Analisi dokumentala egin dugu gaixotasunen prebalentzia eta arrisku faktoreak zein diren jakiteko

Bihotz-hodietako osasuna: bihotzak hiltzen gaitu

Zirkulazio sistemako gaixotasunen ondorioz hiltzen dira hamar pertsonatatik hiru, eta horixe da, hain zuzen, heriotza gehien eragiten duen arrazoia Espainiako Estatuan
1 maiatza de 2016
Img tema de portada listado 193

Bihotz-hodietako osasuna: bihotzak hiltzen gaitu

Bihotz-hodietako gaixotasunek eragiten dute heriotza gehien Espainiako Estatuan eta mundu guztian. Zirkulazio istripuek baino 65 aldiz jende gehiago hiltzen dute, Espainiako Kardiologia Elkartearen arabera (SEC).

Garrantzitsua da garai honetan datu hori oroitaraztea, maiatzean egiten baita Hipertentsioaren Mundu Eguna, eta, hain zuzen, hipertentsioa da gure bihotzaren osasuna eta zirkulazio sistema osoarena arriskuan jartzen duen gaixotasunetako bat. Eta are garrantzitsuagoa da Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egindako kalkuluak gogoan hartzen badira: erakunde horren esanetan, hemendik 2030. urtera, ia 24 milioi lagun hilko dira bihotz-hodietako gaixotasunen eraginez, batez ere kardiopatiengatik eta garun-hodietako istripuengatik.

EROSKI CONSUMERek bihotz-hodietako gaixotasunak aztertu nahi izan ditu. Horretarako, analisi dokumentala egin du gaitz horiek Espainiako Estatuan zer-nolako prebalentzia duten jakiteko eta arrisku faktoreen berri izateko ere bai (arriskupean egon daitezkeen pertsonen soslaia zein den zehazte aldera).

iturri bat baino gehiago erabili dira analisi hori egiteko: OME, Bihotzaren Mundu Federazioa, Espainiako Estatistika Institutua (INE), Espainiako Kardiologia Elkartea (SEC), Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa, Bihotzaren Espainiako Fundazioa (FEC) eta Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia (AECOSAN).

Heriotza arrazoi nagusia

Espainiako Estatuan, 2014. urtean guztira 395.830 lagun hil ziren, INEk emandako datuen arabera. Heriotza horietako hamarretik hiru zirkulazio sistemako gaixotasunen erruz gertatu ziren (bihotzak, arteriek, zainek, kapilarrek eta odolak osatzen dute sistema hori). Eta horrek esan nahi du heriotza gehien eragiten duen arrazoia dela gaixotasun mota hori, tumoreen eta arnasketa sistemako gaixotasunen aurretik: 253 lagun hiltzen ditu 100.000 biztanle bakoitzeko (117.393 pertsona guztira).

Zirkulazio sistemako gaixotasunen eraginez gertatzen diren heriotzak %5 murriztu dira hamarkada batean, baina 2013 eta 2014 artean ez da ikusi joera aldaketarik (%0,1 baino ez da murriztu).

Sexuka, emakumeei gehiago erasaten die gaixotasun mota horrek gizonei baino. Hilkortasun tasa gordina 270ekoa da emakumeetan 100.000 herritar bakoitzeko eta 235ekoa gizonetan. Eta, adinka, 79 urtetik gorakoei eragin zieten gehien zirkulazio sistemako gaitzek (hildako guztien %35 izan ziren).

Era berean, zirkulazio sistemako gaixotasunak izan ziren heriotza arrazoi nagusiak autonomia erkidego guztietan (salbu eta Kanarietan, Kantabrian, Katalunian, Madrilgo Erkidegoan, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan, non tumoreak izan ziren). Erkidego guztiak hartuta, heriotza guztien %24 eragin zituzten. Guztien gainetik nabarmentzen dira Andaluzia, Aragoi, Asturias, Valentziako Erkidegoa, Extremadura, Galizia, Errioxa, eta Ceuta eta Melillako hiri autonomoak, non heriotza guztien %30 baino gehiago eragin zituzten.

