Kosmetikoak. Gutxiago eta hobeto
Sare sozialekin ohituta ez dagoenak agian ez du jakingo zer den hashtag bat: karaktere segida bat da, aurretik kuxintxo baten sinboloa duena, eta gai bat identifikatzeko erabiltzen da, norbaitek (edozeinek) iritzia eman nahi izanez gero. Bada, kosmetikaren munduak zenbateko interesa sortzen duen ikus dezagun, Instagramen #beauty (edertasuna) hashtagak 500 milioi argazki baino gehiago ditu, #aurpegia zaintzeak 3,1 milioi, eta TikTok plataforman #skincare delakoak 23,1 milioi post ditu (zainketen errutina adierazteko erabiltzen da anglizismo hori nazioartean).
Horietan, dermatologiako eta kosmetologiako profesionalek errutina amaigabeak gomendatzen dituzte aurpegirako eta produktu kosmetiko jakin batzuk epidermiseko eremu bakoitzerako. Jakina, sare sozialetan ohikoa denez, larruazalaren zainketari buruzko ezagu- tzarik ez duten beste pertsonaia askok ere gauza bera egiten dute. Horietako batzuek, gomendio edo aholku gisa, eguneroko errutina zein izango litzatekeen laburbiltzen dute goizerako 10 kosmetiko gomendatuta eta beste 10 ohera sartu baino lehenagorako.
Obsesio horren eraginez, europarrok, batez beste, egunean zazpi produktu erabiltzen ditugu kosmetikarako eta norberaren burua zaintzeko eta astean 13 inguru (gehienak aurpegikoak). Horrek esan nahi du urtean, batez beste, 206 euroko gastua egiten duela Espainiako Estatuko herritar bakoitzak. Baina galdera da ea larruazal osasuntsu batek “tonaka” behar ote dituen osagai, printzipio aktibo eta testura desberdinak dituzten produktuak (eta jasan ote ditzakeen). Galdera horixe egiten dute adituek larruazalak egiaz behar duenari buruz mintzatzen direnean.
Hainbat osagai kosmetikok eraginkortasun handia erakutsi dute eta ikerketa zientifiko sendo batek babesten ditu. Nahiz eta oso osagai ona izan, produktu kosmetikoa ondo landuta ez badago, galdu egin dezake eraginkortasuna; osagai horiek asko aztertu dira eta haien onurak ongi dokumentatuta daude literatura zientifikoan, eta, beraz, lagungarri izan daitezke aukeratzeko orduan.
Erretinola. Zelulak berritzeko eta kolagenoaren ekoizpena handitzeko duen gaitasunagatik da ezaguna. A bitaminaren forma hori zahartzeari aurre egiteko osagairik eraginkorrenetakoa da, eta, ziurrenik, baita ikerketa gehien dituen osagai kosmetikoa ere, duela 40 urte baino gehiago ari baitira ikertzen. Ospe horrek eragin du fabrikatzaileek printzipio aktibo hori kantitate handian erabiltzea beren produktuetan. Hala ere, EBk mugatu berri du erretinolaren kontzentrazioa kosmetikoetan: 2025erako gehienez %0,3 ager daiteke aurpegiko kosmetikoetan eta %0,05 gorputzekoetan. Muga horren helburua da Europako populazioa A bitaminaren gehiegizko eraginpean ote dagoen aztertzea.
Zeramidak. Larruazalean modu naturalean dauden lipido horiek funtsezkoak dira larruazaleko hesiari eta hidratazioari eusteko.
Azido glikolikoa. Azido alfahidroxiazido hau (AHA) eraginkorra da esfoliatzeko eta larruazalaren testura hobetzeko.
C Bitamina. Antioxidatzaile indartsua da, larruazala argitzen eta giroak eragindako kalteetatik babesten laguntzen duena.
Garbitu, zaindu eta babestu.
