Garestiagoa al da arrosa kolorekoa?

Emakumeei zuzenduta dauden produktuak batzuetan garestiagoak izaten dira gizonezkoei zuzentzen zaizkienak baino. Halaxe diote ameriketako estatu batuetan, frantzian edo espainian egindako zenbait ikerketak. Produktu sail jakinetan, neurriz kanpoko eskaintza dago emakumeen kolektiboarentzat, eta horrek sortzen du, hain zuzen, generoaren araberako gastuan dagoen aldea. Gizonentzat merkatuan dagoen xanpu bakoitzeko, gutxienez bat eta erdi dago emakumeentzat. Eta berdin gertatzen da kremekin ere. Genero diskriminazioa darabilten marketin estrategien aurrean neurriak hartzeko, lehenik eta behin, antzeman egin behar da egoera hori. Eta ez da erraza.
1 urtarrila de 2019
Img alimentacion listado 1299

Garestiagoa al da arrosa kolorekoa?

Emakumeen soldata gizonena baino %30 txikiagoa da Espainiako Estatuan, eta lan baldintza kaskarragoak jasan behar izaten dituzte. Baina emakumea bazara eta erosketak egiten badituzu, baliteke, ohartu ere egin gabe, produktu batzuetan behar baino gehiago ordaindu izatea. Bizarra egiteko labanatxoak, hortzetako eskuilak, patinak, entzungailuak, ordulariak, lurrinak, desodoranteak… Produktu horiek, batzuetan, prezio desberdina izaten dute hartzaile bati edo besteari zuzendu: garestiagoak izaten dira emakumeentzat diseinatuta daudenean. Hitz egin dezagun zerga edo tasa arrosaz: emakumeen kolektiboari zuzenduta dauden produktu eta zerbitzuei ezartzen zaien gainkostua da (ontzian, deskribapenean, kolorean edo izenean ageri dute emakumeentzat direla), nahiz eta ez eduki alde nabarmenik gizonentzat diren produktu baliokideekin edo generikoekin.

Tasa arrosak azaltzen du produktu batzuk garestiagoak direla beste batzuk baino, tartean genero kontu bat sartu dutelako bakarrik. Kontzeptua 90eko hamarkadatik erabiltzen da, baina nazioartean inoiz ez bezalako indarra hartu du azken urteetan. Gaur egun, eztabaida politikoaren eta sozialaren erdigunean dago zenbait herrialdetan, adibidez Argentinan, Frantzian eta Ameriketako Estatu Batuetan, eta, gainera, dokumentatu eta ikertu ere egin dute fenomeno gisa. Argentinan, esaterako, 2018an aurkeztu den ikerketa batek eman du daturik berriena (Nazioko Kongresuaren Jauregi Legegilean aurkeztu zuten). Aholkularitza etxe independente batek landu zuen dokumentua, eta esaten du emakumeek %30 gehiago ere ordaintzen dutela zenbait produkturen bertsio femeninoa erosten dutenean, eta berdin gertatzen da sendagai batzuekin ere, adibidez ibuprofenoarekin (Actron etxeak adibidez bi bertsio merkaturatzen ditu).

Ameriketako Estatu Batuetan, Kontsumitzailearen Gaietarako Sailak 2015ean New York-en egindako ikerketa batek azaldu zuen emakumeek, batez beste, gizonek baino %7 gehiago gastatzen dutela produktu berdinak erosteagatik. Eta zenbait produktutan, %42rainoko aldea zegoela ikusi zuen bi generoei zuzendutakoetan. Emakumeenak ziren beti garestienak. Hari horri tiraka, Forbes aldizkariak erreportaje zabal bat argitaratu zuen handik urtebetera, eta gastu desberdintasuna urtean 1.230 eurokoa zela kalkulatu zuen. Gugandik gertuago, Frantzian, Georgette Sand kolektibo feministak proba egitea erabaki zuen eta datuak biltzeari ekin zion supermerkatu kate batean (herrialde hartan dagoen kolektiborik garrantzitsuenetakoa da, emakumeek eta gizonek osatua). Ikusi zuten prezioan alde handiak zeudela produktuaren hartzaileak emakumeak izan edo gizonak izan, eta sinadurak bildu zituen, Estatuak ikerketa abia zezan tasa arrosa hori zertan zen jakiteko. Emaitza gisa, Frantziako Parlamentuak ikerketa bat argitaratu zuen 2015ean: Zenbait ondasunen eta zerbitzuen prezioetan dagoen aldea generoaren arabera.

