ZURE AHALEGINAK ARGALDUKO ZAITU, EZ EZTITZAILEAK

AZUKREAREN ORDEZKOA ERABILTZEA ESTRATEGIA ONA AL DA PISUA GALTZEKO? IZATEN AL DUTE ONDORIORIK EPE LUZERA? ADITUAK AZTERTZEN ARI DIRA GEHIGARRI HORIEK ETXEAN ERABILTZEAK ETA HAINBAT ELIKAGAIRI ERANSTEAK, HASI OGITIK ETA JOGURTETARAINO, KALTE EGIN OTE DIEZAIOKEEN HESTEETAKO FLORARI ETA GLUKOSAREKIKO INTOLERANTZIA ERAGIN OTE DEZAKEEN; HORI DA, HAIN ZUZEN, GIZENTASUNA ETA DIABETESA AGERTU AURREKO PAUSOA. DOSIAN DAGO ERANTZUNA.
1 maiatza de 2019

ZURE AHALEGINAK ARGALDUKO ZAITU, EZ EZTITZAILEAK

Substantzia guztiak dira pozoitsuak, ez dago hala ez den bakar bat ere. Dosiak bereizten ditu pozoia eta erremedioa”. Halaxe esan zuen Parazeltsok orain dela hainbat mende, eta aipu hori aski egokia dela dirudi egungo eztitzaileentzat. Ohikoena izaten da pisua galtzeko erabiltzea, baina azken urteetan zalantzak sortu dira horien inguruan, eta ez dago argi eraginkorrak ote diren; are gehiago, hesteetako flora alda dezaketela aipatzen da.

Osasunean izan ditzaketen ondorio horien inguruko eztabaida mahai gainean dela, ikertzaileek bi erantzun eman dituzte. Lehenbizikoak esaten du dosiaren araberakoak izaten direla ondorio horietako asko, eta bigarrenak, berriz, ustezko ondorio horietako batzuen inguruan ez dagoela ebidentzia zientifikorik eta, hortaz, jarraitu egin behar dela ikertzen. Azken erantzun horrek, dena den, ezinegona eragiten du sarri askotan. Izan ere, erantzun argiak bilatzen ditugu, “bai” edo “ez” entzun nahi dugu.

OGIAN ETA GEHIEN MAITE DUZUN FRESKAGARRIAN

Ikertzaileek ez badezakete datu erabatekorik eman, kontsumitzaileek nola jakin dezakete ez direla ari hartzen eragin toxiko bat ekar dezakeen produktuak? “Eztitzaile ez-elikagarriak seguruak eta ongi toleratzeko modukoak dira”, ziurtatu du Angel Gil-ek, zeina Biokimikako eta Biologia Molekularreko katedraduna den Granadako Unibertsitatean. Azukrearen ordez erabiltzen ditugu eztitzaile horiek, baina etxeko erabilera da gutxienekoa; elikagaien industriak, izan ere, modu masiboan darabiltza.

Uste baino leku handiagoa hartzen dute erosketa saskian: oinarrizko elikagaiak egiteko erabiltzen dituzte, adibidez ogia, eta prozesatuta dauden hainbat eta hainbat produktutan ere badaude, adibidez freskagarri eta marmeladetan, saltsetan, plater prestatuetan, opiletan…

ZENBAT HAR DEZAKET?

Erabiltzeko baimena eman aurretik, osasun arloko agintariek neurtu egiten dute horien toxikotasuna, eta gehien-gehienetan, eztitzaile bakoitzari gehienezko kantitate bat ezartzen diote (Eguneko Kopuru Onar garria esaten zaio, EKO). Sakarinarentzat, adibidez, 15 miligramokoa da egun eta kilo bakoitzeko. Hortaz, 70 kiloko pisua duen pertsona batek 350 miligramorainoko kopurua har dezake egun bakoitzeko, eta toxikotasunaren maila gainditzeko, 40 pastilla baino gehiago hartu behar lituzke egun bakarrean.

Arazoa hauxe da, nutrizionisten esanetan: oraingoz ez dakigula eztitzaileen kontsumo modua eta azukrearena antzekoak ote diren; hau da, azukrea bezala, eztitzaileak ere komeni baino gehiago hartzen ote ditugun. Gehigarri horietako batzuek, nahiz eta besterik uste izan, kaloriak izaten dituzte. Ezarritako mugen gainetik hartuz gero, eragin toxikoak izateaz gain, porroterako bidean jar ditzakete pisua galtzeko estrategia batzuk, zehazki honako gomendio honetan oinarritzen direnak: “Azukrearen ordez, erabil itzazu eztitzaileak”.

