ZIZKA-MIZKAK: MOKADUTXO GISA HARTZEKO BAINO EZ

OTORDU ARTEAN GOSEA ARINTZEKO ERABILTZEN DIRA, BAINA ZIZKA-MIZKA GUZTIAK EZ DIRA BERDINAK. KOMENI DA JAKITEA NOLAKO EZAUGARRIAK DITUZTEN ETA HORREN ARABERA AUKERARIK ONENA HAUTATZEA, BEREZIKI OSAGAIEI DAGOKIENEZ ETA EMATEN DUTEN KALORIA ETA GATZ KOPURUARI DAGOKIONEZ
1 maiatza de 2019

ZIZKA-MIZKAK: MOKADUTXO GISA HARTZEKO BAINO EZ

/imgs/20190501/GettyImages-1032254920.jpg

Kontsumo ohiturei buruzko ikerketek diotenez, herritarrek gero eta ohitura gehiago dute otordu artean zerbait jateko. Jokabide horrek gizendu egiten duela esaten da eta ez dela ona osasunerako, baina, egiaz, jaten dugun elikagaiak nutrizioaren ikuspegitik daukan profilaren araberakoa da hori, hau da, elikagaia bera osasungarria den edo ez. Une horietarako aukeratzen ditugun mokaduen artean, batez ere zizka-mizkak egoten dira, gida honetan aztertu ditugunak bezalakoak, eta horrek azaltzen du azken urteetan zergatik igo diren hainbeste salmentak (bereziki deigarria da nacho esaten zaienen kasua, boladan jarri baitira saltsak eta beste prestaera batzuk laguntzeko: humusa, guakamolea…).

Baina produktu osasungarriak al dira? Galdera horri erantzuteko, dietaren arloko gidetan begiratu dezakegu. Espainiako Estatuan, elikagaien piramidea da ezagunena, zalantzarik gabe, Eroskirena adibidez, zeinak goiko muturrean kokatzen baititu, oso noizbehinka jan behar diren elikagaien multzoan alegia. Babes zientifiko handiagoa duten beste eredu batzuk aztertzen baditugu -adibidez, Modu osasungarrian jateko platera, Harvardeko Unibertsitateko Osasun Publikoko Eskolarena, edo Australiako Nutrizio Fundazioaren piramidea -, ikusiko dugu aperitibo horiek agertu ere ez direla egiten, eta hortik ondorioztatu dezakegu hobe dela ez jatea.

Hori argi edukita, kontuan hartu behar da beste gauza bat ere: zizka-mizka guztiak ez direla berdinak. Alde handiak daude horien artean, eta ongi aukeratzeko, komeni da alde horiek zein diren jakitea.

OSAGAI NAGUSIAK.

Kokatzen hasteko: esan liteke aperitibo horien osagai nagusia irin erako elementu bat izaten dela (patata izan daiteke, artoa edo beste zerealen bat), eta horri olioa eta gatza eransten zaizkiola. Formulazio erraz hori izaten dute, adibidez, Doritos Dippas, Nachos Veritas eta Chips EROSKI Sannia izenekoek. Oinarrizko formula horri beste osagai batzuk eranstea izaten da ohikoena, adibidez azukreak, lurrinak, koloragarriak eta bestelako gehigarri batzuk (halaxe gertatzen da guk aztertu ditugun produktuekin).

Aperitibo horiek zerekin eginak dauden jakiteko, etiketan bi alderdiri begiratu behar diegu. Lehenbizikoa produktuaren izena da, zeinak azalpen labur bat ematen duen; ontziaren atzeko aldean agertzen da gehienean, kontuan hartu behar den beste alderdiaren aurretik: osagaien zerrenda da beste alderdi hori. Errezeta nolako lehengaiekin egin den adierazten digu, eta bakoitza zenbateko kopuruetan daukan ere esaten du, bai gutxi gorabehera adierazita (gehien duenetik gutxien duenera agertzen dira), edo bai zehatz esanda ere (ontzian osagairen bat nabarmentzen bada moduren batean edo bestean, esan egin behar da zer kopurutan daukan).

