Emakumea: estrogenoak eta depresioa
Psikologiaren arloan oso ongi dokumentatua dago honako egitate hau: emakumeek depresio gehiago izaten dute gizonek baino. Zehazki, Europan egin den azken Osasun inkestaren arabera, depresiozko nahasmenduen prebalentzia bi aldiz handiagoa da emakumeetan: %7,1ekoa eta gizonetan, berriz, %3,5ekoa. Kasuak, gainera, larriagoak dira. Gizonetan depresio larriko kasu bat agertzen den bakoitzeko 3,5 agertzen dira emakumeetan. Desberdintasun horiek daudela jakinda, ikertzaileek premiazkoa ikusi dute erantzunak bilatzea: zergatik gertatzen da?, emakumeek zergatik dute joera handiagoa gaitz hori pairatzeko?
Gizonetan halako bi emakumeetan
Psikiatria eta Buru Osasuneko Espainiako Elkarteko kidea da Marina Diaz Marsa, eta hark nabarmendu duenez, faktore anitzeko gaitza da depresioa, eta alderdi biologikoek eta giroarekin zerikusia dutenek bat egiten dute. “Hau da, zaurgarritasun biologiko bat behar da (arrazoi hormonalak eta genetikoak) eta gero bestelako faktore psikosozialak eta giroari dagozkionak ere agertzen dira. Baina zaurgarritasun biologiko horren barnean badago ziurtasun bat: emakumeetan bi aldiz handiagoa da prebalentzia gizonetan baino”, azaldu du psikiatrak. Bitxiena da, 12 urte bete aurretik, neska batek eta mutil batek aukera berdina dutela patologia hori izateko, eta, beraz, emakumeei zerbait gertatzen zaie adin horretatik aurrera intzidentzia bikoiztera iristeko.
“Lehenbiziko hilekoa iristen den unearekin bat egiten du zehatz-mehatz”, argitu du psikologoak. “Haurtzaroan eta nerabezaro garaian sartu aurretik, bi sexuek antzeko estatistika dute. Baina prebalentzia bikoiztu egiten da hortik aurrera; emakumeak 40 urte dituenean jotzen du gailurra nahasmendu depresiboen agerraldiak, eta berdintzera egiten du estrogeno ekoizpena apaltzen hasitakoan. Hortaz, zerikusia du besteak beste ugal zikloarekin, emakumeek depresioa izateko arrisku handieneko garaiak bat egiten duelako haren ugal bizitzarekin, pubertarotik menopausiara”, azaldu du Diaz Marsak.
Adinekoen depresioan ere emakumeek prebalentzia handiagoa duten arren, alde hori gutxitu egiten da adinarekin eta berdindu egiten da 85 urtetik aurrera. Adin horretan hormonek ez dute zerikusirik gertaera depresibo bat izateko, eta eragin handiagoa dute endekapen kognitiboak, gaixotasun kronikoek eta, batez ere, adineko pertsonak duen babes sozialak.
- Emakumeen sexu hormona nagusia da eta haren eraginez pasatzen gara neskato izatetik emakume izatera –handiarazi egiten ditu bularrak, pubiseko ilea sorrarazten eta hilekoa agerrarazten–. Gizonek ere badute, nahiz eta emakumeen baino askoz kopuru txikiagoan izan. Hilekoaren zikloa doitzea da haren funtzioa, umetokia prestatzea ernaltzeko eta haurdunaldiei eusteka, baina lagundu egiten du, halaber, emakumeen eta gizonen hezurrak sendotzen.
- Estrogeno mota desberdinak (estradiola, estrona eta estriola) gune batean baino gehiagotan jariatzen dira: obulutegietan, plazentako gorputz luteoan (haurdun gaudenean), gibelean, giltzurrun gaineko guruinetan, ehun gantzatsuan (gantza) eta garunean.
- Estrogeno mailak zehazten du emakume baten ugal bizitza: igotzen hasten da hilekoa lehenengoz agertzen denean eta ugaritzen jarraitzen du emakumea sexualki heltzen doan garai guztian, gorengo mailara iristen den arte, 20 urtetik aurrerako hamarkadan, horixe da-eta ugalkortasun handieneko aldia. Garai horretan maila gorenean egoten dira estrogenoak, baina gutxi gorabehera 35 urte betetzean, jaisten hasten dira eta, horrekin, baita emakumearen ugalkortasuna ere, harik eta perimenopausia-menopausia iristen den arte (45-55 urte inguruan ager daiteke), non azkarrago gutxitzen jarraitzen duten menopausia ostean kolpean jaitsi arte.