Espainia: kremak erosteko 'beharra'.

/imgs/20190101/GettyImages-469925342.jpg

Baina zer gertatzen da Espainiako Estatuan? Ba al dago tasa arrosarik edo hiri kondaira bat baino ez da? Zazpi markaren eta lau banatzaileren prezioak alderatu ondoren, Facua-Kontsumitzaileak Martxan elkarteak salaketa hau egin zuen martxoan: emakumeentzako bizar labanak besteen berdin-berdinak zirela, baina %171 garestiagoak. “Arrosa koloreko labanak emakumeentzat direlako mezu engainagarria indartzeko, marka batzuek azpimarratu egiten dute bertsio urdin edo grisak gizonentzat bakarrik direla, eta izen komertzialetan sartzen dituzte hombre hitza gaztelaniaz edo men ingelesez”, ohartarazi du.

Espainian gertatzen denarekin jarraituz, Idealo plataformak azterketa egin zuen ehunka produkturekin 2016an, eta ondorioztatu zuenez (prezioak on-line alderatzeko tresna da), emakumeek %7 gehiago ordaintzen zituzten lurrinak eta zapatak gizonek baino, eta ordulariak %24 gehiago. Joera, dena den, ez da hain argia. Tiendeo atariaren arabera (800 katalogoren prezioak alderatu zituen), emakumeek %10 gehiago ordaintzen dituzte lurringintzako eta edergintzako produktuak, eta gizonek, berriz, emakumeek baino %23 gehiago ordaintzen dute modagatik. Ez da, hortaz, hain fenomeno agerikoa eta datu bidez erraz irudikatzekoa.

Datu fidagarri gutxi dago, eta daudenak han eta hemen barreiatuta daude. Arrazoi horrek bultzatu zituen Madrilgo Complutense Unibertsitateko hiru ikertzaile fenomenoa zorroztasun akademikoz aztertzera. Roberto Manzano, Gema Martinez-Navarro eta Diana Gavilan doktoreek analisi konparatibo bat egin zuten zainketa pertsonaleko 1.504 produktuko lagin batekin (desodoranteak, xanpuak…). Estatuan diharduten sei banaketa katetan eskuratu zituzten guztiak. Honela laburbildu daitezke ikerlan horren ondorioak (2018an argitaratu zuten): tasa arrosa ez da adierazgarria Espainian; dena den, oso argi dago emakumeei zuzentzen zaizkien produktuak izugarri dibertsifikatuak daudela. Hartzaileak emakumezkoak direnean, produktu gehiago izaten da salgai eta askotarikoagoak izaten dira. Zehazki, %40 gehiago.

‘Tasa’ baino gehiago, ‘aurrekontua’

Diana Gavilan espezialista da marketin esperientzialean, irakaslea eta ikerlanaren egileetako bat, eta ohartarazi du lantaldeak produktu sorta bat bakarrik aztertu zuela (zainketa pertsonalekoa), eta, haren esanetan, “emaitzak ez daitezke estrapolatu gainerako sailetara (adibidez, jostailuetara) egia zientifiko bat izango balira bezala”. Erantsi du, hala ere, emaitza horiek argibide bat ematen dutela “merkatuan gertatzen ari denaren inguruan”. Haren iritziz, eredu aldaketa bat gertatzen ari da. Gaur egun, eztabaidaren muina ez da bakarrik emakumeentzat diren bertsioak gehiago ordainarazten dituzten edo ez, baizik eta zergatik dauden berariaz emakumeentzat diren hainbeste eta hainbeste produktu. “Kontua ez da prezio diskriminazioa dagoela generoaren arabera; kontua da generoaren araberako eskaintzan dagoela diskriminazioa”, zehaztu du.