Zenbat produktu behar dira kosmetikako errutina on baterako? Asko al da egunean zazpi erabiltzea (horixe da Europako batez bestekoa)? Ruben Hernandez Espainiako Kosmetologoen eta Kosmiatren Elkarteko (AECOSM) presidenteak gogorarazi du kosmetikoaz ari garenean ez garela soilik ari aurpegiko produktuez. “Bainuko gel bat, xanpu bat, makillajea, desodorantea, ile-egokitzailea, fotobabesa, gorputzeko hidratatzailea… Denak dira kosmetikoak. Ildo horretan, normala da egunean zehar kopuru hori erabiltzea”, azaldu du. “Baina aurpegiko errutinari bakarrik erreparatzen badiogu, larruazaleko patologiarik ez duen pertsona heldu batentzat hauek dira oinarrizko zutabeak: aurpegiko higienea, larruazalaren hesiari eustea eta fotobabesa”, adierazi du Tomas Muret Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiko Dermofarmaziako kideak (CGCOF). “Funtsezko elementu horietatik abiatuta, beste produktu kosmetiko batzuk sar daitezke eremu espezifikoak tratatzeko, hala nola begien ingurua, ezpainak edo eremu peribukalak, baita larruazalaren premia bereziei aurre egiteko ere, adibidez deshidratazioari, zimurrei, orbanei, irmotasunari edo tonuari”, erantsi du Muretek.
Pertsona batzuek oinarrizko hiru urrats horietako bakoitza beste hirutan banatzen dute, baina adituek gomendatzen dute ez konplikatzea, larruazal osasuntsu batean ez baita beharrezkoa faseak gehitzea. “Produktu bakar bat, garbiketarako mikela ur bat esaterako, nahikoa da”, adierazi du Ruben Hernandezek. Gogoan izan behar da, halaber, zaintzeko lana ez dela krema hidratatzailea ematea bakarrik, zainketaren kontzeptua aldatu egin baita eta orain integralagoa da.
“Egia den arren larruazala hidrata- tzea dela oinarrizko abiapuntua osasuntsu egon dadin, hortik aurrera, nahi eta behar izanez gero, larruazala zuzentzeko edo begitartea argitzeko produktuak erantsi daitezke, adibidez begien inguruan ematekoa, serum nutritiboa edo orbanak tratatzekoa, larruazalak behar duenaren arabera”. Azken pausoari dagokionez, ez dago eztabaidarako tarterik. Larruazala ez dadin zahartu garaia baino lehen, eta minbizia saihesteko ere bai, fotobabesa beti da nahitaezkoa.
12 urtetik beherako baten larruazalak behar al du krema edo kosmetikorik? “Osasun arloko profesional guztiok gogor lan egiten dugu kosmetikorexiari aurre egiteko, hau da, haurren eta gazteen artean adinaren aurkako produktu kosmetikoak neurriz kanpo erabiltzeko joerari aurre egiteko. Funtsezkoa da gurasoek ulertzea haurren larruazala ez dagoela erabat garatuta, sentiberagoa dela eta ez dituela helduentzako kosmetiko batzuk jasan behar”, azaldu du Tomas Muretek, eta larruazaleko patologiarik ez duten haurrentzat (12 urtetik beherakoentzat) oinarrizko errutina bat gomendatzen du: garbitzaile leun bat eta espektro zabaleko eguzki babesa. Eta nerabearen larruazala? “Gazteek behar gutxiago dute zainketak egiteko, non eta ez dagoen desoreka bat. Ildo horretan, gantz gehiegi duenari granotxoak ager dakizkioke, puntu beltzak edo larruazalak itxura itzalia eduki dezake. Badira berritzeko gaitasun motelagoa duten gazteak ere, eta horrek loditasun gehiago ematen dio larruazalari eta estali egiten ditu poroak. Baina halako desorekarik ez badago, nerabe baten larruazalak garbitasuna behar du, hidratatzaile batekin zaintzea, eta hori ez datorkio inori gaizki, adina edozein dela ere eta fotobabesa ere nahitaezkoa da jaiotzen garenetik hiltzen garen arte”, azaldu du Ruben Hernandezek.
Eta gehiegi erabiliz gero?
Ondorio kaltegarri ugari izan ditzake kosmetikoak gehiegi erabiltzeak eta larruazal mota bakoitzerako egokiak ez direnak hautatzeak. “Egunean zehar produktu gehiegi erabiltzeak narritadura eragin dezake, sentiberatasuna eta kaltea larruazalaren hesian. Gehiegizko esfoliazioak larruazala gorritu, hanpatu eta ahuldu egin dezake, eta kalteberagoa egin dezake infekzio eta arazoekiko”, adierazi du Tomas Muret dermofarmazialariak. Gainera, maskara eta xaboi oldarkorrak maiz erabil- tzeak desorekatu egin dezake larruazaleko mikrobiota, eta larruazalaren hesi funtzioari eragin diezaioke; ondorioz, lehortasuna, sentiberatasuna eta narritadura sor daitezke.
