Inkesta egin diegu 65 eta 80 urte arteko 1.200 pertsonari eta kontsumoaren arloan zer-nolako zailtasunak dituzten galdetu diegu

Haien gaitasun ekonomikoak, teknologikoak eta mugikortasun arlokoak baldintzatzen dute adineko pertsonen kontsumoa

65 urtetik gorako pertsonen diru sarreretatik bizi diren etxeek gastatu zuten iaz espainiako estatuan kontsumitu zenaren %24
1 martxoa de 2015
Img tema de portada listado 140

Haien gaitasun ekonomikoak, teknologikoak eta mugikortasun arlokoak baldintzatzen dute adineko pertsonen kontsumoa

Bizitzako prozesu bat da zahartzea, eta faktore batek baino gehiagok baldintzatzen du prozesu horren emaitza: osasun egoerak, baldintza ekonomikoek, bizimoduak, etxe motak eta baita norberaren maila kulturalak eta teknologikoak ere. Ez daude adineko bi pertsona berdin.

Adinekoek kolektibo askotarikoa osatzen dute, urtetik urtera handitzen ari dena. Osasuneko Mundu Erakundeak (OME) egindako kalkuluen arabera, mende honen erdialderako bikoiztu egingo da 60 urtetik gorako pertsonen kopurua, eta, historian lehenengoz, 5 urtez azpiko haurrak baino gehiago izango dira 65 urtetik gorakoak.

Kolektibo garrantzitsua den arren, adinekoek oso sarritan sumatzen dute gizarteak bizkarra ematen diela. Baina etorkizun iraunkor bat eraiki nahi badugu, funtsezkoa da adinekoek zeregin aktiboa izan dezatela gizartean. Halaxe uste dute hainbat adituk, tartean Alexandre Kalachek, zeina zuzendari izan baita OMEren Zahartze Aktiboa programan; gaur egun, nazioarteko zenbait programa gidatzen dihardu. Espezialista horrek dioenez, adinekoak ez dira zama ekonomiko bat; guztiz bestela, zeregin positiboa izan dezakete kontsumitzaile aktibo gisa.

Etorkizuneko populazio hori begi bistatik ez galtzeko, inkesta egin die HISPACOOPek (Kontsumitzaile eta Erabiltzaile Kooperatiben Espainiako Konfederazioa da, eta bertako kide da EROSKI Fundazioa). Kontsumoaren arloko zenbait eremutan zer-nolako zailtasunak dituzten jakitea izan da helburua. Honako eremu hauek hautatu dira: eguneroko elikadura eta ondasunak, osasuna, etxebizitza eta haren gastuak, garraio eta aisialdi eskaintza, ekipamendu pertsonala eta finantza erakundeak.

Horretarako, iazko urria eta azaroa artean, 1.200 elkarrizketa egin zaizkio 65 eta 80 urte arteko jendeari; horietako batzuk gaur egun Golden Age esaten zaionaren barnean daude (65etik 75 urte bitarteko tartean) eta beste batzuk Grey Age delakoan (75 eta 90 urte bitartean). Guztiak beren etxeetan bizi dira, Estatuko 17 autonomia erkidegoetan (inkestan ez dira aintzat hartu asistentzia zentro eta unitateetan bizi diren adinekoak).

Horretaz gain, hiru bilera egin dira, kontsumoaren inguruko ikuspegian eta zahartze prozesuaren marko orokorrean sakontzeko. Gasteizen egin da bat (iparraldeko eremua), Madrilen bestea (erdialdeko eremua) eta Sevillan bestea (hegoaldeko eremua). Talde bakoitza 60 eta 75 urte arteko gizon-emakumeek osatu dute, gizarte klase ertainekoek.

Kontsumoa eta zahartze prozesua

Ez da gutxietsi behar 65 urtetik gorako herritarren kontsumoa. Espainiako Estatuan, 65 urtetik gorako pertsonen diru sarreretatik bizi diren etxeek batez beste 23.236 euroko gastua egin zuten 2013. urtean. Estatuko familiek urte horretan gastatu zutenaren %24 izan zen hori (etxe guztiek gastatu zuten lau euro bakoitzetik bat). Familia Aurrekontuen Inkestan ageri dira datu horiek (Espainiako Estatistika Institutuak egiten du), eta argi erakusten dute zer-nolako garrantzia duten adineko kontsumitzaileek. Batez ere, proportzio horrek zer bilakaera izan duen kontuan hartuta: %18koa zen 2007an eta %24koa egun.

Eta zertan gastatzen dute etxe horiek, non 65 urtetik gorako pertsonenak diren diru iturri nagusiak? Aurrekontuaren %41 etxebizitza, ura, argindarra, gasa eta beste erregai batzuk ordaintzeko erabiltzen dute. Elikagaiak eta edari ez-alkoholdunak ordaintzeko erabiltzen dute beste %17. Gainerako guztia hainbat ataletan banatzen da. Hauxe da zerrenda, garrantzi gehien duenetik hasita: garraioak; hotelak, kafeak eta jatetxeak; etxeko altzariak eta ekipamenduak eta etxea zaintzeko beste gastu ohiko batzuk; osasuna; aisialdia, ikuskizunak eta kultura; komunikazioak, edari alkoholdunak eta tabakoa; eta irakaskuntza.

Krisia bete-betean sartu da 65 urtetik gorako pertsonen diru sarrerekin bizi diren etxeetan ere. Ikerketa honetan parte hartu duten pertsonen iritziz, erretiratuak pobretu egin dira. Azken urteetan, etxeko aurrekontuaren atal batzuk asko igo dira (etxeko oinarrizko hornidurak; sendagaiak, Gizarte Segurantzak finantzatzen zituen produktuetan egindako murrizketen erruz…), eta, ondorioz, 65 urtetik gora pertsonek -erretiro saria dute diru iturri nagusia- uko egin behar izan diete zebait produktu eta ekintzari, eta, horretarako, aldatu egin behar izan dituzte beren ohiturak eta aurrezteko neurriak hartu, funtsezko jotzen dituzten arloei eusteko.

Inkestan parte hartu duten adinekoek esan dutenez, aldatu egin zaie kontsumoaren ikuspegia. Orain, osasunak eta nork bere burua zaintzeak daukate lehentasuna (%65ek hautatu dute atal nagusitzat). Bigarren lekuan, %53k elikadura jarri dute, eta hirugarren lekuan, %51k etxebizitza eta oinarrizko hornigaiak. Askoz garrantzi txikiagoa eman diete beste kontsumo atal batzuei (aisialdiarekin eta denbora librearekin zerikusia duena nabarmentzen da zertxobait).

Oztopoak: zenbat eta zeintzuk

Zailtasunik bai kontsumoan?

Adineko herritarrek kontsumitzeko orduan dituzten arazoak aztertzeko, Kontsumo Zailtasunen Indizea (KZI) sortu dugu. Adierazle horrek kuantifikatu egiten ditu kontsumo atal bakoitzeko ohiturak eta zailtasunak (elikadura eta eguneroko ondasunak, osasuna, etxebizitza eta haren gastuak, garraio eta aisialdi eskaintza, ekipamendu pertsonala eta finantza erakundeak), eta horri esker, taldeak egin dira 65 urtetik 80 urte bitarteko populazioaren kontsumo zailtasunak kontuan hartuta, eta zortzi kontsumitzaile motaren profilak atera dira.

Horrela, KZIak batez beste 2,6 puntuko emaitza eman digu 1etik 10erako eskalan (1ak adieraziko luke oso zailtasun gutxi dituztela eta 10ak oso handiak). Galdekatu ditugun herritarren %89 batez bestekoaren parean ibili dira (0 eta 4 puntu artean).

Nahiz eta batez besteko orokorrak adierazten duen kontsumo zailtasunen maila apala dela, KZIak erakutsi digu 65 eta 80 urte artekoen %22k zailtasunak dituztela kontsumitzeko garaian. Honako talde hauetan sartu ditugu: adineko bakartiak, arriskuan daudenak (%5); adineko zainduak, kontsumitzeko interesik gabeak (%7) eta adineko bakartiak, muga fisikoak dituztenak (%10).

