Edari energetikoak. Ez dago aukera onik
Edari energetikoak ia ezezagunak ziren duela bi hamarkada, baina ordutik hona, sekulako salmentak lortu dituzte. Hasieran marka bakarra zegoela esan liteke, Red Bull. Baina denborarekin, beste hainbat produktu sartu dira merkatuan, askotariko osagaiekin eta ezaugarriekin.
Estimulatzaileak eta ez energetikoak.
Merkatuan denbora dezente daramaten arren, edari horiek ez daude legerian espresuki araututa; edari freskagarrien multzoan sartzen dira. Horrek esan nahi du horien ezaugarriak ez daudela berariaz zehaztuta, eta horiek izendatzeko erabiltzen den izena ere ez dagoela araututa (“edari energetikoa”); izen arrunta besterik ez da. Hain zuzen, izen hori darabilte guk aztertu ditugun produktu guztiek, Booster izenekoak izan ezik. “Kafeinaz egindako edari freskagarria” darabil. “Edari energetikoa” terminoa nahasgarria da. Zorrotz hartuta, edari horiek eman ematen dute energia: lata bakoitzak 200 eta 300 kcal artean, gutxi gorabehera, eta azukre erantsirik ez dutenek 10-15 kcal artean, adibidez Red Bull azukre gabeak, Monster Ultrak, Burn Zerok eta Reignek. Baina ezin dira hartu “energizatzaile” gisa, eta ezin da esan bizitasuna ematen dutela edo gure errendimendu fisikoa edo intelektuala hobetzen. Berez, edari estimulatzaileak dira, kafeinagatik batez ere.
Aipagarriena: kafeina.
Edari horiek, funtsean, ur karbonatatuak osatzen ditu, eta ur horri zenbait osagai eransten zaizkio. Zerrenda luzea izaten da askotan, eta batzuetan, gainera, zaila egiten da zerrenda hori ulertzea: taurina, ginseng-a, L-Karnitina… Guztien artean, kafeina da aipagarriena. Oro har, 32 mg kafeina izaten dute 100 ml bakoitzeko. Horixe gertatzen da aztertu ditugun ia marka guztietan, honako hauetan izan ezik: Monster Ultra (30 mg/100 ml), Rockstar (biak 31 mg/100 ml), Booster (kantitate txikiena berak du: 20 mg/100 ml). Beste muturrean, berriz, Reign ageri da (40 mg/100 ml).
Lehen begiratuan, badirudi ez dela kopuru oso handia: kafe espres batek 120 mg kafeina ditu 100 ml bakoitzeko. Baina badago funtsezko alde bat kafearen eta edari energetikoen artean: kontsumitzeko modua. Kafe errazio bakoitza 50 ml ingurukoa izaten da, eta edari energetikoak, berriz, 500 ml inguruko latetan merkaturatzen dira normalean. Horrek esan nahi du kafe bat eskatzen dugunean 60 mg kafeina hartzen dugula, eta lata bakar batek 160 mg ematen dizkigu, ia hiru aldiz gehiago. Salbuespen batzuk daude, adibidez Booster; ontzi txikiagoa denez (330 ml) eta kafeina gutxiago duenez (20 mg/100 ml), 66 mg besterik ez du ematen. Beste muturrean Reign dago, zeinak 200 mg baitu lata bakoitzeko; Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzaren arabera (EFSA), hortxe dago harraldi bakarrean hartu daitekeen kopuruaren muga.
Erosketa gida hau egiteko, 10 edari energetiko hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak,
eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Azukre kantitateak erabat baldintzatzen du balorazioa.
- Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko, bereziki zenbat azukre eta kafeina duten, eta bestelako osagai jakin batzuk ere zenbateko kopuruan ageri diren.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2023 ko azaroan bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Osagai psikoaktibo gehiago.