Heriotza tasa gordinik handienak, dena den, hiru erkidego hauetan agertu ziren 2014. urtean: Asturias (386 pertsona 100.000 biztanle bakoitzeko), Galizia (350 pertsona) eta Gaztela eta Leon (333 pertsona).

Zirkulazio sistemako gaixotasunen sailkapena

Nahasmenduak, banan-banan

INEk esaten du, CIE-10 delakoan oinarrituta (Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena da), zirkulazio sistemako gaixotasunen barrenean heriotza gehien eragiten duten biak bihotzeko gaixotasun iskemikoak (bularreko infartua edo angina, adibidez) eta garun-hodietakoak direla.

Hala ere, zirkulazio sistemarekin zerikusia duten beste hainbat nahasmendu eta gaitz daude. OMEk honako hauek nabarmentzen ditu:

  • Garun-hodietako gaixotasunak (odoljarioa, odol isuria, enbolia, tronbosia, garuneko apoplexia edo iktusa): garuneko zati batean odol zirkulazioa gelditu egiten denean gertatzen da. Halakoetan, segundo batzuetako kontua izaten den arren, garunak ez dezake jaso ez mantenugairik eta ez oxigenorik ere. Garuneko zelulak hil egin daitezke, eta horrek kalte iraunkorra eragiten du. OMEk azaltzen duen bezala, garun-hodietako istripuaren sintomarik ohikoena izaten da gorputzaren alde bateko besoan, zangoan eta aurpegian giharren indarra bat-batean galtzea. Beste sintoma batzuk ere agertzen dira: gorputzaren alde bateko masaila, zangoa edo besoa sorgortzea; gogo nahasmendua, hitz egiteko edo esaten dena ulertzeko zailtasuna; ikusmen arazoak begi batean edo bietan; oinez ibiltzeko zailtasuna, zorabioak, oreka edo koordinazioa galtzea; buruko min handia, nondik datorren jakiten ez dena; eta ahultasuna edo kontzientzia galtzea.
  • Bihotz gutxiegitasuna: gaixotasun kronikoa da eta bihotza ez da gai izaten behar adina odol oxigenodun ponpatzeko organismo guztira. Gaitasun gutxiegi duen bihotz bat izateko arrazoia tratatu gabeko hipertentsioa izaten da, baita gaixotasun koronarioa ere, eta hein txikiagoan, balbulopatiak (batez ere balbula aortikoarena eta mitralarena).
  • Kardiopatia koronarioa (miokardioko infartua): bihotzari odola eta oxigenoa eramaten dioten odol-hodi txikiak estutzeak eragiten du.
  • Miokardiopatiak: miokardioa (bihotzeko giharren ehuna) hondatu egiten da, ahuldu, dilatatu edo egiturazko beste arazo bat izaten du. Bihotzak ponpatu ez dezakeenean edo ongi funtzionatzen ez duenean gertatzen da maiz. Miokardiopatia duten paziente gehienek bihotz gutxiegitasuna izaten dute.
  • Arteria hipertentsioa (presio handia): odoleko presioaren mailak normaltzat jotzen diren balioetatik modu jarraituan igotzen direnean agertzen da (presio sistolikoa 160 mmHg-tik gorakoa denean eta presio diastolikoa 90 mmHg-tik gorakoa).
  • Hodietako gaixotasun periferikoa: bihotzetik urrutien dauden odol-hodiak kaltetzea edo buxatzea da: arteria eta zain periferikoak hain zuzen, zeinak odola garraiatzen duten zango-besoetako eta sabelaldeko organoen giharretatik eta giharretarantz.
  • Kardiopatia erreumatikoa: gihar kardiakoan eta hodi kardiakoetan sortzen diren lesioak dira, sukar erreumatikoaren erruz sortu ere; gaixotasun hori estreptococo izeneko bakterioek eragiten dute.
  • Jaiotzetiko kardiopatia: bihotzeko eta hodi handietako malformazioak izaten dira, jaiotzetik beretik ageri direnak.
  • Zainetako tronbosi sakonak eta biriketako enboliak: zangoetako zainetan sortzen diren odol bilduak (tronboak) izaten dira, zeinak askatu egin daitezkeen (enboloak) eta bihotzeko eta biriketako hodietan kokatu.