Hormona dantza
Joan den urtean The Lancet aldizkarian argitaratu zen ikerlan baten emaitzek diotenez, 2020. urtean depresiozko 53 milioi nahasmendu diagnostikatu ziren munduan, eta horietako 35 milioi emakumeetan. Kalkuluen arabera, gainera, bost emakumetatik batek depresioa izango du bizitzan zehar. 1923. urtean estrogenoaren hormona aurkitu zenetik eta menopausian zer-nolako eragina duen ikusi zenetik, medikuak berehala hasi ziren susmatzen lotura eduki zezakeela emakumeetan depresio egoera gehiago agertzearekin. Joan den mendeko laurogeiko hamarkadan egiaztatu zen hori, iraupen luzeko ikerketa batzuen emaitzak aztertuta: emakume talde handi bati jarraipena egin zitzaion urteetan, eta hor hasi ziren hobeto ulertzen hormonek zer-nolako eragina duten klimaterioan.
Txosten zientifiko horiek eskuetan izan aurretik, espezialistek uste zuten, hilekoa erabat desagertu aurreko urteetan, estrogeno mailak jaitsiz joaten zirela gutxika-gutxika, ia desagertzeraino (ez dira guztiz desagertzen). Baina orain badakigu prozesu hori ez dela mantso-mantso gertatzen eta hormonak zurrunbilo batean bezala ibiltzen direla, non estrogenoak orain gora eta orain behera joaten diren. Hortaz, gaitz horrek emakumeen artean prebalentzia handiagoa izatea ez da estrogenoak jaitsi izanaren ondorio bakarrik; obulutegiaren funtzioa eten aurreko garaian estrogeno mailak kontrolik gabe ibiltzeak ere badu eragina.
Medikuntzako hizkeran, menopausiak egun bakarrari egiten dio erreferentzia –hilekoaren azken eguna–, nahiz eta hilekorik gabe urte oso bat pasatu ostean egiten den diagnostikoa. Hori dela eta, beroaldiak aipatzen direnean, haserrekortasuna eta libido galera (klimaterioaren hasiera iragatzen dute sintoma horiek), trantsizio garai batean gaudela esan nahi du, ugaltzeko adinetik obulutegien funtzioa erabat galtzerako tarte horretan (perimenopausia esaten zaio azken horri). “Perimenopausia 45 eta 50 urte artean hasten da gutxi gorabehera, hilekoa galdu baino lau edo bost urte lehenago, eta garai horretan estrogenoetan gorabehera gehiago izaten da, eta batzuetan oso gora igotzen da horien maila eta besteetan oso behera jaisten da. Ohi baino alde handiagoa izaten da bi muturren artean. Horrek hormona dantza bat eragiten du, eta horrexegatik izaten da garai hori depresioa pairatzeko arriskurik handiena dakarrenetakoa emakumeentzat”, azaldu du Marina Diazek.
Emozioei loturiko hormona bat
Ugaltzeko garaian dagoen emakume batek 30 eta 400 pikogramo artean izaten du estradiola mililitro bakoitzeko (pg/ml), eta menopausiaren ondoren, 0 eta 30 pg/ml-ko (estrogenoaren forma nagusia da estradiola). Perimenopausian ere goi samarrean egoten da batzuetan, emakumearen adinari (45-50 urte) ez dagozkion mailetan, eta horrek adierazten du hilekoa guztiz joan aurreko garaian izaten diren gorabeherak gertatzen ari direla, eta ohikoa izaten da aldaketa emozional batzuk agertzea.
Pascual Garcia Alfaro ginekologoa da eta Dexeus Emakumea klinikako Menopausia Unitateko arduraduna, eta haren esanetan, “kalkuluek diote %75eraino izan daitezkeela hilekoaren zikloetan sintoma emozional arinak eduki ditzaketen emakumeak”. Baita haurdunaldian eta erditu ostean ere; izan ere, faktore psikologiko batzuekin batean (aldatu egiten da gorputzaren itxura, familiako eta laneko bizimodua, egokitu egin behar da jaioberriaren erritmoetara), hormonetan ere aldaketa handiak gertatzen dira.