Hortik ondoriozta dezakegu, adibidez, aztertu ditugun zizka-mizkarik gehienetan, osagai nagusia %60 eta %85 arteko proportzioan ageri dela; halaxe gertatzen da, adibidez, Cheetos Pandilla eta Cheetos Gustosines aperitiboekin, hurrenez hurren. Osagai nagusia nolako den (artoa, patata, garia, arroza, ilarra…) eta zenbateko proportzioan daukan, horren araberakoa izango da produktuaren itxura eta testura, eta baita zaporea eta nutrizio arloko ezaugarriak ere. Osoko zerealen irina kopuru aipagarrietan edukiko balu, produktu horrek zuntz kantitate adierazgarria izango luke. Horixe gertatzen da, adibidez, Sunbites Multicereales direlakoekin, non zuntza %6,6 den.

BETI EZ DA TOMATEA EDO GAZTA

Kasu batzuetan oso tentuz ibili behar dugu, batzuetan ontzian ageri diren irudi edo hitzek pentsaraz dezaketelako osagai bat nagusi dela (adibidez, “tomatea” edo “gazta” jartzen duenean), baina, egiaz, oso kopuru txikietan izaten du. Hori gertatzen da, adibidez, bi hauekin: Snatt’s Natuchips tomatea, gazta eta oreganoa eta Snatt’s Guisante snacs gazta eta aneta. Produktuaren izenari begiratzen badiogu, ikusiko dugu “zapore jakineko…” zizka-mizkak direla, eta osagaien zerrenda aztertzen badugu, ohartuko gara tomatea %0,8 dutela eta gazta %0,3. Hau da, zaporea edo lurrina emateko bakarrik erabiltzen dituzte.

ANALISIA

/imgs/20190501/GettyImages-988287166.jpg

Gida hau egiteko, 29 eratako aperitiboak aztertu ditugu, markarik ezagunenetakoak: Sunbites Multicereales itsas gatz ukituarekin, Doritos TexMex, Doritos Dippas Original, Lay’s 3D’s Bugles, Fritos BBQ, Cheetos Pelotazos, Cheetos Gustosines, Cheetos Pandilla, Lay’s Poppables itsas gatza eta Lay’s labean, Pepsico etxearenak: Snatt’s Guisante gazta eta aneta, Glublins Barbacoa eta Papadelta Original, Grefusa etxearenak: Mios! Chips artoa eta tipula, Triskys original, Risketos original eta Palomitinas, Risi etxearenak; Palomitinas gurin zaporekoak, Guspitos, Pajitos patatarekin eginak eta Fantasinis, EROSKIrenak; Tejas eta Chips light, EROSKI Sanniarenak: Nachos natural, Veritas etxearena; Jumpers gurin zaporekoak, SYC Diversificación etxearena; Pringles original, Pringlesena; Chaskis, Facundorena, eta Superaspitos, Aspil etxearena.

Olio guztiak ez dira berdinak.

/imgs/20190501/GettyImages-758530043.jpg

Pertsona askok oraindik ere uste du gantza kaltegarria dela, baina gure organismoak beharrezkoa du normaltasunez funtzionatzeko. Hortaz, gantzari ihes egin beharrean, aztertu egin behar genuke zer-nolako gantz mota den eta zenbateko kopuruan daukan elikagaiak. Nutrizioaren ikuspegitik, gantz guztiak ez dira berdinak, eta bakoitzak osasunean daukan eragina aldatu egiten da horiek dituzten ezaugarri kimikoen arabera (adibidez, gantz azido gehienen luzeraren eta saturazio mailaren arabera).

Aperitibo hauetan, honako olio hauek erabili dituzte zizka-mizkak egiteko garaian: arto olioa (Lay’s 3D’s Bugles, Cheetos Pelotazos, Cheetos Gustosines, Cheetos Pandilla eta Lay’s Poppables, guztiak Pepsico etxearenak), eta ekilore olioa (normala edo oleiko ugarikoa), Mios!, Risketos eta Triskys izenekoetan, Risi etxearenak, Snatt’s Natuchips direlakoetan, Grefusarenak, eta Tejas izenekoetan, EROSKI Sanniarenak.

Ez daiteke esan olio horiek osasungaitzak direnik, eta, beraz, alderdi horrek, behintzat, ez gintuzke kezkatu behar. Izenak dioen moduan, oleiko ugariko ekilore olioak Etiketan “ekilore olioa” edo “oleiko ugariko olioa” (“alto oleico”) irakurtzen badugu, ez dago zertan kezkatu: ez dira osasungaitzak. proportzio handietan izaten du azido oleikoa, %80 inguru (gantz azido monosaturatugabea da). Gainera, antzeko beste olio batzuen aldean, proportzio txikian izaten ditu gantz azido polisaturatuak, eta, ondorioz, egonkorragoa da berotzen denean, eta konposatu baztergarri gutxiago sortzen dira (potentzialki arriskutsuak direnak edo zapore arrotz eta zaharminduak ematen dituztenak).

Abantaila horiek izaki, marka batzuek berariaz nabarmentzen dute olio horiek erabili dituztela, adibidez Tejas EROSKI Sanniaren ontzian edo Mios! aperitiboen ontzian, bi adibide jartzeagatik. Gantzaren inguruan kontuan hartu beharreko beste alderdi bat kantitatea da: zenbat olio daukaten zizka-mizkek. Izan ere, mantenugai horrek ematen du kaloria gehien (9 kcal gramo bakoitzeko), eta, hortaz, pisu nabarmena du elikagaiek ematen dute energia kopuruan. Guk aztertu ditugun aperitiboetan, hain zuzen, harreman zuzena dago gantz kantitatearen eta energia ekarpenaren artean. Beste modu batean esateko: mantenugai hori proportzio handienetan daukaten aperitiboek ematen dute kaloria gehien.

Taldeka, arto frijituz egindako zizka-mizkek daukate gantz eta kaloria gehien, nerabeei eta helduei zuzentzen zaizkien horiek. Produktuak banaka hartuta, honako hauek nabarmentzen dira: Risketos (gantza %35,5, eta 556 kcal 100 gramo bakoitzeko), Fritos (gantza %30 eta 526 kcal 100 gramo bakoitzeko) eta Jumpers (gantza %28 eta 545 kcal 100 g bakoitzeko). Beste muturrean, berriz, hauek ageri dira: Lay’s labean (gantza %13,2 eta 439 kcal/100 g) eta Guspitos EROSKI (gantza %9,9 eta 417 kcal/100 g).

Azpimarratzekoa da elikadurak osasunean duen eragina ez daitekeela neurtu kalorien batuketak eta kenketak eginez bakarrik, beste hainbat alderdik ere badute-eta eragina, adibidez zein elikagaitatik datozen. Baina, dena den, ez da ahaztu behar energia gehiegi hartuz gero (bakoitzak behar duen baino gehiago) handitu egin daitekeela gehiegizko pisua eta gizentasuna izateko arriskua.

NOLA EGITEN DITUZTE?

Labean erretako zizka-mizkak egiteko (haurren zizka-mizken multzoan sartu ditugunak bezalakoak), estrusio makina batean sartzen dituzte osagaiak (adibidez, arto semola) eta presio eta tenperatura handiak ematen dizkiete. Produktua kanpora ateratzen denean, bat-batean aldatu egiten zaizkio baldintza horiek, eta harrotu egiten da, eta aldi berean molde batetik pasarazten dute, nahi den forma har dezan. Gero labean sartzen dituzte hezetasuna kendu eta testura kurruskatsua emateko, eta, azkenik, olioa eta nahi den lurrina ematen diete gainetik.

Zizka-mizka frijituak (nerabeei eta helduei zuzentzen zaizkienak) ore fin batetik abiatuta egiten dira, zainak osagai bat baino gehiago izaten dituen nahasian (adibidez, arto semola, patata malutak…). Ore hori ere estrusio makina batean sartzen dute, ez dadin harrotu. Ateratzen denean, nahi den forma eman eta lehortu egiten dute. Ondoren frijitu egiten dute eta, azkenik, gatza ematen diote eta lurrinak ere bai, nahi izanez gero. Nachoak egiteko, arto ale egosiak eho ondoren lortzen den ore bat erabiltzen da. Xafla baten gisa zabaltzen dute eta zatietan mozten, nahi den forma emateko. Ondoren, zati horiek labe batean sartzen dituzte, suak zuzenean ematen diela, hezetasuna gal dezaten, eta, azkenik, frijitu egiten dituzte eta gatza ematen.

HOBE ERRAZIO BAT... ETA EZ POLTSA OSOA*

Kaloria gehien dutenak (kcal/30 g)

  • Riskettos Risi: 167
  • Jumpers: 164
  • Gublins Barbacoa Grefusa: 160

Kaloria gutxien dutenak (kcal/30 g)

  • Eroski Guspitos: 125
  • Lay’s labean: 132
  • Snatt’s Natuchips tomatea, gazta…: 137

* Kaloriak 30 g-ko errazio bakoitzeko. Poltsa bat oso-osorik janez gero -ohikoa izaten da sofan eseriz gero -, gutxi axola du zizka-mizkek kaloria gutxixeago edukitzea. Komeni baino dezente kaloria gehiago hartuko dugu.

Gatza eta beste osagai batzuk

Elikagai batek gatz asko duela esaten da %1,15etik gora daukanean; hau da, 100 gramo bakoitzeko 1,15 gramo gatz duenean. Analisi honetan aztertu ditugun aperitiboek, batez beste, %1,6 daukate, hain zuzen gehienek gainditu egiten dutelako %1,15eko hori (ikus sailkapena). Zizka-mizka askoren formulazioan ohikoa da azukrea ere aurkitzea, batez ere sakarosa (ohiko azukrea da) edo dextrosa (glukosa); zaporea hobetzeko erabiltzen dira (leundu egiten dute edo ukitu gozoa ematen diote), eta baita testura edo kolorea hobetzeko ere.

Aztertu ditugun zizka-mizken artean, honako hauek daukate azukre gehien: Sunbites Multicereales (%7,3) eta Cheetos Pelotazos (%6,3); lehenbizikoak 6,9 gramo dauzka eta bigarrenak 8,2 gramo (koilarakadatxo bat eta erdi, hortxe-hortxe). Zifra horrek azukreen guztizkoa adierazten du, hau da, lehengaiek berez daukatena eta ekoizleek erantsi dutena. Azken horiei jarri behar genieke arreta, horiek egiten dute-eta kalterik handiena osasunean, baina ez dago bereizteko modurik, legediak ez baitu behartzen etiketan zehaztera. Nolanahi ere, kopuru txikiei buruz ari gara, eta ez genuke kezkatu behar; horrek ez du esan nahi, hala ere, ez dugunik erne jarraitu behar eta utzi egin behar diogunik etiketa aztertzeari..

ZER GERTATZEN DA GEHIGARRIEKIN.

Azken urteetan nabarmen handitu da azukrearen inguruko kezka, eta gehigarriekin ere berdintsu gertatu da. Substantzia horiek ezinegona eragiten dute hainbat jenderengan, eta denak ere seguruak diren arren dosi baimenduetan, elikadura arloko enpresa asko ahaleginean ari dira kezka horiei erantzuteko eta gehigarriak erabiltzeari uzteko, edo irudi hobea duten beste batzuk erabiltzeko. Era berean, ontzietan mezu bidez nabarmentzen dute ez dutela erabili koloragarri eta kontserbagarri artifizialik.

Honako hauek, adibidez: Grefusa etxekoChaskis, Fritos eta snacks zizka-mizkek. Oraindik ere produktu askotan erabiltzen dira gehigarriak helburu teknologiko jakinetarako (adibidez, monosodio glutamatoa zaporea indartzeko Risketosetan, edo gantz azidoen mono- eta diglizeridoak Triskysetan), baina gero eta ohikoagoa da bestelako substantzia batzuk erabiltzea, adibidez piperrautsa edo kurkuma, kolorea emateko; oreganoa eta aneta lurrina eta zaporea emateko, eta abar..

ERRAZIOAREN NEURRIAK BADU GARRANTZIA

Zizka-mizka zorro bat irekitzen duzunean, oso-osorik jaten duzu hasi eta buka edo zati bat baino ez? Egia da zorro batzuk lagun batek baino gehiagok jateko izaten direla, ireki eta taldean partekatzeko (200 gramo ingurukoak izaten dira), eta beste batzuk norbanakoak jateko izaten dira eta gramo gutxiagokoak. Osorik jaten denean, energia ekarpena 268 kcl-ekoa izan daiteke Palomitinas EROSKI poltsa batekin (55 g) edo 1.000 kcletarainokoa Doritos Dippas zorro batekin edo Pringles poltsa batekin (200 g); energiari dagokionez, bi platerkada espageti jatearen parekoa litzateke (bolognar eran), eta pertsona heldu batek egunaren buruan hartu behar lukeenaren erdia. Berdintsu gertatzen da gatzarekin.

Produktu batzuek 0,8 gramo daukate poltsa bakoitzeko, adibidez Palomitinas EROSKI izenekoek, eta beste muturrean, Triskys direlakoak 3,2 gramotara iristen dira, oliba antxoadunen lata batek daukan adina beraz; zorro bat oso-osorik janda, erraz gaindituko genuke egunean gehienez hartu beharreko gatz kopurua (5 gramokoa da). Azken batean, produktu horiek oso noizbehinka jatea komeni da eta kopuru txikietan. Erraziotzat hartzen den kantitatera mugatuko bagina (30 g inguru), energia ekarpena 150 kcl-ekoa izango da gutxi gorabehera (330 ml-ko garagardo lata batek ematen duena) eta gatz kopurua, berriz, 0,2 eta 1 gramo artean ibiliko litzateke.

Superaspitos direlakoek aipamen berezia merezi dute, zeren 48 gramoko kutxetan saltzen baitituzte, eta banakako zorroak izaten ditu barrenean, 6 gramokoa bakoitza. Horietan oso kantitate txikiak jaten dira, eta, hortaz, oso energia, gantz eta gatz gutxi eransten zaio dietari. Arazoa da produktu hori adin txikieneko haurrei zuzentzen zaiela, eta elikagai osasungarriak bazterrean uzteko arriskua izaten da.

SEI BAINO EZ GATZ GEHIEGIRIK GABEAK*

Gatza %1,15 baino gutxiago

  • Superaspitos, Aspil etxekoak: 0,6%
  • Chips Light, EROSKI Sanniarenak: 0,6%
  • Doritos Dippas Original: 0,7%
  • Sunbites Multicereales gatz ukituarekin: 0,9%
  • Doritos TexMex: 1%
  • Nachos Veritas: 1,1%

Gatza %1,15 baino gehiago

  • Gainerako guztiak

Gatza %1,15 baino askoz gehiago

  • Snatt’s Natuchips tomatea: 3,3%
  • Triskys, Risi etxekoak: 2,8%
  • Pajitos, EROSKIrenak: 2,8%
  • Papadelta, Grefusarena: 2,5%

* Batez bestekoa %1,6koa da analisi honetan. Elikagai batek gatz asko dauka %1,15etik gora duenean; hau da, 100 gramo bakoitzeko 1,15 gramo gatz duenean.

Kontuz amu erako mezuekin.

