Madalenak

Madalenak. Lau osagai eta zenbait gehigarri

Irina, olioa, azukrea eta arrautza: osagai gutxi eta beti-betiko errezeta. Baina soiltasun horren atzean, produktu horien nutrizio profila ez da oso onuragarria eta batzuek, gainera, espero izan litekeen baino gatz gehiago dute.
1 maiatza de 2026

Madalenak. Lau osagai eta zenbait gehigarri

Gaur egun gero eta eskaintza handiagoa dago opiletan, baina produktu batzuek jarraitu egiten dute leku aipagarria izaten, tartean madalenek. Hainbeste aukera izanik, aukeratzea ez da beti erraza, batez ere osagaien zerrenda luzea denean eta termino arrotz samarrak agertzen direnean, adibidez xantana goma eta difosfatoak. Madalena komertzialen oinarria, dena den, beti bezain sinplea da: irina, azukrea, olioa eta arrautza.

Ezinbesteko laurak

Produktu bakoitzak bere formulazioa du, baina proportzioak nahiko antzekoak dira: irina %30, azukrea %25, olioa %25 eta arrautza %15. Gari irin findua da osagai nagusia aztertu ditugun ia madalena guztietan, Dulcesol Vicky delakoan izan ezik, non azukrea den ugariena. Irina funtsezko osagaia da, zehaztu egiten duelako produktuaren egitura eta testura.

Azukrea bigarren lekuan ageri da osagaien zerrendan, nahiz eta Dulcesol eta Eroski etxekoetan hirugarren lekuan ageri den, eta Dulcesol Vicky izenekoan osagai nagusi gisa. Azukre zuri findua darabilte guztiek. La Granja etxekoak zehaztu egiten du kanabera azukrea duela, eta horrek nahasmena eragin dezake, ez baitu esan nahi azukre beltza denik nahitaez; izan daiteke kanaberatik lortzen den azukre konbentzionala.

Olioa hirugarren lekuan ageri da gehienetan, salbu eta Dulcesol eta Eroski etxeetako madalenetan, non bigarren lekuan dagoen, eta Luna eta Antonio Anaut etxekoetan laugarren lekuan ageri da. Ekilore olioa darabilte guztiek, zaporerik ez duelako eransten, erraztu egiten duelako nahasketa eta testura harroagoa ematen duelako eta hobea delako kontserbatzeko. Dulcesol eta Eroski madalenek soja olioa ere badute; gantz azidoen profila ez da ekilore olioak dituenen berdina, eta biak konbinatuta, doitu egin daiteke mamiaren testura (samurragoa edo egonkorragoa). Arrazoi ekonomikoak ere egon litezke horren atzean, sojarena normalean merkeagoa izaten baita ekilorearena baino.

Azkenik, arrautza produktu guztietan erabiltzen dute eta funtsezko funtzioak betetzen ditu: egitura ematen du, harrotasuna, kolorea eta zaporea, eta emultsionatzaile gisa ere jokatzen du. Modu batean baino gehiagotan erabiltzen da: freskoa, likidoa (La Bella Easo) edo hauts pasteurizatu eran (Luna), eta horrek erraztu egiten du kontserbazioa eta maneiua. Dulcesol Vicky eta Eroski Basic madalenek arrautza zuringoa ere erabiltzen dute harrotasuna emateko gorringoaren gantza erantsi gabe, horrek madalena trinkoagoa eta pisutsuagoa egingo luke eta. Hiru produktuk ez dute adierazten zenbat arrautza darabilten (ez da nahitaezkoa ontzian nabarmendu ezean): La Granja, Luna eta Antonio Anaut. Portzentajea aipatzen duten produktuak, berriz, %14tik (La Bella Easo) %19ra dabiltza (Eroski klasikoak). Horrek eragina du testuran: zenbat eta arrautza gehiago, orduan eta bolumen eta hezetasun handiagoa.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, zortzi markatako madalenak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren enpresetakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute kaloriek, gantz saturatuek, azukreek eta gatzak.
  • Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, eta batez ere zenbat arrautza duten eta zer-nolako olioa darabilten ikusteko.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2026ko martxoan bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Beste osagai batzuk

Oinarrizko osagaiez gain, madalena komertzialek beste konposatu batzuk ere izaten dituzte funtzio teknologikoak betetzeko. Glukosa jarabera eta fruktosa ageri dira, adibidez, La Granja, Dulcesol Vicky, Luna eta Eroski klasikoak madalenetan. Gozotasuna ematen dute, baina funtzio nagusia ura atxikitzea da, horrek lagundu egiten du-eta testura samurrari eta hezetasunari luzaroago eusten. Azukre alderantzikatuak ere antzeko funtzioa betetzen du –glukosaren eta fruktosaren nahasketa da– Antonio Anaut etxekoetan.