BADIRA AZUKREA BAINO GOZOAGOAK ERE.

Azterketa asko egin da azukrearen ordezkoen erabilerak argaltzeko garaian nolako eraginkortasuna duen ikusteko. 2018. urtearen bukaeran, gisa horretako 56 azterlanen inguruko berrikusketa bat egin zen, eta ondoriek titular deigarriak ekarri zituzten komunikabideetara: “Eztitzaileak ez dira eraginkorrak pisua galtzeko” edo “Eztitzaileak ez dira hain aukera osasungarriak azukrea ordezkatzeko”. Dena den, British Medical Journal aldizkarian agertu zen meta-analisia askoz ere zehatzagoa zen eta ñabardura gehiago zituen (medikuntzaren arloan, ereduzko aldizkaria da mundu mailan).

“Baliteke epe motzean eraginen bat izatea pisuan, baina ez dugu kalitatezko daturik epe luzean ere hala dela esateko”, adierazi zuen Joeri J. Meerpohl-ek, Medikuntzako Ebidentziaren Institutuko ikertzaileak (Friburgoko Unibertsitatean dago, Alemanian) eta ikerketaren egile nagusietakoak. Eta zera erantsi zuen: “Froga sendorik ere ez dugu, halaber, osasunean kalte aipagarriak egiten dituztela esateko”. Ebidentzia zientifikoak neurtzeko garaian, meta-analisiak izaten dira maila handieneko azterlanak (bost maila ditu sailkapen horrek).

British Medical Journal aldizkariak egin zuena bereziki garrantzitsua zen, Osasunaren Mundu Erakundeak aginduta egin zelako, eta hortik ateratako ondorioak erabili nahi zirelako azukre gabeko eztitzaileen gida bat lantzeko. Erakunde horren esanetan, gizentasuna da XXI. mendeko epidemia, eta gizentasunak lotura estua du azukre gehiegi hartzearekin; hori dela eta, geroztik deabrutu egin da azukrearen erabilera. Beste aukera bat eskaini nahian, eztitzailez bete ziren supermerkatuetako apalategiak.

Aspaldi samarretik heldu direnen ondoan (sakarina, esaterako), azken urteetan sortu diren beste batzuk ere agertu dira, adibidez adbantamoa. Elikagaiak gozatzeko gaitasun handia dauka elementu horrek; azukrearen aldean, ehunka aldiz handiagoa (eta milaka aldiz handiagoa ere bai batzuetan).

ZERGATIK MAITE DUGU GOZOA?

Azukre gehiegi hartzeko joerak, beste arrazoi batzuekin batean, izugarri handitu ditu gehiegizko pisuaren tasak, baina joera horren atzean, badago gizakiaren eboluzioari lotutako arrazoi bat ere. “Ikuspuntu neurologikotik, energia hartzearen pareko interpretazioa ematen diogu. Hori dela eta, giza espezieak gure dastamenean oinarrizkoa den elementutzat garatu du gozoa”, azaldu du Angel Gilek. Ezaugarri horrek bizirik irauten lagundu zigun orain baino energia gehiago gastatzen genuen garaian, baina orain gure kontra etorri da. Herrialde askotan, azukre kontsumoaren zifrek gainditu egiten dute kopuru gomendatua. Espainian, adibidez, %17 ingurukoa da datua, eta OMEk ezarritako mugaren gainetik dabil (%10ekoa da).

Txarrak al dira hesteetarako?

Ikerketetan, eztitzaileek pisua galtzeko garaian zer-nolako eragina duten ikusi nahi izaten da, baina ez hori bakarrik. Eztitzaile horiek hesteetako mikrobiotan nolako eragina daukaten ere aztertzen dute, eta Angel Gil irakasleak gisa horretako zenbait ikerketaren berrikusketa bat argitaratu du berrikitan Advances in Nutrition aldizkarian (azukrearen ordezko naturalek daukaten eragina aztertzen dute, adibidez estebiol glukosidoek, eta ordezko sintetikoek ere bai, adibidez sakarinak eta aspartamoak).