Oro har, dena den, ez dirudi adineko pertsonek zailtasun handirik ikusten dietenik beren buruei kontsumoaren arloan, salbu eta erosteko ahalmenak eragiten dizkienak. Pentsatzekoa da, hala ere, zahartzaroak berekin dakartzan gorabehera fisiko eta kognitiboek eragin egingo dietela, haiek uste duten baino gehiago ere bai zenbaitetan. Argi ikusi dugu, izan ere, herritar batzuk baztertuta gelditzen direla besteok egunero egiten ditugun jarduera eta ekintza batzuetatik: garraio txartela kargatzea, kutxazain batetik dirua ateratzea… Adinekoei, ordea, kosta egiten zaie bazterketa hori muga gisa identifikatzea, bitartekoak jartzen dituztelako beste modu batean antolatzeko: leihatilara joaten dira, ilaran jartzen dira edo senitartekoei laguntza eskatzen diete.

Hortaz, gaitasun ekonomikotik harago, bi aldagai nagusik zehazten dituzte edinekoek kontsumitzeko garaian izaten dituzten muga handi edo txikiak: teknologiarekiko distantzia handiagoak edo txikiagoak, eta mugikortasunarekin zerikusia duten gaitasun fisikoak urritzeak. Horrela, zenbat eta gaitasun txikiagoa izan erantzungailu automatiko batekin edo saltzeko makina batekin moldatzeko, hainbat eta mugatuagoa izango dute autonomia pertsonala. Era berean, bizitzako aldi horretan ohikoak diren ajeetatik harago, arazo fisiko handiagoak dituenak laguntza gehiago beharko du erosketak garraiatzeko, atsedengune gehiago beharko ditu, garraio publikorako sarbidea eta dendan mugitzeko erraztasunak.

Inkesta: nork parte hartu du?
  • Elkarrizketatu ditugun 1.200 herritarren %54 emakumeak izan dira. Adin talderik ugariena 65 eta 69 urte artekoek osatu dute (%40 izan dira), eta gutxixeago izan dira, %30 hain zuzen, 70 eta 74 urte artekoak eta 75 eta 80 urte artekoak. Horretaz gain, %42k oinarrizko ikasketak eduki dituzte, %34k erdi mailakoak eta %14k soilik goi mailakoak. Batere ikasketarik gabeak %10 izan dira, eta proportzioa handitu egiten da adinean aurrera egin ahala.
  • Bestalde, inkestari erantzun dioten adinekoen %53 beren bikotekidearekin bizi dira, eta %26k kide bakarreko familia osatzen dute. Adineko horien %16 bakarrik bizi dira seme-alabekin edo ilobekin, eta horien artean, beti hala bizi izan dira bostetik lau. Gainerakoei, azken urteetan suertatu zaien egoera izan da, krisi ekonomikoarengatik, ezkontidea hil zaielako edo autonomia edo osasuna galdu dutelako, beste zenbait arrazoiren artean.
  • Errentari dagokionez, %42k 1.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzte hilero, %23ek 1.000 eta 1.500 euro artekoak, eta %15ek 1.501 eurotik gorakoak. Aipagarria da inkestan parte hartu duten hamar lagunetatik bik ez dutela eman nahi izan informazio hori.
  • Azkenik, beren osasuna nolako den galdetuta, %54k adierazi dute ona edo oso ona dela, nahiz eta %38k esan duten badituztela adinak eragindako aje batzuk (hala ere, ez dute eragozpenik bizimodu normala egiteko). Normala den bezala, adinean zenbat eta aurrerago joan, hainbat eta jende gehiagok esaten du ajeak dituela edo osasunez gaizki edo oso gaizki dagoela.
  • Gaitasun teknologikoa: Bitarteko teknologikoak erabiltzeko ohitura gisa definitzen da (ordenagailuak, Internet eta telefono mugikorra ere bai); eguneroko bizitzan bitarteko telematikoak gertuago edo urrutiago eduki daitezke, eta, ondorioz, trebetasun gehiago edo gutxiago izaten da horiek erabiltzeko.
  • Azterketa honen arabera, 65 urtetik gorako pertsonen %21ek ez dute inolako gaitasun teknologikorik. Ez dute erabiltzen ordenagailurik, Internetik ezta telefono mugikorraren gisako telekomunikazio gailu oinarrizkorik ere. Are gehiago, inkestari erantzun dioten adinekoen %47k maila apala dute, telefono mugikorra baino ez baitute erabiltzen (horrek ez du esanahi, dena den, gai direnik ukipen pantailekin moldatzeko).