Aztertu ditugun madalena gehienek, Luna eta Antonio Anaut etxeetakoek izan ezik, hezetzaileak ere badarabiltzate, besteak beste glizerina eta sorbitola. Osagai horiek harrapatu eta atxiki egiten dute ura, eta horri esker, produktua ez da lehortzen eta atzeratu egiten da zahartzeko prozesua.

Azkenik, ohikoa da gasifikatzaileak aurkitzea ere, harrotasuna emateko osagaiak. Gehienean azido bat eta sodio bikarbonatoa nahasten dituzte, zeinak karbono dioxidoa askatzen duten labeko beroarekin erreakzionatzean. Gas hori harrapatuta gelditzen da orean, eta madalena igo edo harrotu egiten da. Funtsean, etxean legamia kimikoarekin lortzen den eragin bera izaten du.

Gatz gehiegi batzuetan

Harrigarria izan liteke gatza aurkitzea produktu gozo batean, baina ohiko osagaia da madalenetan. Horren erakusgarri, aztertu ditugun ia produktu guztietan ageri da, La Bella Easo eta La Granjan izan ezik. Helburua ez da testura hobetzea bakarrik, gozotasuna orekatzeko eta zaporea indartzeko ere erabiltzen da. Batzuetan, gainera, kopuru handian ageri da. Elikagai batek gatz gehiegi duela esaten %1,25 baino gehiago duenean, eta produktu batek gainditu egiten du zifra hori (Dulcesol Vicky) eta bi oso hurbil dabiltza (Antonio Anautek %1,2 dauka eta Eroski klasikoek %1). Gainerakoak %0,6 eta %08 artean dabiltza.

Produktu batek gatzik ez eduki arren ere osagai gisa, gerta liteke beste osagai batzuek emandako sodioa edukitzea. Hori gertatzen da gasifikatzaile batzuekin, adibidez sodio bikarbonatoarekin eta disodio difosfatoarekin. Horrexegatik, La Granja etxeko madalenek, gatzik ez eduki arren ere osagaien zerrendan, sodio asko samar daukate (%0,81).

Betiko zalantza

Madalenen nutrizio profila ez da bereziki interesgarria: irin finduekin eginak egoten dira eta ugari izaten dituzte gantzak, azukreak eta, batzuetan, gatza ere bai. Jan ere ez ditugu egiten nutrizioaren ikuspegitik dakarten onuragatik, ematen diguten plazeragatik baizik. Horregatik, aukeratzeko garaian, zentzumenek agintzen dute: zaporeak, testurak eta hezetasunak. Ildo horretan, gehien gustatzen zaiguna izango da aukerarik onena. Dena den, beti izango da hobea besteek baino azukre, gantz eta gatz gutxiago dutenak hautatzea.

Nolanahi ere, garrantzitsuena ez da produktua bera, kontsumo maiztasuna baizik: noizbehinka jateko utzi behar genituzke.

Beste mantenugaiak

Gatzaz gain, madalena hauek azukre eta gantz asko samar ere badute, eta proteinak ere bai, baina ez hain kopuru handian. Azukreei dagokienez, batez beste %25-26 daukate (halaxe gertatzen da Dulcesol eta Eroskirekin). Zifra horien gainetik dabiltza Antonio Anaut (%28,3), La Granja (%28) eta La Bella Easo (%27), eta hortik behera Luna (%16,2).

Gantzak ere kopuru handian ageri dira. Dulcesol Vicky eta Eroski klasikoak daude guztien gainetik, %27rekin, eta Antonio Anaut (%20) eta Luna (%17,8) daude beste muturrean. Gainerakoak tartean gelditzen dira, %22 eta %24 artean. Proteinetan txikiagoak dira aldeak: gehienak %5 eta %5,5 inguruan dabiltza. Lunak dauka kopuru txikiena (%4,2), nahiz eta jogurta eduki, eta La Granja dago denen gainetik (%7,9), segur aski esne hautsa duelako.

