzak sortzen dira. Rocio Vega erizaina da, Transplanteen Espainiako Erakundeko koordinatzailea (ONT), eta haren eskutik, organoen transplanteari buruzko alderdirik ohikoenak jorratu ditugu.
Orokorrak
1. Zer-nolako baldintzak bete behar dira emaile izateko?
Betekizun formal bakarra adinez nagusia izatea da, eta adingabea izanez gero, gurasoek edo tutoreek dohaintza baimendu behar dute. Norbait emaile izan daitekeela atzematen denean (heriotza entzefalikoan edo irtenbiderik ez duen egoera klinikoan dagoen paziente bat), haren baldintza medikoen azterketa zehatza egiten da, eta emaile izan daitekeen ala ez ebazten da.
2. Ba al dago adin mugarik emaile izateko?
Ez, emaile izateko ez dago eta organo bat jasotzeko ere ez, baina organo bakoitzaren balorazioa egin behar da. Berez, ez dago arazorik giltzurrunak edo gibela emateko nahiz eta adin handikoa izan, baina organo horiek beti egokituko dira itxaron zerrendara; hau da, ez zaio 85 urteko gibel bat transplantatu behar 40 urteko hartzaile bati. Une honetan 80 urteko giltzurrunak transplantatzen dira, eta, horri esker, lehen giltzurrun bat hartzeko hautagai ez ziren adineko pazienteek orain aukera dute, antzeko adina duen pertsona batena har dezaketelako. Bihotzari eta birikei dagokienez, paziente gazteagoenak izatea bilatzen da, baina kasu bakoitza mediku taldeak baloratu behar du.
3. Nola izan naiteke emaile?
Organoen dohaintza 30/1979 Legeak arautzen du, eta lege hori presuntziozko baimena da: denok gara emaileak, kontrakoa adierazi ezean. Baina beti galdetzen zaio familiari zein zen hildakoaren borondatea. Emailearen txartela baliagarria da emaile izan nahi dugula adierazteko, baina ez du lege baliorik. Hortaz, garrantzitsuena da familiakoei eta hurbilekoei jakinaraztea asmo horren berri. Aurretiazko borondateen edo bizi-testamentuaren dokumentuan erregistratuta uzteko aukera ere badago, legezko balioa baitu.
4. Atzera egin al dezaket erabakia hartu eta gero?
Pertsona batzuek emaile txartela egin eta ondoren uko egiten diote, esperientzia txar bat izan dutelako edo mesfidantza eragin dien albisteren bat iritsi zaielako. Ez da ohikoena, baina gerta daiteke. Halakoetan, aski da familiari jakinaraztea edo azken borondateen dokumentua aldatzea.
5. Nire borondatea idatziz adierazi ez badut, familiakoek erabakitzen al dute beti?
Familiari beti galdetzen zaio, eta familiak kontra egin dezake, batez ere hainbat pertsonak bat egiten badute (seme-alabek, anai-arrebek, gurasoek…) eta ez badago ziur hildakoak zer nahi zuen. Familiakoen artean adostasunik ez dagoenean, uko egiten zaio dohaintza horri. Horregatik, aurrez jakinaraztea da onena.
6. Familiako bat organo emailea zen, baina hil zenean, ez zuten onartu. Zergatik?
Gerta daiteke emaileari egiten zaizkion frogetako batek kontrakoa gomendatu izana, adibidez, prozesu onkologiko aktibo batean murgilduta egon delako. Funtsezko beste kontu bat da emaileak ZIU batean hil behar duela, unitate horretan gorputza arnasgailu batera konektatuta egoten delako eta farmako basoaktiboak ematen dizkiotelako odol zirkulazioa eten ez dadin. Horrela mantendu egin daitezke organoak.
Zalantza etikoak
7. Izan ote liteke, norbait emailea izanik, medikuek ahalegin txikiagoa egitea heriotzatik salbatzeko?
Osasun arloko langileek zin hipokratikoa egina izaten dute, eta horrek behartu egiten ditu bizitza salbatzeko ahalegin guztiak egitera. Dohaintza ondorengo prozesu bat da eta, martxan jar dadin, ezinbestekoa da mediku talde batek ziurtasuna izatea ezin dela ezer egin pertsonak bizirik iraun dezan. Une horretan adostu egiten da, familiarekin batean, organo eta ehunak iraunarazteko neurriak egokitzea. Familiak onartzen badu, orduan aztertzen da dohaintza egiteko aukera. Horrek ez du esan nahi egingo denik: ondoren zenbait proba egin behar dira bideragarria dela egiaztatzeko.
8. Hartu al daiteke organo bat itxaron zerrenda errespetatu gabe?
Gure transpalte ereduan ezin da itxaron zerrendako hurrenkera urratu. ONT erakundeak ez dizkie pertsonei esleitzen organoak, transplante taldeei baizik, eta horiek erabakitzen dituzte banaketa kliniko eta geografikorako irizpideak. Adibidez, zero larrialdiko egoeran dagoen paziente batek (egoera kritikoa, 48 orduan hil litekeena transplanterik jaso ezean) erabateko lehentasuna du. Zero larrialdirik ez badago, organoak sortu dituen zentrotik ahalik eta gertuena gelditzen dira. Behin taldeari esleitu ondoren, hark erabakitzen du nork jasoko duen, larrialdia, pisua, neurria… kontuan hartuta.
9. Nire familiak izango al du jakiteko modurik nork jaso dituen nire organoak?
Espainiako Estatuan ez dago horretarako modurik. Gai hori aztertu eta baloratu da, baina frogatu da egoera patologikoak sortzen dituela eta naturalak ez diren harremanak. Sistema saiatzen da anonimotasuna ahalik eta gehiena zaintzen, eta, hain zuzen ere, zaindu egiten da emaileen eta hartzaileen familiak ospitalean ez daitezela gurutzatu.
10. Eta nire organoak krimen bat egiteagatik preso dagoen norbaiti egokitzen bazaizkio?
Pazienteak itxaron zerrendan egoten dira, nolakoak diren, zer-nolako bizitza izan duten edo nolako ekintzak egin dituzten kontuan hartu gabe. Sistemak ez du inor diskriminatzen. Eta hiltzaile bat ere izan daiteke emailea, horretan ere ez du diskriminaziorik egiten.
Zer-nolako organoak eman daitezke
11. Aukeratu al daiteke organo batzuk ematea eta besteak ez?
Normalena izaten da organoak eta ehunak ematea. Sinatzen den dokumentuan zehatz-mehatz azaltzen da guztia, eta gehienetan, familiak baietz esaten du. Gertatu izan da korneak emateari uko egin izana, desatsegina egiten zaielako gorpua desitxuratuta egotea, edo bihotza, sinbolikoki pertsonaren muina delako. Larruazala ere ez dute eman nahi izaten batzuetan. Beste batzuetan, organoren bat ezin izango da dohaintzan eman erabaki judizial baten ondorioz; adibidez, heriotzaren arrazoia eztarria trabatzea izan bada, epaileak birikak ez emateko agindu dezake, azterketak egin behar badira ere.
12. Zer-nolako ehunak erauzten dira?
Ehun osteotendinosoa, hau da, hezurra, kartilagoak, larruazala… Ehun horietan, adina garrantzitsua da: adineko pertsona baten hezurrak edo tendoiak ez dira transplantatzen. Korneak ere ematen dira, eta horretarako, begi globo guztia erauzten dute.
13. Nire gorputza zientziari ematen badiot, zertarako erabiliko dute?
Zientziari ematen zaizkion gorputzak unibertsitateko ikasleek gorputz baten anatomia in situ ikas dezaten erabiltzen dira batez ere.
14. Ehorzketa gastuak aurreztu ote daitezke horrela?
Pertsona askori iruditzen zaie gorputza zientziari emanda aurreztu egingo dituztela ehorzketa gastuak. Baina dohaintza mota hori ez du ONTk arautzen, eta ez da beharrezkoa ZIUn hiltzea. Pertsona batek bere gorputza eman nahi badu, aurrez tramiteak kudeatu behar ditu Medikuntza fakultateekin. Heriotza gertatzen denean, erabakita eta antolatuta egon behar du nor etorriko den gorpua eramatera. Eta, batzuetan, unibertsitateek gorpu asko izaten dute eta ez dute gehiago behar.
15. Nire gorputza zientziari ematen badiot, izango al dut hil beilarik?
Ez, zure gorputza Unibertsitateari eman diozulako. Hain zuzen, pertsona batzuk, beren gorputza ematea erabakitzen dutenean, ezabatu egiten dira heriotza asegurutik.
Bizirik gaudela organoak ematea
16. Zer-nolako organoak eman daitezke bizirik gaudela?
Gibela eta giltzurruna. Lehenengo kasuan, gingil txikia erauzten da hartzailearentzat (haur bat izaten normalean) eta gingil handia emaileari uzten zaio. Giltzurruneko transplantean ez dago arazo hori, bi izaten ditugu eta. Muina ere eman daiteke, baina ez da organo bat, zelulak baizik.
17. Zer-nolako baldintzak daude bizirik gaudela emaile izateko?
Legeak ezartzen dituen baldintzak eta eskakizunak betetzen direnean bakarrik egin daiteke dohaintza mota hori. Lehenengoa da emaileak adin nagusikoa izan behar duela, baina borondatezkotasun, doakotasun eta altruismo baldintzak ere bermatu behar dira. Egiaztatu egin behar da presiorik ez dagoela eta emailea ondo informatuta dagoela. Era berean, ez da zilegi, adibidez, dohaintza egitea testamentu batean lehentasuna izatearen truke. Presiorik, hertsapenik edo interesik ez dagoela kontrolatzeko, ebaluazio psikologikoak eta judizialak egiten dira. Bestalde, funtsezkoa da emailearen osasuna babestea; hala, adibidez hipertentsioa badu, ez zaio giltzurrun bat erauziko, aurrerago agian beharko du eta.
18. Eman al daiteke organo bat familiakoa ez den norbaiti?
Bai, bizirik den emaile batek egin dezake transplante altruista. Halakoetan, pertsona batek organo bat ematen dio (giltzurrun bat izaten da gehienetan), borondatez, behar duen norbaiti, haien artean familiako loturarik edo lotura afektiborik egon gabe. Dohaintza mota hori legeak arautzen du, eta ONTk gainbegiratzen, modu seguru, aske eta kontzientean egiten dela bermatzeko. Batzuetan, gainera, transplante kate bati hasiera eman diezaioke, eta hainbat pazienteri mesede egin diezaioke, elkarrekin bateragarriak diren emaileen eta hartzaileen arteko truke sistema bati esker. Adibidez, demagun pertsona baten giltzurruna ez dela bateragarria bikotekidearekin eta ezin diola eman; pertsona hori emaileen zerrenda batean sartzen da, eta datuak gurutzatu egiten dira; horrela, azkenean, giltzurruna ematen dio harremanik ez duen beste pertsona bati, harekin bateragarria delako, eta bikotekideak zerrendako beste emaile baten organo bat jasotzen du.
19. Zer-nolako arriskua du bizirik dagoen emaileak?
Kirurgia guztiek daukate arriskua; horregatik, funtsezkoa da emailea ongi informatuta egotea. Giltzurrunean, teknikak laparoskopia bidez egiten dira, eta arriskuak txikiagoak dira, baina badaude. Gibel zati bat erauztea konplexuagoa da eta arrisku handiagoak izaten ditu. Emaileak kontuan hartu beharko du, besteren artean, bolada batez lan egin gabe egon beharko duela. Bestalde, organo bat ematen duenak azterketak egin beharko ditu aldian behin, eta horri esker, arazo bat dagoenean oso azkar antzematen da.
Erauzi ondoren
20. Hiletako tramiteak atzeratu egingo al dira erauzketa dela medio?
Organo bat ematen denean, nolabaiteko atzerapena izaten da, erauzi behar diren organo eta ehunen arabera. Ebakuntza kirurgikoak dira eta denbora behar izaten da; gainera, ebakuntza gelek libre egon behar dute. Era berean, baliteke organo bat beste hiri batera eramateko garraioa antolatu behar izatea, agian hegazkin bat behar da… Dena ahalik eta azkarrena egiten da, baina atzerapen bat izaten da, zalantzarik gabe.
21. Gorpua desitxuratu egiten al da organoa emateko prozesuan?
Organoak eta ehunak erauzi ondoren, gorputza berreraiki egiten da, esku-hartzea begiz hauteman ez dadin. Plastikozko egiturak erabiltzen dira gorputza homogeneoa uzteko, kendu dituztenen antzekoak, edo barrak ere erabiltzen dira sendotasuna emateko hezurra erauzi dutenean.