Teknologia adinekoen zerbitzura

Teknologiak aurrerapen handiak egin ditu hirugarren adineko pertsonentzat aplikazioak eta tresnak eskaintzeko, adibidez geokokapenerako gailuak, pastilla ontzi eta ordulari adimendunak... Horiek guztiek erraztu egiten dute adinekoen egunerokoa, eta lagundu egiten die independenteagoak izaten eta seguruago egoten. Eta, bide batez, kezka batzuk kentzen dizkiote familiari.
1 apirila de 2021

Teknologia adinekoen zerbitzura

Sarri askotan gazteekin lotzen ditugu teknologia berriak. Badirudi zenbait sare sozialetatik harago (WhatsApp eta Facebook esterako), beste aplikazio gehienak belaunaldi gazteenek bakarrik erabiltzekoak direla. Eta egia da natibo digital horiek esperientzia gehiago dutela, baina garaiak aldatzen ari dira. Adineko pertsonak ere baliatzen dira aurrerapen teknologikoen onurez, bai erabiltzaile aktibo gisa (egunero jotzen dute horietara beren borondatez) eta bai pasibo gisa ere (familiakoek erakutsi egiten dizkiete oinarrizko gauza batzuk, erabilgarriak zaizkielako eta segurtasuna zaintzeko). Arrakala digitala txikitzen ari da gutxika-gutxika: 65 urtetik gorakoen %14k astero erabiltzen dute berehalako mezularitza etxekoekin komunikatzeko, halaxe diote berriki egin diren ikerketek.

Whatsapp bat bidaltzea lagungarria bada hirugarren adinekoen isolamendua apurtzeko eta familiakoak lasaiago geldi daitezen (haiek gaitasun handiagoa dute zaharragoekin azkar eta erraz komunikatzeko), ez da zaila irudikatzea teknologiak beste zenbat gauza erraztu ditzakeen.

Etorkizunerako

Telefono mugikor adimendunarekin hainbat eta hainbat gauza egin daitekeela jakinda, Europako Batzordea hasi da teknologia erdigunean jartzen etorkizuneko zahartze prozesuetarako; luze gabe, eskuz esku joango dira adinekoak eta tresna teknologiko berritzaileenak, bizi kalitatea hobetzeko eta arriskuak saihesteko. Bilakaerak ere horixe erakusten du: 2008. urtean 100 adinekotatik 7k erabiltzen zuten Internet, eta 2018an, berriz, 100etik 47k. Zahartzean, lehenago edo geroago, gure zentzumenak eta gaitasun motorrak urritzen hasten dira. Ikusmena ez da izaten garai batekoa bezain zolia, eta lehen baino askoz soinu frekuentzia gutxiago entzuten dugu. Aldaketa fisiko horiekin batean, memoria ere atzentzen hasten da, eta horrek kezka handia eragiten die familiakoei, batez ere pertsona hori bakarrik bizi denean. Egoera horretan, adineko pertsonen helburua izaten da behar adinako autonomia lortu ahalik eta askatasun eta independentzia handiena edukitzea.

Kezkarik gabe bizitzea

Bilakaera demografikoak halaxe eskatuko du: 2025. urtean, munduan 800 milioi pertsona inguru izango dira 65 urtetik gorakoak, NBEren arabera. Horrek esan nahi du piramide demografikoa irauli egingo dela ia erabat. Eta gizarteak prest egon behar du funtsezko aldaketa horretarako, baldin eta zahartzea modu positiboan bermatu nahi badu; horregatik, Agenda Digitala 2020 delakoak e-osasunaren eta telemedikuntzaren bidez aurre egin nahi die zahartzaroko erronka handiei (mendekotasuna, bakardadea, dementzia eta osasun arazoak), eta zahartze aktiboa sustatu nahi du, adinekoak independenteak izan daitezen eta bizimodua ahalik eta errazena gerta dakien.

Nola ikusten dute aldaketa hori protagonistek? 

Autonomia Pertsonaleko eta Laguntza Teknikoetako Estatuko Erreferentzia Zentroak (Ceapad) dioenez, gehienek aitortzen dute tresna digital horiek autonomia ematen dietela, segurtasuna, osasuna eta komunikazioa; lau alderdi horiek bereziki garrantzitsuak dira haien ongizate fisiko eta mentalerako. Adinekoentzat, teknologia lagun ona da baldin eta modua ematen badie lasaiago, erosoago eta, batez ere, seguruago egoteko. Hori da oinarria. Horren ondotik, aintzat hartu beharra dago komunikazioak duen zeregina eta informazioa jasotzeko eskubidea: errealitatearekin harremanetan egon behar dute eta hura arakatu. Funtsezkoa da aurrerapen orok aukera eman diezaiela etxekoekin harremanetan egoteko, eta beharrizan hori inoiz baino ageriago gelditu da pandemiarekin, egun batetik bestera inguruan babes fisiko eta emozionalik gabe gelditu baitziren. Gaur egun ehunka tresna digital daude hirugarren adinean osasuna eta ongizatea sustatzeko. Arretari dagokionez ere, erakunde publikoek eta enpresek dozenaka tresna sortu dituzte azken hamarkadan etxetik bertatik eskura izateko medikuak eta gizarte zerbitzuak.

Adinekoen egunerokoan, geokokapenerako gailuek, tresna medikuek (adibidez, glukosa neurtzeko gailu adimendunek) eta osasun arloko aplikazioek sustatu egiten dute autogestioa eta ahalduntzea, eta lasaitasuna ematen diete etxekoei eta zaintzaileei. Haien zerbitzura dago teknologia, eta gero eta proposamen eskuragarriagoak daude zahartzaroari beste ikuspegi batetik aurre egiteko. Probetxua ateratzeko garaia da. Zergatik ez hasi oraintxe bertan? Aplikazio eta tresna erabilgarrienak hautatu ditugu, eta hurrengo orrietan emango dizuegu horien berri.

Mendekotasunen bat dutenentzako aplikazioak eta gailuak // Segurtasuna

Glympse, Safe365 y Life360 // Geokokapena eta segurtasuna kalean

  • Zertarako balio dute. Familiako kide baimenduekin partekatzen dute GPS kokapena denbora errealean, eta kalkulatu egiten dute zenbat denbora beharko duen leku jakin batera iristeko eta zenbateko abiadan doan. Monitorizatze denbora luzatu edo laburtu egin daiteke. Safe 365 eta Life360 aplikazioek aukera ematen dute gune seguruak konfiguratzeko (erabiltzailea maiz ibiltzen den horiek) eta jakinarazpenak bidaltzen dituzte horietatik ateratzen denean.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Ertaina. Familiakoek lagundu egin behar diote datu batzuk sartzen: larrialdiko solaskideak, gune seguruak, helmuga komunak eta beste batzuk. Hori eginda, aski da erabiltzaileak mugikorra aldean eramatea bere kokapena denbora errealean erregistratzeko.
    • Abantailak. Nola funtzionatzen duten ikasita, erraz erabiltzen dira.
    • Desabantailak. Oro har ez dira oso intuitiboak, eta familiako norbaiten laguntza behar izaten dute.
  • Prezioa. Doakoak.

Red Panic Button // Une orotan erne egotea 

  • Zertarako balio du. SMS bat bidaltzen du telefono zenbaki erregistratu batera botoi bat zapaltze hutsarekin. Erabiltzailearen egiazko kokapena ematen du. Aukera ematen du sarbide zuzen bat sortzeko, azkarrago aurkitu dezagun, eta sare sozialetara lotu daiteke, laguntza mezua bidal dezan ahots mezu gisa, irudi gisa edo bideo gisa.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Txikia. Ireki eta zuzenean eskura izaten da botoia. Larrialdiko solaskidea erregistratzea baino ez du eskatzen.
    • Abantailak. Erraza eta intuitiboa da. Estaldura erabiltzen du SMSa bidaltzeko, eta, beraz, erabiltzaileak ez du eduki behar Internetik mugikorrean. Ordulari adimendun bati konektatzen ahal zaio.
    • Desabantailak. Doako bertsioak mugatu egiten du solaskide erregistratuen kopurua, iragarkiak izaten ditu eta SMS bidez bakarrik eska daiteke laguntza.
  • Prezioa. Doakoa, salbu eta iragarkiak kendu nahi badira eta laguntza sare sozialetan eskatzeko funtzioa aktibatu.

Beprevent // Etxea adimentsuagoa izan dadin 

  • Zertarako balio du. Partxe sorta bat da, eta etxeko leku estrategikoetan jartzen dira (hozkailua, telebistako agintea, argiaren etengailua, bitrozeramika, atea edo sendagaien kutxa), hargailu bati konektatu eta adimentsuak izan daitezen, eta horrela jakin daiteke objektu bakoitza zenbateko maiztasunez erabiltzen den. Aukera ematen du erabiltzailearen errutinan gorabeherarik gertatu den antzemateko. Alerta mezuak bidaltzen ditu ekintza bakoitzarekin, eta historia bat erregistratzen du egunero.
  • Bateragarritasuna. Android.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Txikia.
    • Abantailak. Erabiltzaileak ez du ekintzarik egin behar. Familiakoei aukera ematen die jakiteko etxean zer gertatzen den inori traba egin gabe. Ez du behar wifi-rik.
    • Desabantailak. Oso gutxi. Ongi pentsatu behar da sentsoreak non jarri.
  • Prezioa. 180 € (Hor sartzen da: gailu nagusia, kargagailua, 5 sentsore, 5 pila eta instalaziorako gida).

Watchseniors // Zaintza ia erabatekoa

  • Zertarako balio du. Ordulari adimenduna da, eta geokokapena eskaintzen du, ibilbideen jarraipena, solaskideei deitzea, SOS botoia, segurtasun perimetroa, podometroa, termometroa eta arteria presioa. Informazio guztia aplikazioan ikusteko aukera ematen du.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Ertaina. Aplikazioaren ezarpenak sartzea besterik ez du eskatzen, baina ordularia abian jartzea eta sinkronizatzea konplexu samarra da.
    • Abantailak. Erabiltzaileak ez du behar smartphonerik. Konfigurazioak aplikaziotik bertatik egin daitezke; beraz, familiako norbaitek egin dezake.
    • Desabantailak. Gailuak funtziona dezan, SIM txartel bat sartu behar zaio datuekin (100 mega nahikoak dira).
  • Prezioa. 60 eurotik 80ra, funtzioen arabera. Merkeenek geokokapena, ibilbideen jarraipena, deiak, SOS botoia eta segurtasun perimetroa eskaintzen dute.

Medisafe, Alarma de Medicina edo Pillboxie // Sendagaiak dosifikatzeko aplikazioak 

  • Zertarako balio dute. Hiru aplikazio horiek erabil daitezke pastilla ontzi adimendunen ordez. Jakinarazi egiten dute sendagaia noiz hartu behar den eta familiakoei bidaltzen die informazioa. Alarma de Medicina izenekoan, datu mediko batzuk erregistratu daitezke, adibidez arteria presioa eta odoleko azukre maila. 
  • Bateragarritasuna. Medisafe (Android eta iPhone), Alarma de Medicina (Android) eta Pillboxie (iPhone).
  • Erabiltzeko zailtasuna. Ertaina. Aldatu egiten da aplikazioaren arabera. Doakoek iragarkiak izaten dituzte, eta zaildu egiten dute erabilera eta ikusteko modua.
    • Abantailak. Oso intuitiboak dira eta soinu bidezko abisuak igortzen dituzte. Familiako kideek urrutitik egin dezakete jarraipena.
    • Desabantailak. Erabilgarriak dira erabiltzailea gai bada sendagaien errutina jarraitzeko, dosia bi aldiz hartu gabe edo dosiren bat ahaztu gabe. Ez bada gai, hobe da pastilla ontzi adimenduna erabiltzea.
  • Prezioa. Medisafe eta Alarma de Medicina (doakoak), Pillboxie (0,79 €).