Ondorioetan ageri denez, kopuru normalak gainditzean, sakarinarekin eta sukralosarekin bakarrik ikusten dira ondorioak mikrobiotan. Meta-analisi hori hein batean ados dago orain dela hiru urte Rehovot-eko Weizmann Institutuko ikertzaileek (Israel) Nature aldizkarian argitaratu zuten ikerlanarekin, non frogatuta utzi zuten bi substantzia horiek, eta aspartamoak ere bai, aldaketak eragiten dituztela hesteetako floraren bakterioetan.

Entseguan parte hartu zuten saguei glukosarekiko intolerantzia agertu zitzaien, eta hori gizentasunaren eta diabetesaren aurreko pausoa izaten da. Granadako Unibertsitateko katedradunaren ikerlan eguneratuak, ordea, baztertu egiten du aminoazidoetatik datozen substantziek halako ondoriorik eragiten dutenik, adibidez aspartamoak: “Logikoa da, oso kopuru txikietan hartzen delako: miligramo bat 10 gramo azukreren baliokidea da (bi koskor eta erdi)”.

EZ GIZENTZEKO BORROKA.

Mikrobiotak zeresan handia emango du hurrengo urteetan (digestio hodian dauden mikroorganismo biziak dira), halaxe diote ikertzaileek, baina duela oso gutxi hasi ziren hura ikertzen, orain dela 10 edo 15 urte, eta hori oso gutxi da zientzian. “Lan gutxi dago gizakien hesteetako floraren inguruan; gehienak animaliekin egin dira, eta, bestalde, oso mugatuak dira. Izan ere, eztitzaileekin ez da hori izan lehentasunezko alderdia. Orain arte, horiek aztertu izan direnean, eragin toxikologikoei jarri zaie arreta, bereziki minbiziarekin izan dezaketen loturari”, azaldu du Angel Gilek.

Zientziak ondorio argiagoak ematen ez dituen bitartean, nutrizionistek prebentzioaren alde egiten dute. Gehigarriek, edozein motatakoak direla ere, ez dute izan behar pertsona osasuntsu baten elikaduraren oinarria, eta hor sartzen dira eztitzaileak ere. Azukrearen ordezkoak lagungarriak izan daitezke argaltzeko erregimen batean, baina ez diete irtenbiderik emango gizentasunari eta gehiegizko pisuari (Espainiako herritarren %13ri erasaten die lehenak eta %36ri bigarrenak, datu hori eman du INE Espainiako Estatistika Institutuak).

Betiko eltzekarietara itzuli behar da, eta erosketa saskian lekua egin behar zaie fruta eta berdura freskoei, lekaleei, zerealei, arrainei, haragiei eta esnekiei. Espezialistek barkamena eskatuz bezala ematen dute azken gomendioa: sentitzen dugu hain aspergarriak izatea, baina zentzua erabiltzea da onena osasuna zaintzeko.

ESTEBIA, MODAREN ETA MITOAREN ARTEAN

Supermerkatuetan estebia gisa erosten duguna beste edozein eztitzaile bezain naturala da. Ameriketan gozagarri gisa hainbat mendez erabili izan den landare batetik dator marka komertziala, “baina jaten duguna estebiol glukosidoak dira, landare horretan gozotasuna eragiten duten osagaiak alegia, eta horiek prozesu industrial batean lortzen dira”, argitu du Angel Gilek. Hain zuzen, landarea ez dago eztitzaile gisa onartuta Europan, arteria tentsioa jaitsarazi dezakeelako. Aldiz, belar dendetan hostoak erosteko modua badago infusio eginda hartzeko.

Baina era horretan hartzeak badu arrisku bat ere: ez daiteke jakin erabiltzen ari garen landare horrek zenbateko kopuruetan dauzkan osagaiak, eta, beraz, ezin da aurreikusi nolako ondorioak izango dituen. Infusio eginda hartu aurretik, medikuari galdetzea komeni da, baina tentsio apala dutenek ez dute inolaz ere hartu behar. Estebiol glukosidoek ez daukate ahalmenik diabetesa sendabidean jartzeko, webgune batzuetan hala esaten den arren, nahiz eta gaixotasun hori daukaten pertsonek erabil ditzaketen azukrearen ordez, sakarina edo ziklamatoa bezalaxe. Eztitzaile eraginkorra da, baina ez dauka miragarritik ezertxo ere.

