40 eta 60. Zahartze prozesua azkartzen duten bi urtebetetze?

Betiereko gaztetasuna bilatzea da zientziaren helburuetako bat. Adinaren arrastoak murriztu, gure osasuna hobetu eta bizi-itxaropena luzatzeko, lehenik ulertu egin behar da nola zahartzen garen. Modu linealean zahartzen gara edo aldi batzuetan pairatzen dugu beheraldia? Ikerkuntza aurrerabide betean dago gizakietan zahartze prozesua geldiarazteko asmoz.
1 ekaina de 2025

40 eta 60. Zahartze prozesua azkartzen duten bi urtebetetze?

Gertatzen da egun batean ispiluaren aurrean jarri eta, ia bat-batean, azala zimurtzen hasi zaigula ohartzea eta ilea urdintzen. Zantzu horiek, gainera, ez dira bakarrik etortzen: garaitsu horretan neke gehiago sumatzen dugu, okerrago egiten dugu lo eta goizero artikulazioetako minarekin jaikitzen gara, eta ez da berehalakoan joaten. Pertsona askok izaten dute irudipena egun batetik bestera zahartu egin direla eta, irudipen hutsa baino gehiago, gertaera horrek badu oinarri zientifikoa.

Stanfordeko Unibertsitateak (AEB) 2024an egindako azterlan baten arabera, pertsonak azkarrago zahartzen dira 44 urte inguru dituztenean eta, berriz ere, 60 urtera inguratzean. Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek milaka molekula desberdin ebaluatu zituzten 25 eta 75 urte bitarteko pertsonetan, baita haien mikrobiomak ere, hau da, gure barnean eta azalean bizi diren bakterioak, birusak eta onddoak, eta ikusi zuten molekula eta mikroorganismo gehienen ugaritasuna ez dela aldatzen modu gradual eta kronologikoan. Aztertu zituzten molekulen %81ek aldaketa eta eraldatze gehiago pairatu zituzten aipatu ditugun aldi horietan. Zehazki, 40 urteko pertsonen artean aldaketa adierazgarriak antzeman ziren alkoholaren, kafeinaren eta lipidoen metabolismoarekin, bihotz-hodietako gaixotasunekin, larruazalarekin eta giharrekin lotuta dauden molekulen kopuruan. 60 urteko pertsonen artean, karbohidratoen eta kafeinaren metabolismoarekin, erregulazio immunitarioarekin eta giltzurrunetako funtzioarekin lotu ziren aldaketak, baina baita bihotz-hodietako gaixotasunekin, larruazalarekin eta giharrekin ere.

Odol gaztearekin transfusioa egitea zahartzea geldiarazteko?

Gaixotasunak sendatzen dituzten sendagaien eta tratamenduen bilaketan emaitza oparoak lortzen dituen esperimentu batek ihes egin dezake laborategitik, zer eta beti gazte izan nahi duten aberatsen eskrupulu faltak eraginda. Izan ere, pertsona gazteen odolarekin etengabe transfusioak egiten dituzte Kaliforniako zenbait aberatsek edertasun terapia gisa (berrikitan biral bihurtu dira sare sozialetan).

“Parabiosia esperimentu zientifiko bat da, non adineko sagu baten odol zirkulazio osoa gazteago batenarekin konektatzen den. Eta bai, zaharra gaztetu egiten da. Baina horrek ez du inolako zentzurik laborategitik kanpo”, azaldu du Salvador Macip ikertzaileak. Lehenik eta behin, esperimentu horietan zirkulazioa etengabea delako une orotan, eta, beraz, hori errepikatzeko, bi pertsonek beren zirkulazio sistemak kirurgikoki konektatuta eduki beharko lituzkete. Bigarrenik, Cell Stem Cell aldizkarian argitaratu zen ikerketak frogatu zuelako parabiosiak zelula amak biziberritzea eta ehun zahartuak gaztetzea eragiten duela, baina horrek ez du esan nahi saguen bizitza luzatu zuenik, eta, gainera, sagu gaztea, neurri batean, sakrifikatu egiten da, azkarrago zahartzen delako.