Mendekotasunen bat dutenentzako aplikazioak eta gailuak // Komunikazioa

Storytel // Liburuak, ikusmenak huts egiten duenean ere bai 

  • Zertarako balio du. Audioliburuen plataformarik handiena da Espainian. Aukera ematen du irakurraldiari oharrak eransteko, sailen edo hizkuntzen arabera iragazteko, eta lagunei gomendioak egiteko. Liburuak offline deskargatu daitezke. 
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Txikia. Erregistratu egin behar da eta interfazera ohitu. Liburua hautatzen denean, erreproduktore bat zabaltzen da, musikako aplikazioetakoa bezalakoa.
    • Abantailak. Oso egokia da ikusmen murriztua duten pertsonek eta irakurtzeko moldatzen ez direnek kulturarako sarbidea eduki dezaten. Audioliburua musika entzuteko erreproduktoreen antzekoetan agertzeak asko errazten du aplikazioa ulertzeko bidea.
    • Desabantailak. Entzumen ona behar da. Ordainduta bakarrik eskura daitezke liburuak: hilero ordaintzeari utziz gero, desagertu egiten dira aplikaziotik.
  • Prezioa. 12,99 euro hilean. Doako probaldia 14 egunez.

Ultimate Volume Booster eta Booster Equalizer // Zernahi entzuteko nahi denean 

  • Zertarako balio dute. Bi aplikazio horiek aukera ematen dute mugikorrak hots handiagoa atera dezan, eta ekoizleak soinuari ezarritako mugak gainditu egin daitezke bai deietan eta bai alarma eta jakinarazpenetan.
  • Bateragarritasuna. Volume Booster (Android) eta Booster Equalizer (iPhone).
  • Erabiltzeko zailtasuna. Txikia. Ezarpen batzuk egin behar diren arren, erabiltzaileak ez du ezer egin behar instalatu ondoren.
    • Abantailak. Erabiltzailearen entzumen gaitasunera egokitzen dute edozein telefono.
    • Desabantailak. Trabagarria gerta daiteke leku itxietan.
  • Prezioa. Doakoak.

Wiser eta BIG Launcher // Dena ongi ikusteko

  • Zertarako balio dute. Oso egokiak dira ikusmen urria duten pertsonentzat. Eskuragarriagoa egiten dute mugikorraren interfazea, handitu egiten baitituzte ikonoak eta letrak, eta bertsio sinplifikatuan erakusten dituzte telefono markagailua, solaskideak eta aplikazioak.
  • Bateragarritasuna. Wiser (Android) eta Big Launcher (Android).
  • Erabiltzeko zailtasuna. Txikia.
    • Abantailak. Instalatu eta konfiguratu egin behar diren arren, oso egokiak dira adineko pertsonentzat, eskura eduki ditzaketelako behar dituzten aplikazioak, neurri handiko ikono eta letrekin.
    • Desabantailak. Androiderako bakarrik dago aplikazio mota hori. Apple etxeak ez du onartzen hirugarrenen programek bere sisteman aldaketak egitea. Apple gailuek, hala ere, badituzte eskuragarritasuna errazteko funtzio batzuk, adibidez pantaila irakurlea, sarrerak braille hizkuntzan, pantailari zooma jartzeko aukera eta modu iluna.
  • Prezioa. Doakoak.

Mendekotasunen bat dutenentzako aplikazioak eta gailuak // Osasuna

mySugr // Lagun ona diabetesa kontrolatzeko 

  • Zertarako balio du. Diabetesa kontrolatzeko aplikazioa da, diabetesa duten pertsonek diseinatua. Glukosa mailak erregistratzen ditu, otorduak, sendagaiak eta jarduera. Sinkronizatu egin daiteke glukometro adimendunekin, eta parametroak gordetzeko prozesua automatizatu. Intsulina boloa kalkulatzen du eta txostenak PDF formatuan sortzen ditu.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Ertaina. Erregistratu egin behar da eta erabiltzera ohitu, funtzio asko baitauzka. Interfazea erraza eta intuitiboa da.
    • Abantailak. Parametro gluzemiko guztiak automatizatzeko aukera ematen du jarraipen zehatzagoa egin dezagun.
    • Desabantailak. Glukometro adimendunik ez badugu, datuak eskuz sartu beharra dago. Hori zaila izan daiteke pertsona batzuentzat.
  • Prezioa. Doakoa da oinarrizko funtzioetarako. Pro bertsioa 2,99 euro da hilean edo 27,99 euro urtean.