/imgs/20190501/E95X2X.jpg

Aztertu ditugun produktu askok mezu eta amu erakargarriak izaten dituzte ontzietan. Nutrizio arloko aipuak izaten dira ohikoenetakoak, hau da, mantenugai jakin baten inguruko mezuak, osagaien artean daramalako edo ez daramalako. Nabarmendu egiten da, adibidez, zuntzez hornituta daudela Grefusa eta EROSKI etxeko produkturik gehienetan, gantza murriztu zaiela, esaterako Sunbites Multicereales eta Snatt’s Natuchips direlakoetan, edo gatz gutxiago daramatela EROSKI Sannia etxeko Tejas eta Chips aperitiboetan.

Mezu mota hori baliagarria izan daiteke aukeratzen laguntzeko, baina zuhur jokatu behar dugu horietan ageri diren zifrak interpretatzeko orduan, zeren, batzuetan, balio erlatiboak ematen baitituzte, eta bestelako produktu batzuekin alderatuz kalkulatzen dituzte (adibidez, “beste zizka-mizka batzuek baino %25 gatz gutxiago” dutela esaten da). Hau da, etiketari begiratzea komeni da balio absolutuak zein diren jakiteko eta asko edo gutxi den ondorioztatzeko, eta, batez ere, produktuaren osaeraren inguruko ideia global bat edukitzeko.

Zizka-mizka batzuetan ageri diren mezuek ulertarazten dute “denetarik” jan behar dela bizimodu osasungarria egiteko; halaxe egiten dute Risi etxeko Palomitas eta Pepsico etxeko Fritos izenekoek. Baina horrako aipu hori inolako oinarririk gabeko dogma da, eta ondorio kaltegarriak ere ekar ditzake, adibidez elikagai osasungaitzak behar baino maizago jatea eta, azken batean, komeni ez den moduko dieta egitea. Mezuren bat ematekotan, beraz, zera adierazi behar litzateke: dietak elikagai osasungarrietan oinarritua egon behar lukeela.

Beste zenbaitetan, berriz, haurrentzako marrazki bizidunetako pertsonaien irudiak ageri dira ontzietan (adibidez, Cheetos Pandillan) edo opariak ere bai (esaterako, Superaspitosen); horiek amu gisa erabiltzen dituzte haurrak erakartzeko, nahiz eta hain zuzen haurrek murriztu behar luketen gehien produktu mota hori. Horregatik, herrialde batzuetan neurriak hartu dituzte jardunbide horiek arautzeko, adibidez Txilen: hango legediak galarazi egiten du osagai batzuk kopuru handietan dituzten elikagaien publizitatea egitea (kaloriak, gantzak, azukreak, gatza…), baldin eta aurkezpen grafikoa, sinboloak eta pertsonaiak erabiltzen badituzte 14 urtetik beherakoengana iristeko. Espainiako Estatuan, 2005. urteaz geroztik ari dira egiten publizitate mota hori arautzeko saioak PAOS kodearen bidez (elikadura arloko industriak sustatu zuen neurri hori).

NUTRIZIO ARLOKO INFORMAZIOA.

Esan dugu produktuaren izenari eta osagaien zerrendari begiratu behar zaiola zizka-mizka batek zer daukan jakiteko, baina elkarrengandik desberdinak direnak alderatu nahi ditugunean, bereziki lagungarria izaten da nutrizio arloko informazioa, zeinak adierazten baitu produktuak zenbat energia eta mantenugai ematen duen 100 gramo bakoitzeko. Ia produktu guztiek dakarte nutrizio arloko informazioa (borondatezko datua da); errazio bati dagokiona adierazten dute, eta energia eta mantenugai kopurua zehazterakoan, eguneko kopuru gomendatua hartzen dute kontuan. Ildo horretan, kontuan hartu behar da legeak ez duela finkatzen errazioaren neurria.