Adinekoen profila eta ezaugarriak

Adineko herritarren erradiografia

Gizon iritsi berriak, urrezko aroan daudenak

  • Lagina Guztien %16.
  • KZI. 1,7 puntu.
  • Bizi argazkia

    • Profila. Gizonek osatua. Adinez, 65 eta 69 urte artean dabiltza %56. Bikotekidearekin bizi dira %79.
    • Osasuna. Gizon horien %42 oso ongi daude osasunez eta %34 nahiko ongi. Horien autonomia pertsonala 8,8koa da batez beste. Gainera, %36k bizimodu aktiboa egiten dute.
    • Maila ekonomikoa. Errenta maila 1.500 eurotik gorakoa dute %46k.
    • Gaitasun teknologikoa. Handia dute %90ek.
  • Kontsumoa atal hauetan…

    • Elikadura eta eguneroko ondasunak. Inork ez du zailtasunik dieta aberats eta askotarikoa egiteko. Gehien-gehienek ez dute otordurik huts egiten.
    • Osasuna. Osasuna zaintzeko arazorik ez dute izan %96k.
    • Etxebizitza eta haren gastuak. Ez dute inolako zailtasunik fakturak ordaintzeko. Autonomoak dira oinarrizko hornigaiak eskaintzen dituzten enpresekin harremanak kudeatzeko.

Gizon seniorrak, baliabide gutxi dituztenak

  • Lagina: Guztien %14.
  • KZI. 2,1 puntu.
  • Bizi argazkia

    • Profila. Gizonek osatua. Askotariko adinak dituzte, baina 65 eta 69 urte artean dabiltza %51. Bikotean bizi dira %70.
    • Osasuna. Oso osasun ona dute %86k. Autonomia pertsonala 8,5ekoa dute. Zahartze sintomarik ez dute sumatzen %26k.
    • Maila ekonomikoa. Hileko errenta 600 eta 1.000 euro artean dabilkie %40ri, eta 1.500 euro bitartekoa dute %32k.
    • Gaitasun teknologikoa. Batere gaitasunik ez dute %28k.
  • Kontsumoa atal hauetan…

    • Elikadura eta eguneroko ondasunak Erosketa ohiturak moldatu egin dituzte %29k, eta orain gehiago begiratzen diete eskaintzei. Gutxi batzuek (%4k) garrantzi txikiko zailtasunak dituzte dieta aberatsa eta askotarikoa egiteko, batez ere osasunak eraginak. Otordurik ez dute huts egiten %89k.
    • Osasuna. Osasuna zaintzeko arazorik ez dute izan %95ek.
    • Etxebizitza eta haren gastuak. Gehienek ez dute arazorik izan fakturak ordaintzeko. Gizon horien %22k beste norbaiten esku uzten dute hornigai enpresekiko harremana, eta fakturak ulertzeko ere beste norbaiti eskatzen diote laguntza. Horrela, %27k zailtasunak eduki dituzte noizbait erreklamazioak egiteko eta sortu zaizkien arazoen berri emateko erantzungailu automatikoa egokitu zaienean.

Emakume senior osasuntsuak

  • Lagina: Guztien %20.
  • KZI. 2,1 puntu.
  • Bizi argazkia

    • Profila. Emakumeek bakarrik osatzen dute talde hau. Adinez, 65 eta 69 urte artekoak dira %48, eta 70 eta 74 urte artekoak %32. Bikotean bizi dira %63 eta bakarrik %15.
    • Osasuna. Osasun ona edo oso ona dutela esaten dute %78k. Autonomia pertsonala 8,7koa dute. Zahartze sintomarik ez dutela sumatu jakinarazi dute %38k.
    • Maila ekonomikoa. Hileko errenta 1.000 eta 1.500 euro artekoa dute %39k. Eta zifra horren gainetik dabiltza %23.
    • Gaitasun teknologikoa. Gaitasun handia dute %38k eta apala %50ek.
  • Kontsumoa atal hauetan…

    • Elikadura eta eguneroko ondasunak. Elikadurari dagokionez, %84k ez omen dituzte aldatu beren ohiturak, eta aldatu dutenean, etxearen osaera berriak eta osasunak eraginda egin dute. Gehienek (%98k) ez dute arazorik elikadura aberatsa eta askotarikoa egiteko. Noizean behin, batzuek (%11) otorduren bat huts egiten dute gose faltagatik.
    • Osasuna. Osasuna zaintzeko arazorik ez dute %93k.
    • Etxebizitza eta haren gastuak. Hamarretik bederatzik ez dute arazorik izan fakturak ordaintzeko.

Pertsona seniorrak, familia diruz laguntzen dutenak

  • Lagina: Guztien %17.
  • KZI. 2,7 puntu.
  • Bizi argazkia

    • Profila. Emakumeak dira %61 eta gizonak %39. Guztiak dira 70 urtez azpikoak. Familia handiarekin bizi dira %21 eta bikotean %52. Hiru kasutatik batean, familia handia berriki bildu da, nagusiki krisi ekonomikoak eraginda.
    • Osasuna. Adinak dakartzan ajeak dituzte %70ek. Baren autonomia pertsonala 6,9 puntukoa dela esaten dute (batez bestekoaren azpitik dabiltza).
    • Maila ekonomikoa. Hilean 1.000 eurotik beherako errenta dute %50ek, eta 1.000 eta 1.500 euro artekoa %21ek.
    • Gaitasun teknologikoa. Batere gaitasunik ez dute %30ek eta apala %57k.
  • Kontsumoa atal hauetan…

    • Elikadura eta eguneroko ondasunak Eguneroko ondasunak erosteko ohiturak aldatu egin dituzte %34k: murriztu egin dituzte gutiziak eta marka zuri gehiago erosten dituzte. **Elikadura aberatsa eta askotarikoa egiteko arazoak dituzte %12k, batez ere arrazoi ekonomikoengatik.
    • Osasuna. Osasun tratamenduak ordaintzeko arazoak izan dituzte %22k (bisitak atzeratu egin behar izan dituzte edo beste gastu batzuetatik kendu). Arrazoia: sendagaiak ez daudelako finantzatuak eta erosteko ahalmena urritu egin zaielako.
    • Etxebizitza eta haren gastuak. Argiaren faktura ordaintzeko arazoak dituzte %4k eta gasarena ordaintzeko arazoak %7k. Erraztasun ertaina dute konpainia hornitzaileekin harremanetan aritzeko. Erreklamazioak egiteko arazoak izan omen dituzte %16k, doako telefonorik jartzen ez dutelako. Kontratuak sinatzeko iruzur egin izan dietela sentitu izan dute %14k.

Emakume senior osasuntsuak, baliabide gutxi dituztenak

  • Lagina: Guztien %12.
  • KZI. 2,8 puntu.
  • Bizi argazkia

    • Profila. Emakumeek osatua. Adin askotarikoa duten emakumeak daude talde honetan. Alargunak dira %46.
    • Osasuna. Osasun ona dute; %77 oso ongi daude. Autonomia pertsonala 8,4koa dute. Zahartzaroari lotutako mugarik ez dute sumatzen %26k.
    • Maila ekonomikoa. Hilean 1.000 eurotik beherako errenta dute guztiek. Zehazki, 600 euroren azpitik dabiltza %21.
    • Gaitasun teknologikoa. Apala dute %61k eta batere ez %13k.
  • Kontsumoa atal hauetan…