ADITUA

ADITUA: Elena Perez Montero, Nutrizionista: “Sendagaiek bezain kontrol zorrotzak pasatzen dituzte gehigarriek”

Nutrizio arloko ikerketetan, zergatik erabiltzen da hainbestetan honako makulu hau: “Ikertzen jarraitu beharra dago”?

Nutrizioari buruzko ikerketak, medikuntzako beste espezialitate batzuetakoak ez bezala, nahiko berriak dira eta batzuetan ez dezakete eskaini emaitza erabatekorik. Horrek nahasita uzten gaitu, gure gizarteak emaitza argiak eskatzen baititu berehala. Horretaz gain, errudunak bilatzera jotzen dugu gertatzen zaigun hori zuritzeko eta elikaduran guk geuk daukagun ardura saihesteko. Kontsultan maiz entzuten dut: “Ongi jaten dut, baina badaukat zerbait gizentzen nauena”.

Orain dela urte batzuk eztitzaile batzuk minibiziari lotuta zeudela esan zen. Baztertu dezakezu hori hala dela?

Zientzian ez daiteke ezer baztertu, zerbait dinamikoa delako; ebidentzia egunero gaurkotzen da. Dena den, lasaitasuna helarazi behar zaie herritarrei, sendagaiek pasatzen dituzten kontrolak bezain zorrotzak gainditzen baitituzte gehigarriek. Eztitzaile batzuk (adibidez, sakarina) lortzeko lehen erabiltzen ziren metodoen ondorioz sortu ziren minbizia eta beste zenbait patologiarekin izan zezaketen harremanaren inguruko zalantzak. Prozesu horretan bentzenoa erabiltzen zen, eta hori kantzerigenoa da.

Eztitzaileak ongi adierazita al daude etiketetan?

Elikadura arloko gehigarri gisa ageri dira, E letra eta ondotik zifra bat daukatela, eta hori nahasgarria da, ez baita idazten produktuaren izena. Etiketa asko, gainera, irakurtezinak dira, eta horrek areagotu egiten du arazoa, baina legediak behartu egin du letraren neurria handitzera. Askotan, jakin ere egin gabe hartzen ditugu eztitzaileak.

Zer-nolako faktoreek eragiten dute gehigarri horien kalitatean?

Prozesatzeko moduaren araberakoa da hobeak edo kaskarragoak izatea, azukrearekin gertatzen den bezala. Gutxien finduta daudenek oso kopuru txikietan jarraitzen dute izaten bitaminak eta oligoelementuak, baina ez diete bestelako prozesurik ematen gauzak erantsi eta kentzeko politagoak izan daitezen: itsasten ez direnak, distira daukatenak…

Ohitu egin behar genuke gozotasunarekin ezkutuan gelditzen diren zaporeetara ere?

Erronka bat da hori. Elikagaien zaporea azukrearekin edo eztitzaileekin ezkutatzeko ohitura dugu, inolako beharrik gabe. Jendeak esaten duenean kafea ez zaiola gustatzen gozo-gozoa ez bada, kontua da ez zaiola kafea gustatzen, eta hobe luke beste produktu batzuk hartu. Haurtzarotik erakutsi behar litzateke elikagaien ezaugarriak bereizten, baina gozoa hartzeko hezten da. Ez dago gauza kaltegarriagorik litxarreriaz betetako urtebetetzeak baino. Nutrizioan argi eduki behar genuke ideia bat: zenbat eta produktu naturalagoak jan, hainbat hobeto. Osasungarriak izateaz gain, iraunkorragoak ere badira, hondakin gutxiago sortzen baitugu horiek kontsumitzean.

EZTITZAILEEN ERRADIOGRAFIA

Erosketa saskian sartzen ditugun produktu askok eztitzaileak izaten dituzte. Azukrearen ordezko gisa erabiltzen ditu industriak, baina baita elikagai batzuei testura emateko ere, adibidez saltsei eta opilei, edo freskotasun irudipena eransteko higiene pertsonaleko produktu batzuei, adibidez ahoa garbitzekoei eta hortzetako pastei. Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA siglak ditu ingelesez) onespena eman die guztiei, eta gehigarri gisa erabil daitezke.