Ikertzailearen ustetan, horixe da ikerlanak egin duen aurkikuntzarik interesgarriena, zeren iradokitzen baitu agian beharrezkoa izango dela problema berriz definitzea. Haiek, adibidez, beste izen bat jarri diote, aurrekontu arrosa, eta ez zaio lotzen diru gastuari bakarrik. “Ikerlanean ikusi genuen kontu adierazgarria ez zela gauza beragatik gehiago ordaintzea; guk ikusi genuen gehiago gastatzen duzula gehiago erosten duzulako, eta hori, kosmetikaren arloan, emakume izateari lotua dago”, argitu du. Ile mota baterako edo besterako xanpuak, kizkurrak moldatzekoak, maskarak, ile muturretarako olioak… Produktuen gaineskaintzak eta dibertsifikazioak sustatu egiten du gehiago erostea. Eta, horra iritsita, berebiziko garrantzia duen oharra egin du Gavilanek: “Arazoaren muina ez da emakumeentzat eskaintza handia dagoela, zeren oso ongi baitago geure burua zaintzea; arazoa da emakume izateagatik bakarrik zaindu behar izatea zeure burua”.

Georgette Sand kolektiboaren eskariz Frantziako Parlamentuak argitaratu zuen ikerlana ere ildo berean doa. Bizar labanak eta desodoranteak aztertu ondoren, ez zuen lortu frogatzerik zerga arrosaren fenomeno globala, baina bai prezioa emakumeen edo gizonen kaltetan izan daitekeela produktuaren arabera. Nolanahi ere, zehaztu zuen merkatua generoen araberako produktuetan banatzeak kostu gehigarria dakarrela, produktu bat baino gehiago erosteko joera sustatzen duelako edo prezioak igoarazi egiten dituelako.

Zimurren aurka ‘borrokan’

Georgette Sand elkartea ez dago guztiz ados emaitzarekin. Onartu du lehenbiziko pausoa izan dela gaiari heltzeko, baina adierazi du zerga arrosa badagoela, “baita sistematikoa ez denean ere”. Sophie Janinet kolektibo horretako kidea da, eta adibide bat jarri du, haiek egindako landa lanetik hartua: “Zimurren aurkako kremetan, ikusi genuen 50 euroko aldea zegoela litro bakoitzeko”, azaldu du. “Merkaturatze sexuduna salatzen hasi ginenean, nagusiki ekoizpen kostuen argudioa erabili zuten gure aurka. Teorian, kantitate txikiagoetan edo osagai espezifikoagoekin egindako produktuek gehiago kosta behar lukete, baina zimurren aurkako kremek ezeztatu egiten dituzte bi argudio horiek: emakumeek askoz gehiago kontsumitzen dute gizonek baino, eta osagaiak berberak dira”, nabarmendu du. Espainian, Tiendeo atariak ikusi zuenez, aurpegirako produktuetan dago genero arrakalarik handiena (haren ikerlanak ere baieztatu egin zuen lurringintzako eta edergintzako produktu femeninoak garestiagoak zirela gizonenak baino). Atari horrek bildutako datuetan ageri denez, emakumeen aurpegirako krema hidratatzaileak %89 garestiagoak dira gizonenak baino.

Tasa arrosa, aurrekontu arrosa… Diana Gavilan doktoreak azaldu duen bezala, fenomeno horiek hor daude “gure gizartean oraindik ere oso errotuta dagoelako emakumeek ederrak egon behar dutela eta zaindu egin behar dutela beren burua. Ideia hori errepikatzen da komunikabideetan eta inguru guztian”. Hori dela eta, Sophie Janinet-ek uste du, irtenbidea etorriko bada, emakumeek kontzientzia hartu beharko dutela eta jabetu egin beharko dutela apalategiak zenbateraino dauden lerratuak. “Kontsumoaren arloan mentalitatea aldatzea da eginbehar nagusietakoa”, oroitarazi du. “Generoaren araberako marketina errentagarria ez balitz, ez litzateke egingo”.

