PATINETE ELEKTRIKOA: BAT-BATEAN, EZEZAGUN BAT

HIRIETAN SARTU ETA BAZTERRAK ASTINDU DITU HILABETE GUTXIAN. ALDARAZI EGIN DU HIRIKO PAISAIA, BAINA BAITA ERABILTZAILEEN, OINEZKOEN ETA LEGEGILEEN ARTEKO HARREMANA ERE. IKAS EZAZU ZER EGIN DEZAKEZUN ETA ZER EZ ZENUKEEN EGIN BEHAR BOLADAN JARRI DEN IBILGAILUAREN GAINEAN. MUGIKORTASUN PERTSONALERAKO IBILGAILUA ESATEN DIOTE, BAINA BETIKO PATINETEA DA.
1 otsaila de 2019
Img economia domestica listado 285

PATINETE ELEKTRIKOA: BAT-BATEAN, EZEZAGUN BAT

Madril, 15:00ak. Alcalá kale jendetsuan sekulako auto ilarak sortu dira, eta Canillejas poligonoko gidariak bere onetik aterata dabiltza. Entzungailuak belarrietan dituela, gazte bat surfean bezala doa autoen artean, eskuak heldulekuan, baina burua ateratzen diela motor gidariei. Patinete elektriko bat darama. Bide berriak urratzen hasia da hiri handietan, eta buruhauste bat baino gehiago ematen ari zaie udal agintariei. Ez dago zalantzarik ingurumenaren lagun paregabea dela tramankulu hori, motozikletak baino askoz isilagoa. Mantentze lanak erraz eta merke egiten zaizkio, eta aparkatu nahi denean, aski da etxera edo lantokira sartzea. Baina aurkari asko egin du denbora gutxian. Arriskuan jartzen omen du oinezkoen segurtasuna (urrian pertsona bat hil zen Bartzelonan, patinete batek harrapatuta) eta gidariena ere bai; horien funtzionamendua, gainera, ez dago arautua, eta garraio publikoari bizkarra ematen diola salatzen dute.

Ez da eztabaidarik falta patinete elektrikoaren inguruan, nahiz eta Olentzero eta Maridomingi ere patinetez beteta etorri diren Eguberri hauetan. Mugikortasun Pertsonalerako Ibilgailu bat da (MPI), eta gero eta zale gehiago ditu gure hirietako kaleetan, nahiz eta eztabaida ere ekarri duen gurpil gainean. Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusia (DGT) Errege Dekretu bat lantzen ari da horien zirkulazioa arautzeko. Patinetea ibilgailu gisa sailkatu du, eta, ondorioz, “Zirkulazio Araudiko neurri batzuk ezarriko zaizkio, adibidez alkohol eta droga kontrolak egin beharra eta entzungailuak eta gailu elektronikoak erabiltzeko debekua”, adierazi du Jorge Ordás-ek, DGTko Mugikortasun eta Teknologia Saileko zuzendariorde nagusiak. Udalek, berriz, ordenantzen bidez, bestelako neurri batzuk ezarri ahalko dituzte hiri eta herrietako kaleetan horien erabilera arautzeko.

ARAUTU GABE.

Moldakortasuna da patinete elektrikoen gauzarik onenetakoa eta, hedaduraz, gainerako MPIena. Aurrerapen teknologikoei esker, oso erraz erabiltzen dira. Tolestu egin daitezke eta aldean hartuta eraman autobusean edo metroan, eta bulegoan ere aise sartzen dira. Prezioa ere ona dute -200 euro pasatxorekin eros daiteke bat, nahiz eta premium erakoak 3.000 eurora ere iristen diren -, eta oso merkea da mantentze lanak egitea. “Baina ez dugu pentsatu behar lekua kenduko diela lehendik dauden beste garraiobide batzuei. Beste aukera bat gehiago izango da, hori baino ez. Oso aukera ona, batez ere hiri handietarako, betiere ongi arautzen badute”, azpimarratu du Juan Jimenezek, Mugikortasun Pertsonalerako Ibilgailuen Erabiltzaileen Elkarteko presidenteak.

Hori gutxi balitz bezala, aski da egunean behin kargatuta; gasolioarekin edo gasolinarekin dabilen auto batek, berriz, 5-10 litro erregai erretzen du 100 kilometro bakoitzeko. Ez dago datu ofizialik erabiltzaileei eta salmentei buruz, baina arlo horretan ari direnek onartzen dute azken urtean izugarri ugaritu dela. 2018ko azken hilabeteetan bakarrik, patinete elektrikoak partekatzeko dozena bat enpresa jarri dituzte abian zenbait hiritan (sharing esaten zaio ingelesez). Madril, Bartzelona eta Bilbo erdigunean, batez ere, oso denbora gutxian barneratu dira hiriko paisaian. Baina lege arloko hutsune horren aurrean, zenbait udalek oso zorrotz jokatzea erabaki dute, adibidez Madrilgoak: 2018ko abenduan, zerbitzu hori eskaintzen zuten hiru enpresari agindu zioten ibilgailuak aldi batez kendu zitzatela (Lime, Voi eta Wind), ez baitzuten aurkeztu jarduera hori egin ahal izateko dokumentaziorik.

Donostian eta Bilbon, aldiz, tolerantzia handiz jokatu dute patineteekin; bi horietan argi dute, Estatutik legea iritsi bitartean, edozein araudik autoari eragin behar diola, ez joan-etorriak egiteko betidanik erabili izan diren modu ekologikoei (bizikletari edo oinezkoei). Bilbon, erdiguneko kaleen %87k 30 km/hko abiadura muga daukate, eta horrek erraztu egiten du ibilgailu tradizionalak eta gailu berriak elkarrekin hobeto moldatzea. Tokian tokiko araudien berezitasunetatik harago, gauza batzuk berdintsuak dira han eta hemen: hiririk gehienetan, patineteak ezingo dira ibili espaloietan; gehienezko abiadura 30 km/h-koa izango da onenean ere; eta zenbait zigor ezarriko dira zirkulazio arauak betetzen ez direnean. Oinezkoa babestea da helburua eta oihaneko legeari mugak jartzea, hiri askotan ibilgailu horien erabilera batere arautu gabe egon baita denbora askoan.

“Patinete elektrikoak ez daude pentsatuta ohiko mugikortasunerako, eta hortik heldu da araudi falta”, onartu du Docio Cascajok (Mugikortasun Metropolitanoaren Behatokiko zuzendari teknikoa da), eta nabarmendu du “zainketarako” neurriak ezarri behar direla egoki erabil dadin. “Segur aski, bizikletekin egin den bezala, formazio ikastaroak eman behar lirateke horiekin ibiltzeko. Eta puntu sistema bat ere jarri behar litzateke, zergatik ez?”, gogoeta egin du mugikortasunaren arloko adituak. Azkenaldian istripu asko gertatu da patineteak tartean egonik, lesioak eragin dituzten istripuak (270 baino gehiago 44 hiritan 2018ko lehen 11 hilabeteetan), eta Espainiako Fiskaltzak dei egin die tokiko poliziei arreta gehiagoz zaindu ditzaten.

BIZIKIDETZA BERMATZEA DA ERRONKA

2016. urtean, DGTk jarraibide batzuk argitaratu zituen, eta MPI gisa sailkatu zituen patinete elektrikoak. Mugikortasun pertsonalerako ibilgailu horiek “arrisku egoerak sortzen dituzte, gainerako erabiltzaileekin partekatzen baitute hiriko eremua”, onartzen du DGTk. Hori dela eta, dokumentu horrek sailkatu egiten zituen ibilgailuak altueraren arabera eta pertsonak harrapatuz gero haiengan kalteak eragin ditzaketen angeluen arabera: A motako ibilgailuak (monoziklo elektrikoa, hoverboard, oinezko patinetea…), zeinak 20 km/h-ko abiadura har dezaketen gehienez; B motako ibilgailuak (helduen segwaya, mini segwaya, patinete elektrikoa), gehienezko abiadura 30 km/h-koa dutenak; eta C motako MPIak (bidaiaridun bizikleta, trixiea eta atzerantz begira doan bidaiaridun bizikleta), zeinak 45 km/h-ko abiadura irits dezaketen.