Bestalde, hainbeste krema, emultsio, toniko edo serum nahastea kaltegarria gerta dakiguke; izan ere, printzipio aktibo batzuk elkarren artean bateraezinak izan daitezke, eta elkarrekin erabiltzeak murriztu egin dezake eraginkortasuna edo narritadura eragin. “Adibidez, erretinola eta esfoliatzaileak aldi berean erabiltzea, azido glikolikoa adibidez, oldarkorregia izan daiteke azalerako”, gogorarazi du Tomas Muretek. Bestalde, larruazala saturatu eta jarduerarik gabe gelditzea ere gerta daiteke. “Krema bakoitzak dosi eta jarraibide jakinak ditu, eta kosmetikoa norberak nahi duen bezala eta neurririk gabe erabiltzeak dakarren kaltea ez da automedikatzeak izan dezakeena bezain larria, baina, zalantzarik gabe, alferrikakoa izango da eta ez du eraginik edukiko gure larruazalean”, ondorioztatu du Hernandezek.
Zer behar du gure larruazalak?
Kosmetikako produktu bat erosi aurretik, oso garran- tzitsua da norberak zer behar duen jakitea. Zer behar dugu? Osasuntsu al dago gure larruazala edo arazoren bat dauka? Horregatik jakin behar da bereizten zer den larruazalerako sendagai bat eta zer den kosmetikako produktu bat. Helburuak bereizten ditu. Lehenbizikoa gaixotasunak eta patologiak tratatzeko da eta bigarrena larrauzala zaintzeko.
“Gaixotasunak prebenitzeko, diagnostikatzeko, tratatzeko edo sendatzeko diseinatuta daude sendagaiak, eta eragin farmakologikoa dute gorputzean. Bestalde, produktu kosmetikoak garbitzeko, lurrina emateko, itxura aldatzeko, babesteko eta egoera onean mantentzeko erabiltzen dira, organismoaren funtzioak edo egiturak nabarmen aldatu gabe”, azaldu du Tomas Muretek. Hau da, argi izan behar da larruazaleko arazo jakin bat konpontzeko produktu kosmetiko asko erabilita ere (aknea, ekzema edo akne arrosa, adibidez), ez dugula inoiz lortuko gaitz horiek tratatzea.
Besterik da, adibidez, dermatologoak krema antibiotiko bat errezetatzea akne agerraldia tratatzeko eta, aldi berean, pazienteari gomendatzea kosmetiko batekin konbinatu dezala, adibidez krema hidratatzaile jakin batekin edo aurpegia garbitzeko xaboi jakin batekin, tratamenduan lagunduko duelakoan. “Produktu horiek ez datoz bat ez sendagaiaren ez kosmetikoaren definizioarekin, bataren eta bestearen artean daude (kosmezeutikoak esaten zaie, baina ez dago araudirik eta definizio ofizialik), eta larruazalaren desorekak tratatzeko erabiltzen dira, sintoma edo gorabehera estetiko bat tratatzeko, adibidez granotxoak, puntu beltzak, narritadurak edo ekzemak”, azaldu du AECOSMeko Ruben Hernandezek.
Horregatik, adituen ondorioa hauxe da: produktu bat ona izango da, bete behar duen funtzioa betetzeko balio duen neurrian. Diagnostiko kosmetologiko ona egitea da kontua, eta hortik abiatuta, produktu egokia agintzea, ez baitago gauza guztietarako balio duen produkturik. Produktu bat ona izango da huraxe behar duen pertsonak erabiltzen duenean.
Nola hautatu kosmetikoak.
Komeni den kosmetikoa agintzeaz gain, zeren araberakoa da kosmetiko baten eraginkortasuna? “Eraginkortasuna lehengaien kalitatearen araberakoa da funtsean, osagai puruek eta kalitate handikoek emai- tza hobeak bermatzen baitituzte. Bigarrenik, osagaien kontzentrazioa ere funtsezkoa da, eraginkorrak izateko, kontzentrazio egokietan egon behar baitute. Horrekin batean, produktu kosmetikoa egiteko prozesua ere oso aintzat hartzekoa da; osagai onenek ere eraginkortasuna gal dezakete behar bezala formulatzen ez badira”, azaldu du Tomas Muretek. Galdera ia nahitaezkoa da: nola hauta dezake kontsumitzaileak?
