Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Janari lasterreko 100 menu sasi-osasungarri aztertu ditugu 10 hiritan: hanburgerrak izan dira 30, pizzak 30, ogitartekoak 20 eta kebabak beste 20 : Hiru menutatik bik gabeziak dituzte nutrizioaren ikuspegitik

Horietako %68k gehiegizko kopuruan daukate elikagairen bat (proteikoa gehienean), %89tan ez daiteke eskatu osoko ogirik eta %71k ez dute eskaintzen frutarik postrerako

Azterketa gainditu bai, baina bada zer hobetua

Ez dago mundu guztiarentzat balio duen dieta eredugarririk. Elikagaiak ongi erabiltzeko, nahitaezkoa da ongi hautatzea, modu orekatuan konbinatzea, eguneko otorduetan ongi banatzea eta egoki prestatzea. Elikadurak eragin nabarmena du osasunean, eta janari lasterra ematen duten ostatu eta saltokiek ere aukera eman behar lukete modu osasungarrian jateko.

Ildo horretan, EROSKI CONSUMERek aztertu dituen ehun menuek, batez beste, emaitza “onargarria” lortu dute. Hirutik bik gainditu dute azterketa, eta gainerako %33ak gainditu gabe geratu dira. Horien artean, %21ek “hala-holako” emaitza atera dute, %11k “txarra” eta %1ek “oso txarra”. Aldiz, gainditu dutenetan, %34k emaitza “onargarria” izan dute, %27k baino ez “ona” eta %6k “oso ona”.

Hiriz hiriko sailkapena eginda, honako hauetan aurkitu ditugu menurik egokienak (emaitza “ona” lortu dute, batez beste): Bartzelona, Bilbo, Gasteiz eta Valentzia. Beste muturrean (“hala-holako” emaitza), Iruñea, Logroño eta Sevilla geratu dira. Eta tartean (emaitza “onargarria”), A Coruña, Donostia eta Madril. Menu mota aintzat hartuta, plater nagusi gisa ogitartekoa izan dutenak gailendu dira (horiek emaitza “ona” lortu dute); osagai nagusia hanburgerra eta pizzak izan dituztenek emaitza “onargarria” eskuratu dute, eta kebabetan oinarrituek “hala-holakoa”.

Elikagaiak ongi konbinatzea da gakoa

Janari lasterra, gehienean, bazkaritarako eta afaritarako hartu ohi dugu, eta otordu horietan, honako elikagai hauek jatea komeni izaten da; zerealak edo tuberkuluak, berdurak eta barazkiak, eta janari proteikoak (haragia, arraina, arrautza, lekaleak edo fruitu lehorrak). Ez du axola guztiak plater berean dauden edo plater batean baino gehiagotan. Menu horiek nutrizioaren ikuspegitik zer-nolako ezaugarriak dituzten aztertuta, teknikariek ikusi dute aukera osasungarri gisa atera dizkieten menuen erdiek haragia izan dutela osagai nagusia (gorria maizago giharra baino), berduraz eta barazkiz lagunduta. Era berean, bostetik bitan, plater nagusi begetarianoa eskaini diete: pizza izan da gehienean, landare-jatorriko osagaiekin egina (gazta izan da salbuespena).

Begiratu batean, ez dira konbinazio desegokiak, eta menu guztiak aintzat hartuta, %7k soilik falta izan dute lehen aipatu diren elikagai talde horietakoren bat: %4k ez dute izan elikagai proteikorik, %2tan berdurak eta barazkiak falta izan dira eta %1ean zerealak edo tuberkuluak. Hala ere, badira kontuan hartzeko hiru alderdi, kaloriak ugaritzeko bide ematen dute eta. Lehenik eta behin, jakin behar da hanburgerrek ugari ematen dituztela energia, proteinak, gantzak eta sodioa, eta mantenugai horiek guztiak lehendik ere soberan hartzen dituztela herritarrek.

Pizzetan, berriz, gazta asko izaten da (100 gramo ere bai zenbaitetan), eta elikagai hori gantzatsua eta kalorikoa da; gainera, oinarria sekula ez da izaten osoko irinez egina. Horretaz gain, plater nagusia pizza izan den saltokien %73tan, beste norbaitekin partekatzekoa izan da, ez baitute eskaini banakako pizzarik. Aukera hori eman dutenen artean (%27), ez dute atera pizza zati bat, pizza txikiago bat baizik: Logroñoko hiru saltokietan soilik atera dute errazio bat. Nutrizio arloko gomendioak esaten du pizza zati bat aski dela eta oso elikagarria, gainera, eta otorduari ez zaiola beste deus erantsi behar, salbu eta entsalada bat sarrerako gisa eta postre arin bat.

Puntuatzeko sistema

Menu hauen kalitatea neurtzeko, nutrizio eta dietetika arloko adituen laguntzarekin sortutako puntuatze sistema bat erabili du EROSKI CONSUMERek. Aditu horien artean, Julio Basulto nabarmentzen da. Nutrizio arloko irizpideak ezartzeko orduan, honako baieztapen hau hartu dugu oinarri gisa: bazkariak eta afariak askotarikoa eta osatua izan behar duela. Elikagai guztiek dute toki bat dietan. Baina funtsezkoa da nutrizioaren ikuspegitik oreka bat bilatzea:

  • Berdurek beti agertu behar dute.
  • Prestaerak ere zaindu egin behar dira, eta gantz gutxien eransten duten teknikak erabili.
  • Oso ontzat jo dugu osoko ogia hautatzeko aukera eskaintzea, zuntz gehiago ematen duelako eta mantenugai horrek on egiten diolako osasunari.
  • Postrerako, sasoiko fruta freskoa eskaintzea da egokiena, beste postre sofistikatuago eta kaloria gehiagoko batzuen artean.

Iirizpide horiek guztiak hartuta, menu bakoitzak, gehienez ere, 18 puntu eskura zitzakeen: 9 puntu plater nagusiarekin, 5 puntu guarnizioarekin edo sarrerakoarekin, 2 puntu edariarekin eta beste 2 postrearekin. Ondoren, 0tik 10erako eskala batera pasatu ditugu puntu horiek.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak