Elikagaiak eskaneatzeko aplikazioak: mugikorreko aditua ez da hain fidagarria
Elikagai ontziratuek nutrizioaren ikuspegitik nolako profila duten jakiteko aplikazioak indar handiz sartu dira merkatuan. Milioika deskarga izan dituzte hilabete gutxian eta ehunka mila produktu dituzte katalogatuta. Tresna horiek elikadura ulertzeko beste modu bat ekarri dute… edo, hobeto esan, horretan ari dira saiatzen. Alba Santaliestra Pasias doktore andreak nabarmentzen duen bezala (Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiako batzorde zientifikoko presidentea da), horien arrakastaren atzean hauxe dago: “Herritarrek elikaduraren arloan duten heziketa mugatua edo eskasa, eta horrekin batean, supermerkatuetako apalategietan dagoen eskaintza handia eta produktu osasungaitzen inguruan egiten diren marketin kanpainak, zeinak zaildu egiten duten aukerarik onena zein den erraz jakiteko modua”.
Etiketaren trikimailuak
Santaliestrak laburbiltzen duen bezala, erosi nahi dituzten elikagaiei buruzko informazioa “itzulita” ematen diete kontsumitzaileei aplikazio horiek. Baina behar al ditugu gisa horretako itzultzaileak? Etiketak ez al dira behar bezain argiak? “Nutrizio arloko informazioa argia da, baina datu osagarri batzuk izaten dituzte, eta horiek zaildu egiten duten aukera egitea, nutrizioaren ikuspegitik oso garrantzi gutxi duten alderdiak azpimarratzen dituzte eta kontsumitzaileei eragotzi egiten diete informazio garrantzitsuari arreta jartzea”, erantzun du. Arreta galarazten duten elementuen artean, osasun arloko amuak daude, itzal berezia duten hitzak (“naturala”, “artisau erakoa”, “amonarena”…), ontzietako irudi erakargarriak eta, jakina, informazio garrantzitsua emateko modua ere ez da egokiena askotan, letra txikian eta hitz teknikoekin azaltzen baita.
Adibiderik agerikoena “azukre” hitzaren ordez erabiltzen den sinonimo kopuru handia litzateke: dextrosa, fruktosa, glukosa, maltosa edo sakarosa (zaindu egin behar dira -osa bukatzen diren hitzak). Egoera nahasi horretan, aplikazioek ahalduntze tresna gisa jokatzen dute kontsumitzaileentzat. Mugikorrean klik bat egin, eta egiaz interesatzen zaien informazioa agertzen zaie begi bistan ontziek izaten dituzten irudi koloretsuen, eufemismoen, letra txikien eta osasun arloko promesen gainetik. Hau da, produktu bat osasungarria den jakiteko modua izaten dute. Horrek ere badu beste alde txarra, ordea: elikadura arloko erabakiak algoritmo baten arabera hartzea boterea besteren esku uztea dela pentsa liteke, eta are gehiago kontuan hartuta aplikazio guztiek ez dituztela produktu guztiak berdin aztertzen, eta gehienek ez dutela, gainera, modu egokian egiten. Izan ere, orrialde hauetan ikusiko dugun bezala, boladan jarri diren aplikazio nagusiek beren ezaugarri bereziak dituzte. “Zerbitzu bat ematen dute, baina inolako interes gatazkarik ez duten erakunde edo elkarte libreen bermea eduki behar lukete”, ohartarazi du Alba Santaliestrak.
Baloratzeko modu desberdinak
Aplikazio bakoitza bere aldetik doa, eta hori kontuan hartzeko alderdia da. Eta bada beste bat ere hori bezain garrantzitsua: nolako informazioa ematen duten. “Elikagai bat osasungarria den edo ez esaten duen aplikazioak %100 fidagarria izan behar du, eta gaur-gaurkoz, badakigu bakar bat ere ez dela perfektua, ez dagoelako irizpide bakar bat elikagai bat osasungarria den edo ez zehazteko”, adierazi du Alma Palau Ferrek, Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiko presidenteak. Aplikazioen erdiak baino gehiago oso eskasak dira, haren iritziz. “Aplikazio batek ez dezake ordezkatu elikadura arloko heziketa, ezta nutrizio arloko etiketak ematen duen informazioa ere, zeinak heziketa eskatzen duen interpretatzen jakiteko”. Gainera, produktuak banaka baino ez ditu baloratzen, ez erosketa bere osoan; ondorioz, menu osoak gabeziak eduki ditzake eta gerta liteke dieta ez izatea orekatua.