“Horrek guztiak eragina edukiko du aldaketa emozional horietan. Baina perimenopausian gertatzen dena desberdina da, igoera eta jaitsiera horiek muturrekoagoak dira eta”, oroitarazi du Alfarok. Hori dela eta, nahiz eta jakina den pubertaroa izan daitekeela emakumeetan lehenbiziko depresio agerraldiak sortzeko garaia, erditu osteko garaian izaten da depresio arriskurik handiena —amen %10ek baino gehiagok pairatzen dute— eta menopausia aurreko garaian ere bai, orduan izugarri handitzen dira-eta depresio sintomak: emakumeetan %45 eta %70 artean dira garai horretan gaitza pairatzen dutenak.
Nola eragiten dio garunari
Hori gertatzen da sexu hormonak oso estu lotuta daudelako nerbio sistema zentralari eta, hortaz, eragina dute sinapsian eta garunaren funtzionamenduan. “Estrogenoak —baina baita beste hormona batzuek ere, esaterako progesteronak eta oxitozinak— moldatu egin dezakete zenbait neurotransmisoreren funtzionamendua; serotoninarena esaterako, zeinak funtsezko zeregina duen emozioak, alderdi afektiboa eta jokabidea doitzeko”, azaldu du Marina Diaz Marsak. Gogo-aldarteak egonkor egon daitezen, neurotransmisore horien kontzentrazioak egonkor egon behar du, eta, beraz, gorputzak ekoizten duen hormona kantitatea jaisten denean, gorabehera handiak gertatzen direnean edo estrogenoen maila txikitzen denean, aldarazi egin ditzakete serotonina mailak, eta aldaketak eragin aldartean.
Garuneko eskualdeek eta horien funtzioek zirkuitu neuronalen mapa bat eskaintzen digute, zeinak estrogenoek arautzen dituzten. Horrek azaldu dezake zergatik izaten den hainbeste sintoma perimenopausia garaian.
- Kortex prefrontala. Funtzio exekutiboa eta pertsonalitatearen adierazpena.
- Prosentzefalo basala. Ikaskuntza eta memoria.
- Amigdala. Emozioa eta motibazioa.
- Hipotalamoa. Tenperatura doitzea, loaldia, energia, oreka eta elikagaiak jatea.
- Talamoa. Integrazio sentsoriala.
- Hipokanpoa. Informazioa prozesatzea eta epe motzeko memoria.
- Errafeko nukleoa. Hor sintetizatzen eta jariatzen da serotonina. Afektua eta aldartea.
- Locus zeruleoa. Arreta, kitzikapena eta antsietatea.
- Atzealdeko zingularra. Modu predeterminatuko sarea, lanerako memoria eta zereginen prestaera.
Alarma pizteko sintomak
Zenbait ikerketa eginda ikusi denez, ugal garaian antsietate handiko egoerak pairatu dituzten emakumeek edo hilekoa izan aurreko egunetan tristura sentimenduak izateko joera eduki dutenek (hilekoaren aurreko sindromea) aukera gehiago izaten dute depresioa pairatzeko perimenopausian, eta berdin erditu osteko depresioa izan zutenek edo historia genetiko bat dutenek (haren amak ere izan bazuen). “Badakigu, halaber, euskarri sozioekonomiko ona izatea, lanak gogobetetzea eta bikotekide baikor eta solidarioa edukitzea lagungarria izan daitekeela babes faktore gisa, bereziki emakume zaurgarrietan”, azaldu du Marsak.
Depresio bat garaiz antzematea funtsezkoa da, baina sarritan oharkabean pasatzen da lehen arretako edo ginekologiako kontsultan. Emakume horien ustez, sentimendu horiek gehienean ez dira ezein patologiaren zati, eguneroko bizitzak sortuak baizik, eta horregatik behar izaten dute hainbeste denbora laguntza eskatzeko. “Onartu behar da eguneroko bizitzan badirela ondoez uneak. Ulertu egin behar da gure bizitzako egun guztiak ez daitezkeela izan berdin zoriontsuak, bizitzan badirela poztasun uneak eta tristura uneak, eta estresa ezinbestekoa dela aurrera jarraitzeko. Baina sintoma batzuek alarma pizten dute”, azaldu du Marsak. Horietako batzuk zerrendatu ditu psikiatrak: gosea galtzea, energia eta kontzentrazio falta, haserrekortasuna, inpotentzia sentimendua, antsietatea, frustrazioa, erruduntasuna, hustasun sentimendua eta lehen bezala gozatu ezinaren irudipena, ezkortasunean erortzea edo lagunartetik isolatzea. “Sintoma horietako bostek edo gehiagok luze samar irauten badute —bi aste baino gehiago—, pertsona horrek depresioa duela esan dezakegu, gaixotasun larri bat, eta ez daiteke banalizatu”, adierazi du profesional horrek.