Etiketan adierazten den kafeina kopurua ekoizleak eransten duena da. Baina produktu batzuetan, gainera, konposatu hori duten beste osagai batzuk ere erabiltzen dira, hala nola, guarana, Amazoniako zuhaixka baten fruitua (Paullinia cupana). Horren ondorioz, aitortzen dena baino handiagoa izan liteke kafeina kopuru osoa. Aztertu ditugunen artean, Burn eta Monster izenekoek baino ez dute guarana (25 mg eta 10 mg lata bakoitzeko, hurrenez hurren). Nerbio sistemari eragiten dion beste osagai bat ginseng-a da. Landare horren sustraia erabiltzen da haren printzipio aktiboek, gingenosidoek, eragin estimulatzaileak dituztelako eta ongizate sentsazioa handitzen dutelako. EFSAk 2011. urtean egin zuen txosten batek dio, dena den, ez dagoela loturarik substantzia hori hartzearen eta nekea murriztearen artean. Aztertu ditugun produktuen artean, Monsterek eta Rockstarek bakarrik dute ginseng-a. Lehenbizikoak 400 mg ditu lata bakoitzeko, eta Rockstarek, berriz, dezente gutxiago: 10 mg lata bakoitzeko Guayaba bertsioan eta 2 mg jatorrizko bertsioan; beraz, litekeena da eragin estimulatzailerik ez sortzea. Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) ohartarazi du ginsengean eta guaranan dauden printzipio aktiboek nahi gabeko ondorioak izan ditzaketela, besteak beste insomnioa, goragalea eta beherakoa, eta interakzioa sor dezaketela beste printzipio aktibo batzuekin. Hori dela eta, gomendioa da ez hartzea sendagaiekin batean. Haurdunaldian eta bularra emateko garaian ez hartzea ere gomendatzen da, eta 18 urtetik beherakoei ere gomendio bera egiten diete, ez baita aztertu horientzat guztientzat segurua ote den.
Hau ere ohikoa: taurina.
Jende artean zabaldu da konposatu exotikoa dela taurina, eta zezenaren indarra eta energia ematen dituela. Berez, horrela deitzen da lehenbiziko aldiz animalia horren behazunetik isolatu zelako; usteak uste, ez dago ebidentzia nahikorik errendimenduari edo osasunari mesede egiten diola baieztatzeko. Gainera, egoera normalean, ez dugu konposatu horren beharrik, gure organismoak sintetizatzen duen aminoazido bat baita, eta, gainera, dietan ohikoak diren elikagaietatik lortzen da, batez ere animalia jatorrikoetatik. Elikagai horietatik 58 mg inguru lortzen ditugu egunean; produktu horien lata batean, ordea, 2.000 mg izaten dira, adibidez, Monster eta Burn etxekoetan. Red Bullek 1.892 mg ditu eta Red Bull azukre gabeak 1.420 mg. Lata batekin, gainditu egiten dugu EFSAk gomendatzen duen gehienezko dosia (1.400 mg/egun), nahiz eta ez den arriskutsutzat jotzen. Kezka sortzen du, ordea, taurina eta kafeina batera hartzeak, bihotz-hodietako sisteman eragin kaltegarria izan baitezake.
- Kafeina: 160 mg (3 kafe).
- Azukrea: 75 g (17 koilarakadatxo).
- Taurina: 2.000 mg (gomendioa da egunean ez hartzea 1.400 mg baino gehiago).
- B multzoko bitaminak: gehienek gainditu egiten dute kopuru gomendatua (arriskua egon liteke B3 eta B6 bitaminekin).
- Gatza: 1 gramoraino lata bakoitzeko.
- Bestelako konposatu psikoaktiboak: guarana, ginseng-a…
L-karnitina eta aminoazidoak.
Zenbait edarik L-Karnitina eta kate adarkatuko aminoazidoak (BCAA) izaten dituzte osagaien artean, hain zuzen ere, Monster Ultrak (L-Karnitina) eta Reignek (BCAA). L-Karnitina bi aminoazidotik datorren amina da (L-Lisina eta L-Metionina); BCAAk, berriz, aminoazido esentzialak dira. Horiek guztiak erabiltzen dira osasunerako onuragarriak direlakoan (hala esaten da), besteak beste lagundu egiten dutelako gihar masa garatzen, errendimendu fisikoa hobetzen eta ariketa egin ondoren indarberritzen. Baina ez dago hori babesten duen ebidentzia zientifikorik, eta, beraz, EFSAk ez du uzten osasun adierazpenik egiten arlo horretan. L-Karnitinak, gainera, tiroideko metabolismoan eragin dezake, eta, beraz, ez da gomendagarria tiroidearekin lotutako patologiak dituzten pertsonentzat.