AECOSMeko bozeramaileak Argan olioaren adibidea jarri du, kosmetikan asko erabiltzen den osagaia baita. “Ez da gauza bera Argan olio findua erabiltzea edo lehen presioa hotzean eman dioten olioa erabiltzea (azken horrek eraginkortasun handiagoa du larruazalean, finduak baino kontzentrazio handiagoa baitu mantenugaietan). Gainerako osagaiekin ere berdin gertatzen da. Azido hialuronikoetan ere aukera asko eta desberdintasun handiak daude. Batzuk oso merkeak dira eta besteak garestiagoak, modu desberdinean tratatzen baitira, eta gaitasun desberdina dute larruazalean sar- tzeko. Azkenean, kontsumitzaileak ez dezake identifikatu produktuaren kalitatea. Hortxe dago arazoa. Modu bakarra du horretarako: erregulazioan konfiantza izatea eta merkatuan jartzen den produktu kosmetikoari egin dizkiote eraginkortasun azterketekin fidatzea”, azaldu du Ruben Hernandezek. Izan ere, merkatuko osagairik garestienekin eta ongien formulatuta daudenekin egindako produktua bera ere ez da eraginkortasunaren berme. Krema bat zoragarria izan daiteke pertsona batentzat, eta beste bati agian ez dio onurarik egingo edo oso onura txikia izango da.
“Zimurra ikuspegi teknikotik bakarrik aztertzen badugu, aurkituko dugu beste bat baino hobeto formulatuta dagoen produktu bat hura tratatzeko. Baina produktu horrek berak, osagaien artean jarri zaion aktiboa gorabehera, ez du eragin bera izango larruazal orekatu batean edo ongi ez dagoen beste batean”, azaldu du Ruben Hernandezek. Hau da, nahiz eta lagun batek edo influencer batek krema jakin baten ontasunak behin eta berriz errepikatu, kontuan izan behar da agian oso eraginkorra izan dela berarentzat, oinarri on batetik abiatzen zelako hura aplikatzeko. “Aitzitik, larruazalak ez badu balantze hidrolipidiko egokia –uraren eta gantzaren artekoa–, zimurretarako edozein aktibok agian ez du eraginik izango, adibidez peptido batek, erretinoideak edo azido hialuronikoak”, ondorioztatu du Hernandezek.
Merkatuan kosmetiko bat dago gorputzeko ia atal bakoitza tratatzeko, baina askok galdetzen dute txarra ote den aurpegiko krema bera lepoan edo begien inguruan erabiltzea. Gizonentzako gama espezifiko bat ere badago, eta emakumeentzako beste bat. Orduan, ezin al ditugu produktuak partekatu? Ruben hernandezek emango dizkigu argibideak, aecosm-eko presidenteak.
- Gizonak eta emakumeak. Gizonaren larruazala emakumearena baino lodiagoa izaten da, eta geruza korneoak lodiera handiagoa izaten du (larruazalaren kanpokoena). Zimurra tratatu nahi badugu, osagai aktiboak berdinak dira bi sexuetarako. Errutinaren kontua besterik da, ordea. Bizarra egiten dutenez, gizonek esfoliazio handiagoa behar izaten dute, eta, normalean, gizonen kosmetikoek testura arinagoa eduki ohi dute, olio gutxiagorekin, larruazalak emakumeenak baino gantz gehiago izaten baitu.
- Begi ertzak. Segurtasun kontua sartzen da tartean. Berariaz dago diseinatua eremu horretarako, eta, beraz, oftalmologikoki probatu behar da, arrisku handia izaten baita produktuak begiaren barnealdea uki dezan. Begi ertzeko zimurra eta kopetakoa tratatzea ez da oso desberdina, baina begi ertzean emateko produktuei proba gehigarriak egiten dizkiete begiari kalterik ez diotela egiten bermatzeko.
- Hidratatzaileak. Gorputzerako krema eta lozio hidratatzaileek aurpegikoek baino formulazio errazagoa izaten dute; izan ere, eremu horrek behar gutxiago izaten du (zelulitisaren kontrakoen kasuan izan ezik). Baina lepoko larruazala eta aurpegikoa bai, oso antzekoak dira. “Profesional gisa, aurpegiko krema bera gomendatzen dut leporako eta paparrerako, arazorik gabe”, aholkatu du Ruben Hernandezek.
- Eguna eta gaua. Badago aldea, baina larruazalaren beharrizanen araberakoa izango da. Gauekoak lo gaudela larruazalaren berezko biziberritze prozesua aprobetxatzeko pentsatuta daude. Horregatik, lodiagoak izaten dira, koipetsuak (egunez distira horiek traba egin dezakete) eta, adibidez, ez dute izaten fotobabesik. Egunekoek bai, izaten dute fotobabesa gehienean, eta jariakorragoak izaten dira.