“Zientziari axola zaiona da jakitea plasma gaztearen zer faktore den gai ehunak mantentzeko, ez transfusioak egitea. Zientziari utzi egin behar zaio bere bidea egiten, eta gazteen odolarekin ikusi egin behar da zer-nolako osagaiek duten gaztetzeko ahala (oraingoz, teoria bat baino gehiago dago horien inguruan). Itxaropena sortu du, baina denbora eman behar zaie ikertzaileei”, nabarmendu du Salvador Macipek.

Ez gara berdin zahartzen

Galdera hauxe da: ondorio horiek hitzez hitz hartu behar ote ditugun. Erantzuna ezezkoa da. Ikerketa lan garrantzitsua da aipatu dugun hori, baina zahartzaroaren inguruan dauden gainerako hipotesiekin osatzen den teoria bat gehiago da azken finean. Horregatik, zientzialariek nahiago izaten dute ez orokortu. “Zahartzea faktore anitzeko prozesua da, eta horrexegatik, teoria asko dago, hainbat ikuspegitatik saiatzen direnak azalpena ematen. Oso litekeena da organismo bakoitzaren zahartze prozesua azaltzeko, zenbait alderdi konbinatzea, adibidez kalteen metaketa mailakatua, mekanismo programatuak –estres oxidatiboa, seneszentzia zelularra edo telomeroen higadura– eta bat-bateko gertaera bortitzak –istripu bat, traumatismo larri bat edo kirurgia korapilatsu bat, adibidez–. Ildo horretan, ikerlan bakoitzak elementu batzuk eskaintzen ditu eta horiek konbinatuta, errazago azaltzen da prozesuaren konplexutasuna”, adierazi du Consuelo Borrasek, Valentziako Unibertsitateko Fisiologia katedradunak.

Urrunago joan gabe, Steve Horvath genetista ospetsuak, gaur egun Altos Labs bioteknologiako enpresako ikertzaile nagusia denak, eta erloju epigenetikoak erabiltzen aitzindaria izateagatik ezaguna denak (pertsonen adin biologikoa neurtzeko tresnak dira), azterketa bat egin zuen 2013an, neurri batean Stanfordek orain baieztatu duenaren aurkakoa esaten zuena, non baieztatzen den fase luzeagoetan zahartzen ari garela. Bestalde, Salvador Macip medikuak eta ikertzaileak adierazi duenez (gaur egun Neurodegenerazioaren eta Zahartzearen Biologiako ikerketa taldearen buru dihardu BBRC BarcelonaBeta Brain Research Center ikergunean), “zahartzearen gaian orokortzea zaila da. Ez dago zahartzeko modu bat guztientzat. Zahartzea banakako prozesua da, pertsona bakoitzarena eta baita ehun bakoitzarena ere. Gibela ez da zahartzen garunaren edo giharraren erritmo berean, eta, gainera, erritmoa desberdina da pertsona batetik bestera”.

Gauza jakina zen 40 eta 50 urteen inguruan beheraldi bat izaten duela pertsonaren osasunak. “Adin horietatik aurrera azkartu egiten da zahartze prozesua, eta emakumeen menopausiarekin elkartzen da. Orain arte ez zegoen argi gizonetan ere hori bera gertatzen ote den, baina badirudi haiek ere beheraldi bat izaten dutela hormonetan (andropausia) eta horrek ere azkartu egiten du prozesua”, azaldu du Macipek. Ez du hain argi 60 urtetan ere beheraldi hori gertatzen ote den, Stanforden egin duten ikerlanak dioen bezala. “Ez dago hain argi hori pertsona guztietan gerta ote daitekeen. Artikuluan ateratzen den ondorioa da ez garela zahartzen erritmo konstantean eta gorabeherak adin horien inguruan gerta litezkeela, baina ez dezagun ahaztu hori ez dela gertatuko modu orokortuan populazio guztian. 2019ko beste ikerlan batek 4.000 pertsonaren odola aztertu zuen, eta hor esaten da beste beheraldi bat gertatzen dela bizitzako zortzigarren hamarraldian”, jakinarazi du Macipek.

