Joan Quiles-Izquierdo, Medikuntzan doktorea, nutrizio arloan aditua eta Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiko kidea Valentziako Generalitatean

"Estrategiak konbinatu egin behar dira azukre kontsumoa murrizteko, hasi heziketatik eta zergak ezartzeraino"

1 junio de 2014
Img entrevista 2 listado 147

OME aztertzen ari da azukre kantitate gomendatuaren gehieneko muga erdira jaisteko aukera. Zer esan nahi du horrek?

Gaur egungo %10etik %5era pasatzea. Hau da, egunean hartzen ditugun kaloria guztietatik, gehienez ere %5 izan daitezkeela azukre sinpleetatik datozenak. 2.000 kcl-eko dieta batean, 25 gramo azukre dira horiek. Lau zorrotxok daukatena, gutxi gorabehera.

Gutxi dirudi…

Bai, eta horregatik da garrantzitsua argitzea zertaz ari garen azukrea esaten dugunean. Mahaiko azukrera eta elikagai azukretsuetara mugatzen badugu (txokolatea, eztia…), pertsona bakoitzak egunean 30 gramo hartzen ditu, Espainiako Elikadura Ministerioak dioenez. Urtean 10 kg dira horiek pertsonako, eta ikusten den azukrea baino ez da. Baina gainerako elikagaiek ere badituzte azukre sinpleak (nahiz eta guk ez jakin), eta hori ere kontuan hartu behar da. Datuek esaten dute pertsona bakoitzak urtean 25 kg eta 30 kg bitartean hartzen dituela azukre sinpleak.

Zer-nolako elikagaiek ezkutatzen dituzte azukreak?

Azukrea, askotan, zaporetik antzematen da, baina badira salbuespenak ere. Tonikak, esaterako, zapore mikatza du kininaren eraginez, eta, hala ere, erruz izaten du azukrea. Elikagai gazi batzuek ere badute azukrea, eta eduki lezakete gutxiago, zesar saltsak, maionesak eta ketchupak esaterako. Eta, jakina, edari azukretsuek, “freskagarriek”, azukre pila bat izaten dute: 35 edo 40 gramo lata bakoitzeko. Hau da, bost zorrotxo azukre, hortxe-hortxe.

Jendeak zergatik maite du hainbeste azukrea?

Elikagaien hautua, zaporeak ez ezik, beste zenbait alderdik ere baldintzatzen dute. Adibidez, prezioak, edo erosketak egitera joan eta elikagai jakin batzuk bista-bistan egotea eta beste batzuk ez, edo jatetxeetan lehenbizi tartak eta izozkiak agertzea postrearen kartan.

Zer-nolako arriskua du osasunarentzat azukre gehiegi hartzeak?

Hortz-haginetako txantxarra, gaixotasunetan prebalentzia gehien duenetakoa, azukreak eta hortz-haginek zuzenean elkar ukitzen dutelako sortzen da. Gainera, azukre sinpleak hartzen ditugunean, glukosa goraldiak izaten dira odolean, eta gorputzak erreakzionatu egin behar izaten du. Organismoaren berezko defentsa izaten da glukosa unitateak paketatu eta zeluletan gordetzea. Hori egiteko, pankreak sortzen duen intsulina erabili behar izaten dugu, baina batzuetan agortu egiten dugu sortzen den hori. Orduan beste arazo batzuk agertzen dira.

Adibidez?

Bi dira ezagunenak: pisu egoera eta 2 motako diabetesa (adineko pertsonetan). Kontuan hartu behar da azukrea energia ere badela, kilokaloriak direla. Eta oso garrantzitsua da oreka lortzea hartzen dugunaren eta gastatzen dugunaren artean. Energia paketatzeko modurik errazena karbohidrato gisa egitea da, glukosa gisa edo gantz gisa. Azukreak neurriz kanpo hartzen baditugu, gorputzak ez ditzake beretu kalorien onurak, eta gainezkatu egiten dira bide metaboliko guztiak.

Produktu azukretsuei zerga bat ezartzeak lagunduko ote luke kontsumoa murrizten?

Ikerketaren batek esaten du edari azukretsuei prezioa %1 igoz gero, %10eraino murriztu daitekeela horien kontsumoa. Ameriketako Estatu Batuetan proba egin dute: edaria zentabo bat igo dute zentimetro kubiko bakoitzeko, eta kontsumoa zertxobait apaldu dela ikusi dute. Hemen tabakoarekin egin izan da: zergak igotzeak kontsumoa murriztea dakar. Gertatzen dena da elikadura askoz ere esparru konplexuagoa dela, kontsumitzaileok “hutsuneak betetzeko” joera izaten dugulako, eta tabakoarekin ez bezala, badugu zerekin bete. Adibidez, gantz ugariko elikagaiekin.

Orduan, zein da irtenbidea?

Irtenbidea, agian, eklektikoagoa izango da eta estrategiak konbinatzea izango da gakoa: nutrizio arloko informazio gehiago ematea, gastronomia ikastetxeetara eramatea, nutrizio arloko formazio handiagoa eskaintzea eta zergak ezartzea, baina ez gutxiespen zentzuan, elikagairik osasungarrienak sustatuz ere bai prezio erakargarriagoekin eta. Jakina, garrantzitsua da elikadura arloko industriarekin lan egitea ere, azukre kantitateak murriztu ditzan, gatzarekin eta gantzekin egiten den bezala. Ez dezakegu ahaztu, hala ere, kontsumitzailearena dela azken erabakia, eta erantzunkidetasun kontua dela hau. Pertsonak ahalduntzea da funtsezkoa, elikagaien artean bereizten jakin dezaten eta argi eduki dezaten produktu batek ez duela egiten dieta.