Beste osagai bat glukuronolaktona da. Rockstar Guayaba eta Monster edarietan ageri da. Ustez hobetu egiten du errendimendu intelektuala eta kontzentrazioa, eta murriztu egiten du logura. Baina ez dago onura horiek bermatzen dituen ebidentzia zientifikorik. Gure organismoak glukosatik abiatuta ekoizten duen karbohidrato bat da, eta elikagai askotan aurki daiteke, besteak beste zerealetan. Hau da, dieta bidez hartu ohi dugu, egunean 1 eta 2 mg artean, gutxi gorabehera. Edari horietan, hala ere, askoz kopuru handiagoan ageri da:1.200 mg inguru izaten du lata bakoitzak (aztertu ditugunetan ez da kopurua adierazten). Berez, hori ez da arriskutsua osasunerako, baina AESANek ohartarazten du kopuru horiek kontsumitzeak dosi kaltegarrietara hurbiltzen duela kontsumitzailea.
Bitaminak izatea ez da ona beti.
Bitaminak beharrezkoak dira gure organismoak behar bezala funtziona dezan. Produktu horietako batzuek osagai gisa erabiltzen dituzte, batez ere B taldekoak: B3, B5, B6 eta B12. Ustez errendimendua hobetzen dutelako egiten dute hori. Hain zuzen ere, bitamina horiek izateagatik ageri da honako esaldi hau Red Bull etxeko edarian: “Gorputza eta burua suspertzen ditu”. Hau da, osasun adierazpen hori ez zaie zor ez kafeinari eta ez taurinari ere, B3 eta B6 bitaminei baizik. Reign etxekoaren etiketan ere ageri dira B taldeko bitaminekin zerikusia duten osasun adierazpenak, baina horrek ez du esan nahi edari horiek hartu behar ditugunik onura horiek lortzeko. Izan ere, bitamina horiek gure dietan ohikoak diren elikagaietan egoten dira, adibidez zerealetan, haragian, arrautzetan eta fruitu lehorretan. Edari horietan, gainera, neurriz kanpoko kopuruetan ageri dira
bitamina horiek. Berez, pentsa liteke ez dagoela arazorik, B taldeko bitaminak hidrodisolbagarriak direlako, eta horrek esan nahi du, behar duena baino gehiago hartzen badugu, gure gorputzak gernuaren bidez kanporatzen dituela soberakinak. Baina hori zaildu egin daiteke neurriz kanpo hartzen denean, edo giltzurruneko nahasmenduak dituzten pertsonetan, eta ondorioz nahi gabeko eraginak ager daitezke. AESANen arabera, edari horiek kontsumitzeak hiperbitaminosi arrisku txikia dakar B2, B5 eta B12 bitaminentzat, baina arrisku ertaina edo handia B3 eta B6 bitaminentzat. Kasu horretan, gorritasunak ager daitezke, azkura, urduritasuna, buruko mina, goragalea eta gibeleko nahasmenduak.
Edari guztiek B3 bitaminaren kopuru aipagarriak dituzte: batzuetan, eguneko kopuru gomendatuaren %100 ematen du lata bakarrak (Rockstar eta Reign); beste batzuetan, %140 eta %178 artean (Booster, Burn Zero eta Red Bull azukre gabea), eta beste batzuetan %200 eta %266 artean (Monster, Red Bull Originala eta Burn Originala). B6 bitamina ere kopuru handietan ematen dute guztiek, Reign etxekoak izan ezik: Eguneko Kopuru Gomendatuaren %100 (Rockstar), %143 eta %286 artean (Monster eta Burn), eta %471 eta %675 artean (RedBull eta Booster).
Edari horiek arrakasta handia dute nerabeen artean, eta are gazteagoek ere edaten dituzte. Ez dira batere gomendagarriak adin tarte horietarako, batez ere kafeina asko duelako, eta horrek hainbat ondorio kaltegarri eragin ditzake, hala nola loaren nahasmendua, urduritasuna, suminkortasuna, zefalea, arritmia edo takikardia. Gainera, kafeinak mendekotasuna sortzen du, eta horrek kafeina kontsumitzeko ohitura hartzera darama, eta, azkenerako, tolerantzia sortzen du. Horrek esan nahi du pertsona horiek gero eta gehiago kontsumitu beharko dutela lehenengo harraldietan izaten zituzten efektu suspergarri berak sentitzeko. Ezaugarri horiek gutxi ez, eta prezioa oso eskuragarria izaten dute, nonahi aurki daitezke eta publizitate kanpaina oldarkorrak egiten dituzte jende gaztea ibiltzen den tokietan (Internet, musika edo kirol ekitaldiak); ondorioz, ohiko bihurtu dira populazio talde horretan, eta nerabeen %50ek maiz kontsumitzen dituzte. Batzuetan, gainera, edari alkoholdunekin batera hartzen dira, eta horrek areagotu egiten ditu arriskuak, kafeinaren efektu estimulatzaileak estali egin dezakeelako alkoholaren depresio efektua, eta, beraz, errazagoa da alkohol dosi arriskutsuak kontsumitzea.