Inork ez du zalantzan jartzen, dena den, oso garrantzitsua dela jakitea zenbateko abiaduran zahartzen garen. Manuel Collado ikertzailea E028 taldearen buru aritzen da (Seneszentzia zelularra, minbizia eta zahartzea lantzen ditu) Medikuntza Molekularra eta Gaixotasun Kronikoak Ikertzeko Zentroan (Ci-MUS), eta zera oroitarazi du: “Zenbateko abiaduran zahartzen garen jakiteak garrantzi handia du norbanakoentzat medikuntzaren ikuspegitik, aukera emango ligukeelako endekatze fisikoari aurrea hartzeko”. Zahartze prozesua lineala ez denez, “jauzikakoa” baizik, geure buruari galdetzen diogu zer-nolako faktoreek eragiten duten azkartze hori, eta identifikatzeko modua izateak itxaropena eman diezaguke horien gain eragin eta endekatzea saihesteko”.

Organoak zahartu egiten dira

Bestalde, gauza jakina da organoak bakoitza bere moduan zahartzen direla. “Ebidentzia zientifikoak adierazten du organo eta ehun bakoitza bere erritmoan endekatzen dela, hainbat faktorek eraginda, besteren artean zelula berritzearen tasak, estresaren kanpo faktoreekiko esposizioak eta sistema bakoitzak dituen babes espezifikoek”, azaldu du Consuelo Borrasek, eta adibide bat jarri du: “Hesteko ehuna azkar berritzen da, baina garuna, hesi hematoentzefalikoa izan arren, oso sentibera da zenbait prozesurekin, adibidez gaizki tolestutako proteinen metaketarekin, eta horrek lagundu egin dezake gaixotasunak garatzen, alzheimerra esaterako”. Macip ere bat dator horrekin. “Garuna da presio gehien jasaten duen organoa, energia xahutzen ari da etengabe eta, ondorioz, arrisku gehiago izaten du kalte gehiago metatzeko. Horren erakusgarri da lo egin behar izaten dugula metabolito guztiak garbitzeko, hau da, egunean zehar sortzen diren hondakin metabolikoak; ezinbestekoa da hori”, azaldu du.

Hala ere, ezin da orokortu. “Pertsona batzuek burua oso argi izaten dute 90 urtetan eta beste batzuei huts egiten hasten zaie 70etan”, adierazi du Macipek. Horrek esan nahi du oraindik oso zaila dela ziurtasunez jakitea zein organo zahartzen den azkarren, eta hori berdin gertatzen da pertsona guztietan. “Ikertzaileok oraindik ez dugun arren tresnarik zahartzea neurtzeko, luze gabe iritsiko da zehatzago neurtu ahal izango den une bat, eta ikusiko dugu prozesua oso desberdina dela pertsona batetik bestera”, gaineratu du Macipek.

Ikerkuntzaren erronka handia hauxe da: zehatz-mehatz jakitea garuna nola zahartzen den. “Funtsezkoa da endekatzearen prebentzio, tratamendu eta identifikazio estrategiak lantzeko”, azaldu du Manuel Collado CIMUSeko ikertzaileak. “Organo bakoitzaren adin biologikoa zein den zehazteko egin izan diren ikerketek erakutsi dute lotura handia dagoela organo jakin baten zahartze azkarraren eta organo horri lotutako gaixotasunen artean”, gaineratu du.

Zehazki, azterlan horietako batek, Stanfordeko Unibertsitateak Washingtongo eta San Frantziskoko unibertsitateekin batera duela bi urte egin zuenak, aurkitu zuen 50 urtetik gorakoen %18,4k bazutela gutxienez batez bestekoa baino askoz azkarrago zahartzen zen organo bat, eta horrek adierazten du pertsona horiek hurrengo 15 urteetan organo horretan gaixotasunak izateko arrisku handiagoa dutela. Gainera, ikusi zuen azkarrago zahartzeko joera duten organoek handitu egiten dutela edozein arrazoirengatik hiltzeko arriskua.

