Talotxoak

Talotxoak. Zereal hutsezkoak dira aukerarik onenak

Produktu horiek ospe ona izaten dute. Pertsona askori iruditzen zaie elikagai osasungarriak direla, zerealez beteak, baina osagai hori ez da agertzen hainbesteko proportzioan guztietan eta, gainera, azukre eta gatz asko samar eduki dezakete.
1 ekaina de 2022

Talotxoak. Zereal hutsezkoak dira aukerarik onenak

Zerealez egindako talotxoak berri samarrak dira gure inguruan. Agertu zirenean, gariz eta arrozez eginak zeuden funtsean, eta produktu dietetikoen artean sailkatzen ziren. Baina denborarekin orokortu egin da horien kontsumoa, eta orain ez dira lotzen helburu horrekin; beste hainbat egoeratan ere kontsumitzen dira: hamaiketako gisa, gosaritan, askaritan edo, besterik gabe, mokadutxo bat egiteko otordu artean. Aukera, gainera, askoz zabalagoa da orain dela urte batzuetakoa baino. Oraingo talotxoak ez dira artoz eta arrozez eginak bakarrik, eta beste zenbait osagai ere badituzte, adibidez txokolatea, tomatea, kinoa… Non hautatu gehiago daukagu, beraz, eta hori ona izan liteke, baina konplikatu ere egiten du erosketa egiteko unea.

Hiru multzo handi

Lehen begiratuan, ikus liteke hiru eratako produktuak daudela aztertu ditugunen artean: gehienbat zerealez eginak diruditen talotxoak, “oinarrizkoak” esango diegunak (Bicentury arroza, Veritas artoa eta Eroski artoa kinoarekin); beste batzuk “zaporezkoak” izango lirateke, non osagai edo zapore bat nabarmentzen den (Bicentury tomatea eta Bicentury urdaiazpikoa), eta besteak txokolatedunak (Bicentury txokolate zuria, Gullón txokolatea, Veritas txokolatea, Santiveri txokolatea eta Eroski txokolatea). Produktuen salmenta izenak irakurrita ere egiaztatu ahalko dugu sailkapen hori egoki samarra dela (normalean osagai zerrendaren ondoan agertzen da izena eta ezaugarri orokorren berri ematen du). Adibidez, Bicentury arroza izenekoak hauxe du salmenta izena: “Osoko arrozez egindako txalotxoak”; Bicentury tomateak “Artozko talotxoak, tomate eta albaka zaporekoak, oliba olioarekin” eta Veritas txokolateak “Artozko talotxoak txokolate beltzarekin”.

Osagai nagusiak

Informazio xehe eta zehatza, dena den, osagaien zerrendan aurkituko dugu. Ordenan zerrendatu behar direnez, gehien duenetik gutxien duenera, badakigu lehenbiziko ageri dena dela ugariena. Ia talotxo guztietan, arroza edo artoa da osagai nagusia. Bi salbuespen daude, Veritas txokolate beltza (txokolatea da nagusi, %57) eta Bicentury arroza txokolate zuriarekin, non txokolate beltza %50 den.

Gainera, osagairen bat nolabait nabarmentzen bada ontzian –hitzekin edo irudiekin–, esan egin behar da zehazki zenbat duen. Informazio horrekin xehetasun bereziki garrantzitsuak jakin ditzakegu erosketa egiteko garairako, adibidez zerealen edo txokolatearen proportzioa.

Zenbat zereal daukate?

Oinarrizko talotxoek daukate zereal gehien: Veritas artoa eta Eroski artoa kinoarekin, biek ere %95,7. Litekeena da Bicentury arroza ere zifra horien inguruan ibiltzea, baina ez dago modurik ziur jakiteko, osoko arrozez eta arroz finduz egina dagoelako, baina lehenbizikoaren proportzioa bakarrik ageri da (%78), ontzian horixe nabarmentzen baita.

Bigarren lekuan zaporezko talotxoak daude, Bicentury tomatea eta Bicentury urdaiazpikoa, eta horiek %78 dauzkate zerealak. Horiek zereal gutxiago edukitzeko arrazoia hauxe da: bestelako osagai batzuk ere badituztela, nagusiki ekilore olioa eta oliba olioa. Azkenik, txokolatezko talotxoek dute zereal gutxien: %42,9 Veritas txokolateak eta %54,6 Santiveri txokolateak. Uste izatekoa den bezala, txokolateari zor zaio hori, talotxo gehienetan %45 inguruan dabil eta. Bicentury txokolate zuria eta Veritas txokolatea dira salbuespenak, horiek %50 eta %57 baitute txokolatea, lehen esan dugun bezala.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, zerealez egindako talotxoak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Gantz, gatz eta azukre proportzioak asko baldintzatzen du azken emaitza.
  • Osagaiak. Nolako kalitate komertziala duten jakiteko, bereziki zereal kantitateari dagokionez.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Karbohidratoak eta azukrea

Mantenugai ugarienak karbohidratoak dira, osagai nagusiak zerealak baitira produktu horietan. Oinarrizko talotxoek dute gehien, %81 Bicenturyk eta Eroskik, eta %86 Veritasek. Zaporezko eta txokolatezko talotxoetan, karbohidratoen proportzioa %64koa da Gullón etxekoetan eta %70ekoa Bicentury txokolate zurian. Gainerakoak tartean dabiltza. Hori bai, kontuan hartu beharko dugu, txokolatea dutenetan, azukreak izango direla karbohidratoen zati handi bat. Zehazki, azukreak %21 dira Eroski etxekoan eta %28 Bicentury txokolate zuria delakoan; horiek dira bi muturrak, besteak tartean dabiltza, eta garbi dago, beraz, denek ere asko samar daukatela. Ideia bat egin dezagun, horrek esan nahi du 100 gramotan (oinarrizko 12 talotxo edo txokolatezko 8) 5-6 koilarakadatxo azukre daudela.

Ildo horretan, Santiveri etxeko talotxoak dira salbuespena, txokolatez blaituak egon arren ez baitute azukrerik, eztitzaileekin ordezkatu dituzte eta. Eztitzaileak irtenbide ona izan daitezke itxura batean azukreen ordez erabiltzeko, baina badira mesfidantzak ere horien inguruan. Seguruak dira eta badituzte abantaila batzuk –askok ez dute kaloriarik eta ez dute sortzen txantxarrik–, baina, bestalde, gozotasun handia izaten dute, eta zapore horietara ohituz gero, gerta liteke elikagai azukretsuenak nahi izatea beti. Gainera, hipotesi batzuek eragozpenak planteatzen dituzte, hesteetako mikrobiotan kontrako eragina izan dezaketelakoan.

Batzuek gantz asko dute

Gantz kantitatean ere alde handiak daude. Oinarrizkoek oso gutxi daukate (%1 Eroskik eta %3,5 Bicenturyk), zerealez egindako talotxo batzuetan espero izatekoa den bezala. Baina gainerakoek dezenteko kopuruak dituzte: %15 Bicentury urdaiazpikoak eta, beste muturrean, %21 Veritas txokolateak. Txokolatez egindakoetan ez da harritzekoa gantza halako proportzioan agertzea, kakao gantza da-eta osagai nagusietako bat (horregatik daukate txokolatezkoek %18 inguru gantza). Baina deigarria da zaporezko talotxoek hainbeste izatea, begiratu batean oinarrizkoen antzekoak direla dirudi eta. Baina horiek %16 inguru dute gantza, hau da, txokolatezkoek adina ia. Gantz hori, dena den, ekilore olioak eta oliba olioak emana da, eta horregatik daukate askoz gantz saturatu gutxiago txokolatezkoek baino: %2 zaporezkoek eta %11 besteek.

Gantza da kaloria gehien ematen duen mantenugaia: 9 kcl gramo bakoitzeko, eta karbohidratoek eta proteinak, berriz, 4 kcal. Horrexegatik, gantz gehien duten talotxoek ematen dute kaloria gehien, zaporezkoek eta txokolatezkoek alegia: 460 kcal inguru 100 gramo bakoitzeko, eta oinarrizkoek, berriz, 380 kcal inguru. Alderaketa bat egiteko, bolognar eran prestaturiko espageti platerkada batek ematen duena da hori (460) edo dilista platerkada batek (380).

Adi gatzari

Bada arretaz zaindu beharreko beste alderdi bat ere: gatza. Batez ere, gozoak ez diren opiletan, oinarrizko eta zaporezkoetan alegia, gehiegizkoa izan daiteke eta. Produktu batek gatz gehiegi duela esaten da %1,25etik gora duenean. Aztertu ditugun produktuetan, honako hauek dute gehien: Bicentury tomatea, %1,2rekin eta, batez ere, Bicentury urdaiazpikoa eta Bicentury arroza, biak %2,2rekin.