Ekoizle bakoitzak aukeratzen du hori, eta beti ez datoz bat elkarren artean; ondorioz, horrek zaildu egiten du alderaketak egitea. Sektore horretan, 30 gramoko neurria erabiltzen da errazioa finkatzeko. Kantitatea txikiagoa denean, zorroaren neurriarekin bat datorrelako izaten da. Aztertu ditugun produktuetan, 30 gramokoa izan da erraziorik ohikoena, baina badira salbuespenak ere: Superaspitos (6 g), Tejas EROSKI Sannia (23 g) edo EROSKIren produktu asko (25 g). Gida honetako zizka-mizka gehienek beren borondatez ematen dute nutrizio arloko informazioa ontziaren aurreko aldean (batzuek mantenugai guztiena eta besteek energiarena bakarrik). Bereziki nabarmentzen dira EROSKIrenak, zeinak kolore kode bat erabiltzen duten datuak errazago interpretatzeko (nutrizio arloko semaforoa da)

ONDORIOAK

Aztertu ditugun zizka-mizkek energia dentsitate handia daukate. Horrek esan nahi du produktu kopuru txiki batek kaloria asko ematen duela, batez ere ugari izaten dutelako gantza eta karbohidratoak. Gisa horretako produktu gehienek, gainera, gatza ere gehiegi izaten dute (1,15 gramo baino gehiago 100 gramo bakoitzeko), eta bestelako substantzia batzuk ere badituzte, adibidez zapore emaileak edo lurrinak, zeinak zapore biziak ematen dituzten; hortaz, halakoak maiz samar janez gero, urrundu egin gaitezke dieta osasungarritik, bereziki haurrak.

Zizka-mizkak multzotan sailkatu ditugu, eta multzo batekoak eta bestekoak alderatuta, ikusten da osagai berriekin eginda daudenek daukatela gantz gutxien eta zuntz gehien, nahiz eta azukre gehien eta horiek daukaten; gantz gehien, berriz, artoz eginda eta nerabeentzat eta helduentzat diren zizka-mizken multzoak dauka, energia gehien ere horrek ematen du eta zuntz gutxien ere horrexek dauka. Hau da, azken horiek izango lirateke, oro har, aukerarik txarrenak, nahiz eta multzo guztietan dauden salbuespenak. Horrexegatik da hobea banaka-banaka aztertzea.

Eta hori eginda, honako hauek dira aukerarik onenak: Doritos Dippas eta Chips Light EROSKI Sannia. Biak ere oinarrizko osagaiekin eginak daude, 500 kcal baino gutxiago ematen dituzte 100 gramo bakoitzeko, gatza %1,15 baino gutxiago daukate eta prezioa batez bestekoaren azpitik dabil. Nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar produktu mota hori oso pobrea dela nutrizioaren ikuspegitik, ez baitute intereseko mantenugairik, adibidez bitaminak, mineralak, eta abar; eta horri gehitzen badizkiogu lehen aipatu ditugun alderdiak (energia dentsitate handia eta gatz gehiegi), argi dago noizbehinka jateko utzi behar ditugula eta neurrian jan beti, eta hor sartzen dira itxura osasungarriena dutenak ere, adibidez osagai berriekin eginak daudenak, esaterako tomatearekin, espeziekin edo zereal anitzekin.

Irizpide onarekin aukeratzeko

Erosketa Gida hau egiteko, bost multzotan bildu ditugu 29 aperitibo hauek, eta hainbat ezaugarri erabili ditugu multzokatzeko: osagai nagusiak zein diren, zein hartzaileri zuzentzen zaizkion, nola eginak dauden… Horrela, alde batetik, artoz egindako aperitiboak daude, hiru multzotan banatuak: nachoak, aperitibo frijituak (gogorrak izaki, batez ere nerabeei eta helduei zuzenduak daude) eta labean erretako aperitiboak (nagusiki haurrei zuzenduak).

Bestetik, patataz egindako aperitiboak daude, eta, azkenik, osagai berriekin eginda daudenak, adibidez orain gutxi arte produktu horietan erabiltzen ez ziren lehengaiekin: zereal jakin batzuk (garia, oloa, arroza) edo lekaleak (ilarra edo soja). Zizka-mizka horiek aztertzeko garaian, ezaugarri bat baino gehiago hartu dugu kontuan, adibidez zer-nolako osagaiak erabili diren, nolako profila duten nutrizioaren ikuspegitik, zer prezio duten edo nolako informazioa ematen duten etiketan.