Nola tratatzen da depresioa?
Faktore anitzeko gaitza da depresioa; hau da, ez da agertzen estrogeno kopurua jaitsi egin delako. Hori dela eta, depresioa diagnostikatzean, psikiatra baten kontsultan tratatzean da, depresioaren aurkako sendagaiekin edo terapiarekin, larritasunaren arabera. Emakumeak menopausiari loturiko sintoma asko duenean eta ginekologoak hala erabakitzen duenean, ordezko hormona-terapia erabil daiteke, baina betiere sintomak arintzeko, eta sekula ez da erabiliko depresioa tratatzeko gaitza agertu denean.
Estrogeno eta progesterona bidezko tratamendua izaten da hormona-terapia hori, eta ez du balio izaten emakume guztientzat. Nahiz eta estrogeno artifiziala baliagarria den emakume menopausikoaren gogo-aldarteak hobetzeko, oraindik ere eztabaida eragiten du tratamendu horrek. Ikerketa batek duela 20 urte ikusi zuen hormona bidezko terapia horrek handitu egiten zuela zenbait gaitz izateko arriskua: bularreko minbizia, bihotzekoak eta bihotz-hodietako istripuak. “Ez da psikiatraren kontsultan errezeta bidez agintzen den zerbait, baina aukera bat izan daiteke menopausiaren sintomak tratatzeko —beroaldiak, izerditzea, aldarte aldaketak, haserrekortasuna eta loaldia okertzea— ginekologoak egoki ikusten duenean, ez baita egokia emakume guztientzat ere. Kontuan izan behar da tratamendu horrekin hormona nahasmenduaren sintomak bakarrik tratatuko direla, eta sekula ez duela ordezkatuko depresioaren aurkako tratamendua”, azpimarratu du Marina Diaz Marsak. “Depresio nahasmendu handiagoa izanez gero, serotonina atxikitzeko inhibitzaile selektiboen bidezkoa izango da lehenbiziko tratamendu lerroa, depresioaren aurka egiten du eta. Psikoterapia, bestalde, osagarri gisa erabil daiteke tratamendurekin, nahiz eta zenbaitetan psikoterapia izan daitekeen tratamenduaren hasiera”, azaldu du Pascualek.
Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan (OME), sexuak zuzenean baldintzatzen ditu pertsona batek bizi izaten dituen esperientziak, horregatik genero ikuspegia garrantzitsua da osasunean oro har, baina batez ere buruko osasunean. Gizonetan eta emakumeetan depresioa zerk sortzen duen aztertzeak lagundu egingo du diagnostiko goiztiar bat lortzen eta galarazi egingo du tristura sentimendu sakon hori eta antsietatea kroniko bihur daitezen. Azken batean, salbatu egingo ditu bizitzak.
Emakume bakoitza mundu bat da eta denek ez dituzte izaten fase horiek. Batzuk sintomarik gabe pasatzen dira menopausia aurreko garaitik menopausiara. Hala ere, hauek dira aldi edo faseak.
- Perimenopausia. Hilekoa joan aurreko lau edo bost urteetan hasten da aldi hori. Ugaltzeko urteen bukaera markatzen du emakumeentzat. Batez beste, 45 urtetan hasten da. Hileko irregular gehiago edo gutxiago egon daiteke eta hormonen gorabeherek (estrogeno mailen igoerak eta jaitsierak) zenbait sintoma agerrarazten dute, esaterako beroaldiak eta izerditzea, loaldiaren nahasmenduak, haserrekortasuna, depresioa eta baginako lehortasuna.
- Menopausia. Medikuntzako hizkeran, hilekoaren azken eguna esan nahi du, nahiz eta hilekorik gabe gelditu eta handik 12 hilabetera egiten den diagnostikoa. Fase honetan, estrogeno mailak jaisten jarraitzen du. Batez besteko adina 51 urtekoa da.
- Menopausia ostea. Hilekorik gabe 12 hilabete egin ostean igarotzen den aldia da. Urte horietan kolpean jaisten dira estrogenoak eta hirugarren adina bitarte irauten du (65 urte). Lehenbiziko urte horietan oraindik ere ager daitezke sintomak, baina tratatzeko modukoagoak dira eta egonkortzen eta desagertzen joango dira.