Egokiak al dira haurrentzat?

Talotxo hauek nagusiki zerealez eginak daudenez, familia askok uste du osasungarriak direla, eta seme-alabei eskaintzen dizkiete txikitatik. Horietako asko, ordea, ezin esan osasungarriak direnik, adibidez txokolatezkoak eta zaporezkoak, ugari izaten dituzte-eta azukreak, gantza edo gatza. Oinarrizko talotxoei dagokienez, gatza zaindu behar genuke (%1,25etik gora gehiegizkotzat jotzen da). Horrela, bada, aukera onargarri samarra gatz gutxiko oinarrizko talotxoak izango lirateke, baina hor gauza batzuk kontuan hartu beharra dago.

Talotxo horietako gehienak artoz edo arrozez eginak egoten dira, edo bi osagai horiek nahasian izaten dituzte. Nutrizioaren ikuspegitik, ez du askorik axola bat edo bestea duten, non eta ez dizkiegun haur txikiei eskaintzen. Halakoetan arrozezko talotxoak mugatzea komeni da, zereal horrek artsenikoa izaten duelako eta hori arazo bat izan liteke haurrek maiz samar janez gero. Horregatik, Elikadura arloko Segurtasunaren Kataluniako Agentziaren gomendioa da 36 hilabete arteko haurrek ez dezatela jan egunean talotxo bat baino gehiago, eta 3-9 urteko haurrek, ez egunean hiru baino gehiago. Kontuan hartu behar genukeen bigarren alderdia da haurren elikadurak askotarikoa izan behar lukeela, bereziki txikienak, eta elikagai osasungarrietan eta ahal dela freskoetan oinarritu behar lukeela. Nutrizio arloan egiten duten ekarpenagatik eta, batez ere, heziketari loturiko kontuengatik: garrantzitsua da zaporeak, lurrinak edo testurak bereizten ikas dezatela, eta ez dieta monotono bat egitea elikagai prozesatuekin. Hau da, hobe da elikagaiak txandakatzea, adibidez fruta edo osoko ogia, eta talotxoak noizbehinka jateko uztea.

Nutri-Score: A-tik E-ra

Nutri-Score sistemak jasotzen duten puntuazioan denetarik dago, alde handiak dituzte-eta osaeran. Gehienek D eta E letrak ageri dituzte, ugari ematen dituztelako kaloriak eta kopuru handietan dituztelako gantza, azukrea eta gatza. Horixe gertatzen zaie txokolatezko talotxoei eta Bicentury urdaiazpikoari, azken horri gatzarengatik nagusiki. Bicentury tomateak eta Bicentury arrozak ere gatzaren erruz lortzen dute C puntuazioa. Baloraziorik onena Eroski artoa kinoarekin etxekoak du (A), eta ondoren Veritas artoa izenekoak (B), kopuru txikietan dituztelako gantzak, gatza eta azukreak.

Nola eta noiz jango ditugu?

Orain arte mantenugaiez hitz egin dugunean, 100 gramoko kopurua hartu dugu eredutzat. Hori oso lagungarria gertatzen da mantenugai bakoitza zenbateko proportzioan dagoen ikusi eta alderaketak egiteko. Baina garrantzitsua da, halaber, janaldi bakoitzean zenbat hartuko dugun kontuan hartzea, hau da, errazioaren neurria. Ontzi batzuetan 25 gramoko errazioa jartzen du orientagarri, eta oinarrizko hiru talotxok edo txokolatezko bik osatuko lukete pisu hori. Kantitate horiek kontuan hartuta, bistan da 100 gramoko neurriarekin baino askoz energia gutxiago hartzen dugula. Adibidez, txarrenean jarrita, 0,55 gramo gatz hartuko genituzke Bicenturiy arroza eta Bicenturiy urdaiazpikoa talotxoekin; 5,3 gramo gantz Veritas txokolatearekin eta 7 gramo azukre Bicenturiy txokolate zuriarekin eta Veritas txokolatearekin.