Mapa eu

Arrazoi aldagarriak

Arrisku faktoreak

Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren arabera, bihotz-hodietako gaixotasunak eragiten dituzten arrazoien %75 honako faktore hauei lotuta daude: tabakismoa, sedentarismoa, hipertentsioa, diabetesa eta gizentasuna.

Horixe bera esaten du Bihotzaren Mundu Federazioak ere, zeinak nabarmentzen baitu bihotzeko gaitzik gehienak eragiten dituzten arrisku faktoreak kontrolatzeko, tratatzeko edo aldatzeko modukoak direla:

  • Arteria tentsio handia: odoleko presioaren mailak normaltzat jotzen diren balioetatik modu jarraituan igotzea da (presio sistolikoa 160 mmHg-tik gorakoa denean eta presio diastolikoa 90 mmHg-tik gorakoa). Faktore pertsonalek eraginda ager daiteke, ingurumenari lotutako faktoreek eraginda (adina, elikatzeko ohiturak, bizimodua), edo faktore genetikoengatik: arteria tentsioak gorantz egiteko joera izaten du adinarekin, eta ohikoa izaten da agertzea norbera gizena badago, dietan gatz ugari hartzen badu eta potasio gutxi (berdura, fruta, fruitu lehorrak, lekaleak, osoko zerealak), alkohol asko edaten badu, ez badu ariketa fisikorik egiten edo estres psikologikoa pairatzen badu. “Hiltzaile isila” esaten zaio, gehienean ez baita sintomarik edo larritzeko zantzurik agertzen eta jende asko ez da jabetzen gaixotasun hori duela.
  • Tabakismoa: kasu honetan, bihotz-hodietako gaixotasunak izateko arriskua handiagoa da emakume erretzaileetan, gizon gazteetan eta erretzeko ohitura handia dutenetan.
  • Diabetesa: azukreari probetxua ateratzeko prozesua kaltetu egiten da intsulina hormona osorik edo zati batean falta delako edo bere funtzioa betetzen ez duelako. Bihotz-hodietako gertaerak izateko arriskua bi-hiru aldiz handiagoa izaten da 1 motako edo 2 motako diabetesa duten pertsonetan. Arriskua handiagoa da emakumeen artean. Gainera, diabetesa duten pertsonek arrisku handiagoa dute apoplexia izateko.
  • Jarduera fisikorik eza: jarduerarik egiten ez duen pertsonatzat hartzen da astean 5 aldiz 30 minutuko jarduera arina egiten ez duena edo astean 3 aldiz 20 minutu jarduera bizia egiten ez duena. Pertsona horien hiltzeko arriskua %20-30 handiagoa izaten da astero jarduera fisiko hori egitera iristen direnena baino.
  • Dieta ez-osasungarria: gantz saturatuak, trans gantzak eta gatza kopuru handietan hartzea eta, aldiz, frutak, berdurak eta arraina murriztea lotuta dago bihotz-hodietako gaitzak izateko arriskua handitzearekin.
  • Kolesterola: gibelak sortzen duen gantz mota bat da, beharrezkoa dena funtzio organiko batzuk arautzeko. Kolesterol maila goian izateak (200 miligramotik gora dezilitro bakoitzeko) esan nahi du hiperkolesterolemia dagoela eta horrek handitu egiten du gaixotasun kardiakoa eta garun-hodietako istripua izateko arriskua. Gerta liteke kolesterola hereditarioa edo ondoretasunezkoa izatea, baina sortu daiteke modu ez-osasungarrian elikatzeagatik ere.
  • Gizentasuna: gorputz pisua balio normala baino %15 handiagoa izatea da, gorputzeko gantza ugaritzearen ondorioz gertatzen dena. Gizentasunak lotura du bihotz-hodietako gaitzak eragiten dituzten arrisku faktoreekin, adibidez arteria presio handiarekin, glukosarekiko intolerantziarekin, 2 motako diabetesarekin eta dislipidemiarekin.