Zer eransten diete gozotasuna emateko.
Kafeinak zapore mikatza ematen du, eta, beraz, horri aurre egiteko, zenbait osagai erabili ohi dira gozotasuna emateko, batez ere azukrea, eztitzaileak edo bien nahasketa (Monster Energyk, adibidez, hala egiten du). Azukrea dutenak honako hauek dira: Booster (%10,4), Monster (%11), RedBull (%11), Burn Originala (%12), Rockstar Originala (%12) eta Rockstar Guayaba (%14). Badirudi ez dela asko, 10 eta 14 g artean baitago 100 ml bakoitzeko. Baina ontziak, normalean, 500 ml-koak izaten dira, eta hor erruz izaten da azukrea. Bereziki nabarmentzen dira Rockstar Originala (60 g), Rockstar Guayaba (70 g) eta Burn (75 g); hau da, 13 eta 17 koilarakadatxo artean daukate azukrea. Beste batzuek eztitzaileak darabiltzate, adibidez Monster Ultra, Red Bull azukre gabea, Reign eta Burn Zero delakoek; horiek sukralosa eta potasio azesulfamoa dituzte nahasian. Biak seguruak dira eta, azukrearekin alderatuta, badituzte abantaila batzuk: ez dute kaloriarik ematen eta ez dute txantxarrik eragiten. Baina horrek ez du esan nahi horien erabilerak kalterik egiten ez duenik, hesteetako mikrobiotari kalte egin baitiezaiokete eta zapore gozoari buruz dugun pertzepzioa aldatu. Eta horiek erabilita ere, edari horiek ez dira osasungarri bihurtzen.
Zer-nolako mantenugaiak ematen dituzte.
Edari horiek ez daukate proteinarik, zuntzik, gantzik, gantz saturaturik… Hau da, ia ez dute makromantenugairik. Azukrea da aipatzeko moduko elementu bakarra (azukrea dutenetan), eta kaloriak. Lata bakoitzaren kaloria kopurua 142 kcal (Booster) eta 310 kcl artean dabil (Burn). Ideia bat izan dezagun, indioilarra, gazta, letxuga eta tomatea dituen sandwich batek 300 kcal ematen ditu, baita plater bat dilistak eta txokolate esnedunaren tableta erdiak. Gatz kopurua ere ez dugu gutxietsi behar; izan ere, 100 ml bakoitzeko kantitatea txikia bada ere (0,13 g), 500 ml-ko lata batean kopuru aipagarria izan daiteke. Monster etxeko produktuek, esaterako, 1 gramo gatz dute ontzi bakoitzeko, eta hori dezente da, egunaren buruan ez baikenuke gainditu behar 5 gramoko kopurua. Nutri-Score sistema ez da oso argigarria produktu horiek baloratu ahal izateko, izan ere, azukreek eta kaloriek ia erabat baldintzatzen dute puntuazioa. Horregatik, azukrea duten produktu guztiek E bat lortzen dute, Monster etxekoak izan ezik, zeinak D bat ageri duen. Eztitzaileak dituzten produktuek, berriz, C letra daukate (eztitzaileak erabiltzea ere zigortu egiten du orain algoritmoak).
