Antibiotikoek arrastoa uzten dute mikrobiotan

Antibiotikoak ezinbestekoak dira infekzioen aurka egiteko, baina mikrobiotari kalte egiten diote zenbaitetan, eta kalte horrek urteetan iraun dezake. Ekosistema hori lehengoratzea ez da denbora kontua bakarrik; zuntz begetal eta elikagai hartzitu ugari hartzea ere komeni izaten da, gorputzak ongarri horixe behar du-eta osasuntsu egoteko.
1 maiatza de 2026

Antibiotikoek arrastoa uzten dute mikrobiotan

Mikrobiotak garrantzia hartu du azken urteetan, hori zaintzea oso lagungarria baita osasunerako eta luze bizi izateko, azken ikerlanek frogatu duten gisan. Gure organismoan bizirik dauden mikroorganismo biziek osatzen dute mikrobiota, bakterio, birus, onddo eta arkeek alegia. “Hesteetako mikrobiotaren oreka aldatzearekin zerikusia duten 300 gaixotasun baino gehiago daude”, azaldu du Rosaura Leisek, Santiagoko Unibertsitateko Pediatria katedradun eta Mikrobiotaren, Probiotikoen eta Prebiotikoen Espainiako Elkarteko lehendakariak (SEMiPyP).

Denbora kontua

Mikroorganismo multzo hori orekan egoten da, nahiko oreka hauskorrean egia esan, eta oreka hori apurtu egin daiteke modu desegokian elikatuz gero, baina baita sendagaiak hartuta ere, antibiotikoak esaterako. “Sendagai horiek infekzioen iturburuaren aurka egiten duten arren, desagerrarazi egiten dituzte gurekin bizi diren mikroorganismo asko, funtsezko funtzioak betetzen dituztenak, adibidez digestioa egiten lagundu, bitaminak sortu eta immunitate sistema moldatu, eta horrek aldarazi egiten du mikrobiotaren oreka”, azaldu du Ines Rivasek, zeinak Digestio arloko lantaldean diharduen Lehen mailako Arretako Medikuen Espainiako Elkartean (Semergen).

Nature Medicine aldizkariak ikerlan bat argitaratu du aurten, eta baieztatu egin du zenbait antibiotikok arrastoa uzten dutela pertsonen mikrobiotan (klindamizinak, fluorokinolonak eta flukloxazilinak adibidez), eta arrasto horrek urteetan iraun dezake.

Rafael Valdes ikertzaile nagusia da Nafarroako Unibertsitateko Mikrobioma eta Fisiologia Klinikoko taldean, eta haren esanetan, ikerlan horren emaitzek bi ondorio nagusi utzi dituzte: “Alde batetik, antibiotikoek bizitzak salbatzen dituztela behar bezala hartzen direnean. Bestetik, ez direla kaltegabeak, eta hori beste arrazoi sendo bat da beharrezkoak direnean bakarrik hartzeko”.

Ines Rivera ere iritzi berekoa da, eta oroitarazi duenez, urteetan asko azpimarratu da bakterioen erresistentziarekin sortzen den arazoa antibiotikoak gaizki erabiltzeagatik, baina orain ebidentzia zientifikoak agerian utzi du alferreko kontsumoak beste eragozpen bat ere badakarrela: sendagai horiek kalte egiten diote mikrobiotari.

Nolanahi ere, Semergen erakundeko bozeramaileak oroitarazi duenez, osasuntsu dauden pertsona gehienen mikrobiotak lehengoratzeko joera izaten du antibiotikoa hartu eta egun edo aste batzuen buruan: “Ohikoena izaten da aste gutxi batzuetan lehengoratzea aniztasunaren eta funtzioaren zati handi bat. Hori bai, lehengoratzeak beti ez du esan nahi hasierako egoerara itzultzen denik oso-osorik. Zenbait faktoreren araberakoa izaten da: antibiotikoa zein den, tratamenduak zenbat iraun duen, zer-nolako adina dugun, zer jaten dugun…”.