Ongi elikatzeak atzeratu egin dezake zahartze prozesua

Ricardo Villa Bellosta ikertzaile lanetan aritzen da CIMUS erakundean, eta dietako mantenugaiek bizitza zenbateraino luzatzen duten aztertzea da haren ikergaia. “Zahartzea faktore askoren araberakoa den arren, elikadura da faktorerik garrantzitsuenetakoa eta moldagarrienetakoa. Dieta funtsezko faktorea da modu osasungarrian zahartzeko”, azaldu du ikertzaileak. Askotan gomendatzen dute kaloria gutxiago hartzea hantura eta zahartzea prebenitzeko, baina zer ari dira, barau egiteari buruz edo kaloriak murrizteari buruz? “Zerikusia duten kontzeptuak dira, baina desberdinak. Kaloriak murrizteak esan nahi du egunaren buruan guztira hartzen duguna jaistea, %20-40 inguru, baina funtsezko mantenugai guztiak mantenduz. Aldizkako baraualdia, berriz, baraua eta otorduak txandakatzea da, eta zeharka kaloriak murriztea ekar dezake, baina ez beti”, zehaztu du Villa Bellostak. “Badirudi bi metodoek antzeko mekanismoak aktibatzen dituztela, adibidez oxidazio bidezko estresa murriztea edo intsulinarekiko sentiberatasuna hobetzea; beraz, biek izan ditzakete onurak”, gaineratu du. Baina dieta horiek egiten hasi aurretik, profesionalen esku jartzea komeni da.

Prebentziozko medikuntza

“Emaitza horiek aukera ematen digute prebentziozko medikuntza bat proposatzeko gure organoen adin biologikoan oinarrituta, zeinak aukera eman duen aldez aurretik modu espezifikoan jarduteko, gehien behar den tokian”, adierazi du Colladok. Azkenean, zahartzea da ia edozein gaixotasun pairatzeko arrisku faktore nagusia, eta horrek organo guztietarako balio du. Macipek dioen bezala, “zahartzearen biologia ulertzeak minbizia, alzheimerra, artrosia edo kataratak sendatzeko balioko du, gaixotasunaren oinarria beti berdina delako: zahartzea”.

Zientzialariek badakite asko aurreratu dela azken urteotan, baina argi esaten dute oraindik asko dagoela ikasteko. “Jakin arte ezin dugu tratamenduetan edo ebakuntzetan pentsatu, baina datozen hamarkadetan eskura izango ditugu botikak gaixotasunak geldiarazteko –edo moteltzeko– edo zahartzea bera. Laborategian lortu dugu animaliekin. Lehenago edo geroago, gizakiekin ere lortuko dugu”, azaldu du itxaropentsu Salvador Macipek.

Prestatuta al gaude superaiton-amonetarako?

Zahartze prozesua ez da ekintza biologikoa bakarrik. Bada gertaera sozial eta kulturala ere. Biztanleriaren zahartzea fenomeno demografiko gupidagabea da gure inguruan, eta ez gintuzke ustekabean harrapatu behar, biztanleria piramideak 30 urte baino gehiago baitaramatza atzeranzko bidean, eta horrek funtsezko erronkak jartzen dizkie erakundeei eta administrazioei. Gaur egun, Espainiako Estatuak munduko bizi-itxaropen handienetakoa du, batez beste 83 urtekoa, eta 2050erako, biztanleriaren %30ek baino gehiagok 65 urte baino gehiago izango dituela espero da. Aldaketa horrek eraldaketa sakon eta handia eskatzen du gizarteko eta osasun arloko hainbat esparrutan.