Aurrerantzean, tanpoiek eta kabiarrak ez dute izango bez bera

Emakumeen higieneko produktuak oinarrizko ondasunen mailan daude egun Espainiako Estatuan. Halaxe onartu zuen Gobernuak urrian, eta erabaki zuen konpresek eta tanpoiek ez zutela %10eko BEZa edukiko aurrerantzean, bainuetxeek, taxiek eta kabiarrak bezala, %4koa baizik, ogiak, esneak, frutak eta lekaleek daukatena bezalakoa. “Ez dago emakumeei zertan ordainarazi zerga gehigarri bat emakume izateagatik bakarrik”, adierazi zuen Maria Jesus Montero Ogasun ministroak. Beste zenbait herrialdek lehenago onartu zuten BEZa murrizteko neurria, adibidez Frantziak, Ingalaterrak eta Kolonbiak; badira, dena den beste muturrean daudenak ere:, Hungariak, Greziak eta Alemaniak, esaterako, %27, %24 eta %19ko tasa ezartzen diete, hurrenez hurren. Portentaje murriztua, dena den, oraindik ere urruti dago beste zenbait herrialdek onartu dituzten neurrietatik: Kanadan, Irlandan, Kenyan eta Ameriketako Estatu Batuetako zati batean emakumeen higiene produktuek ez dute zergarik ordaintzen. Espainian, Kanarietako emakumeak bakarrik daude salbuetsita. 2018ko urtarrilaren 1ean utzi egin zioten zeharkako zergak ordaintzeari konpresa, tanpoi eta hilekorako kopetan, erkidego horrek zerga arloan daukan autonomiari esker.

Aditua

ADITUA: Diana Gavilan, Identidad de género, consumo y discriminación a través del precio ikerketaren egilekidea (Genero identitatea, kontsumoa eta prezioen bidez eginda diskriminazioa), marketin esperientzialean aditua eta Complutense Unibertsitateko irakaslea: “Eskaintzak sustatu egiten du gehiago kontsumitzea”.

Zuek egindako ikerketak frogatu du tasa arrosa ez dela adierazgarria saltokietan, baina elkarren berdinak diren produktu batzuek prezio desberdina izaten dute oraindik ere, emakumeentzat direlako batzuk eta gizonentzat besteak. Zenbateraino da bazterreko egoera?

Gure ikerketan, zainketa pertsonaleko produktuak aztertu ditugu, eta orientazio gisa baliagarria izan daitekeen arren merkatuan zer gertatzen ari den jakiteko, emaitzak ez daitezke estrapolatu gainerako sailetara egia zientifiko bat balira bezala. Bestalde, bertsio arrosako produktu batek gainprezioa edukitzeak ez du frogatzen jardunbide hedatua denik enpresa guztietan. Zehatzak izan beharra dago aurkikuntzekin.

Nola gaude beste herrialde batzuekin alderatuta?

Ez naiz ausartzen beste leku batzuei buruz hitz egitera. Ikusi izan ditugu Ameriketako Estatu Batuetako edo Frantziako ikerketak, non frogatzen zen tasa arrosa oso hedatua zegoela, baina ez ziren ikerketa akademikoak, eta orain dela urte batzuk eginak ziren. Nire irudipena da enpresek badutela sentiberatasuna kontsumitzaileak kezkatzen dituen gaien inguruan. Haiek saldu egin nahi dute, eta traba eginez ez da saltzen.

Nork ezartzen du prezioen arteko aldea: ekoizleek edo saltzaileek?

Datu hori ez daukagu, eta ez dezakegu ezer esan horren inguruan. Informazio hori interesgarria litzateke, eta beste lan baterako emango luke, baina ez daukat argi bideragarria izango ote litzatekeen, ez baita publikoa eta, gainera, enpresek ez dute ematen.

Ikerketak baieztatu egiten du berariaz emakumeei zuzentzen zaizkien produktuetan aukera eta dibertsifikazio handiagoak daudela.

Hala da, lan honetan ikusi den gauzarik interesgarriena eta arreta gehien eskaini behar zaiona horixe da, emakumeei zuzendutako gaineskaintza dagoela. Artikuluan taula batean ageri dira desberdintasun horiek, baina, oro har, emakumeentzat %40ko gaineskaintza izaten da.