“Jarraibide horiek sustatu eta zabaltzea” funtsezkoa da erabiltzaileak “jabetu daitezen nola erabili behar dituzten patinete elektrikoak”, azaldu dute Cinta Romerok eta Julian Sastrek, Mugikortasun Institutuko aholkulariek. “Hiriek bere burua prestatzen badute garraiobide iraunkor horiek modu bidezkoan eta seguruan hartzeko eta beste modu batzuekiko bizikidetza bermatzeko, oso litekeena da patinetea gelditzeko etorri izana”, erantsi dute. “Aztertu egin behar da egiaz on egiten dioten gizarteari eta mugikortasunari. Horrek lagunduko digu erabakiak hartzen”.

Beste batzuk baikorragoak dira, eta argi ikusten dituzte ibilgailu berri horren dohainak. “Segur aski, modelo berriak aterako dira, handitu egingo da segurtasuna…”, adierari du Giuseppe Grezzi-k, Mugikortasun Iraunkorreko zinegotzi denak Valentziako Udalean. Valentziako hiriburuan ordenantza berri bat lantzen ari dira, eta gehienez 20 km/h-ko abiadura ezarriko dute patinete elektrikoa errepidearen maila berean doanerako, eta 15 km/h-koa espaloi gainean doanerako (hiri horretan, oraingoz, uzten dute hor ibiltzen). Oinezkoentzako kaleetan, berriz, ezingo dute gainditu 10 km/h-ko abiadura. “Ez dut onartzen borroka politikoa eta demagogia egin nahi izatea gai honekin. Ulertu behar dugu klima aldaketak eta gure osasunak gomendatzen digutela mugikortasun ohiturak aldatzeko. MPIen agerraldiak sortu duen aukeraren aurrean ez gaitezke defentsiban egon eta trabak jartzen hasi. Probetxua atera behar diogu aukera honi”, azpimarratu du Grezzik.

ADITUAK

ADITUAK: Julian Sastre eta Cinta Romero, hiri garraioaren eta mugikortasun iraunkorraren arloko adituak. Mugikortasun Institutuko aholkulariak: “Hirietako garraio sisteman sartuta izango du etorkizuna patinete elektrikoak”

Patinetearen agerraldia zer da, eztanda egingo duen burbuila bat?

Baliteke, azken urtean oso azkar ugaritu baita zenbait enpresaren eskutik, adibidez Lime eta Xiaomi-ren eskutik. Baina burbuila horrekin, lortu da herritarrak eta turistak joan-etorrietarako modu berri batera hurbiltzea, eta egiaztatzea autoa uzteak zer-nolako onurak dituen.

Norantz jo behar da etorkizunean?

Patinetea hiri garraioaren sisteman sartzera. Eta, horretarako, funtsezkoa da hiriek mugikortasun arloko azterketa eta plan errealistak egitea eta garraiobide guztien bizikidetza arautzea (oinezkoa, bizikleta, patinetea, autobusa, tranbia, ibilgailuak… eta ibilgailu autonomoak). Eta, jakina, aurrera egiten jarraitzea hirietan hainbeste auto onartuko ez duen eredu baterantz, kalitatezko eremu publikoa berreskura dezaten.

Ba al dute eragozpenik?