Manuel Moñino presidenteordea da erakunde horretan bertan, eta DietistenNutrizionisten Europako Federazioko ordezkaria (EFAD), eta haren iritziz, aplikazio berriak beste tresna bat gehiago diren arren nutrizio arloko etiketa interpretatzeko, ez dira funtsezkoak, “arriskua dagoelako gehiegi sinplifikatzeko elikagai baten nutrizio balioa”. Ideia hori ulertzeko, honako gogoeta hau egin du Moñinok: “Batzuek zigortu egiten dute elikagaiak prozesatuta egotea eta ez izatea egiazko janariak, baina dieta mediterraneoak, produktu freskoak ez ezik, prozesatuak ere asko ditu, adibidez ogia, arrain kontserbak edo lekale egosiak”. Haren ustez, aplikazio horiek erabilita, “errazagoa izan liteke elikagai osasungarriak hautatzea, batzuek nutrizio profil sendoak erabiltzen baitituzte, adibidez Nutri-Score. Baina, hala ere, kontsumitzailea harrituko duten balioak eman ditzakete, adibidez txartzat jotzen dituztelako gantza oliba oliotik datorkien elikagaiak eta azukre edo gatzik ematen ez dutenak”.
Era berean, “beste batzuk ere zigortu egiten dituzte gehigarriak dituztelako, eta horrek ez du laguntzen elikaduraren arloan hezten, zeren ezinezkoa bailitzateke produktu osasungarri batzuk modu seguruan merkaturatzea gehigarri horiek gabe”, azaldu du Moñinok. Badirudi gakoa hementxe dagoela: ongi jaten ikastea eta produktu osasungarriak geure kabuz bereizten ikastea. Ildo horretan, Alba Santaliestrari ezinbestekoa iruditzen zaio nutrizio arloko heziketan inbertsioak egitea modu globalean. “Osasunaren arloan interesa duten populazio multzoek erabiltzen dituzte tresna horiek, elikadura arloan dituzten ohiturak hobetzeko eta, oro har, beren bizi estiloa ere bai, baina beste populazio talde asko, adibidez maila sozioekonomiko apalagoa dutenak, hezi egin beharko dira erabaki egokiak har ditzaten”, arrazoitu du. “Tresna horien ahulgune bat da elikagai prozesatuak identifikatu eta sailkatzen dituztela, eta ahalegin guztiak egin behar dira herritarrak produktu freskoetara bideratzeko eta ahalik eta gutxiena prozesatuta daudenetara”. Hau da, etiketarik ez daramatenetara.
Yuka
François Benoit frantziarrak sortu zuen aplikazio hori; familia bateko aita zen, eta etiketen inguruko informazioa eskuragarri jartzeko modua bilatu nahi zuen. Oso ezaguna da Frantzian, eta 10 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu.
- Prezioa: doakoa / 15 € premium bertsioak
- Deskargak: 5 milioi baino gehiago Google Play atarian
- Erabiltzaileen batez besteko balorazioa: 4,5 / 5
- Adituen batez besteko balorazioa*: 1,5 / 5
Nola funtzionatzen du?
Elikagaiak eta kosmetikoak ebaluatzen ditu Yukak. Nutrizio arloko analisiari dagokionez, barra kodea eskaneatu ondoren, produktu bakoitza 100 punturen gainean sailkatzen du, hiru irizpide erabilita:
- Notaren %60: Nutri-Score sistemak ematen dion sailkapena.
- Notaren %30: zigortu egiten du gehigarriak agertzea, eta zenbait erakunderen txostenak erabiltzen ditu oinarri gisa horretarako: Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritza (EFSA), Osasun arloko Segurtasunaren Frantziako Agentzia (ANSES), Minbiziari buruzko Ikerketen Nazioarteko Zentroa (CIIC) eta beste ikerketa independente batzuk.