    • Elikadura eta eguneroko ondasunak. Ohiturak aldatu egin dituzte %30ek, gutiziak murriztu, beste denda batzuetan erosten hasi dira eta eskaintzei gehiago begiratzen diete. Elikadura aberatsa eta askotarikoa egiteko arazoak dituzte %8k, gehienbat arrazoi ekonomikoengatik. Noizean behin, batzuek (%12) otorduren bat huts egiten dute, hein batean ez dutelako gogorik eurentzat bakarrik otordua prestatzeko.
    • Osasuna. Osasun tratamenduak ordaintzeko arazoak izan dituzte %20k. Eta izan dira tratamendu bat hartzeari utzi behar izan diotenak ere, %39k hain zuzen.
    • Etxebizitza eta haren gastuak. Argiaren faktura ordaintzeko arazoak izan dituzte %12k; beste %8ri berdin gertatu zaie gasarekin eta %9ri telefonoarekin. Enpresa hornitzaileekiko harremanak beste norbaiten esku uzten dituzte %33 inguruk. Horren ondorioz, %37k ez dute aldaketarik egiten kontratuetan, iruzur egingo dieten beldurrez. Doako telefonorik ez dagoenean, %13k ez dute erreklamaziorik egiten, eta %29k jarrera bera hartzen dute erantzungailuak gehiegitan ateratzen direlako. Senitartekoei laguntza eskatzen diete %27k, iruzur egin izan dietelako irudipena dutelako.

Adin handikoak, muga fisikoak dituztenak

  • Lagina: Guztien %9.
  • KZI. 3,4 puntu.
  • Bizi argazkia

    • Profila. Talde honetako guztiek 75 urte baino gehiago dituzte. Gizonak dira %56 eta emakumeak %44. Alargunak dira %59. Hamarretik sei bakarrik bizi dira.
    • Osasuna. Adinak dakartzan ajeak dituzte %86k. Horien autonomia pertsonala 6,6koa da batez beste. Ikusmen zolitasuna galdu dute %67k, mugitzeko arazoak dituzte %46k eta entzumena galdu dute %29k.
    • Maila ekonomikoa. Hileko errenta 1.000 eurotik beherakoa dute %51k.
    • Gaitasun teknologikoa. Batere gaitasunik ez dute 534k eta apala %56k.
  • Kontsumoa atal hauetan…

    • Elikadura eta eguneroko ondasunak. Batez bestekoak baino zailtasun gehiago sumatzen dituzte merkataritza eremuetan; %68k prezioak irakurtzean, %71k ontzietako oharrak irakurtzean eta %58k prezioen etiketak ulertzeko orduan. Atsedengune bat behar izan dute %26k, eta %44k produktuak saskietan edo orgatxoetan garraiatzeko laguntza???? Goiko apaletan dauden produktuak hartzeko laguntza behar izan dute %62k, beheko apaletakoetara iristeko %54k, produktuak ordainlekuan jartzeko %50ek eta erosketak etxera eramateko %55ek.
    • Osasuna. Osasun arloko profesionalengana maizago joan beharra dutela ohartu dira %38. Tratamenduak ordaintzeko arazoak izan dituztela adierazi dute %15ek, eta aurrekontua moldatu egin behar izan dutela horregatik.
    • Etxebizitza eta haren gastuak. Ohitura gutxiago aldatu behar izan dituzte argiaren, gasaren eta telefonoaren fakturak ordaintzeko. Gehienek beste norbaiten esku uzten dute enpresa hornitzaileekiko harremana. Beren burua mugatuta ikusten dute erreklamazioak egiteko, kontratuak aldatzeko, eta %38k laguntza behar izan dute.

Adin handikoak, zainduta daudenak, eta kontsumitzeko interesik ez dutenak

  • Lagina: Guztien %7.
  • KZI. 3,7 puntu.
  • Bizi argazkia

    • Profila. Emakumeak dira %68 eta gizonak %33. Adinez 75 urtetik gorakoak dira %62. Bikotean bizi dira %61 eta familia handiarekin %36, gehienak betidanik.
    • Osasuna. Osasunarekin “nahiko lan” dutela esaten dute %44k. Beren autonomia pertsonala 5,1eko dela diote. Mugitzeko zailtasunak dituzte %82k, ikusmen zolitasuna galdu dute %76k eta indarra eta iraupena %61ek.
    • Maila ekonomikoa. Hilean 1.000 eurotik beherako errenta jasotzen dute %46k.
    • Gaitasun teknologikoa. Batere gaitasunik ez dute %33k eta apala %52k.
  • Kontsumoa atal hauetan…

    • Elikadura eta eguneroko ondasunak. Dieta aberats eta askotarikoa egiteko arazoak dituzte %10ek, osasunagatik. Prezioak eta eskaintzen seinaleak ulertzeko arazoak izan dituzte %45ek, eta dendan mugitzeko ere bai. Mugak ikusten dituzte, halaber, produktuak garraiatzeko (%49), apalategietako produktuetara iristeko (%60k goikoetara eta %57k behekoetara), ordainlekuetako zintetara iristeko (%58) eta erosketak etxera eramateko (%50).
    • Osasuna. Gehienek maizago joan beharra dute osasun arloko profesionalengana (%53) eta %29k arazoak izan dituzte tratamenduak egiteko edo ordaintzeko.
    • Etxebizitza eta haren gastuak. Gerrikoa estutu behar izan dute argia ordaintzeko (%38), gasa (%14) eta telefonoa (%16), nahiz eta ia inork ez duen zailtasunik izan fakturak ordaintzeko. Hornitzaileekiko harremanak beste norbaiten esku uzten dituzte %48k, laguntza behar izaten dutelako.

Adin handikoak, arrisku egoeran daudenak

  • Lagina: Guztien %5.
  • KZI. 4,9 puntu.
  • Bizi argazkia

    • Profila. Adinez 75 urtetik gorakoak dira %70. Emakumeak dira %57 eta gizonak %43. Ia guztiak alargunak dira, %99, eta bakarrik bizi dira.
    • Osasuna. Osasunarekin “nahiko lan” dutela esaten dute %63k. Autonomia 5,0koa dute batez beste. Gehienek galdu egin dute ikusmen zolitasuna, indarra eta entzumena. Mugitzeko gaitasuna ere bai %60k.
    • Maila ekonomikoa. Hileko errenta 600 eurotik beherakoa dute %33k eta 600 eta 1.000 euro artekoa %46k.
    • Gaitasun teknologikoa. Batere ez dutenak dira %71.
  • Kontsumoa atal hauetan…

    • Elikadura eta eguneroko ondasunak. Dieta aberats eta askotarikoa egiteko zailtasunak dituzte %16k, bai garestia egiten zaielako, bai arazoak dituztelako erosketak egiteko eta ezagutza falta dutelako ere bai. Eguneko otorduren bat huts egiten dute %34k, bai anorexia duelako edo bai ez duelako gogorik beretzat bakarrik prestatzeko otordua. Merkataritza eremuetan zailtasun handiak izaten dituzte. Kosta egiten zaie prezioak eta produktuen informazioa irakurtzea, atsedenguneak behar izaten dituzte, komunak, garraioa, zailtasunak dituzte ontziak irekitzeko…
    • Osasuna. Medikuekin gero eta harreman gehiago dutela ikusten dute %43k eta zerbitzu horiek ordaintzeko zailtasunak dituzte %33k; ondorioz, batzuek utzi egin behar izaten dute tratamendua.
    • Etxebizitza eta haren gastuak. Argia ordaintzeko arazoak dituzte %24k, gasa ordaintzeko %13k eta telefonoa %16k. Enpresa hornitzaileekin izan beharreko harremanak beste norbaiten esku uzten dituzte %65ek, eta %23ri zaila gertatzen zaie kontzeptuak eta fakturak ulertzea. Fakturak ulertzeko mugak dituzte %73k, erreklamazioak egiteko edo gorabeheren berri emateko %63k (erantzungailuen erruz) eta %31ri iruzur egin izan diete etxean bertan.