Baina Bihotzaren Mundu Federazioak oroitarazten du badirela alda ez daitezkeen faktoreak ere:

  • Adina: bihotz-hodietako gaixotasunak ohikoagoak dira adin handiko pertsonengan. Pertsona bat zahartu ahala, aldaketa fisiologiko sotilak gertatzen dira bihotzean, baita gaitza agertu ez bada ere.
  • Sexua: gizon batek arrisku handiagoa izaten du bihotzeko gaitzak izateko menopausia aurreko garaian dagoen emakume batek baino. Behin menopausia pasatu ondoren, antzeko arriskua izaten dute emakumeek eta gizonek. Garun-hodietako istripua izateko arriskua, berriz, berdintsua du emakume eta gizonengan.
  • Familiako historia: familian bihotz-hodietako gaixotasunak agertu izanak baldintzatu egiten du pertsona batek halakoak pairatzeko izan dezakeen arriskua. Lehen mailako senitarteko batek bihotzeko gaixotasun bat izan badu edo garun-hodietako istripu bat 55 urteak bete aurretik (gizonezko senitartekoa) edo 65 urteak bete aurretik (emakumezko senitartekoa), handitu egingo da gaitza izateko arriskua.

Gauza guztien gainetik, hauxe dio AECOSAN erakundeak: “Kontuan hartu behar da bihotz-hodien osasuna sustatzeak (ariketa fisikoa maiz egiteak, modu osasungarrian elikatzeak, ez erretzeak, pisu gehiegi ez izateak eta arteria tentsioa maila normaletan izateak) %81eraino murriztu dezakeela edozein arrazoirengatik hiltzeko arriskua”.

Bihotza zaintzen duten elikagaiak

Dieta orekatua egiteak sendotu egiten du bihotzaren osasuna. Bihotzaren Espainiako Fundazioak (FEC) hamar elikagai nabarmentzen ditu bihotzarentzat ezaugarri onuragarriak dituztelako:

  • Intxaurrak: ugari izaten dituzte omega 3 gantz azidoak, bihotza babesten dutenak, eta, ondorioz, bihotz-hodietako arazoei aurrea hartzen diete.

  • Brokolia: azido folikoa izaten du, burdina, kaltzioa, K bitamina, herdoilaren aurkakoak… Lagundu egiten du hodietako istripuak izateko arriskua murrizten.

  • Txokolate beltza: lagundu egiten du arterien malgutasuna lehengoratzen eta saihestu egiten du leukozitoak odol-hodietako paretetan itsatsi daitezen.

  • Marrubiak: flabonoideak dituzte, eta lagundu egiten dute arteriak dilatatzen, babestu egiten dute endotelioa (odol-hodien barne geruza) eta kontrolatu egiten dute arteria tentsioa.

  • Currya: kurkumina izaten du, herdoilaren aurka egiteko gaitasun handia duen osagaia, zeinak murriztu egiten baitu bihotz gutxiegitasuna eta hipertentsioa izateko probabilitatea, hanturen aurka egiteko balio duelako.

  • Te berdea: egunean katilukada bat edo bi hartzeak lagundu egiten du bihotz-hodietako gaixotasunei aurrea hartzen, lagungarria baita odolean gantz maila handiak ez izateko.
    Perfil etapa 1 norte

  • Oliba olioa: gantz azidoak eta herdoilaren aurkakoak ditu, eta egunero hartzeak lagundu egiten du bihotz-hodien osasuna zaintzen.

  • Izokina: lagundu egiten du kolesterola eta triglizeridoak murrizten eta handitu egiten du odolaren jarioa, hobetu egiten duelako arterietako pareten malgutasuna.

  • Ardo beltza: etanolak eta polifenolek eragin onuragarriak dituzte aterosklerosia sortzen duten hantura-molekulen gain.
    02 albergue casa cervino

  • Lekaleak: kalitate bikaineko proteinak dituzte, eta gantz gutxi daukatenez, lagundu egiten dute odoleko kolesterola maila osasungarrian egon dadin.