- Notaren %10: ezaugarri ontzat jotzen du produktuak Europako etiketa ekologikoa edukitzea. Zigilu horrek beti ez du bermatzen produktuak egoki bete dituela ekoizpen jasangarriaren irizpide guztiak. Produktuak azterketa gainditzen ez duenean, aplikazioak beste aukera batzuk proposatzen ditu, emaitza hobea lortu dutenak.
Finantzaketa. Konpainiak dioenez, premium bazkidetza egiten dutenek urtean ordaintzen dituzten 15 €-etatik dator eta Nutrizio Programak ematen dituen 59 €-etatik (Frantzian bakarrik eskuratu daiteke), zeinak elikadurari buruzko ezagutzak eskaintzen dituen, errezetak eta nutrizionistekin harremanetan jartzeko bideak
Adituen iritziak*
Onena. “Zenbaki bidezko balorazioa ematen du, eta erosoa izan liteke kontsumitzaileentzat, erraz interpretatzen dutelako”, adierazi du Beatriz Roblesek. “Baina hori aho biko arma da, zeren irizpideak ez badaude ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, nota horrek ezer gutxirako balioko baitu berez, baina erabiltzaileak ez ditu antzemango ñabardurak”, erantsi du.
Txarrena. “Nahiz eta notaren zati bat Nutri-Score sisteman oinarritu, ez du esaten zernolako kalifikazioa lortuko lukeen sistema horretan”, adierazi du Miguel Angel Lurueñak “Gainera, hobeto doitu beharra dago tresna, puntuzio batzuk ez baitira egokiak”, azaldu du Laura Saavedrak. Aditu guztiek nabarmendu dituzte bi ahulgune: bio produktuei balorazio positiboa ematea eta gehigarriak txartzat jotzea. “Bi alderdi horiek ez dute balio elikagaiaren nutrizio kalitateari buruzko informazioa emateko”, nabarmendu du Gemma del Cañok. “’Eko’ etiketak esan nahi du ekoizpen sistema bati buruzko legedia betetzen duela, baina horiek beti ez dira jasangarriagoak (planetako beste muturretik etor daitezke, eta karbono arrasto luzea utzi), eta ebidentziek ez diote nutrizioaren ikuspegitik hobeak direla”, ohartarazi du Roblesek, eta zera erantsi du: “Gehigarriei dagokienez (‘arrisku gabea’, ‘arrisku mugatukoa’, ‘arrisku moderatukoa’ edo ‘arrisku handikoa’, horrelaxe sailkatzen ditu), jendeak pentsa dezake gehigarri batzuk arriskutsuak direla eta saihestu egin behar ditugula, baina merkatuan erabiltzen diren guztiak dosi seguruetan erabiltzen dira, eta EFSAk ebaluatu egiten ditu. Horretaz gain, ez da gardena, ez baitu esaten zenbateko pisua ematen dion EFSAren iritziari eta zergatik egiten duen ponderazio hori zenbait ikerketa independenteren inguruan, horien kalitatea eta sendotasuna zenbatekoa den esan gabe”.
(*) G.del Caño, aditua I+G+b arloan eta elikadura arloko industriaren kalitatean; M. A. Lurueña, doktorea Elikagaien zientzian eta teknologian; B. Robles, elikagaien teknologoa; eta L. Saavedra, dietista-nutrizionista eta elikagaien teknologoa.
My Real Food
Carlos Rios-ek gidatzen du aplikazio hori; nutrizionista da bera, eta realfooding mugimenduaren gurua Instragram-en. Bizimodu osasungarri gisa definitzen du bere proposamena, eta berak ‘egiazko janaria’ deitzen duena jatera deitzen du eta ultraprozesatuetatik ihes egitera.
- Prezioa: doakoa
- Deskargak: 500.000 baino gehiago Google Play atarian
- Erabiltzaileen batez besteko balorazioa: 4,7 / 5
- Adituen batez besteko balorazioa*: 2,8 / 5
Nola funtzionatzen du?