Eta kaloriei erreparatzen badiegu, azken bi talotxo horien 25 gramok 120 kcal ematen dituzte, bi sagar txikik ematen dutena, gutxi gorabehera. Baina, hori bai, sagarrek askoz gehiago asetzen dute, hau da, errazago kentzen digute gosea eta, jakina, osasungarriagoak dira. Kopuruak, dena den, oso kontuan hartzekoak dira, 100 gramorenak baino apalagoak izanik ere. Izan ere, neurrian janda ere –errazio bat–, gure dietari gatz, azukre, gantz eta kaloria dezente ematen diote talotxo horietako batzuek. Eta, bistan denez, kopurua handiagoa izango da maiz samar janez gero (egunero, adibidez) edo 25 gramo baino gehiago hartuz gero errazio bakoitzeko. Azken hori gertatzea errazagoa da produktu batzuekin besteekin baino. Adibidez, Gullón talotxoen edo Eroski txokolatedunen zorroan banakako lau paketetxo izaten dira, bakoitza 25 gramokoa, eta horrela errazagoa da kontsumoa mugatzea. Baina beste produktu batzuen poltsek ez dituzte mugatzen errazioak, eta zailagoa izan daiteke 25 gramo bakarrik jatea. Adibiderik argiena Bicentury urdaiazpikoa talotxoetan dago: 70 gramoko poltsan merkaturatzen dira eta, gainera, talotxo txiki-txikiak dira, non zailagoa den kontsumoa kontrolatzea.

Ontziak baldintzatu egiten du kontserbazioa.

Formatuak edo ontziratzeko moduak eragina izan dezake produktu horiek kontsumitzeko moduan, baina, horretaz gain, ontziak badu eragina produktua kontserbatzeko moduan ere, eta ezaugarri batzuk edo besteak eduki, hobeto edo okerrago egingo du. Ontzi opaku edo metalizatuek, adibidez Bicentury urdaiazpikoenak eta Gullón etxeko talotxoenak, zaildu egiten dute argia pasa dadin, eta horri esker produktua ez da minduko. Hori garrantzitsua da gantz asko daukaten talotxoetan. Bestalde, zatikako zorrotxoak dakartzaten formatuek, adibidez Gullón eta Eroski etxekoek, babestu egiten dute produktua hezetasunetik, nahiz eta plastiko gehiago darabilten.

Prezioan badira aldeak

Prezioa asko aldatzen da produktu batzuetatik besteetara. Talotxorik merkeenak Veritas artozkoak dira, eta garestienen erdia balio dute, Santiveri txokolatedunen erdia alegia (0,97 € 100 gramo bakoitzeko lehenbizikoek eta 1,99 € 100 gramo bakoitzeko bigarrengoek). Oro har, oinarrizko talotxoak dira merkeenak, eta txokolatea dutenak garestienak. Espero izatekoa zen hori, batzuen eta besteen lehengaiek zer-nolako kostua duten jakinda.

Deigarria egiten dena zera da, Bicentury urdaiazpikoa izeneko talotxoak egotea garestienen artean, nagusiki zerealez eginak daudelako (%78) eta ekilore olioa eta oliba olioa besterik ez dutelako erantsita, eta azken hori ez kopuru handian, segur aski. Hain zuzen, talotxo horien osaera eta Bicentury tomatea izenekoena oso antzekoa da, horiek ere %78 baitituzte zerealak eta gantzak ere antzeko proportzioan, baina azken horiek hogeita hamar zentimo merkeagoak dira (1,53 €/100 g).

Erosteko gomendioak

Talotxo mota. Hiru multzo handi daude: oinarrizkoak, zaporezkoak eta txokolatedunak. Hobe lehenbizikoak aukeratzea.

Zerealen proportzioa. Zenbat eta gehiago, hainbat hobeto.

Osagai erantsiak. Batzuek txokolatea edo olioa izaten dute, eta horiek ugari ematen dute energia, gantza eta azukrea. Osagaien zerrenda eta nutrizio arloko informazioa irakurrita jakingo dugu hori.

Gatz kantitatea. %1,25etik gora duenean, gehiegizkotzat jotzen da.

Prezioa. Asko aldatu daiteke produktu batetik bestera. Talotxorik merkeenak oinarrizkoak dira, eta osasungarrienak ere bai.

Ondorioak

Alderdi guztiak kontuan hartzen baditugu, zerealen proportzioa, prezioa eta nutrizio osaera (batez ere energia eta gantz, azukre eta gatz kantitateak), honako hauek dira multzo bakoitzeko produkturik gomendagarrienak. Zaporezko talotxoen artean, Bicentury tomatea; txokolatezkoetan, Gullón eta Eroski; eta oinarrizkoetan, Veritas eta Eroski. Azken bi horiek dira, zalantzarik gabe,  onenak aztertu ditugun guztien artean, Eroski artoa kinoarekin eta Veritas artoa.