Zuek proposatzen duzue berriz definitu behar dela generoaren araberako diskriminazioaren arazoa, eta arreta ez dela jarri behar prezioan, eskaintzan baizik: “objektu desiragarri” gehiago dago emakumeei zuzenduta gizonei baino. Gehiago erostera bultzatzen al du horrek?

Horixe da estimulua edo suspergarria. Kontua ez da xanpu mota gehiago dagoela bakarrik, kontua da, horiek ez ezik, leungarri bat ere baduzula, maskara bat, ile muturrentzako olio bat… Eskaintzak sustatu egiten du gehiago kontsumitzea.

Nola funtzionatzen du kontsumo mekanismo batek?

Kosmetikoen apalategi batera iristen zarenean, gerta daiteke gelak eta xanpuak bakarrik ikustea, eta gerta daiteke eskaintza oso dibertsifikatua edukitzea aurrean, nori bere neurriko kontsumoa eskaintzen diona. Marketinean, merkatu batek heldutasuna lortu ahala, eskaintza dibertsifikatzea izaten da ohikoena, kontsumitzaileak gero eta adituagoak direlako eta argiago daukatelako zer nahi duten. Espainian, nork bere burua zaintzeaz ari garenean, oraindik ere emakumeekin lotzen da alderdi hori.

Zer da aurrekontu arrosa?

Tasa arrosa esaten zaio emakumeek prezioetan pairatzen duten diskriminazioari, eta horri jarraituz, aurrekontu arrosa esan diogu guk ikusi dugun fenomenoari: gehiago erosteak igoera eragiten du gastuan, eta kosmetikaren arloan, emakume izateari lotuta doa hori.

Garestiagoa al da plastiko arrosa ekoiztea?

/imgs/20190101/GettyImages-959035016.jpg

XV. mendeko Europan, erregeerreginak, kardinalak eta boteretsuak bakarrik jantzi zitezkeen gorriz. Tinduak pigmentu naturalekin egiten ziren garaian, oso zaila izaten zen kolore hori lortzea, landare bereziak behar izaten baitziren horretarako, mendialdeetako eremu hezeetan hazten ziren landareak, edo intsektu eme batzuen gorputz deshidratatuak, adibidez kotxinillarenak. Ulergarria da, hortaz, prezioan alde handia edukitzea kolore gorrimina zuten oihalek eta gainerakoek. Baina zer gertatzen da gaur egun? Lantegiek, kateko ekoizpenak eta tindu sintetikoek aspaldi merkatu eta demokratizatu zituzten koloreak sortzeko bideak. Hala ere, zalantza bat sortzen da orain ere: industria arloko tentuinguru berri honetan, orain ere garestiagoa al da produktu arrosak ekoiztea?

“Nik dakidanez, ez”, erantzun du Ignacio Gil irakasleak (Ergonomia ikasgaia ematen du Industria Ingeniaritza eta Produktu Garapena izeneko graduan Zaragozako Unibertsitatean). “Prezioan alde nabarmenak egon daitezke testurak edo akaberak eraginda, adibidez erliebean daudelako, kromatuta edo metalizatuta, baina ez tonuek eraginda”, azaldu du. Iritzi berekoa da Antonio de Molina Rodriguez ere, Plastipak enpresako ingeniaritza arduraduna eta Madrilgo Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko kidea. “Berez, funtzionalitate bera eta kolore desberdinak dituzten bi produkturen prezioetan ez daiteke egon alderik, non eta kolore horietako bat erabiltzeak ez dakarren gehigarriren bat aldatu beharra ohiko ekoizpenean edo non eta ez den ekoizten ale kopuru desberdina”, azaldu du.