Kaloriak eta Nutri-Score

Energia ere dezente ematen dute madalena hauek. Gehienak 442 eta 458 lcal artean dabiltza 100 gramo bakoitzeko. Antonio Anaut (418 kcal) eta Luna (400 kcal) bakarrik daude zifra horien azpitik, gantz eta azukre gutxiago dutelako hain zuzen. Testuinguruan jartzeko, bolognar eran prestaturiko espageti platerkada batek ematen duten adina energia emango lukete bi madalenak (100 g).

Eta horrexegatik lortzen dute hain emaitza eskasa Nutri-Score sisteman. Gehienek D letra ageri dute, eta are okerrago dabiltza La Granja, Dulcesol Vicky eta Antonio Anaut, hirurak E letrarekin. Horiek, izan ere, kopuru handian dituzte azukreak, gantzak (saturatuak barne) eta gatza, eta ia ez dute ematen mantenugai interesgarririk.

Erosteko gomendioak
  1. Errezeta sinplea. Etxeko madalenen antzeko zerbait bilatzen baduzu, eman lehentasuna oinarrizko lau osagai hauek dituztenei: irina, ekilore olioa, azukrea eta arrautza.
  2. Azukreak. Gehienak %25 eta %28 artean dabiltza, eta hori asko da. Zenbat eta txikiagoa izan kopurua, hainbat hobeto, nahiz eta gutxi dutenak ere ez diren jan behar neurririk gabe.
  3. Gantzak. Gutxi izatea (%17) onuragarria da nutrizio profila hobetzeko, baina eragina izaten du hezetasunean. Asko izanez gero (%27), handitu egiten da kaloria kopurua. Tarteko balioak dituztenak hautatzea da gomendagarriena, %22 eta %24 artean dabiltzanak.
  4. Gatza. Produktu gozoa den arren, gatz dezente eduki dezake, bai erantsi egiten diotelako eta bai gasifikatzaileek sodioa izaten dutelako. Komeni da ez izatea %1 baino gehiago.
  5. Prezioa. Garestienak ia lau aldiz garestiagoak dira. Prezioa alderatzean 100 gramo bakoitzeko egin behar da.

Kalitate-prezioak

Prezioari begiratuta ere alde handiak ageri dira (100 gramoren eredua hartu dugu). Antonio Anaut etxekoak dira garestienak (0,94 euro), eta merkeenek halako lau balio dute ia (0,36 euro). Ez dago argi desberdintasun horiek nondik datozen, baina eragina izan lezake agian olio motak: garestienek ekilore olioa bakarrik darabilte, eta besteek soja olioarekin konbinatzen dute (Lunak izan ezik). Kalitate-prezioak kontuan hartuta, Eroski Basic litzateke gomendagarriena.

Ondorioak

Nutrizioaren ikuspegitik, madalenen profila ez da batere interesgarria: ugari dituzte azukreak eta gantzak, eta horrek kaloria dezente izatea dakar. Batzuetan, gainera, gatza ere dezente izaten dute, batzuek sodio kloruroa darabiltelako zaporea indartzeko eta besteek gasifikatzaileak darabiltzatelako, adibidez sodio bikarbonatoa. Horrexegatik, noizbehinka jateko utzi behar dira.

Nahiz eta madalena gehienek antzeko errezeta darabilten, lau osagaitan oinarrituta (irina, azukrea, olioa eta arrautza), badira aipatzeko moduko desberdintasunak ere:

  • Luna etxekoek azukre, gantz eta kaloria gutxiago dute besteek baino.
  • Dulcesol Vicky eta Eroski klasikoak dira gantz gehien dutenak.
  • Antonio Anaut, La Granja eta La Bella Easo dira garestienak, eta ez dago oso argi nondik sortzen den desberdintasun hori prezioan.

Zein irizpideri ematen diogun lehentasuna, horren arabera aukeratuko dugu. Formula sinplea nahi badugu, aukera ona izan daiteke La Bella Easo. Nutrizio profila lehenesten badugu, Luna da aukerarik interesgarriena.

Alderdi guztiak kontuan hartuz gero, kalitate-prezioak ere bai, Eroski Basic izango litzateke aukerarik interesgarriena.