Realfooder esaten zaienen komunitatea da aplikazio horren oinarria: “Errezeta osasungarriak proposatuz sortzen dute edukia, eta elkar motibatzen dute”, azaldu du Carlos Riosek. Gezurrak saihesteko, moderatzaileak darabiltza, eta kendu edo gezurtatu egiten dute ebidentzia zientifikoarekin bat ez datorren informazioa. Aplikazio horrek hiru multzotan sailkatzen ditu produktuak, Real Food Adierazlea kontuan hartuta: egiazko janaria, ongi prozesatua eta ultraprozesatua. Carlos Riosek berak sortu du adierazle hori, NOVA sistematik abiatuta. São Paulo-ko Unibertsitateak sortu zuen sailkapen hori, 2010ean, eta prozesatzeko moduaren arabera multzokatzen ditu elikagaiak. “Dietista-nutrizionista talde baten eta etiketen inguruko arauetan espezialistak diren abokatuen laguntzarekin, sinplifikatu egin dugu, erabiltzailearentzat errazagoa izan dadin”, erantsi du. Aplikazio horrek ere tarte bat egiten die gehigarriei: “Elikagaiek baduten edo ez duten esaten du, eta kaltegabea edo zalantzazkoa ote den ikerketa zientifikoen arabera”, azaldu du Riosek.
Finantzaketa. Oraingoz, berezko baliabideak darabiltza, baina laster premium planak izango ditu.
Adituen iritziak*
Onena. “Yukarekin alderatuta, independentzia gehiago ematen dio kontsumitzaileari, ez baitu ematen nota bakar bat, informazio sorta bat baizik (prozesatze maila, osagaiak, nutrizio arloko informazioa…)”, adierazi du Beatriz Roblesek. “Egokia da ohartarazpenak egiteko darabilen irizpidea, osagai bat kopuru handietan duenean nabarmendu egiten baitu (‘alto en…’), Txilen ontzien aurrealdean darabilten etiketa sistemari jarraituz, zeina irizpide objektiboa baita·, dio Gemma del Chilek. “Gainera, prozesatze maila alderdi garrantzitsua da produktu bat hautatu edo baztertzeko orduan”, adierazi du Saavedrak.
Txarrena. Sailkapen sistema, Miguel Angel Lurueñaren iritziz, “erraz interpretatzeko modukoa da, baina sinplistegia”. Eta zera gehitu du: “Sinplifikatzen hasita, hobe litzateke osasungarriak eta osasungaitzak bereiztea”. Beatriz Roblesen iritziz, “NOVA sistema publikoa eta objektiboa da, ez du tarterik uzten interpretatzeko eta irizpide ona izan liteke”. Baina aplikazioaren letra txikiak hau esaten du: “NOVA sistemaren ikerketa zientifiko berriak egokitu egiten ditu eta horietan oinarritzen da”. Roblesen ustez, “egokitze horrek faktore subjektibo ezezagun bat txertatzen du, eta ebaluazio metodoa publiko egin gabe, galdu egiten du inpartzialtasuna”. Eta, Yukan bezala, gehigarrien gaiak ere eragin dizkio kritikak. “Gehigarri batzuk ‘eztabaidagarritzat’ jotzen ditu, eta zalantzan jartzen du horien segurtasuna; horrek deskonfiantza eta funtsik gabeko beldurrak sor ditzake (kimiofobia)”, argitu du Lurueñak. Gainera, Roblesek oroitarazten duen bezala, “EFSAren iritzietan eta ikerketa independenteetan oinarritzen dela esaten du, baina ez du zehazten zein ikerketa diren horiek. “Ebidentzia zientifiko sendoagoa behar du teoria hori babesteko”, azpimarratu du Laura Saavedrak.
Open Food Facts
2012. urtean, Stéphane Gigandet frantziar programatzaileak ‘Elikagaien Wikipedia’ hau sortu zuen: lankidetzan landutako datu base bat, boluntarioek editatzen eta finantzatzen dutena, eta 800.000 elikagai baino gehiago biltzen ditu. Proiektu horren bertsio sinplifikatua da aplikazioa.
- Prezioa: doakoa
- Deskargak: 500.000 deskarga baino gehiago Google Play atarian
- Erabiltzaileen batez besteko balorazioa: 3,9 / 5
- Adituen batez besteko balorazioa*: 2,6 / 5
Nola funtzionatzen du?