Argiago azaltzeko, Solán de Cabras etxearen ur botilak diseinatzeko erabiltzen diren plastikozko hodiak jarri ditu adibidetzat. Gehienetan urdin kolorekoak ekoizten dira, baina aldian behin arrosak behar izaten dira publizitate eta marketin kanpaina jakinetarako. “Horrek eskatzen du ekoizpena aldatu egin behar dela eta hain ohikoa ez den koloragarri bat sartu, eta, hortaz, garestiagoa ateratzen da, eta galera batzuk etortzen dira giza baliabideak sortzeko prozesutik edo ekoizpen estandarra berrezartzeko prozesutik”, azaldu du, eta oroitarazi du prozesua alderantziz ere egin daitekeela, eta orduan produktu urdina aterako litzateke garestiagoa, ez ez arrosa.

Bestalde, Gilek oroitarazten du, iritzi bat eman aurretik, ziurtatu egin behar dela alderatu ditugun produktuak erabat berdinak direla. “Bizarra egiteko labana batek prezio handiagoa edo txikiagoa izatea emakumeentzat edo gizonentzat delako, agian izan daiteke bakoitzak behar dituen piezak desberdinak direlako”, azaldu du. Eta zuhurtziaz jokatzea gomendatu du: “Produktu beraren modeloen prezioek gorabeherak izaten dituzte merkatuan hainbat arrazoirengatik (marketin irizpideak, onarpena, stock-a, eskaintza murriztea…), eta, beraz, zaila da ondorio erabatekoak ateratzea”.

Zerga ‘iheskorra’

Tasa arrosa terminoak azaltzen du, bi produktu berdin izanik, mutilentzat direnei baino prezio handiagoa jartzen dietela neskentzat direnei. Espainiako Estatuan bildu diren azken datuek iradokitzen dute ez dagoela halako alde nabarmenik edo sistematikorik, eta ez daitekeela baieztatu badela era horretako zergarik. Dena den, jardunbide hori Estatuan oso hedatua ez egoteak ez du esan nahi ez dagoenik. Erreportaje hau egiteko, adibidez, zenbait saltoki eta horien web-orriak aztertu ditugu 2018ko udazkenean, eta ikusi da badagoela desberdintasuna prezioetan, tasa arrosa alegia.

Hala ere, eta ikerketa akademikoek dioten bezala, egiaztatu da kasu horiek ez direla uste bezain ugariak eta errazak antzematen: batzuetan, emakumeen eta gizonen produktuak ez daudelako apalategi berean elkarrekin; besteetan, kosta egiten delako elkarren berdinberdinak diren produktuak aurkitzea gero alderatu ahal izateko. Batzuetan alde txiki batzuk izaten dituzte diseinuan, edo ez dira herrialde berean ekoitziak egoten. Haurrentzako produktu batzuk ere berdinak dira, baina fikziozko pertsonaien irudiak aldatu egiten dira, eta gerta daiteke ekoizleari merkeagoa edo garestiagoa ateratzea horiek erabiltzeko patentea. Eta badira garestiago dauden produktu urdinak ere, batez ere modaren sailekoak.

Zaila da erabakitzea prezioan dagoen aldea noiz baldintzatzen duten beste arrazoi batzuek, kolorea edo ustezko hartzailearen generoa ez den beste arrazoi batzuek alegia. Nolanahi ere, adibide batzuetan argi ikusten da ez dagoela beste arrazoirik. Saltoki batean, adibidez, tasa arrosa ezarri zaien bi produktu aurkitu ditugu eta beste saltoki batean ez da alderik egon bien artean (Carrefourren, Phillips hortzetako eskuila elektrikoa ia 12 euro garestiagoa da bertsio arrosan, eta Media Markt-en, berriz, prezio bera eduki dute beltzak eta arrosak). Hori horrela izanik, zaila da zehaztea nork erabiltzen duen edo nola erabakitzen den prezioetan dagoen alde hori.

Apalategietan ikusitako adibide batzuk

Jostailuak eta haurrak

  • Indiarren herrixkako kanpadenda horia Miyo, beherapenarekin (lehen 29,95 €): 15 €
  • Denda arrosa printzesen apaingarriekin Miyo, beherapenarekin (lehen 59,95 €): 30 €
  • Los vengadores Marvel bizikleta 20″ Toim: 154 €
  • Bizikleta Frozen, el Reino de Hielo Disney 20″ Toim: 155 €
  • Haur Mozorroa, Eskeleto Fluoreszentea, ilunetan distira egiten duena. 7-8 urte L neurrikoa: 13,99 €
  • Neskatoen mozorroa, Eskeletoa zati gardenekin, gonarekin eta gerriko arrosarekin. 7-8 urte L neurrikoa: 16,99 €
  • Roller Skate patin urdinak Saica, beherapenarekin (lehen 54,99 €): 30,97 €
  • Roller Skate patin arrosak Saica, beherapenarekin (lehen 54,97 €): 39,99 €
  • Lerroko patin urdinak Avigo, beherapenarekin (lehen 39,99 €): 20,00 €
  • Lerroko patinak Avigo, arrosak, beherapenarekin (ez du ageri lehen zenbat balio zuen): 40,00 €
  • Biberoi urdina, Pack heldulekuduna, 240 ml Softflex Natural Sipper, Nûby markakoa: 34,98 €
  • Biberoi arrosa, Pack heldulekuduna, 240 ml Softflex Natural Sipper, Nûby markakoa: 37,92 €

Teknologia

  • Ordenagailuko sagua, urdina. Approx Usb Optical Mouse Light Blue V2: 3,18 €
  • Ordenagailuko sagua, gorria. Approx Usb Optical Mouse Red V2: 3,69 €
  • Smartwatch-Samsung Galaxy Watch, 42 mm, 1.2″, 768 MB, 4GB, Bluetooth. Kolore beltza: 289 €
  • Smartwatch-Samsung Galaxy Watch, 42 mm, 1.2″, 768 MB, 4GB, Bluetooth. Arrosa kolorekoa: 305 €

Kosmetikoak eta lurrinak

  • Tommy Hilfiger Tommy lurrina, 100 ml, beherapenarekin (lehen 40,95 €): 26,95€
  • Tommy Hilfiger Tommy lurrina, girl (neskentzat), 100 ml, beherapenarekin (lehen 40,95 €): 29,95€
  • Aire de Sevilla Eau de toilette Classic gizonentzat 150 ml (61,93€/litroa): 9,29€
  • Aire de Sevilla Eau de toilette for Woman (emakumeentzat), 150 ml (63 €/litroa): 9,45€
  • Extreme ur freskoa, gizonentzako kutxatila, Adolfo Domínguez-ena. Lurrinak 120 ml: 32,95€
  • Arrosa Zurien Ur Freskoa, kutxatilak, Adolfo Domínguez-ena. Lurrinak 120 ml: 34,95€
  • Benetton Go Far eau de toilette naturala gizonezkoentzat, espraia, 100 ml (153,50 €/litroa): 15,35€
  • Benetton Live Free eau de toilette naturala emakumeentzat, espraia, 50 ml (317 €/litroa): 15,85€
  • Bustamante Muy Mío eau de toilette naturala gizonezkoentzat, espraia, beltza, 100 ml: 6,45€
  • Bustamante Muy Mía eau de toilette naturala emakumeentzat, espraia, arrosa, 100 ml: 7,05€

Bizar labanak eta beste

  • Hortzetako eskuila Philips HX9352, beltza: 170,51€
  • Hortzetako eskuila Philips HX9362/67, arrosa: 182,20€
  • Hortzetako eskuila Oral-B Vitality 100 CrossAction, 2D, tenporizagailua, beltza: 22,99€
  • Hortzetako eskuila Oral-B Vitality 100 CrossAction 2D, tenporizagailua, arrosa: 25,99€
  • Veckia depilatzeko makinatxo baskulatzailea, erabili eta botatzekoa, 3 xafla eta E bitamina eta aloe vera dituena, poltsa urdina, 4 ale: 2,05€
  • Veckia depilatzeko makinatxoa, erabili eta botatzekoa, 3 xafla eta E bitamina eta aloe vera dituena, blister arrosa, 4 ale: 2,10€

Iturria: Guk landua, saltoki hauetan bildutako informazioarekin: Hipercor, El Corte Inglés, Carrefour Media Markt, Douglas, Toys R US, Fnac on-line eta Juguettos.