Kapsulak. Non botatzen dira?

Dosi bakarreko kafea hartzeko joera izugarri hedatu da mundu osoan, oso erraz prestatzen delako batez ere. Espainiako Estatuan, ia 3 milioi kontsumitu zituzten iaz, baina hondakinak kudeatzeak arazoak sortzen ditu: birziklatu al daitezke?
1 azaroa de 2024

Kapsulak. Non botatzen dira?

Kafea ohiko elementua da gure egunerokoan. Egunero 65,5 milioi katilu edaten dira, hau da, pertsona bakoitzak batez beste 3,81 kilogramo kafe hartzen ditu urtearen buruan, Kafearen Espainiako Elkartearen arabera (AECafé). Baina azken urteotako aldaketa handienetako bat kapsuletako kafearen gorakada izan da. Formatu horretan edaten da kafe guztiaren %20 Espainiako Estatuko etxeetan, eta zeharo aldatu ditu kontsumo ohiturak. “Gaur egun, bost katilutatik bat kapsula batetik dator, eta horrek erakusten du formatu hori nola sendotu den”, azaldu du Montserrat Prieto Kafearen Espainiako Elkarteko idazkariak. Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera (INE), iaz ia hiru milioi kapsula kontsumitu ziren herrialde horretan. Pandemiaren ostean jo zuen goia produktu horrek: ia 3,3 milioi unitate erabili ziren. Pandemiaren ostean, urtean 41 dosi inguru hartzetik 61 baino gehiago kontsumitzera igaro dira herritarrak Espainiako Estatuan.

Arazo bat sortu diogu naturari.

Kapsulek sekulako arrakasta izan dute merkatuan, hein handi batean oso erosoak direlako. Paketetik atera, makinan jarri eta, segundo batzuen buruan, edaria prest egoten da. Nork esan ezetz halako erraztasunari? Prozesu hori kafea prestatzeko modu tradizionalak baino askoz errazagoa eta azkarragoa da. Litekeena da, ordea, kapsula horiek ingurumenean sortzen duten eragina kontuan hartu ez izana; gai hori, izan ere, gori-gori dago azken urteotan. Sortzen duten hondakin kopuru handiak eta birziklatzearen konplexutasunak gero eta kezka handiagoak eragin dituzte kontsumitzaileen eta jasangarritasunaren arloko adituen artean.

Tradizionalki aluminioz edo plastikoz egiten dituzte, eta ontzi txiki horiek birziklatzea ez da nolanahiko erronka. Prozesua ez da erraza: kanpoko materialaz gain, bereizi beharreko kafe hondarrak izaten dituzte kapsulek, eta horrek zaildu egiten du kudeaketa. “Aluminioa eta plastikoa birziklagarriak diren arren, azpiegitura egokirik ez dagoenez eta hondakinen gaineko kontrolik ez dagoenez, horietako askok zabortegietan edo erraustegietan amaitzen dute”, dio Julio Bareak, Greenpeacek hondakinen kanpainarako duen arduradunak.

Egoera horren aurrean, aukera jasangarriagoen bila hasi da industria. Fabrikatzaile edo marka batzuek kapsula konpostagarri edo biodegradagarrien aldeko apustua egin dute; bioplastikoz edo landare zuntzez eginak daude, eta gai dira baldintza espezifikoetan deskonposatzeko, eta horrek murriztu egin dezake ingurumenari egiten zaion kaltea. Hala eta guztiz ere, industriak eta produktu horien ekoizpenean parte hartzen duten eragileek –jatorrizko bertsioan zein bertsio jasangarrian– ez dakite konpostatze edo birzikla tze instalazio batera zenbat produktu iristen den saldutako guztitik.

Kapsulen hondakinak
  • 10 etxetatik 7k daukate kapsulazko kafe makina.
  • Espainiako Estatuan urtean 40.000 tona kapsula kontsumitzen dira.
  • Urtean 7.000 milioi botatzen dira, 13.500 minutuan.
  • Biodegradatzeko, 100 eta 500 urte artean behar dituzte.
Iturria: Intermón Oxfam.

Nola arautzen dira hondakinak.

Kafe kapsulek eta dosi bakarrekoek ingurumenean eragiten duten kalteak gero eta kezka handiagoa sortzen du, eta eztabaida bizia piztu da jasangarritasunaren eta erregulazioaren arloetan adituak direnen artean. Aloia Lopez Ferro abokatu gisa aritzen da Terraqui elkartean (adituak dira ingurumen zuzenbidean), eta arazo horren alderdi erabakigarri bat azpimarratu du: “Kafe kapsulak ez dira ontzitzat hartzen”. “Kapsulak aluminiozkoak edo plastikozkoak dira gehienak, eta produktu berezi samarrak dira: ez daitezke edukitik bereizi, kafetik alegia, eta horregatik, ez dira ontzitzat hartzen. Beraz, ezin dira edukiontzi horira joan”, erantsi du Cristina Muñoz Ecoembe-seko Komunikazio Korporatiboko koordinatzaileak.