Silincode SOS // Datu medikoak, beti eskura 

  • Zertarako balio du. Hainbat kolore eta neurriko eskumuturrekoa da, QR kode bat duena erabiltzailearen datu pertsonaletara eta datu medikoetara sartzeko: izena, argazkia, larrialdi telefonoa, alergiak, odol taldea eta gehiago. Adierazi egin daiteke pauso markagailua daramagun, zer-nolako sendagaiak hartzen ari garen une horretan, eta medikuaren historia ere sar daiteke. Informazioa eguneratu egiten da ordenagailutik.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Ertaina. Kanpoko webgune batera jo behar da datuak sartzeko.
    • Abantailak. Erabiltzaileak ez du inolako ekintzarik egin behar. Informazioa edozein telefonotatik eskuratu daiteke. Aukera ematen du informazio osagarria sartzeko oinarrizko datuetatik harago.
    • Desabantailak. Eskumuturreko bat izaki, etxean ahazteko arriskua izaten da. Laguntza emango duenak jakin egin behar du bere mugikorreko QR irakurgailua erabiltzen.
  • Prezioa. 8,50 €

Pulsometroak // Bihotza eskumuturrari lotuta 

  • Zertarako balio dute. Neurtu egiten dute bihotz erritmoa eta datuak bidali egiten dituzte zenbait aplikaziotara, non 24 ordutan erregistratzen dituzten neurketak eta egunero egiten dituzten txostenak; GPSa ere badute.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Txikia. Erabiltzaileak ez du inolako ekintzarik egin behar; gehienez ere, informazioa aplikazioan begiratu, baina familiako norbaitek ere egin dezake hori.
    • Abantailak. Egokia da erabiltzailearen bizikonstanteak monitorizatzeko une orotan. Batzuek aukera ematen dute alarmak jartzeko ohiz kanpoko erritmo goraldiak gertatzen direnerako. Gehienek PDF formatuan erregistratzen dituzte ibilbideak, eta horrek aukera ematen du erabiltzailea geokokatzeko istripuaren bat gertatu edo desorientatuz gero.
    • Desabantailak. Eskumuturreko bat denez, kendu egin daiteke eta edozein lekutan ahaztu.
  • Prezioa. 40 eta 60 euro artean.

Daylio // Gida bat buru osasunerako

  • Zertarako balio du. Neurtu egiten du aldartea eta egunean zehar egindako jarduerak, eta egutegi bat egiten du erabiltzailearen bilakaeraz. Oharrak eta oroitarazpenak uzteko aukera ere ematen du.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Txikia. Interfazea emotikonoetan oinarritua dago, emozioak eta jarduerak hautatzeko.
    • Abantailak. Oso aplikazio erabilgarria da antsietatea eta depresioa duten pertsonentzat. Hileroko txostenak egiten ditu eta oso egokia da familiakoek eta medikuek egoera emozionalaren jarraipena egin dezaten.
    • Desabantailak. Emozioen erregistroa egunero-egunero egin beharra dago datu fidagarriak izateko.
  • Prezioa. Doakoa. Iragarkiak kentzeko, aldarte pertsonalizatuak sortzeko eta erregistroak deskargatzeko, ordainketa bat egin behar da, 2,99 eurokoa.

Lumosity, Fit Brains Trainer, Words With Friends // Ariketa kognitiboak

  • Zertarako balio dute. Memoria lantzeko aplikazioak dira, eta kontzentrazioa, buru arintasuna, pertzepzio bisuala, memoria… trebatzeko jolasak eskaintzen dituzte.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone (guztiak).
  • Erabiltzeko zailtasuna. Ertaina-handia. Egiaz autonomoak diren pertsonentzat balio dute aplikazio horiek, eta teknologiarekin ongi moldatzen direnentzat, jolas bakoitzak bere interfazea eta prozesua baititu.
    • Abantailak. Modu ona da etxeko erosotasunetik memoria eta buru arintasuna lantzeko. Words With Friends aplikazioak aukera ematen du lagunekin jolasteko, eta hori oso ona da, jarraitzeko motibazioa ematen baitie.
    • Desabantailak. Smartphonea erabiltzen badakiten eta aski autonomia duten adinekoek bakarrik erabili ahalko dituzte.
  • Prezioa. Doakoak dira, baina iragarkiak dituzte.

Mendekotasunen bat dutenentzako aplikazioak eta gailuak // Autonomia

TickTick // Ezertxo ere ahaztu ez dezan 

  • Zertarako balio du. Zereginen eta oroitarazpenen zerrendak egiteko, urtebetetzeak eta egun bereziak gogoratzeko ere bai. Familiakoek edo zaintzaileek beren mugikorretik has dezakete saioa eta hitzorduak sartu ditzakete erabiltzaileak ez badu ongi ulertzen aplikazioa.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Ertaina. Interfazea nahiko argia da, baina ohitu egin behar da nola funtzionatzen duen ulertzeko. Oroitarazpenak zuzenean agertuko dira jakinarazpen gisa pantaila blokeatuarekin.
    • Abantailak. Aukera ematen du atalak egiteko, oroitarazpen batzuei lehentasuna emateko eta zereginak zuzenean sartzeko ahots bidez, eta horrek asko errazten ditu gauzak.
    • Desabantailak. Funtziorik erabilgarrienak ordaindu egin behar dira. Doako bertsioak iragarki eta murrizketa gehiegi ditu.
  • Prezioa. Doakoa, baina oinarrizko funtzioekin. Gainerakoetarako, 28 eurokoa da urteko harpidetza.

Rosita // Entrenatzaile pertsonala etxean 

  • Zertarako balio du. Entrenatzaile pertsonal gisa funtzionatzen du eta etxean egiteko ariketen errutina bat dauka, bereziki diseinatua 60 urtetik gorako pertsonentzat. Yoga dauka adinekoentzat, areto dantza mugikortasun mugatua dutenentzat, pilates artritisarekin dabiltzanentzat… eta beste ariketa batzuk ere bai zenbait patologiatara egokituak.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Txikia. Oso intuitiboa da, eta sarbide zuzena dauka ariketetara.
    • Abantailak. Jarduerak hautatu egin daitezke zenbait alderdi kontuan hartuta: norberaren maila, mina, hauskortasuna, patologiak eta pisua. Ikastaro asko zuzenean izaten dira eta adineko begiraleek eskainiak. Telebistara konektatu daiteke zuzenean, hobeto ikusteko. Adimen artifizialeko txat bat dauka, eta aholkuak ematen ditu bizimodua hobetzeko.
    • Desabantailak. Mugikorra telebistara edo Chromecast batera konektatzeko, segur aski norbaiten laguntza beharko du.
  • Prezioa. Doakoa.

ReHand // Egoera fisikoaren zaindaria

  • Zertarako balio du. Errehabilitazioa eskaintzen du tabletaren bidez. Fisioterapeutek diseinatu dute, eta aukera ematen du ariketa multzo handi eta intuitiboak egiteko lesioaren arabera.
  • Bateragarritasuna. Android eta iPhone.
  • Erabiltzeko zailtasuna. Ertaina. Pazientearen egoera fisikoari buruzko informazioa sartu behar da eta erabiltzaile bat erregistratu.
    • Abantailak. Aplikazio oso egokia da errehabilitazio ariketak egiteko etxeko erosotasunean. Osasun arloko adituek diseinatu izateak sinesgarritasun eta eraginkortasun handiagoa ematen die ariketei.
    • Desabantailak. Erabiltzaileek probako bertsio bat bakarrik eduki ahal izateak asko zailtzen du erabilgarritasuna.
  • Prezioa. Demo bertsio bat da, doakoa. Probaldia bukatuta, profesional batek erosi behar du eta sarbidea eman behar dio pazienteari.