Nutri-Score sistema erabiliz egiten ditu balorazioak: bost letra eta kolore darabiltzan eskala bat da, eta elikagaien nutrizio kalitatearen berri ematen du. Kolore berdea (A letra) daramate produkturik osasungarrienek, eta laranja iluna (E) kaskarrenek. Horrekin batean, produktuaren nutrizio mailari buruzko informazioa ematen du, 100 gramo bakoitzeko, atal hauetan: gantza, gantz saturatua, azukreak eta gatza. Aurreko biek bezala, Open Food Factsek ere ematen du gehigarriei buruzko informazioa. Tresna honek lotura bat txertatzen dio gehigarri bakoitzari, eta Ameriketako Estatu Batzuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA) eta EFSAK egin duten sailkapenera bidaltzen du. Produktuaren arrasto ekologikoari ere eskaintzen dio atal bat, eta esan egiten du nolako materialak darabiltzan eta nondik datozen, eta elikagaia non egina den ere bai. Produktu batzuetan informazio gehiago ere ageri da: markak, alergenoak, etiketak (‘bio’, glutenik gabea, beganoak…).
Finantzaketa: irabazteko asmorik gabekoa dela esaten du, eta boluntarioen ekarpenekin finantzatzen da.
Adituen iritziak*
Onena. “Gauzarik onena da irizpide objektibo bat darabilela, argitaratua eta erakunde ofizial batena (Frantziako Osasun Publikoarena, Santé Publique France): edozein kontsumitzailek Nutri-Score irizpideak hartu eta produktu baten balorazioa kalkulatzen hasten bada, balorazio bakar bat lortuko du, interpretatu ez daitekeena, eta aplikazioak ere horixe bera ematen du”, ziurtatu du Beatriz Roblesek. Denek diote, gainera, aplikazio erabilgarria dela multzo bereko produktuak erosteko. “Eta datuak irekiak dira, eta, ondorioz, erraz zuzendu daitezke”, erantsi du Del Cañok. “Mundu mailako datu base oso zabala dauka produktuen inguruan”, onartu du Saavedrak. Beatriz Roblesek aplikazio hau gomendatzen die “nutrizio arloko ezagutza ertaina duten kontsumitzaileei, Nutri-Score sistema ezagutzen dutenei”. Eta Miguel Angel Lurueñak dio “multzo bereko produktuak alderatzeko bakarrik” erabili behar litzatekeela.
Txarrena. Nutri-Score-ren kalkulua du ahulguneetako bat. “Lankidetzan egindako aplikazioa izaki, balorazio batzuk ez daude ongi kalkulatuta”, baieztatu du Roblesek. “Gainera, NutriScore sistema nahasgarria izan daiteke produktu batzuetan. Adibidez, fruitu lehorretan edo oliba olioan (osasungarriak dira, baina aplikazio honen sailkapenarekin, pentsa liteke osasungaitzak direla), edo azukre gabeko freskagarrietan, zeinak ez daitezkeen jo osasungarritzat, baina puntuazio ona lortuko luketen”, zehaztu du Lurueñak. Iritzi berekoa da Del Caño: “Gustatuko litzaidake informazio gehiago ematea. Nutri-Score lagungarria da multzo bereko produktuak alderatzeko, baina ez bakoitza nolako den ikusteko. Adibidez, kalifikazio bera ematen die Coca-Cola Zero bati eta Actimel bati”.
El CoCo
Kontsumitzaile Kontzientea mugimenduaren aplikazioak bi aholkulari darabiltza, Maira Bes-Rastrollo, Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko katedraduna, eta Juan Revenga dietista-nutrizionista. Urtarril honen bukaeran, balorazio sistema berri bat erabiltzen hasiko da aplikazio hau.
- Prezioa: doakoa
- Deskargak: 100.000 baino gehiago Google Play atarian
- Erabiltzaileen batez besteko balorazioa: 4,5 / 5
- Adituen batez besteko balorazioa*: 4,1 / 5
Nola funtzionatzen du?
Aplikazioak bere puntuazioa ematen du, 0tik 10era, ereduzko hiru iturri zientifiko erabilita:
- OMEren 17 multzoen sailkapena, 2015ekoa.
- NOVA sistema, zeinak ebaluatu egiten duen prozesatze maila: prozesatu gabeak (NOVA 1), kozinatzeko osagaiak (NOVA 2), aurreko multzoetako 2-3 osagaiekin prestatu diren elikagaiak (NOVA 3) eta ultraprozesatuak (NOVA 4).
- Txilen darabiltzaten ohartarazpen zigiluak. Algoritmoak, lehenik eta behin, lehen bi irizpideak ezartzen ditu, eta emaitzan konbinazio bat baino gehiago ager daiteke:
- OME Bai, NOVA 1 edo 3: 10 puntu.
- OME Bai, NOVA 4: 6 puntu.
- OME Ez, NOVA 1 edo 3: 5 puntu
- OME Ez, NOVA 4: 4 puntu.
Ondoren, Txileko ohartarazpen sistema ezartzen da, eta puntu bat kenduko zaio azukre, gatz, energia eta gantz asko ematen duenean. Horrela lortzen da 0tik 10erako nota. Juan Revenga nutrizionistak nabarmendu duenez, “erabiltzaileekin gardenak izatea da helburu nagusietako bat, eta zernolako iturriak erabili diren esatea”.
Gehigarriei buruzko datuak ere emango ditu. “Ez du zalantzarik txikiena ere sortuko gehigarrien segurtasunaren inguruan: EFSAk onespena eman badio, segurutzat joko da”, azaldu du Revengak. Baina iritzi pertsonal bat ere eskainiko du gehigarri bakoitzaren inguruan, eta bereizi egingo du zein diren teknologikoak (elikagaia ez trinkotzeko, herdoilaren aurka egiteko, karga agenteak…) eta zein kosmetikoak, hau da, produktuaren ezaugarri organoleptikoak eta sentsorialak mozorrotzeko erabiltzen direnak (koloragarriak, eztitzaileak, zapore emaileak, lodigarriak…).
Finantzaketa. Berezko baliabideekin finantzatzen da aplikazioa, eta laster premium harpidetzak eskainiko ditu
Adituen iritziak*
Onena. Aditu guztien ustez, hauxe da sistemarik osatuena. “Hiru irizpide objektibo darabiltza, interpretatu ez daitezkeenak, eta konbinatu egiten ditu, hiruretako bakoitzak eduki ditzakeen gabeziak orekatzeko”, adierazi du Beatriz Roblesek. Nutrizionista horren gomendioa da, deskargatuz gero, elikagai bakoitzaren balorazioa ikusteko ez ezik, antzeko produktuak alderatzeko ere erabiltzea, ustekabeko bat baino gehiago har daiteke eta: itxuraz antzekoak diren moldeko bi ogik, adibidez, oso kalifikazio desberdina eduki dezakete. “Egiaz da baliagarria hobeto aukeratzeko”, azaldu du.
Txarrena. Gehigarriei begira jarri dira, berriz ere, adituak. “Ahulgunea da gehigarriei atal bat eskaintzea balorazio ‘pertsonal’ batekin (subjektibotasuna), baina egiteko moduak txikitu egiten ditu nire erresistentziak”, aztertu du Roblesek. Laura Saavedrak laburbildu egin du denen iritzia: “Ez aplikazio honek eta ez aurrekoek ere ordezkatu dezakete osasun arloko profesional baten aholku pertsonalizatua”.
Gizentasunetik gaixotasunera
Elikaduraren inguruko informazioa da osasun arloko prebentzio tresna nagusietakoa. Baina janaria obsesio ere bihur daiteke, eta hortik nahasmenduak ager daitezke; Fita Fundazioak berriki egin duen txosten baten arabera, Espainiako Estatuan horixe gertatzen zaie 400.000 herritarri. Komunikabideetan ortorexia aipatzen da sarri, modu osasungarrian jateko obsesioa alegia. Adelaida Trias psikologoa da Elikadura arloko Nahasmenduen Institutuan (ITA), eta argibide hau eman du: “Patologia hori oraindik ez da agertzen Ameriketako Psikiatria Elkartearen eskuliburuan, Buruko Nahasmenduen Diagnostikoa eta Estatistika biltzen duenean (DSM-5), eta kontsultan ere ez dugu ikusten”. Deborah Garcia Bello zientzialari eta dibulgatzaileak, berriz, ohartarazi du ondorio kaltegarriak ekar ditzakeela elikadura osasungarria nortasun pertsonal eta sozial gisa ulertzeak, kanpoko onespena bilatzera eraman gaitzakeelako, adibidez atsegin dut esan diezagutela sare sozialetan, lagunek eta familiakoek zoriondu gaitzatela edo desadostasuna adierazi. Trias ados dago: “Kaltegarria izan daiteke kanpoko onespenaren mende bizi den pertsonentzat edo irudiarekin oso kezkatuta daudenentzat”. Era horretako nahasmenduen jatorriak, dena den, kausa bat baino gehiago izaten du. Psikologoak ezaugarri batzuk aipatu ditu, nahasmendurako joera eragin dezaketenak: segurtasun falta, frustrazioa onartzeko gaitasun urria, pentsamendu zirkularrak, hiperaktibitatea, harremanetarako zailtasunak, eta baita elikadura arloko murrizketak ere, goitika nahita egiteko joera edo heste aringarriak erabiltzekoa, alkoholarekin eta beste substantzia batzuekin gehiegikeriak egitea eta, batzuetan, nork bere burua zuritzea.