Alderdi eztabaidagarriak dira egonkortasun gutxiago dutela eta fisikoki zaurgarriagoak direla (bizikletaren aldean) eta segurtasun gutxiko ibilgailu gisa ikusten direla zirkulazioarekin nahasita doazenean, eta horrek beldurra ematen dio jendeari. Eta hor dago eremu publiko mugatuaren gainokupazioaren gaia ere, bere garaian ikusi zen bezala giltzarraporik gabeko asiar bizikletak alokairuan eskaintzen hasi zirenean Madrilen edo motozikletekin gertatu zen bezala. Kaleak, espaloiak ez daitezke bihurtu patineteen hilerriak, gainerako pertsonen zirkulazioa oztopatzeraino.

Europako beste herrialdeetan ere ikusten al da gorakada hori?

Londresen, Parisen edo Berlinen, adibidez, izugarria da hazkundea. Parisen, hain zuzen, udal ordenantza batekin arautu dute horien erabilera, eta alderdi askotan Madrilgoaren eta Bartzelonakoaren antza dauka, gainera. Suitzak, bestalde, Estatu mailako lege bat dauka mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak arautzeko, eta kasu batzuetan, gidatzeko baimena behar izaten da.

Ikusten al diozue irtenbiderik hiri handietako mugikortasunari?

Arazoari osotasunean heldu behar zaio (Hiri Mugikortasunerako Plan Iraunkorretan oinarrituta, HMPI), eta zenbait zutabe hartu behar dira kontuan. Irauli egin behar da diseinuko piramidea: lehen, autoa non jarri pentsatzen zen lehenbizi; orain, pentsa dezagun nola sortu hiria eta nola sustatu motorrik gabeko mugikortasuna. Eta gero pentsatuko dugu zer egin ibilgailuekin. Hiria garatu behar da, mugikortasunean dauden beharrizanak eta dituen eraginak kontuan hartuta. Lurraldearen eta garraioaren osotasuneko ikuspegi horri gehitu behar zaio moduei buruzko osotasuneko ikuspegia: garraiobide edo garraio modu guztiek daukate beren lekua eta iraunkortasunaren ikuspuntutik begiratu behar zaie.

DGTk PATINETEENTZAT ETA HAREN SENIDEENTZAT EGINDAKO SAILKAPENA
  • Gehienezko abiadura: A: 20 km/h / B: 30 km/h
  • Masa: A: d 25 kg / B: d 50 kg
  • Gehienezko tokia (pertsonak): A: 1 / B: 1
  • Gehienezko zabalera: A: 0,6 m / B: 0,8 m
  • Gehienezko biratze erradioa: A: 1 m / B: 2 m
  • Aurrealdeko gainazalaren arriskua*: A: 1 / B: 3
  • Gehienezko altuera: A: 2,1 m / B: 2,1 m
  • Gehienezko luzera: A: 1 m / B: 1,9 m
  • Txirrina: A: EZ / B: BAI
  • Galgatzea: A: EZ / B: BAI

DGTk 4 arrisku maila ezartzen ditu A eta B motako ibilgailuentzat:

  1. Aurrealdearen altuera 0,5 m-tik beherakoa, angelu arriskutsurik gabe
  2. Aurrealdearen altuera 0,5 m-tik gorakoa, angelu arriskutsurik gabe
  3. Aurrealdearen altuera 0,5 m-tik beherakoa, angelu arriskutsuekin
  4. Aurrealdearen altuera 0,5 m-tik gorakoa, angelu arriskutsuekin

6 argibide patinetera igo aurretik

  1. Asegurua behar al dut patinete elektrikoan ibiltzeko? Patinetea zurea bada, ez da asegurua kontratatu beharrik. Nolanahi ere, etxeko aseguruaren polizak agian izango du erantzukizun zibileko estalduraren bat bizikletentzat eta patineteentzat. Ohiko samarra izaten da (nahiz eta ez dagoen orokortua). Patinetea alokatua denean, asegurua nahitaezkoa da, eta egiaztatu egin behar dugu alokatzeko kontratuak baduela erantzukizun zibileko aseguru bat eta istripu aseguru pertsonal bat ere bai gidariarentzat.
  2. Nahitaez erabili behar al da kaskoa? Ez beti. Estatu osoan nahitaezkoa da 16 urteak bete arte eta patinetea norberarena denean. Adin horretatik aurrera, gomendatu egiten dute. Kaskoa nahitaez erabili behar dute, halaber, neurri handiko patinete elektrikoen erabiltzaileek (B motako ibilgailuak dira), eta patinete elektriko alokatuen eta turistikoen erabiltzaileek. Oraingoz, DGTk ez du jakinarazi arau hori sartuko ote duen edo ez etorkizuneko araudian, baina adituek diote nahitaezkoa izan behar lukeela, batez ere erabiltzailea oso zaurgarria izaten delako patinetean doanean. Hori bereziki garrantzitsua da patineteak errepidea partekatu behar duenean gainerako garraiobideekin (hiri handietan horixe gertatzen da). Errepidean gorabehera asko izaten da, zuloak, kolpeak, bat-batean balaztatzea… eta patinetea oso ahula da halakoetan.
  3. Adingabeek gidatu al dezakete? Ikusi egin behar udal ordenantzak zer dioen. Madrilen, 15 urte behar dira, gutxienez. Bartzelonan 16koa da muga, eta adin horretatik beherakoek erabiltzeko aukera izango dute zirkulazioari itxita dauden guneetan, betiere gurasoen eta tutoreen ardurapean. Eta Iruñean, 14 urtekoa da legeak ezartzen duen gutxieneko adina. Patinete elektrikoa mugikortasun pertsonalerako ibilgailu bat da, eta, hortaz, pertsona bakarrak joan behar du. Bi lagun baino gehiago joatea arriskutsua da, eta alokairuan eskaintzen dituzten enpresa batzuek zehaztu egiten dute galarazia dagoela bidaiariak eramatea.
  4. Ibil al daiteke espaloitik? Estatu mailako legea onartu arte -uda honetarako egongo omen da prest -, ia udal guztiek galarazi egiten dute patinete elektrikoak espaloietan eta oinezkoentzako eremuetan ibiltzea. Hau da, motorrik gabekoak bakarrik igo daitezke espaloira (5 km/h-ko abiadura gainditzen ez dutenak). Oinezkoak babestea da helburua eta haien segurtasuna bermatzea. Mugikortasun pertsonalerako gainerako ibilgailuek errepidean bakarrik ibili behar dute. Bizikletentzako bidegorrietan ere joan daitezke, baina sekula ez autobusarentzat bereizita dagoen erreian, ezta ziklo erreiak esaten zaienetan ere (errepide batean egoten dira, eta bizikletak eta beste ibilgailu batzuk ibil daitezke, 30 km/ h-ko abiaduran gehienez). Horrekin batean, txirrina eduki beharko dute, balaztatze sistema, argiak eta elementu islatzaile homologatuak. Bidetik joateko aukerarik ez dagoenean, erabiltzaileak espaloitik joan behar du, oinez.
  5. Zenbateko abiaduran ibil naiteke? DGTk 2016. urtean zabaldu zuen dokumentuan, non MPI gisa sailkatzen dituen patinete elektrikoak, adierazten du A motakoak 20 km/h-ko abiaduran ibil daitezkeela gehienez (B motakoetan, 30 km/h-koa da muga). Nolanahi ere, seinaleei begiratu behar zaie beti.
  6. Seigarren zalantza ez da zalantza bat: ohar bat baizik. Ziklomotorra, autoa, kamioia edo bizikleta gidatzeko orduan edanda joaten ez zaren bezala, patinete elektriko bat ere ez duzu gidatu behar edanda bazaude edo drogen eraginpean. Laster onartuko duten legeak esaten du kontrolak egingo zaizkiela gidariei substantzia horiek antzemateko, eta galarazi egongo dela entzungailuak eta gailu elektronikoak erabiltzea.