Egiaz, kapsulak hondakintzat hartzen dira eta apirilaren 8ko 7/2022 Legeak agintzen du horien gain, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzkoak.  Ontziei buruzko araudian ez bezala, lege horrek aukera gisa uzten du -ez du ezartzen betebehar gisa- ekoizlearen erantzukizun zabalduaren pean jartzeko dosi bakarreko kafe kapsulen kudeaketa, hau da, enpresek ardura har dezatela sortzen dituzten materialak bildu, birziklatu eta ezabatzeko, ekonomia zirkularra sustatuz. “Egoera horretan, kapsulen enpresa asko borondatezko ekimen gehiago jartzen ari dira hondakin bihurtu ondoren kudeatzeko”, esan du Miguel Varelak, Teimas enpresako CEOak (aditua da hondakinen kudeaketan).

Bizitza berria dakarten ekimenak.

Kapsuletan datorren kafeak gero eta ospe handiagoa duenez, ekimen berriak sortu dira produktu horrek ingurumenean duen eragina murrizteko. Circularcaps da horietako bat, 2021ean Kafearen Espainiako Elkartearen (AECafé) babespean sortu zen proiektua. Irabazi asmorik gabeko erakunde horrek 25 kafegile biltzen ditu, plastikozko eta aluminiozko kapsulak birziklatzeko irtenbide jasangarri bat eskaintzeko helburuarekin. Alberto Vega da Circularcaps-eko presidentea, eta azaldu duenez, kafe kapsulak kudeatzeko irtenbide jasangarri eta zirkularra eskaintzeko sortu zen ekimena. 2010ean Nespresso eta Nescafé Dolce Gusto markek ezarritako birziklatze sistemetan oinarrituta, Circularcaps-ek 7.000 bilketa gune baino gehiago ditu, eta 42 milioi pertsona ingururi egiten die mesede Espainiako Estatu osoan.

Bilketa gune horietako asko banaketa kate handien supermerkatuetan daude, Circularcaps eta marka horien arteko lankidetza akordioei esker, eta horien artean dago EROSKI. Euskal kooperatiba aitzindaria izan zen, eta 2018an bere sare komertzialean edukiontzi espezifiko horiek instalatu zituen lehen banatzaile handia izan zen. Euskal Herriko eta Balearretako dendetan ekin zion zerbitzu hori eskaintzeari esperientzia piloto gisa. 2019tik aurrera zabaldu zuen pixkanaka gainerako sare komertzialera. Ordutik gaurdaino, 400 tona kafe kapsula baino gehiago bildu ditu. “Lankidetza horrekin, irmo mantentzen dugu jasangarritasunaren alde dugun konpromisoa, eta une orotan bermatzen dugu kafe kapsulen hondakinak egoki biltzen direla, gaika sailkatuta. Horrek bide emango digu aurrerantzean ere kafe kapsulek dituzten lehengaien %100 berreskuratzeko, eta gainera, bezeroei erraztasunak emango dizkiegu beren kontsumoak ingurumenean duen eragina murrizteko”, adierazi du Cristina Rodriguezek, EROSKIko Jasangarritasun arduradunak.

Ingurumenari loturiko erronka.

Kapsulak aluminiozkoak edo plastikozkoak izan daitezke, eta erronka nabarmena sor-
tzen dute ingurumenaren ikuspegitik, zaila baita birziklatzea. Vegaren esanetan, dena den, kapsula guztiak birziklatu daitezke, materiala edozein dela ere. “Prozesu horrek bigarren bizitza bermatzen die materialei, bai plastikoari, bai aluminioari eta bai kafe hondarrei”, dio. Sistemak hondarrak bereizi egiten ditu nekazaritzako ongarri gisa erabiltzeko, eta kapsulak, berriz, osaeraren arabera tratatzen dira: aluminioa urtu egiten da produktu berriak egiteko, eta plastikoarekin loreontziak edo hiri altzariak sortzen dira.

EROSKIren kasu zehatzean, alderantzizko logistika prozesu baten bidez lortzen da hori: supermerkatu jakin horretara produktuak ekartzen dituen kamioi berean sartzen dira denda bakoitzean bildutako kapsulak, eta, horrela, are gehiago murrizten da prozesu horren karbono aztarna. Ondoren, materiala logistikako instalazio batera eramaten da, eta han biltegiratzen da, ondoren tratatzeko.