Pertsona batzuek edari horiek kontsumitzen dituzte kirola egiten dutenean, bai errendimendu hobea emateko, bai ariketa egin ondoren indarberritzeko. Kafeina da arrazoietako bat. Kafeinak ondorio onak ditu errendimendua hobetzeko, nekea atzeratzeko eta arreta hobetzeko. Ondorio horiek lortzeko, ordea, oso kantitate handia kontsumitu beharko litzateke (240 mg inguru 80 kg-ko pertsona batek), eta horrek ondorio kaltegarriak eragin ditzake. Horregatik, EFSAk ez du onartzen substantzia horren inguruan osasun adierazpenik egitea, Reign etxekoan agertzen direnak adibidez, ez baitu legeria betetzen. Gainerako konposatuei dagokienez ere (aminoazidoak, taurina, guarana eta ginseng-a), EFSAk ez du osasun adierazpenik baimendu. B taldeko bitaminei dagokienez, esan daiteke nekea eta akidura gutxitzen laguntzen dutela eta metabolismo energetiko normala bultzatzen dutela, baina horrek ez du esan nahi aparteko onurak ekartzen dituztenik. Gainera, elikagai osasungarrietan lasai asko aurki ditzakegu. Konposatu horietakoren batek nola edo hala kirol errendimenduaren alde egin badezake, ez litzateke komeni horrela kontsumitzea, dosiak kontrolatu gabe eta beste osagai batzuekin nahasian, zeinak ondorio kaltegarriak izan ditzaketen edo interakzioak eragin.
Kalitate-prezioak.
Prezio 100 ml bakoitzeko kalkulatu dugu, eta hauek dira tarteak merkeenetik garestienera: 0,18 € kostatzen da Booster etxekoa eta 0,58 € Red Bull azukre gabea. Merkeenen artean, hauek daude: Burn Zero (0,24 €) eta Burn Originala (0,26 €), eta garestienak, berriz Red Bull (0,55 €) eta Reign dira (0,40 €). Pentsa genezake alde horiek osagai jakin batzuk izatearen edo ez izatearen ondorio direla, adibidez guarana edo ginseng estraktuak, aminoazidoak edo bitaminak, eta horiek handitu egingo dutela ekoizpen kostua. Baina, egiaz, ez dirudi harreman argirik dagoenik. Produktu garestienek (Red Bull eta Reign) ez dituzte landare estraktu horiek. Kalitate prezioak kontuan hartuta, Booster etxekoa da aukerarik onena (ez ona, hala ere).
Ondorioak
Edari horiek ez dira osasungarriak; beraz, kontsumitzea erabakitzen badugu, oso kasu zehatzetarako erabili beharko genituzke. Oinarri horrekin, bat edo beste aukeratzeko orduan, alderdi positiboei begiratzea baino hobe da ezaugarri kaltegarririk ez dutenak lehenestea:
- Lata ez dadila iritsi 200 mg kafeinatara; hortaz, baztertu egingo genuke Reign (200 mg latak).
- Ez dezatela izan 1.400 mg taurina baino gehiago; horrek zerrendatik kanpo utziko lituzke ia produktu guztiak, Rockstar eta Reign izan ezik.
- B3 eta B6 bitaminek ez dezatela gainditu egunero hartzea gomendatzen den kopurua. Beraz, ia produktu guztiak baztertuko genituzke, salbu eta Rockstar eta Reign.
- Ahal dela, azukre kopurua ahalik eta txikiena izan dadin saiatu behar da. Ondorioz, Booster hautatuko genuke edo, bestela, azukre erantsirik ez duten bertsioak, adibidez Red Bull, Burn, Monster eta Reign.
- Arreta jarri behar zaio ontziaren tamainari, eta alderdi hori kontuan hartuta, Booster litzateke egokiena, besteek baino lata txikiagoa du eta.
Elementu horiek guztiak kontuan hartuta, kalte gutxien egingo lukeena Reign litzateke, eta kaltegarrienak, berriz, Burn eta Monster.
- Kafeina. Egunean 200 mg edo 400 mg kontsumitzeak ondorio kaltegarriak eragin ditzake.
- Bestelako osagai psikoaktiboak. Ginseng-ak edo guarana-k indartu egin ditzakete kafeinaren eraginak, edo sendagaiekin interakzioak sorrarazi.
- Taurina kantitatea. Ez da komeni egunean 1.400 mg baino gehiago hartzea, eta lata horietako edozeinek gainditzen du kantitate hori.
- Azukrea. Gehienek erruz ematen dute: lata batzuek 75 gramo ere bai. OMEk gomendatzen du helduek egunean ez hartzea 50 gramo baino gehiago, eta ahal dela, egunean ez genuke hartu behar 25 gramo baino gehiago.
- Ontziaren tamaina. Zenbat eta txikiagoa, hainbat hobeto. Hala, kantitate handietan kaltegarriak izan daitezkeen konposatu gutxiago hartuko dugu, batez ere kafeina eta azukrea.