Zergatik ari da etengabe igotzen kafearen prezioa?
Kafe katilukada bat hartuz, hori omen da eguna hasteko modurik onena. Bere zaporeak, lurrinak eta kafeinak sortzen duen eraginak ospetsu egin dute planeta osoan. Egunero 3.000 milioi katilukada baino gehiago edaten dira mundu osoan. Espainiako Estatuan, heldu bakoitzak hiru kilo inguru hartzen ditu urtean, datu hori eman du Kafearen Nazioarteko Elkarteak (ICO siglak ditu ingelesez).
Mundu osoan hartzen den kafe guztiaren ia laurdena edaten da Europan, eta argi dago merkaturik handiena dela labore horrentzat, baina merkatuko legeak aldatzen ari dira 2023. urte bukaeratik, eta kafearen kotizazioa gora eta gora doa burtsan. Faktore bat baino gehiago egon da tartean: geopolitikoak (gatazka armatu eta komertzialak), logistikoak (covid-19a agertu zenetik heldu diren arazoak) eta ingurumen arlokoak. Horiek guztiek estualdian jarri dituzte kafea ekoitziz bizi diren 25 milioi nekazari inguru, gehienak ere planetako eremu jakinetan metatzen direnak, hasi Kantzer tropikotik eta Kaprikornio tropikoraino.
Klimaren txikizioak
Bi tropiko horiek lortzen dituen zerrenda horretan dago Brasil, lehengai horren ekoizle nagusia den herrialdea, non azken 70 urteetako lehorterik handiena pairatu duten, eta ur falta horrek uzta galtzea ekarri du hainbat lekutan. Bigarren ekoizlea Vietnam da, eta euririk gabeko bolada luze baten ondoren, uholde larriak eragin zituen Yagi tifoiak. Bi herrialde horiek hornitzen dituzte gure mahaiak kafez: elkarrekin, munduko horniduraren %56 osatzen dute.
Eta Europako merkatuetan ere sumatu da munduaren beste muturrean klimak eragin dituen hondamendien eragina. “2024. urte amaieratik, enpresa handiak prezioak doitzen hasi dira eta mantso-mantso kontsumitzaileari ordainarazi dizkiote kostuak”, adierazi du Laleska Modak, merkatu azterketak egiten dituen Hedgepoint enpresako aholkulariak. OIC erakundeak Prezio Adierazgarri Konposatua (I-CIP) darabil erreferentzia gisa mundu osoan, eta azken hirurogei urteetako preziorik handiena egin zuen otsailean: 353,19 dolar zentabo libra bakoitzak. Kiloa 7,23 euroan zegoela esan nahi du horrek. Ordutik hona jaitsi egin da prezioa (uztailean, 5,32 euroan zegoen kiloa), baina oso urrun dago duela urtebete zeukanetik: 3,52 euro kiloak.
Berokuntza globala sortzen ari den kalte handia inoiz ikusi gabeko eragina uzten ari da kafearen arloan. “Normalena izaten da herrialde batzuek uzta hobeak izatea beste batzuek baino, eta prezioan ez da izaten gorabehera handirik. Baina klima aldaketarekin, handitu egin da lurralde guztietan uzta txarrak izateko probabilitatea; hori gertatu da, eta maiztasun handiagoarekin gertatuko da”, azaldu du Arturo Garciak, Global Social Impact Investments enpresako kideak.
Nola egin aurre? Baliabide gehiago jarriz. “Prezio handiek pizgarriak ekarri behar lituzkete inbertsio gehiago egiteko kafearen arloko teknologian eta ikerkuntzan, klimaren aurrean erresistentzia handiagoa lor dadin”, adierazi dute FAO erakundetik. Hori kudeatzeko, lehorteen, beroaren eta uholdeen aurrean erresistentzia handiagoa duten haziak aurkitu behar dira. “Zuhaitzak edo zuhaixkak ordezkatu egin behar dira landare erresistenteagoekin, eta heldutasuna lortu dezaten itxaron. Eta izurri berriak tratatzen ere ikasi beharko da. Horrek dirua esan nahi du, denbora, kudeaketa arloko zailtasunak”, ohartarazi du Garciak.
Kostu bat eta beste bat
Kostu hori, dena den, lehengaiarena baino ez da. Horri gehitu behar litzaizkioke hazia biltzen denetik katilura heltzen den arte egin behar izaten duen bidaia luzearen kostuak. Eta gehitu egin behar zaizkio, halaber, gatazka armatuek eragiten duten ezegonkortasuna (eragina du garraioan) eta muga zergen igoera, zeinaren ondorioz herrialde batzuk gero eta stock gehiago metatzen ari diren; ondorioz, eskaria handitu egin da eta eskaintza gutxitu. Horrek guztiak berehalako eragina izan du kontsumitzaileen patrikan.
“Herrialde batzuek, Brasilek adibidez, oso stock txikiekin jarduten dute, eta kafe berdearen prezioan izaten diren aldaketak azkar sumatzen dituzte kontsumitzaileek txigortuaren eta ehoaren prezioan”, azaldu du Fernando Maximilianok, merkatuen analisiak egiten dituen adituak StoneX aholkularitza enpresan. Bereziki garrantzitsua da kafe arabikoarekin gertatzen dena, horrek kotizatzen du-eta nazioarteko merkatuetan, ekoizpen osoaren %60 eta %80 artean hartzen baitu.
Nagusiki Brasilen, Kolonbian eta Etiopian ekoizten dute. Hiru herrialde horiek hartzen dute kafe mota horren merkatuko kuotaren %68,4, eta hori da etxeetan eta kafetegietan gehien hartzen dena, aromatikoena bera delako eta kafeina gutxiago duelako. Baina tenperatura igoerak okerren onartzen dituen barietatea ere bada, eta gorrinak edo herdoilak erraz samar kolpatzen du (kafe landarearen hostoei erasotzen dien gaitz nagusietako bat), eta beste batzuek baino ale gutxiago ematen du. “Kafe landareek, bereziki arabiko motakoek, euri kantitate jakin bat behar izaten dute une egokian”, nabarmendu du Modak.
Arriskuan dauden barietateak
Muturreko edozein gertakarik arriskuan jar dezake ekoizpena, adibidez lehorteek, tenperatura handiek eta izozteek. Brasilgo nekazariak ureztatze sistemetan eta artisau erako putzuetan ari dira inbertsioak egiten garai lehorragoak datozenerako, nahiz eta horrek ez duen arriskua erabat desagerrarazten. Aurreikuspenek diote kafe arabikoaren ekoizpena %12,4 murriztuko dela aurten Brasilen iazko aldean, datu hori eman du Brasilgo Nekazaritza Ministerioak. “Brasilgo azken uzta ez da ona izan eta, gainera, lehortea gogor ari da jotzen”, adierazi du Enrique Floresek, Supracafé erakundeko bozeramaileak (kafea txigortzen du enpresa horrek, eta Latinoamerikako ekoizleekin lan egiten du).
Robusta barietateak –bigarren garrantzitsuena da merkatuan, eta hori ere Brasilen, Vietnamen, Indonesian, Ugandan eta Indian ekoizten dute– hobeto eusten dio beroari. Landatzeko prozesua errazagoa izaten da eta ale handiagoak eta lodiagoak ematen ditu. Zapore mikatzagoa izaten du eta arabikoak baino kafeina gehiago dauka. Baina klima aldaketaren eragina bi barietateetara iritsi da, eta horrek kezka eragin du munduko merkatuetan.
Azken urteetan, muturreko klima gertaerak maizago gertatzen direla ikusi dugu”, erantsi du Maximilianok. 2020az geroztik, kafea ekoizten duten lurraldeetan muturreko hiru gertaera izan dira ia hiru urtetan jarraian: La Niña, El Niño eta lehorteak eta izozteak 2021ean, 2024an eta 2025ean.

Nekazarien borroka
Nazioarteko merkatuetan kafearen prezioak gora egin badu ere, horrek nori egiten dio mesede benetan? Gehienean, ez nekazariei, halaxe diote Fairtradeko espezialistek. Zakuaren prezioa garestitu egin den arren, ekoizle asko uzta txikiagoak biltzen ari dira. Aldi berean, ongarrien eta bestelako intsumo batzuen kostuek gora egin dute, eta beraz, irabazi tarteak oso txikiak dira orain ere, horixe azaldu dute gure galderei erantzun dieten adituek. Munduan 12,5 milioi kafe ekoizle txiki daude kinka larrian, egoera ezegonkor horrek mehatxu egiten baitio haien bizibideari.
Overseas Development Institute (ODI) erakundea nazioarteko kooperazioaren eta gai humanitarioen inguruan aritzen da ikertzen, eta ohartarazi du klima aldaketak eragin handia izango duela nekazarien diru sarreretan. Brasilen, adibidez, 265.000 etxe inguru bizi dira zuzenean kafe ekoizpenetik, eta ekoizpen gehien izaten duten lurraldeetan tenperatura gradu bat igo da 2010. urteaz geroztik. Etiopian, klimak izan dituen eraginak hasiak dira kafea landatzeko egokiak diren lurraldeen geografia aldatzen, eta produktu horrek BPGaren %5 inguru ekartzen dio herrialdeari.
Epe luzean, klima aldaketak nabarmen murriztu dezake kafea landatzeko egokia den lurralde eremua. Mathilde Duvallet agronomo gisa aritzen da Finres erakundean eta Have crops already reached peak suitability ikerlanaren egileetako bat da (Goia jo al dute uztek?); hor esaten denez, gaur egungo lurren %15 inguru aurrerantzean ez lirateke izango hain egokiak landatzeko. Environmental Research Letters aldizkarian argitaratu zen ikerlan hori, IFAD erakundeak aginduta (Nekazaritzaren Bilakaerarako Nazioarteko Funtsa).
Ba al da irtenbiderik?
Txostenak esaten du kafe ekoizpena nabarmen urrituko dela funtsezkoak diren zenbait lurraldetan, adibidez Brasilen, Vietnamen eta Indonesian. Duvalletek dio, dena den, joera hori irauli egin litekeela egokitzapenerako jardunbideak abian jarrita, adibidez itzala erabiliz tenperaturak murrizteko nekazaritzako eta basogintzako sistemetan edo ureztatze sistemak jarrita, neurri horiek dagoeneko frogatu baitute eragin onuragarriak dituztela kafearen emaitzetan eta bideragarritasunean.
Zer esan nahi du horrek, kafea gero eta garestiagoa izango dela? Ez du zertan, adituaren esanetan. Ekoizleek beren metodoak doitzen badituzte, eremu berriak sortzen badira klimari loturiko baldintza egokiekin edo egokiak diren lurraldeetan ekoizpen eremuak handitzen badira, eskaintzak egonkor jarraitu dezake. Baina ohartarazi du hori ez dela erraza izango, ekoizpena eremu berrietara hedatzeak badituelako bere mugak, landatzeko lurrak nahiko mugatuak direlako, adibidez Amazoniako oihanean eta Kongoren arroan, basoek dutelako lehentasuna edo babestuta daudelako. Labore horren etorkizuna, beraz, beltz samarra da.