Gustu eta dieta guztietarako
Eskanerra darabilten tresnen unibertsoan, badira informazio espezifikoa ematen dutenak ere. Gisa horretakoa da, esaterako, Sinazucar.org delakoaren aplikazioa; web-aren luzapen bat da, eta datu basean dituen produktuetako baten barra kodea irakurtzen duenean, zenbat azukre duen esaten du, azukre koskorrekin irudikatuta. Alimenthia delakoak, berriz, elikadura arloko intolerantziak ditu ardatz (Jùlia Farré nutrizionista aritzen da aholkulari gisa). Algoritmoak aukera ematen du 17 osagai eta elikagai hautatzeko alergiei eta ondoezei lotuta (esnekiak, glutena, itsaskiak, fruitu lehorrak tartean) eta bost dieta eredu ere bai, beganoentzat, obolaktobegetarianoentzat edo sorbitol, fruktosa edo Fodmaps gutxiko dietak (azken horiek kate motzeko karbohidratoak dira, pertsona askori digestio arazoak sortzen dizkiotenak).
La informació sobre alimentació s’ha erigit en una de les principals eines de prevenció de salut. Però el menjar també pot esdevenir una obsessió que derivi en un trastorn, una realitat per a 400.000 espanyols, segons un informe recent de la Fundació Fita. Els mitjans parlen amb freqüència de l’ortorèxia, un trastorn caracteritzat per l’obsessió per menjar sa. Adelaida Trias, psicòloga a l’Institut de Trastorns de l’Alimentació (ITA), explica: “Aquesta patologia encara no apareix al Manual Diagnòstic i Estadístic dels Trastorns Mentals de l’Associació Americana de Psiquiatria (DSM-5), ni el veiem en consulta”. D’altra banda, la científica i divulgadora Deborah García Bello adverteix sobre les implicacions d’entendre l’alimentació sana com a identitat personal i social, caient en la cerca de l’aprovació externa per les decisions alimentàries –com ara likes en xarxes socials, felicitacions o comentaris de desaprovació d’amics o familiars–. Trias hi coincideix: “Pot ser nociu en persones especialment vulnerables a l’aprovació externa o molt preocupades per la imatge”. De tota manera, l’origen d’aquesta mena de trastorns és sempre multicausal. La psicòloga esmenta alguns trets indicatius o que predisposen al trastorn, com són la inseguretat, la baixa tolerància a la frustració, els pensaments circulars, la hiperactivitat, les dificultats relacionals, a més de les restriccions alimentàries, les purgues amb vòmits o l’ús de laxants i fins i tot l’abús d’alcohol i altres substàncies i, de vegades, autolesions.
Per a tots els gustos i dietes
A l’univers de les eines d’escanejat també n’hi ha d’altres que estan centrades en una informació específica. És el cas de l’aplicació Sinazucar.org, una extensió de la web que, després de llegir el codi de barres d’un producte de la seva base de dades, indica el contingut de sucre, representat en terrossos. Les intoleràncies alimentàries són un dels eixos d’Alimenthia, una aplicació que compta amb l’assessorament de la nutricionista Júlia Farré. L’algorisme permet seleccionar fins a 17 ingredients i aliments relacionats amb al·lèrgies i malestars –com ara lactis, glútens, mariscos o fruites seques– i cinc patrons dietètics diferents per a vegans, ovolactovegetarians o dietes baixes en sorbitol, fructosa o Fodmaps (els anomenats carbohidrats de cadena curta, causants de problemes digestius en moltes persones).