Dietaren garrantzia

Chicagoko Unibertsitatean saguekin egin duten ikerlan batean (Nature aldizkariak argitaratu du) adierazten da zuntz ugariko eta gantz gutxiko dieta batek hobeto lehengoratu dezakeela mikrobiota antibiotikoak hartu ondoren gorozkien transplantea eginda baino. Gurekin hitz egin duten adituek berretsi egin dute ikerlan horrek esaten duena. “Elikadura faktore nagusietakoa da gure mikrobiota moldatzeko garaian. Horrela, bizitzako lehen urtean bularra hartzea funtsezkoa da hesteak kolonizatzeko, eta mikrobiota osasungarriagoa egoten da horren ondorioz. Bizitzan zehar, dieta, ez elikagai mota bakarrik, baita jaten dena zenbat denboran eta noiz jaten den ere eta baraualdiak noiz egiten diren, erabakigarria izango da mikrobiotak pairatuko duen disbiosian -osaeran eta funtzioan izaten den desoreka- eta mikrobioen aniztasuna murrizteko garaian”, azaldu du Rosaura Leisek.

Elikagaien artean, hiru multzok erakutsi dute besteak baino eraginkorragoak direla hesteetako mikrobiota lehengoratzeko.

  • Zuntz begetala eta karbohidrato konplexu eta askotarikoak ugari dituzten elikagaiak. Aditu guztiek gomendatzen dute honako hauek jatea: frutak, berdurak, lekaleak, osoko zerealak, haziak eta fruitu lehorrak. “Kontua ez da zuntza bakarrik jatea, mota askotakoak kontsumitzea baizik”, nabarmendu du Rafael Valdesek. Rosaura Leisek azaldu du, bestalde, elikagai batzuen zuntza ez dugula digeritzen eta kolonera iristen dela, non mikrobiotak hartzitu egiten duen. “Hartzidura horren emaitza gisa, kate laburreko gantz azidoak sortzen dira, eta onura handiak ekartzen dizkiete urdail-hesteei eta metabolismoari”, erantsi du Rosaura Leis ikertzaileak.
  • Prebiotiko naturalak. Zuntz ugari duten elikagaien zerrendan, batzuek prebiotiko natural gisa jarduten dute: baratxuria, tipula, porrua, orburua, zainzuria, kiwia, banana, basoko fruituak, oloa… “Gure bakterio onuragarrien elikagaia dira. Modu errazean esanda, bakterio onuragarriek behar duten ongarria da berriz hazteko”, jakinarazi du Iner Riverak. “Nahiz eta merkatuan badiren gehigarri prebiotikoak, dietaren bidez behar adina janez gero eta elikagai askotarikoak eta gomendioetara iristeko beharrezko direnak hartuz gero, ez da gehigarririk behar izaten osasun ona izateko”, aholkatu du SEMiPyP erakundeko lehendakariak.
  • Elikagai hartzituak. Jogurta, kefirra, chucruta, kimchia, kombucha, misoa eta tempeh-a (soja hartzitua) interesgarritzat jo dituzte eta ikertzen ari dira mikrobiotan zer-nolako eragina duten. Bakterioek edo legamiek eraldatu egin dituzte elikagai horiek, eta ondorioz, batzuek bakterio biziak eduki ditzakete, eragin probiotikoa dutenak eta, beraz, patogenoen aurka egin dezakete, mikrobioen aniztasuna areagotu eta, era horretan, bidea erraztu mikrobiota lehengoratu dadin. “Baina elikagai hartzitu guztiak ez dira probiotikoak, batzuek bakarrik izaten dituzte probiotiko izateko irizpideak betetzen dituzten mikroorganismoak”, adierazi du Rosaura Leisek. Mikrobiotarako onuragarritzat jotzeko, horien mikroorganismoek bizirik egon behar dute, kopuru egokian eta anduiak identifikatuta egon behar du eta onuragarria izan.

Ikusi dugun bezala, elikagai batzuek lagundu egiten digute gure mikrobiota babesten, baina badira kalte egiten dioten produktuak ere, eta horiek saihestu egin behar dira: ultraprozesatuak nagusiki. “Horiek maiz jateak badirudi murriztu egiten duela hestean dauden mikroorganismo onuragarrien aberastasuna eta ugaritasuna”, azaldu du Ines Riverak.

Gure bakterioei lagun egiteko menua

Ascension Marcos doktoreak itzal handia du Espainiako Nutrizio Elkartean (SEN), eta bide-orri bat eskaini digu mikrobiota nutrizioaren bidez lehengoratzeko antibiotikoak hartu ostean. Zehaztasunetan sartu aurretik, adituak ohartarazi du dieta horrekin arrakasta lortzeko, proteina gutxi hartu behar dela tratamendu garaian eta hurrengo zazpi egunetan, mantenugai hori gehiegizko kopuruan hartzeak zaildu egin dezakeelako mikrobiota lehengoratzeko prozesua, batez ere animalia jatorriko proteina bada.

  • Gosaria
    Basoa bete esne, banana bat, osoko ogia –esku ahurraren neurriko zatia– eta jogurt bat.
  • Bazkaria
    Kalabaza krema azenarioarekin, brokolia ilarrekin eta urdaiazpiko zatiekin. Postrerako, hiru kiwi.
  • Otordu artean jateko
    Fruta, jogurta edo fruitu lehorrak.
  • Afaria
    Entsalada bat tomatez, ahuakatez, tipulaz eta eskutada bat fruitu lehorrez egina, sagar edo udare bat eta jogurt bat.

Eta zer gertatzen da gehigarriekin?

Antibiotikoek mikrobiotan duten eragin kaltegarria saihesteko, probiotikoek dituzten gehigarriak hartzeko gomendioa egin izan da hainbatetan. Berrikitan egin diren ikerlan batzuek iradokitzen dutenez, ordea, gehigarri horiek ez dute onura aipagarririk eragiten hesteetako mikrobiotan antibiotikoak hartu ondoren, eta are gehiago, izan liteke hestea lehengoratzeko prozesua mantsotzea ere.

Horixe ondorioztatu dute, behinik behin, Rafael Valdesek parte hartu duen bi ikerketak, bata Nature Microbiology aldizkarian argitaratua eta bestea Cell aldizkarian. “Hiru egoera alderatu genituen: bere kasa lehengoratzea, norbanako beraren mikrobiota osasuntsuaren transplantea egitea eta probiotikoak erabiltzea. Eta ikusi genuen aukerarik eraginkorrera norberaren mikrobiotaren transplantea egitea dela, eta ondoren bere kasa lehengoratzea. Probiotikoek, aldiz, nabarmen atzeratzen zuten jatorrizko mikrobiota lehengoratzeko prozesua”, azaldu du Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileak.

Mikrobiotaren edo gorozkien transplantea egitea zera da: norberaren hestean dauden gorozki osasuntsuen lagin batetik mikroorganismoak biltzea eta mikrobiota aldarazi dioten pertsona bati ezartzeko prestatzea. “Lagin hori norbanakoarena berarena bada eta antibiotikoak hartzen hasi aurrekoa, hainbat hobeto. Ezagutzen dugun estrategiarik eraginkorrenetakoa da mikrobiota lehengoratzeko prozesua azkartzeko, bere kasa lehengoratzen uztea eta probitikoak erabiltzea baino gehiago”, nabarmendu du Rafael Valdesek.

Berrikitan, Semergen-ek eta Farmazia Kliniko, Familiar eta Komunitarioko Espainiako Elkarteak (SEFAC) dokumentu bat argitaratu dute zenbait gomendiorekin, non probiotikoei eta hesteetako mikrobiotari buruz egun dagoen ebidentzia klinikoa hartzen den oinarritzat. Ines Riveraren iritziz, akatsa da gauzak orokortzea, probiotikoak ez baitira guztiak multzo bakarrean sartzekoak. Gomendioz osaturiko gida horrek ere nabarmendu egiten du, hain zuzen, probiotiko guztiak ez direla berdinak eta andui espezifikoaren, dosiaren eta medikuak agintzen duenaren araberakoak direla eraginak. “Gidan argi eta garbi esaten dugu: anduiaren berezitasunean dago gakoa. Ez du balio edozein Lactobacillusek; bakterioaren ezaugarri guztien araberakoa izango da onura klinikoa. Antibiotikoen eraginez agertzen den beherakoari aurka egiten dion andui egokia erabiltzen bada, eragotzi ez baina lagundu egiten da berriz oreka lortzen eta saihestu egiten da patogeno erresistenteak ugaritu daitezen”, baieztatu du Riverak.

Ildo horretan, Semergen-eko bozeramaileak adierazi duenez, andui jakin batzuek ikerlanetan erakutsi dute murriztu egiten dutela antibiotikoen ondoriozko beherakoaren eragina eta iraupena, bereziki garaiz hartzen hasiz gero; zehazki, Lactobacillus rhamnosus GG eta Saccharomyces boulardii CNCM I-745 anduiek. “Ez dute ordezkatzen gure mikrobiota, baina laguntzaile gisa joka dezakete ekosistema lehengoratzen den bitartean”, azaldu du.

Elkarren arteko loturaren zifrak