Juan Gonzalo Castilla psikologoa eta gerontologian espezialista da, eta haren ustez, “erakundeak ez daude prestatuta fenomeno horretarako. Urrats interesgarriak egin dira, adibidez zahartze aktiboa eta osasungarria gehiago sustatzea, baina oraindik ere badira hobetu beharreko arloak”. Espezialistak azaldu egin du zer-nolako neurriak hartu behar liratekeen gizartea prest egon dadin biztanleria gero eta gehiago bizi izateak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko.

Zer egin dezakete erakundeek

  • Osasun sistema egokitu. Oso geriatra gutxi dago beste espezialitate mediko batzuekin alderatuta, eta horrek zaildu egiten du adinekoei osotasuneko arreta eskaintzea. Osasun zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa lantzea da erronkarik handienetakoa.
  • Etxeko osasun zerbitzua (EOZ) hobetu. Adineko pertsonarik gehienek etxean bizi nahi dute hil arte, eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak izan beharko luke laguntza baliabide osatuenetakoa eta baliabide gehien dituena.
  • Arrakala digitala murriztu. Adineko pertsona askok zailtasunak dituzte teknologietara egokitzeko, eta horrek mugatu egiten du funtsezko zerbitzuetarako sarbidea. Pandemiaz geroztik, kudeaketa administratibo asko birtualak dira, eta adineko pertsona askori zaila egiten zaie ingurune digitala. Gestio horiek erraztu eta sinplifikatu egin behar lirateke.
  • Zahartze aktiboa sustatu. Jarduera fisikoa, sozializazioa eta gaixotasun kronikoen eta/edo endekapenezkoen prebentzioa barne hartzen dituzten askoz programa gehiago sustatzea.
  • Inguruak adineko herritarrei egokitu. Adinekoentzako ingurune irisgarriagoak eta seguruagoak sortzea, bai etxebizitzetan, bai espazio publikoetan.

Zer egin dezake gizarteak

  • Zahartzearen inguruko kontakizuna aldatu. Estereotipo ezkorrak atzean utzi. Askotan, zahartzaroa gainbeherarekin edo ezgaitasunarekin lotzen dugu, baina berrasmatzeko, ikasteko eta ekarpenak egiteko garaia izan daiteke. Zahartzaroa potentzialez betetako garai gisa ikusi behar da, eta ikuspegi hori eskoletatik aplikatu. Horretarako, oso baliagarriak dira belaunaldien arteko programak.
  • Zahartzea ospatu. Zahartzeko beldurrez egon beharrean, pribilegio gisa ikus dezakegu, denek ez baitute aukera izaten. Bizitzak ematen digun urte bakoitzak esperientziak, ikaskuntzak eta une bakanak metatzeko aukera eskaintzen digu.
  • Etengabe ikasteko mentalitatea landu. Inoiz ez da berandu zerbait berria ikasteko, ikasketei ekinez edo instrumentu bat joz, bidaiatuz, idatziz edo hizkuntza bat ikasten hasiz. Buruari jartzen diogun erronka bakoitzak indartu egiten du autokonfiantza eta garuna aktibo mantentzen du.
  • Aldaketa onartu. Zahartzeak esan nahi du jaiotzetik gertatzen diren aldaketa fisiko eta emozionaletara egokitzea, baina zahartzea gainbehera gisa ikusten da eta ez da horrela. Aldaketa horiek bizitzaren zati naturala direla ulertzea lagungarria da jarrera baikorra izateko.
  • Ohitura osasungarriak landu. Gorputz aktiboa eta buru aktiboa izatea, eta, horretarako, jarduera fisikoak eta adinera egokituak sartu behar dira maiz-maiz, adibidez oinez ibiltzea, yoga, taichia, erlaxazioa edo igeriketa… Jarduera horiek, osasun fisikoa hobetzeaz gain, psikologikoa ere hobetzen dute.
  • Harreman adierazgarriak eduki. Izaki sozialak gara eta elkarren beharra dugu, eta interakzio sozial errealak edo ingurune digitalekoak ezinbestekoak dira gure ongizate emozionalerako. Taldeetan, klubetan edo jarduera komunitarioetan aritzeak zerbaiten partaide sentiarazten gaitu.