Circularcaps proiektuari aitortza egin dio Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, Ekonomia Zirkularreko Jardunbide Egokien III. Katalogoan sartuta. Ekimenak NBEren Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) ere babesten ditu, bereziki kontsumo arduratsua sustatzen duelako eta jasangarritasuna hobetzeko aliantzak sortzen dituelako. Arau esparruari dagokionez, ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legeak jasotzen du birziklatze sistema kolektiboen borondatezko antolaketa kafe kapsuletarako. Circularcaps aitzindaria izan zen arlo horretan. “Legea baino urtebete lehenago sortu ginen, irtenbide zirkularra eskaintzeko”, dio Vegak.

Kapsuletako kafearen kontsumoa gora egiten ari den merkatu batean, proiektuak hazten jarraitzen du, bilketa puntuak zabaltzen eta birziklatze sistema sendotzen. “Lanean jarrai-
tzen dugu hedatzeko eta kapsulek bigarren bizitza bat izan dezaten bermatzeko”, nabarmendu du Circularcaps-eko presidenteak.

Zein da etorkizuna?

Estatuko araudia eta autonomia erkidegoetakoa aldatu egingo dira datozen hilabeteetan, Europako Batasuneko ontzien erregelamendu berria onartu ondoren. Proposamen berrian, dosi bakarrekoak ontzi gisa hartuko dira.

“Kategorizazio horrek ondorio aipagarriak ditu: kapsulak ekoizlearen erantzukizun zabalduaren pean egongo dira, eta horrek esan nahi du enpresek ziurtatu egin beharko dutela beren produktuak birziklagarriak edo konpostagarriak direla”, dio Lopez Ferrok. Erregelamenduak ezartzen duenez, 36 hilabeteko epean, ontzi konpostagarriek, kafea eta antzeko produktuak dituztenak barne, konpostatze arauak bete beharko dituzte industria instalazio kontrolatuetan, baita etxeko konpostean ere, estatu kideek hala eskatzen badute. Gainera, EBko herrialdeek eskatu ahal izango dute konpostagarriak badira bakarrik merkaturatu daitezela kapsulak eta dosi bakarrekoak, betiere biltzeko eta tratatzeko azpiegitura egokiak badituzte. “Ingurumen arloko araudia arazoaren atzetik joan ohi da; hau da, lehenik arazoaren garrantziaz ohartu behar dugu, eta orduan erreakzionatzen dugu”, baieztatu du ingurumen arloko abokatuak.

Erkidego aitzindariak.

Erkidego mailan, hainbat gobernuk neurriak hartu dituzte murrizketak ezartzeko edo kapsulak ekoizten dituzten enpresak dosi bakarreko ontzi konpostagarriak edo birziklagarriak egitera behartzeko:

  • Balear uharteetako 8/2019 Legeak ezartzen duenez, merkaturatzen diren kafe, infusio eta salda kapsulek material konpostagarriekin edo erraz birzikla daitezkeen materialekin fabrikatuta egon behar dute, dela modu organikoan, dela mekanikoan.
  • Nafarroak gauza bera egin du 36/2024 Foru Dekretuarekin. Besteak beste, testuak arreta berezia jartzen die dosi bakarreko ontziei eta erabilera bakarreko kapsulei, bota egiten baitira erabilitako kafearekin batera. Horrelako ontziak debekatuta egongo dira material birziklagarri edo konpostagarriekin eginda ez badaude. Besteak beste, te poltsak, argizarizko gazta bilgarriak eta kafearekin erabiltzen diren aluminiozko paper poltsak.
  • Katalunian, duela bi urte, hondakinen kudeaketarekin lotutako legedia aldatzeko proposamen bat aurkeztu zen, besteak beste kafe kapsulak debekatzen zituena. Araudi berria, dena den, bere horretan geratu da, eta ez da jendaurrean jarri ere egin.
Honela birziklatzen dira
NON

Utzi itzazu kapsula erabiliak Circularcaps-ek Espainiako Estatuan dituen 7.000 bilketa guneetako batean. Hemen ikus dezakezu zein den bilketa gunerik hurbilena.

NOLA

Kapsulak birziklatze plantara eramaten dira, eta han bereizi egiten dituzte materialak.

  • Bereizi egiten dira kafe hondarrak kapsulatik.
  • Kapsula ireki eta hutsak bereizi egiten dituzte materialaren arabera.
  • Aluminioa urtu egiten da probetxua ateratzeko.

Plastikoa ale txiki bihurtzen da, eta produktu berriak egiteko erabiliko dira.

ONDOREN

Bigarren bizitza ematen zaie material guztiei.

  • Kafearen hondarrak nekazaritzako ongarri bihurtzen dira.
  • Plastikoa objektuak egiteko erabiltzen da: kutxak, bulegoko aulkien osagaiak, hiri altzariak, ontziak…
  • Aluminioa infinituki birziklagarria denez, bolaluma, portamina, erloju… bihurtzen da.