Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Analisi dokumentala egin dugu gaixotasunen prebalentzia eta arrisku faktoreak zein diren jakiteko : Bihotz-hodietako osasuna: bihotzak hiltzen gaitu

Zirkulazio sistemako gaixotasunen ondorioz hiltzen dira hamar pertsonatatik hiru, eta horixe da, hain zuzen, heriotza gehien eragiten duen arrazoia Espainiako Estatuan

Arrazoi aldagarriak

Arrisku faktoreak

Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren arabera, bihotz-hodietako gaixotasunak eragiten dituzten arrazoien %75 honako faktore hauei lotuta daude: tabakismoa, sedentarismoa, hipertentsioa, diabetesa eta gizentasuna.

Horixe bera esaten du Bihotzaren Mundu Federazioak ere, zeinak nabarmentzen baitu bihotzeko gaitzik gehienak eragiten dituzten arrisku faktoreak kontrolatzeko, tratatzeko edo aldatzeko modukoak direla:

  • Arteria tentsio handia: odoleko presioaren mailak normaltzat jotzen diren balioetatik modu jarraituan igotzea da (presio sistolikoa 160 mmHg-tik gorakoa denean eta presio diastolikoa 90 mmHg-tik gorakoa). Faktore pertsonalek eraginda ager daiteke, ingurumenari lotutako faktoreek eraginda (adina, elikatzeko ohiturak, bizimodua), edo faktore genetikoengatik: arteria tentsioak gorantz egiteko joera izaten du adinarekin, eta ohikoa izaten da agertzea norbera gizena badago, dietan gatz ugari hartzen badu eta potasio gutxi (berdura, fruta, fruitu lehorrak, lekaleak, osoko zerealak), alkohol asko edaten badu, ez badu ariketa fisikorik egiten edo estres psikologikoa pairatzen badu. “Hiltzaile isila” esaten zaio, gehienean ez baita sintomarik edo larritzeko zantzurik agertzen eta jende asko ez da jabetzen gaixotasun hori duela.
  • Tabakismoa: kasu honetan, bihotz-hodietako gaixotasunak izateko arriskua handiagoa da emakume erretzaileetan, gizon gazteetan eta erretzeko ohitura handia dutenetan.
  • Diabetesa: azukreari probetxua ateratzeko prozesua kaltetu egiten da intsulina hormona osorik edo zati batean falta delako edo bere funtzioa betetzen ez duelako. Bihotz-hodietako gertaerak izateko arriskua bi-hiru aldiz handiagoa izaten da 1 motako edo 2 motako diabetesa duten pertsonetan. Arriskua handiagoa da emakumeen artean. Gainera, diabetesa duten pertsonek arrisku handiagoa dute apoplexia izateko.
  • Jarduera fisikorik eza: jarduerarik egiten ez duen pertsonatzat hartzen da astean 5 aldiz 30 minutuko jarduera arina egiten ez duena edo astean 3 aldiz 20 minutu jarduera bizia egiten ez duena. Pertsona horien hiltzeko arriskua %20-30 handiagoa izaten da astero jarduera fisiko hori egitera iristen direnena baino.
  • Dieta ez-osasungarria: gantz saturatuak, trans gantzak eta gatza kopuru handietan hartzea eta, aldiz, frutak, berdurak eta arraina murriztea lotuta dago bihotz-hodietako gaitzak izateko arriskua handitzearekin.
  • Kolesterola: gibelak sortzen duen gantz mota bat da, beharrezkoa dena funtzio organiko batzuk arautzeko. Kolesterol maila goian izateak (200 miligramotik gora dezilitro bakoitzeko) esan nahi du hiperkolesterolemia dagoela eta horrek handitu egiten du gaixotasun kardiakoa eta garun-hodietako istripua izateko arriskua. Gerta liteke kolesterola hereditarioa edo ondoretasunezkoa izatea, baina sortu daiteke modu ez-osasungarrian elikatzeagatik ere.
  • Gizentasuna: gorputz pisua balio normala baino %15 handiagoa izatea da, gorputzeko gantza ugaritzearen ondorioz gertatzen dena. Gizentasunak lotura du bihotz-hodietako gaitzak eragiten dituzten arrisku faktoreekin, adibidez arteria presio handiarekin, glukosarekiko intolerantziarekin, 2 motako diabetesarekin eta dislipidemiarekin.

Baina Bihotzaren Mundu Federazioak oroitarazten du badirela alda ez daitezkeen faktoreak ere:

  • Adina: bihotz-hodietako gaixotasunak ohikoagoak dira adin handiko pertsonengan. Pertsona bat zahartu ahala, aldaketa fisiologiko sotilak gertatzen dira bihotzean, baita gaitza agertu ez bada ere.
  • Sexua: gizon batek arrisku handiagoa izaten du bihotzeko gaitzak izateko menopausia aurreko garaian dagoen emakume batek baino. Behin menopausia pasatu ondoren, antzeko arriskua izaten dute emakumeek eta gizonek. Garun-hodietako istripua izateko arriskua, berriz, berdintsua du emakume eta gizonengan.
  • Familiako historia: familian bihotz-hodietako gaixotasunak agertu izanak baldintzatu egiten du pertsona batek halakoak pairatzeko izan dezakeen arriskua. Lehen mailako senitarteko batek bihotzeko gaixotasun bat izan badu edo garun-hodietako istripu bat 55 urteak bete aurretik (gizonezko senitartekoa) edo 65 urteak bete aurretik (emakumezko senitartekoa), handitu egingo da gaitza izateko arriskua.

Gauza guztien gainetik, hauxe dio AECOSAN erakundeak: “Kontuan hartu behar da bihotz-hodien osasuna sustatzeak (ariketa fisikoa maiz egiteak, modu osasungarrian elikatzeak, ez erretzeak, pisu gehiegi ez izateak eta arteria tentsioa maila normaletan izateak) %81eraino murriztu dezakeela edozein arrazoirengatik hiltzeko arriskua”.

Bihotza zaintzen duten elikagaiak

Dieta orekatua egiteak sendotu egiten du bihotzaren osasuna. Bihotzaren Espainiako Fundazioak (FEC) hamar elikagai nabarmentzen ditu bihotzarentzat ezaugarri onuragarriak dituztelako:

  • Intxaurrak: ugari izaten dituzte omega 3 gantz azidoak, bihotza babesten dutenak, eta, ondorioz, bihotz-hodietako arazoei aurrea hartzen diete.

  • Brokolia: azido folikoa izaten du, burdina, kaltzioa, K bitamina, herdoilaren aurkakoak… Lagundu egiten du hodietako istripuak izateko arriskua murrizten.

  • Txokolate beltza: lagundu egiten du arterien malgutasuna lehengoratzen eta saihestu egiten du leukozitoak odol-hodietako paretetan itsatsi daitezen.

  • Marrubiak: flabonoideak dituzte, eta lagundu egiten dute arteriak dilatatzen, babestu egiten dute endotelioa (odol-hodien barne geruza) eta kontrolatu egiten dute arteria tentsioa.

  • Currya: kurkumina izaten du, herdoilaren aurka egiteko gaitasun handia duen osagaia, zeinak murriztu egiten baitu bihotz gutxiegitasuna eta hipertentsioa izateko probabilitatea, hanturen aurka egiteko balio duelako.

  • Te berdea: egunean katilukada bat edo bi hartzeak lagundu egiten du bihotz-hodietako gaixotasunei aurrea hartzen, lagungarria baita odolean gantz maila handiak ez izateko.
  • Oliba olioa: gantz azidoak eta herdoilaren aurkakoak ditu, eta egunero hartzeak lagundu egiten du bihotz-hodien osasuna zaintzen.

  • Izokina: lagundu egiten du kolesterola eta triglizeridoak murrizten eta handitu egiten du odolaren jarioa, hobetu egiten duelako arterietako pareten malgutasuna.

  • Ardo beltza: etanolak eta polifenolek eragin onuragarriak dituzte aterosklerosia sortzen duten hantura-molekulen gain.
  • Lekaleak: kalitate bikaineko proteinak dituzte, eta gantz gutxi daukatenez, lagundu egiten dute odoleko kolesterola maila osasungarrian egon dadin.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak